ES | EU | EN

Inauterien erritu egitura barneko muga eta zubi kulturalak

  • Kepa FERNANDEZ DE LARRINOA EHUko Antropologia Irakasle Titularra, Zainak aldizkariaren zuzendaria. Eusko Ikaskuntzako Antropologia eta Etnografia Adarraren Lehendakaria
  • 19/ 11/ 2001

Inauterien ikerketarako arrazoiak aztertzen dituen artikulu deskribatzailea da.

Erritu estetika eta adierazpen kolektiboa: inauteriak neguko jai eta errituekin duen erlazioa

Inauteriak neguan ospatzen den festa eta erritu multzo zabal baten zati dira. Protagonistak Europako nekazaritza gizarteak eta kontinente honen aldameneko Mediterraneoko nekazaritza komunitateak dira. Beste modu batez esateko, inauteriak eremu geografiko zabal batean hedatzen den portaera erritual mota baten tokiko adierazpena dira. Urtearen aro jakin batean ospatzen dira eta, neurri handi batean, nekazaritza mundua dute oinarri.

Bi ezaugarri nagusi gehituko genizkioke neguko erritu hauen inguruan aurretik aipatutakoari. Batetik, sinesteei eta egutegiari dagokien sinkretismoa, hain zuzen ere, sistema erlijioso eta denbora kontzepzio ugari baitira festa hauetan bat egiten dutenak. Bestetik, neguko nekazaritza festa eta errituak homogeneotasun estetiko maila handiz eszenaratzen dituzten ospakizunak dira.

Hainbat adituk Europako inguru desberdinetako eta Mediterraneoko leku batzuetako neguko festen sinkretismoa aztertu dute. Haien arabera, gaur egungo neguko festetan, erlijio eta garai desberdinetako elementuak aurki genitzake, lehenbiziko erlijio indoeuropar eta Mediterraneoko mitologietatik hasi, erromatar eta juduen egutegi eta festetatik igaroz, Erdi Aroko kristautasuneraino.

Neguko festa hauen homogeneotasuna ospakizunen data hautaketan, erritualizatutako gaietan eta erritualizazio moduan antzematen da. Hala, aditu askoren ustez, neguko festak jatorrizko ospakizun bakar baten bertsio partikularrak lirateke. Hau da, dibertsitatea gaindituz, enbor komun bat aurkituko genuke. Beste kointzidentzia batek ideia hau berresten digu. Izan ere, neguko festak pertsonen arteko eta pertsonen eta izadiaren arteko harremanen dramatizazio sui generis bat lirateke. Taldeen arteko erlazioek eta gizarte taldeek neguko festetako protagonista diren izadiko elementuekin dituzten erlazioek ondorengo ezaugarri komunak dituzte.

Lehenik, urtaro jakin batean ospatzen diren festa ziklikoak dira. Izadiaren erritmo biologikoekin eta nekazaritza nahiz abeltzaintza jardueren aldikotasunarekin zuzenean erlazionatutako festak dira. Egungo ikerketa etnografikoek frogatzen dutenez, zenbat eta handiagoa nekazaritza gizartearen autosufizientzia ekonomikoa, orduan eta nabarmenago antzematen da aurretik adierazitakoa.

Bigarrenik, festa honetan animaliekin lotutako mozorro eta jantzi asko erabiltzen dira, mendi eta basoetan bizi diren animaliak: zaldiak, hartzak, zezenak, katuak, oreinak eta era askotako hegaztiak. Ehizatu, etxekotu edo hil egin behar diren animaliak; menderatu eta kontrolatu, azken finean.

Hirugarrenik, eta neguko festen ospakizun datei dagokienez, bi aldi nagusi bereiz daitezke: urria-azaroan hasi eta Eguberrietaraino doana (aldi honetan eginiko festa guztiak neguko festen zikloaren barnean sartzen ez badira ere) eta Inauteriari berari dagokiona.

Laugarrenik, neguko festek zentzu eszeniko, sinboliko eta sozial argia dute. Antzerki izaerak gizarteko arazo garrantzitsuak islatzen ditu. Zentzu horretan, neguko festa ugarik nekazaritza komunitateetako sozializazio errituak antzezten dituzte. Era berean, biztanleriaren zati batek gabonsari eskeen bitartez egiten duen jaki eta edari bilketa leku ugaritan errepikatzen den elementua da.

Europako eta aldameneko mediterraniar inguruetako neguko festa gehienak bezala, Inauteriak rites de passage kolektiboak lirateke, erlazio publikoen munduan sozializazio estrategiak garatzeko modua. Dantzarekin, kantuarekin eta mozorroarekin batera, janaria eta edaria funtsezko elementu bihurtzen dira aurreko helburua lortzeko ahaleginean.