ES | EU | EN

Euskara

  • 15/ 10/ 2001

Antzinatik Pirinio aldean -eta hipotesi batzuen arabera, are eremu zabalago batean ere- mintzatu den hizkuntza da euskara. Indoeuropar hizkuntzak baino lehenagoko hizkuntza da.

Euskararen esaldi joskera eta hitz batzuen erroak indoeuroparren zabalkundea baino lehenagokoak direla esan nahi du horrek, garai batean Europa iparraldetik kontinente osoan eta Asiako lurralde askotan zabaldu ziren leinuen zabalkundea baino lehenagokoa, alegia.

Euskararen jatorria azaldu nahiz, zenbait teoria landu dira, eta besteak beste, Kaukaso aldeko hizkuntzekin, Afrikako Atlas aldeko berberiar hizkuntzarekin, edo antzinako iberiarren jatorrizko hizkuntzarekin lotu izan da. Nolanahi ere, orain arte bederen, ustelak gertatu dira hipotesi guztiak.
Euskara egun baino iparrerago eta ekialderago erabili izan zela pentsarazten duten datuak baldin badaude ere, azken ikerketen arabera hizkuntzaren mendebaldeko muga bat zetorren Gipuzkoako muga naturalarekin, eta Erromako inperioaren garaian, Bizkaian, ez zen euskararik erabili. Zer beste hizkuntza erabili ote zen ere ez da ezagutzen.

Egungo hipotesi jakingarrienetako baten arabera, antzinako euskal leinuak (autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak eta baskoiak, eta baita gaskoiak eta beroiak ere) lurralde honetan barrena zihoazen zelta herriak izan zitezkeen, euskal hiztunak gabe.

Toponimiak beste ezerk baino hobeto erakuts dezake euskara noraino zabaldu zen. Dena dela, kontu handiz ibili beharra dago. Adibidez, bizkaitar eta arabar harginak, ospe handikoak, Euskal Herritik beste lurralde batzuetara deitzen zituzten lan egitera, eta herri euskaldunak sortu zituzten jatorrizko euskal lurretik kanpo.

Erdi Aroan euskara zenbateraino erabili zen, ez dakigu zehaztasun handiz, ez baitago datu zehatzik. Dena dela, Enkartazioetan ordurako galdua zela, argi dago. Euskararen zabaltze eta murriztearen arrazoiak, politikoak baino gehiago, ekonomikok izan dira, euskara merkatarien arteko komunikazio tresna zen heinean. Izan ere, herriak euskara edo gaztelania erabiltzen ote duen, ez baita inor kezkatu, orain dela gutxi arte bederen, eta Estatuak edo udal agintariek esku hartu izan duten aldi bakanen salbuespenarekin. XX. mendea arte, ez dago, agintari zibilen edo erlijiosoen aldetik, euskararen erabilera debekatzeko agindurik. Erdi Aroan, Inkisizioak ez zien lekuko eta auzipetuei euskara erabiltzea debekatzen. Itzultzaileak egiten zuen batzuk eta besteak elkar ulertzeko zubi lana, nahiz eta, zenbaitetan, fidagarritasun eskasez egin ere. Elizak, esate baterako, XVI. mendetik XVIII. mendea arte behinik behin, dantzak debekatu zituen, are gehiago eliz barruan egitekoak baziren. Elizak kargu hartuko zien dantza buru ziren apaizei, baina ez euskara erabiltzen zutenei eguneroko harremanetan (beste gauza bat da mezak, derrigorrez, latinez behar zuela).

Beste kontu bat da euskararen egoera XVIII. mendean. Bilboko burdinaren ospea eta bere merkataritza ekonomiaren aurrerabidea zirela eta, hango ezpatei "bilbos" eta euskal probintzietako biztanleei (El Quijote obran bertan, askoz lehenago) "vizcaino" esaten zieten. Horrek guztiak beren nortasuna aldarrikatzera bultzatu zituen gipuzkoarrak. Larramendik, bere Coreografía de Guipúzcoa-n, eta Iztuetak, Gipuzkoako Dantzak obran, Gipuzkoaz mintzatzen direnean ez dira Foru Aldundiaren mendeko lurraldeaz ari, euskalki bera erabiltzen zuen lurraldeaz baizik. Horra hizkuntza bat herri baten eta kultura berezi baten nortasuna berresteko erabilia, bizkaiera erabiltzen zuten -eta oraindik ere erabiltzen duten- gipuzkoar herri batzuk ikerketatik kanpo geratu baziren ere.

Eta Louis-Lucien Bonaparteren hizkuntza mapa ospetsura iritsi gara horrela. XIX. mendearen hasiera da. Ikerlariaren ikuspegi zentralista edo jakobinoak euskara probintziaka ikertzera bultzatu zuen, muga horietatik kanpo erabiltzen ote zen batere aztertu gabe. Aragoiko Pirinio aldean, euskara XX. mendearen hasiera arte erabili zen, baina hura aztertu gabe geratu zen, Bonapartek egin zuen lurralde zatiketa horregatik, hain zuzen.

XIX. mendean zehar, eta are gehiago XX. mendean zehar, behar ekonomikoengatik, batetik, eta legeak eta dekretuak adierazteko hizkuntza bat izateko beharragatik, bestetik, (horrela nagusitu zen Parisko gorteko hizkera baldarra besterik ez zena Frantziako gainerako hizkuntzen artean, hura baino hedadura zabalagokoak izan arren besteak: bretoiera, akitaniera, euskara, eta abar; eta horrela nagusitu zen, baita ere, gaztelania Espainian) hizkuntza herrikoiak atzera egin zuen eta ospea galdu zuen. Goi kargu batzuk lortzeko, ez zuen balio, eta etxe barruan zokoratuta eta herritarren arteko harremanetarako baizik ez zen gorde. Jende ikasiak, gizartean gora egiteko nahiak akuilaturik, hizkuntzarekiko interesa galdu zuen, erabat ahaztu ez bazuen ere.

Espainiako gerra zibilaren ondoren (1936-1939), Bizkaia eta Gipuzkoa "probintzia salduak" izendaturik, euskara, Aberriaren Batasuna zalantzan jar zezaken kultur adierazpen oro bezala, debekatua izan zen. Hizkuntza Estatu arazo bihurtu zen, arazo politiko, alegia.

Baina ohitura herrikoien debeku orok hura pairatzen dutenen arbuioa dakar berekin, arbuio politikoa ere bai, eta hala, euskara, zentzu bikoitz horretan, organizazio sozialen ideia politikoen funtsa bihurtu zen. Debekuak kalte handia egin zion hizkuntzaren garapenari eta iraupenari, eta etorkin erdaldunekin batera, hiltzeko zorian jarri zuen euskara. Franco jeneralaren erregimen totalitarioaren aurkako oposizioa, orduan bai oposizio politikoa, ekimen guztietara zabaldu zen, ekimen kulturaletara eta euskararen aldeko ekimenetara barne.