ES | EU | EN

Komunitate kidetasuna eratzeko errituala. Otxandioko "basabisitta"

  • 06/ 11/ 2001

Otxandioko erritual bat deskribatzen da, herriko zinegotziek beren lurretako mugarriak ikustera joaten direnekoa. Gero Arnold Van Gennepek ezarritako parametroen ikuspuntutik aztertzen da errituala eta, enuntziatu denetik abiaturik, ondorio egokiak ateratzen.

Irailaren hirugarren igandean, urtero, Otxandioko herritarrak, goizean goiz, danborraren pausoan irteten dira herriko plazatik, udalbatza lagun dutela. Ibilaldi bati ekiten diote. Ibilaldia zortzi orduren buruan amaituko da hasitako leku berean, El Limitado mendiko leku esanguratsuenak zeharkatu ondoren. Lur-eremu hori, Aramaioko bailararen jabegoa bada ere, Otxandiarrek erabiltzen dute 1457az geroztik, urte horretan eman baitzitzaion Otxandioko udaletxeari hango larre, egur, soro eta abarren gozamena. Auzi ugari ezagutu dituen lur-eremu horrek muga errituak ere ezagutu ditu, XVIII. mendeaz geroztik behintzat.

territorio

Ibilbidea

Basabisittaren egunean, goizeko zazpietan, jendea (gizon, emakume eta ume) herriko plazan biltzen da, ibilbideari ekiteko danborraren hotsa(1) noiz entzungo zain. Handik ordu erdira, aguazilak danborra jotzen du. Orduan hasten da basabisitta. Alkatea, zinegotziak eta basozaina buru direla, hirurehun bat laguneko taldea jartzen da martxan.

Gomilazen, lehen aterpea eta orain jatetxea den lekuan, bitan banatzen da lagun taldea. Parte hartzaile gehienek, alkatea eta udalbatzarekin, El Limitado aldera jotzen dute. Eta lagun bakan batzuk alkateordearekin joaten dira Otxandio eta Dimaren arteko mugarriak ikustera. Jende gehienak El Limitadoren hegoaldean dagoen Mirugain mendira jotzen du. Nafarra Txabola izeneko lekuan hasten da mugarriak jartzen. Leku horretara iristeko, aldapa piko bat igo beharra dago pinu artean. Antzina urki arbola erabiltzen zen mugarritarako. Aizkoraz egiten zitzaion seinalea. Sistema hori oraindik ere erabiltzen da basabisittan. Gaur egun haritzak eta pagoak ere markatzen dira. Legutio -Villarreal- (Itesasi mendia) eta El Limitadoren arteko mugan, XVIII. mendeko harrizko mugarriak ikus daitezke.
Basozainak, bi ahoko aizkora (alde batean xafla zorrotza eta bestean Otxandioko herriko armarriaren zigilua dituena) eskuan harturik, tradizioak agintzen duen erara markatzen ditu arbolak; arbolaren azalean ebaki txiki bat egin eta herriko zigiluarekin markatzen ditu. Geroxeago Tentaibakarrera iristen da jendea. Parte hartzaileek lehen atsedenaldia egiten dute, alkate eta zinegotziei itxaroten dieten bitartean. Biribilean itxaroten dute, desagertutako garai baten sinbolo den lekua inguratzen dutela. Handik ehundaka metro batzuetara Don Andresen txabola dago. Zerbait jateko ordua. Ogia, ardoa eta bakailao frijitua banatzen ditu udaletxeak.

Don Andrestik Aurtolara bide luzea dago. Jendeak beste atsedenaldi bat egiten du Martolan. Ibilbidea landarez beteta dago (ira, gorostia, otea, inarra), pinua sartu ez den seinale. Bidezidorrak, medibideak eta gorribide ospetsua (gorrien bidea) igaro ondoren, Aurtolara, Olaetako auzo batera, iristen da. Baserri jatetxe bihurtu baten atariko haritzaren azpian, erromesek, alkatearen ondoren, akta sinatzen dute. Aktak sinatu eta gero, lagun taldeak berriro aurrera egiten du. Irupageta igarota, Itza izeneko auzora iristen da. Oso leku egokia da behiak larreratzeko, dena belardi; kontrastea egiten du basabisittak orain arteko ibilbidean igaro duen landeratzarekin.

Azkenik, Bidekungaindik (goiko bide gurutzea) Teieixera iristen da. Hor, bi taldeak, ibilbidearen hasieran banatuak, berriro elkartzen dira. Eskola zahar bat, gaur egun "soziedade" bihurtua, eta haren inguruko zelaia aukeratu ditu jendeak udaletxeak eskaintzen dituen azken bizigaiak banatzeko. Ibilaldia hasi eta bost ordura, taldea, ibilbidean sakabanaturik ibili bada ere, elkarturik sartzen da herrian, danborraren tarrapatak lagundurik.

