ES | EU | EN

Atzo eta gaurko inauteriak

  • Emilio XABIER DUEÑAS
  • 01/ 06/ 2001

Ondorengo artikuluak Inauteriekin lotutako gaiak jorratzen ditu, hala nola antzinako ospakizunak, eskeak eta gainerako elementu erritualak eta mozorroak erabiltzeak sortutako arazoak.

Bizkaiko neguko jai tradizioak

Euskal Herriko Inauteriek, gaurdaino belaunaldiz belaunaldi iritsi edo ahozko tradizioaren bidez berreskuratu direnek, estetika, sinbologia eta adierazpen herrikoi bat taxutzen duen elementu multzo baten elkartzea dute ezaugarri. Oro har, lurralde guztietara zabaltzen diren ospakizun multzo batean oinarritzen dira.

Nolanahi ere, inauteri ospakizun bakoitzaren bereizgarritasuna ez du eremu geografikoak zehazten, beste hainbat loturak eta kausak baizik. Bizkaian, gainerako euskal lurraldeetan bezalaxe, inauteriekin lotutako tradiziozko hainbat ekitaldik hogeigarren mende hasiera arte iraun zuten. Hala eta guztiz ere, ordurako jada nabarmentzen hasiak ziren industrializazioak eta emigrazioak tradizio honi eragindako atzerakadaren lehen zantzuak.

1920 eta 1930 artean, Inauteriak debeku partzialak, mozorroarena adibidez, edo osoak nozitu behar izan zituen. Errepublika, monarkia eta diktadura arteko etengabeko botere aldaketak lagundu ez arren, herritarren gehiengoak umore ona eta dibertsioa zituen helburu, hirietan, estalitako aurpegien laguntzarekin, hilketak ere tarteka gertatzen zirela ahaztu gabe. Ezin aipatu gabe utzi, bestetik, Elizak paganotzat zuen festa honen aurka izan zuen jarrera gogorra.

Eskean etxez etxe

Inauteriak neguko festak ziren. Azaroaren erdialdetik otsaila edo martxoa bitartean egiten zen txerri hilketari esker, etxerako ez ezik, eskean etorriko zirenei ere oparitzeko jakiak eskuratzen ziren. Baserriz baserri eta etxez etxe eskean ibiltzen ziren taldeek tradizioari eutsi eta probetxu ateratzen zioten etxeko bizilagunen eskuzabaltasunari. Jakiak eta edariak bildu eta otordu galantak egiteko sasoia izaten zen.
Udazkeneko nekazaritza eta ganadu feriek eguberriko festak iragartzen zituzten: haur eta gazteak eskean irteten ziren (Marijesiak edo Abendua, Urte barri, Erregeen eguna), auzo eta bidexkatan barrena aurrez zehaztutako ibilbideak eginez. Horri guztiari familian eginiko otordu bereziak gehitu beharko genizkioke, otordu berezi eta oparoak, urte osoan dastatu ez eta gogo biziz irensten ziren janariz osatuak.

Eguberriak igarota, San Anton festa iristen zen, animalien bedeinkapen eta janari enkanteekin; ondoren, Kandelaria eguna, kandela, galleta eta gozokien bedeinkapenarekin; San Blas eguna, eztarriko minaren aurkako kordoiarekin; Santa Ageda bezpera, urrutiko herrixka nahiz hirietako kaleetako gau isiltasuna hausten zuten makila hotsekin.

Otsailaren azken egunean edo martxoaren lehenean "Marzas" izeneko eskea egiten zen. "Martzeroak" larruz janzten ziren, eta eskuetan kanpaiak eta kolore askotako xingolak zintzilik zituen gorosti bat eramaten zuten.

Une gorenaren atarikoa

Gaztelerari dagokionez, "Carnaval", "Carnavales" eta "Carnestolendas" izan dira Bizkaian festa hauek izendatzeko gehien erabili diren izenak. Euskarari dagokionez, aldiz, izen ugari erabili dira, lekuen arabera: Karnabalak, Aratuzteak, Aratosteak, Ateste eguna, Anarru eguna...

