ES | EU | EN

Biribilketa

Kalejira ere esaten zaion dantza honetan, gizon nahiz emakumezkoek, denak nahasian, eskuetatik helduta eta katea osatuz, musikaren erritmoan jauzi egiten dute. Hainbat espekulazio teorikoren arabera, baluke zerikusirik Labirintotik irteten den Teseoren mitoarekin, hain zuzen ere, katearen hasieran jartzen den dantzariari segika, inolako ordenarik gabe eta norabide jakinik gabe dantzatzen delako.

Jantziak

Dantza soziala eta mistoa denez, hainbat ospakizunen erritualak edo etiketak arautu gabea, norberak nahi duen jantziekin eta tresnekin dantzatu ahal izan da. Oraindik ere Biribilketa trajez, kaleko jantziaz, lan jantziaz eta hainbat tresna dituztela dantzatzen ikus ditzakegu; izan ere komunitate dantza da, alaitasunezko edozein unetan dantzatzen dena.

Tresnak

Ez dago dantza hori egiteko lanabes zehatzik, dantzatzen duenak bere bizipenen arabera hartzen baitu parte bertan.

Musika

Biribilketa dantzatzeko musikak eta erritmoak beti azkarrak eta alaiak izan dira, partitura eta aldaera ugarirekin, dantza hori erritmora oso erraz egokitzen delako batez ere.

Geografia eta Historia

Biribilketaren koreografia, eta burutzapena, neskek eta mutilek eskutik helduta konpasaren arabera jauzi egiten dutelarik, musikari jarraitu besterik egin gabe, inolako ordenarik gabe, alde batetik bestera noraezean, dantzariak igarotzeko zubiekin, oso dantza zaharra dela pentsarazten digu. Mundu osoko herri primitiboek parametro berberak erabili izan dituzte euren gogo aldarteak kanporatzeko. Bizkaian ikus dezakegun dantzaren kasuan, Europako gainerakoan bezalaxe, ez dago garai jakin batean kokatu ahal izateko erreferentzia zehatzik, eta hainbat autorek Teseo Minotauroaren Labirintutik irteteari dagozkion erreferentzia sinbolikoak ikusi dituzte hor, gure lurraldean hain ezezaguna ez den Mediterraneoko Mitologia klasikoari lotuta, are izaera ilunagoa emanez horrela.
Horrelako ad hoc hipotesiak ohikoa dira euskalduna bezalako gizarte agrafoetan; izan ere, horrelakoetan bidaiarien eta bisitarien bitartez soilik eduki ahal izan dugu gure arbasoen ez oso aspaldiko lanen eta bizimoduen berri. Berrikiago, pinturetan ere aurkitzen ditugu eskutik heldutako gizon-emakumeen dantzak. Jauregiko dantzak dira, non panderoaren, xirularen edota ahots hutsaren laguntzaz, Biribilketa osatzen duten jirak eta birak ematen diren. Aurrerago, beste dantza batzuk aurkitzen ditugu, hala nola E. Jordák aipatzen duenez Bilboko kaietako emakume zamaketariena izango litzatekeena; dantza hori hemen aipatzen ari garen motakoa izan liteke, non emakumezkoak, bakarrik, mugimendu azkarrez edo bortitzez eskutik helduta lanetik itzultzen baitira. Beraz, ezin dugu dantza honen jatorriari buruzko analisi historikorik eskaini.

Loturak