(1) Elezaharrak dioenez, Aramaioko zelatariak uxatzeko jotzen omen da danborra. "Basabisittan" parte hartzen dutenei kasu eginez gero, askoz esanahi sinpleagoa luke danborraren hotsak: herritarrei parte hartzera deitzea. Ipuinetan gordetzen den oroimen kolektiboaren arabera, Aramaioko bizilagunek oilarraren istorioa kontatzen dute El Limitado bailarako parte dela adierazteko. Elezaharrak dioenez, Aramaio eta auzoen arteko mugak lasterketa batean erabaki omen ziren. Garai batean -ez dago oso argi noiz-, beti liskarrean ibiltzen omen ziren Aramaio eta auzoko herriak, eta, mugak erabakitzeko, Leziako koba-zuloetan bizi zen eremutar baten esanetara jarri omen ziren. Lasterketa bat egitea proposatu zuen eremutarrak, eta lasterketarako baldintzak jarri ere bai. Egunsentian, oilarrak lehen aldiz jotzean, auzian zebiltzan herrietako gazteek, beren herrietako plazatik irten eta Aramaio aldera jo behar zuten, eta Aramaioko bailarako gazteek, berriz, auzoko herrietara. Orduan erlojurik ez zenez, oilarraren kukurrukua jarri zuten abiatzeko seinale. Aramaioko bizilagun batek bahe bat ipini omen zuen oilategiko leihoan, eta argi motel bat leihoaren atzean. Argitasun horrek egunsentiaren argia itxuratzen zuen oilategiaren barruan. Oilarra, engainaturik, kukurrukuka hasi zen. Aramaioko gazteak, orduan, herritik irten eta lehenak iritsi ziren auzoko herrietako ateetara. Horrela azaltzen du herriak zergatik iristen diren bailararen gaur egungo mugak auzoko herrietako ateetara.

Basabisitta, komunitate kidetasunaren erritu

Lurralde baten gainean lorturiko eskubideak galdu nahi ez eta lurralde horren jabetza aldarrikatzeko erritua da basabisitta. Basabisitta, bada, kidetasunezkoa da, enblematikoa, Otxandioko bizilagunak eta erakundeak kode sail baten barruan biltzen dituena, beste talde baten aurrean (Aramaiokoen aurrean) komunitate gisa agertu ahal izateko. Basabisittan, bizilagunen erkidegoa lurraldearen arabera eratzen da. Ez da aldarrikatzen lurralde bat bakarrik, eskubide bat bakarrik; komunitate bat eratzen, indartzen eta estutzen da.

Van Gennepek igarobide errituei buruz egiten duen eskemari jarraituz, autore horrek aurkezten dituen hiru uneak ikus ditzakegu: bereiztea, liminitas eta elkartzea.

Desordenan baina danbor hotsaren erritmora herritik irteterakoan gertatzen da bereiztea. Ez dago ez kanpairik ez suziririk ez jaietako jantzirik. Erromesaldi bat da, mendi ibilaldi bat. Motxila, makila eta mendiko botak hartu dute eguneroko jantziaren lekua. Elementu horiek guztiek hausturarako, hasierarako, beste denbora eta beste espazio batean sartzeko ahalbidea ematen dute. El Limitado erreserba bat da, ustiaketa modernoak azpian hartu ez duen mendi tradizionalaren puska bat. Iraganerako bidea hartzen da -herriko ateetan dago iragana-, bizitzako eta auzotasuneko lokarri komunak sendotzeko.

Ibilbidearen norabideak errespetatu egiten du gizarte tradizionaletan erromesaldi erritualek zuten forma, hau da, erlojuaren orratzen zentzuaren kontra egiten da basabisitta. Eta mendiko lekurik basatienean sartzen da, gizona gutxien ibili den lekuan, non ere basurde arrastoak, biderik eza, leku helezinak, aldapa irristakorrak eta kultura tradizionalak garrantzizkoagoak diren. Lehen geldialdia mendi-mendian egiten da: Tentaibakarren. Arboletako markak eta mugarriak dira leku horretan gizakiaren aztarna bakarra.

Hurrengo atsedenaldia Don Andresen txabolan egiten da. Hori ere ez da gizakiaren bizileku iraunkorra, baina bai babesleku bat, animalien babesleku eta gizakiak ustiaketarako erabili duen leku bat. Txabolak ziren, garai batean, gizakiaren ustiaketa seinale garbienak mendian.