Bizkaiko Inauterietako ziklo nagusia mendian eginiko merienda batekin hasten zen. Haur eta gazteak, talde txikiak osatuz, inguruetako mendixka edo zelairen batera hurbiltzen ziren, txorizo, urdai eta arrautzekin, bertan sua piztu eta jakiak erretzeko. Egun honen izenak zerikusia zuen kontsumitzen ziren jakiekin (Txitxiburduntzi, Sasikoipetsu eta Sarteneko) edo merienda egiten zen lekuarekin (Basa(ra)toste, Kanpora martxo edo Sasi martxo).

Hurrengo ospakizun eguna Ostegun Gizen edo Eguen Zuria izaten zen, gaur egun ere oraindik Durangaldeko hainbat herritan edo Arrankudiagan bertan ikus dezakegunez. Egun honetan, eskolako haurrak herriko auzoetan barrena festari buruzko bertsoak kantatuz ibiltzen ziren, eskuetan oilar bizi bat edo animalia honen marrazki bat zeramatela. Eskean bildutakoarekin tradiziozko merienda egiten zen. Enkarterrietan, Inauterietako Asteartea edo "Carrastoliendas" delakoa izaten zen neska eta mutikoek eskea egiteko aukeratzen zuten eguna.

Mozorroak eta ekitaldiak

Mozorro jantzia zen, zalantzarik gabe, Inauterietako oinarrizko elementuetako bat. Monotonia urratzen zuen edozein jantzi erabil zitekeen urte osoan gorde beharreko arauak, baita erlijiosoak neurri batean ere, hautsi eta neguko festa nagusia ospatzeko. Mozorro jantzi ohikoenak baserritar, jauntxo, inude eta hartz mozorroak izaten ziren, baita gaurdaino iritsi diren atorrak (Mundaka) ere. Beste sexuari zegozkion arropak janzteak, trabestismoak, arauak apurtzeko gogoa adieraziko luke, bai gizonezko, bai emakumezkoengandik, beste sexuaren jokamolde eta portaerak hobeto ezagutzeko modu bat.

Hogeita hamarreko hamarkada arte, ohikoa zen aurpegia estaltzeko mozorroa erabiltzea. Haren atzean, urte osoan gordetako eta gauzatu gabeko pentsamenduak eta jarrerak ezkutatzen ziren. Kartoizko mozorro xumeak edo alokatutako karatulak, zaku eta trapu zatiekin eskuz eginiko mozorro itxuragabeak, guztiak balio zuen egun hauetan bazterrak nahasten ibiltzen ziren karatula, marrau, kakoxa, surraundi eta errabidxeentzat.

Mozorrotuak haurrak eta neskatxak xaxatzen ibiltzen ziren. Dantzaldia iritsi orduko, baina, berehalako batean kenduko zuten, sineskeriak zioenez, dantzan mozorrotuta eginez gero, mozorroa aurpegira itsatsita geratzen baitzen.

Bestetik, Inauteri aroa otordu bereziak egiteko garaia izaten zen. Besteak beste, txerri hankak eta belarriak jaten ziren, "bizkaitar erako" saltsarekin prestatuak; bazkari amaieran, ogi xigortua edo fotak, edota etxeko txikienek gogo biziz irensten zuten esne frijitu edo aidxea.

Musika eta dantza, publiko edo pribatua, mozorrotuen dibertsiorako ezinbesteko osagarri ziren. Garai hartako konpartsek kantuak konposatu, jendaurrean jo eta letrak saltzen zituzten, jai egunetako gastuei aurre egiteko. Herrietako kaleetan ibiltzen ziren gitarra, bandurria eta abarrekin, oinez edo gurdietan. Bestetik, musikariek, txistulariek, soinujoleek, dultzaineroek edo Musika Bandek plaza edo areto itxietan jotzen zuten, batik bat dantzazaleentzat: ekitaldi kolektibo nagusiak ziren.

Beharbada suspertze gogoa izan da gaur egun hainbat herri Inauteriekin lotutako ekitaldi zenbait, baita festari dagokion sasoitik kanpo ere, berreskuratzera bultzatu dituena, jai giroa sortu edo proiektu soziokulturalak bultzatzeko.