
Soka-dantza dantzariek elkarri eskuak emanda osatutako soka edo katean egiten den dantza da. Dantzarien soka zirkulu irekian antolatzen da plazan, eta sokaren bi muturretan dauden dantzariek, aurresku edo aurrendari eta atzesku edo azkendari izenekoek, gidatzen dute dantza.

Oinarrizko egitura koreografiko horretatik abiatuta, Gipuzkoako dantza tradizioan soka-dantza egiteko hainbat ezaugarri komun aurki daitezke. Herri edo auzoaren arabera, parte hartzen duten dantzarien arabera, eta ospakizunaren arabera, soka-dantza modu batean edo bestean gauzatuko da, baina oinarrizko egitura koreografikoa eta osagai komunak errepikatuz. Aldaera adina izen ditu ia-ia soka-dantzak:
soka-dantza,
dantza-soka,
esku-dantza,
gizon-dantza,
aurreskua,
karrika-dantza eta beste hainbat izenekin ezagutzen da.

Tokian-tokiko eta unean-uneko aldaeren ondorioz, Gipuzkoako soka-dantza guztiak egitura bera dute, baina xehetasunetan aldeak dituzte. Adibide bat aurkezteko asmoz, proposamen honetan Elgoibarren abuztuaren 24an, San Bartolome egunez egiten den soka-dantza erabiliko dugu. Soka-dantza horretan oinarrituta ikusiko ditugu dantza honen ezaugarri nagusiak, baina kontuan hartu behar da tokian-tokiko aldaerekin, soka-dantzak Gipuzkoako hainbat herritan egiten direla.

Urtean zehar 40 soka-dantza baino gehiago dantzatzen dira Gipuzkoan. Honako herri eta auzo zerrenda honetan gutxienez urtean behin soka-dantza egin ohi da: Abaltzisketa, Amasa, Andoain, Antzuola, Añorga, Arama, Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Beasain, Berastegi, Bergara, Billabona, Deba, Donostia, Eibar, Eibar, Elgeta, Elgoibar, Errenteria, Ibarra, Irura, Itziar, Lasarte-Oria, Lastur, Lazkao, Legazpia, Legorreta, Lizartza, Oiartzun, Olaberria, Oñati, Ordizia, Tolosa, Usurbil, Zarautz, Zegama, Zubieta, Zumarraga.