Hurrena, berriz, baserri batera iristen da, eta baserria funtsezko elementua da Euskal Herriako landatar gizartean, gizarteko harremanen ardatz, eta geografiaren eta erlijio, lege eta ekonomia arloen egituratzailea. Baserri hori jatetxea da orain, industrializazio prozesuan Euskal Herriko baserri askok izan duen bilakaeraren sinbolo. Baserri horretan sinatzen dituzte aktak parte hartzaile guztiek, eta handik granja moderno batera eta gero azken helmugara abiatzen dira (zelai eder batera, non ere baitago eskola, gaur egun "soziedade" bihurtua).

Ibilbide honetan ardura zaiguna progresioa da. Gizatasun gutxien dagoen lekutik gizatasun handiena dagoen lekura egiten da bidea, menditik bizileku iraunkorrera, bailarara, auzora. Ibilaldiak hiru une ditu, mendia, baserria eta auzoa. Herritik irten eta iraganeko gizartearen elkarrekintzaren hiru gune horietatik igaro eta gero itzultzen da berriro herrira, gune horiek komunitatean integratu eta komunitatea bera, erritualki, horien inguruan eratzen delarik. Ibilbidearen erdigune geografikoa baserria da, eta Olaetatik (Aramaio bailarakoa) hurbil dago gainera, baina ez da nahi eta nahi ez erdigune errituala. Euskal Herriko landatar komunitateen harreman espazialek ordena biribila jarraitzen dute, elementu guztiak basoa-baserria-auzoa trilogian sarturik geratzen direla. Hiru elementu horiek errituaren une liminarra osatzen dute. Auzo harremanetan burutzen da progresioa, eta euskal gizarte tradizionalaren ezaugarri dira auzo harremanak. Baina badira elementu berriak ere ("soziedadea") auzotegiko sinbolo berri bihurtzen direnak.

Itxura guztien arabera, iraganeko gizartean ezinbestekoak ziren gauzen inguruan (etxea, auzoa eta mendia) definitzeko halako borondate bat dago. Otxandioko herriak elementu horietako bat galtzeko arriskuari aurre egiten dio, mendia galtzeko arriskuari, beste elementuen bizirako behar-beharrezkoa baita. Arrisku horren aurrean, ekintza erritual bat egiten du, komunitateari bere jatorria eta kidetasuna gogorarazten dizkiona.

ONDORIOA

Erritu hau ulertzeko, kontuan izan behar da espazioari loturiko festa eta erritu adierazpenak hiru ikuspuntu desberdin eta osagarritatik azter daitezkeela. Erritu hauek erritu iniziatikoak, kidekatzaileak eta performatiboak dira. Hau da, komunitatearen iraupena islatzen duten bizimodu, balio eta sinboloen inguruan eratzen dute komunitate bizitza; beren baitara biltzera deitzen dute, eta, aldi berean, taldekidetasuna adierazten dute.

Mugak bisitatzekoa ibilaldi iniziatikoa da; komunitatearen espazioaren jatorrietara, komunitatea eratu zeneko une batera egiten den bidaia da, bizirik irauteko logikari, eta, beraz, irauteari, ezinbestekoa zaion espazio bat bereganatzen duena. Bereiztetik elkartzera doan continuum batean egiten da ibilbide hau. Continuum horrek hausturak markatzen ditu, denborak eta usadioak bereizten ditu, eta jokabide kode bat lantzen du, komunitateko espazioan inskribatu kode bat, biraketa eta txandakaketa izenez ezagutzen dena, biraketa eta txandaketa direlarik landatar kulturako bi harreman forma tradizional eta bizia/heriotza/berpizkundea ziklo kosmologikoaren sortzaileak.

Beste alde batetik, elkarren arteko kidetasuna aitortzeko erritu bat da, Otxandioko bizilagunak kode liminar/liminar-itxurako batzuen barruan kokatzen baititu; kode horiek, izan ere, espazio baten barruko kidetasuna ezartzen diete otxandiarrei kanpotarren aurrean, eta kanpotarrak espazio horretakoak ez direla adierazten da urtero-urtero erromesaldian, bazkarian eta elkarren arteko kidetasuna ospatzean.
Azkenik, erritu batez ere performatiboa da, hau da, adierazten duen ekintza egiten duena. Lur-eremua hartzea sinbolikoa izan daiteke. Ezaugarriak kidetasunaren eta iraupenaren logikaren arabera eratzea egiazkoa da. Etxe, auzo edo baso bateko kide bezala azaltzen da taldea; auzoko komunitatetik bereizi egiten da, eta iragan biribilaren eraketan integratuz sendotzen da. Herriko biztanle sakabanatuak gizarte erakunde berri batera elkartzen ditu errituak, urtero talde berri eta berritu bat eratzen duten herritarren erakundera hain zuzen.