Jaiotzaren unetik bertatik, etorkizuneko gizon eta emakumeek helduaroan bete beharko duten paperaren ezaugarriak ikasi behar dituzte. Irakasbide hori jolasaren bidez egin izan da beti, beste azalpen arrazoizko edo arrazoituago batzuen bidez ez ezik. Helduentzako ikuskizunetara joateak helduen mundura hurbiltzeko aukera ematen die haurrei. Bestalde, hizkuntzaren erabilera, eskuzko antzea, gauzei ohartzeko gaitasuna eta arazoei konponbidea emateko trebetasuna, jaiotzatik bertatik lantzen dira. Hemen aurkituko ditugun haur jolas edo jokabideak, helduek gogora ekarriko badituzte ere, gazteentzako eginak izanaren ezaugarriak dituzte.
Aski da Atlas Etnográfico de Vasconia (1) liburuaren aurkibidea begiratzea Bizkaiko neska-mutilek haurtzaroan zenbat eta zenbat trebetasun bereganatzen dituzten ikusteko. Besteak beste, haur jangartzuen jateko gogoa pizteko "trikimailuak" aurkitzen ditugu, edota haurrak laztandu beharrari buruzko argibideak, haurrak ukitzea ontzat ematen duten arau pedagogiko tradizionalen arabera. Gero, aipatutako obra horretan aurrera eginez, haurra bere mugikortasunaz jabetzen da, eta abesti eta jolasen bidez berresten du ahalmen hori, eskumuturra ezker-eskuin eta gora-behera mugituz, erritmo jakin baten arabera.
Esku baten mugimendua, norabide guztietan, menderatu ondoren, haurra esku bien arteko koordinazioa lortzen saiatzen da, eskumuturrak barrura eta kanpora mugituz, adibidez. Horretarako, batzuetan, doinuren baten edo abesti errazen laguntza izaten du. Txalo jotzea, berriz, arreta handiagoa eskatzen duen mugimendua da. Orain ere, mugimendua sendotzeko, hartarako egokiak diren abesti eta jolasak erabiltzen dira. Eskuen mugimendua menderatu ondoren, besoen mugimendua ikasteko ordua da. Mugimendu horiek kulunkaren plazerrekin eta doinuekin txertatzen dira orain haur folklorean. Horrek aukera ematen dio haurrari mugimenduak errepikatzeko gurasoen ondoan egon gabe.
Bien bitartean, haurrak lasaitzeko eta loarazteko abesti bilduma edo kantutegi oso bat sortuko da: sehaska kantak. Goialdeko soin adarrak kontrolatzea lortu ondoren, beheko soin adarrak kontrolatzen hasteko ordua da, beste jolas batzuen bidez: trosta, jauziak, hanka bakar baten gaineko jauziak eta antzekoak. Mugimendu horiek menderatzeak aldaka edo mehaka mugitzen ikasten hastea ekarriko du berekin. Baldin bizitzako lehen hilabeteetan gorputzak izan badu garrantzia, pixkanaka hizkuntzak gero eta garrantzi handiagoa hartuko du. Abestien errepikapenak, mugimenduaren sendogarri soil ordu arte, funtzioz aldatuko du. Asmakizunak, hitz segida bat errepikatzen diren abestiak, ordena gainazpikatzea eta hizkerak asmatzea (silaba jakin bat tartekatzea hitza osatzen duten silaben artean) adibide batzuk besterik ez dira. Gauzak partitzeko edo ekintzaren baten egilea edo talde bateko kideak izendatzeko haurrek erabiltzen dituzten formulak ere atal honetan sar daitezke.
Taldekide kontzeptua azaltzen da orduan, eta harekin batera lehiaketa kontzeptua. Lasterketak, banako lasterketak hasieran, taldeko lasterketa bihurtzen dira, eta hala izango dira gazteen arteko lehiaketetan ere. Zaku lasterketak, zango bat lagunenari lotuta egiten diren bikote lasterketak, harrapaketan ibiltzeak, mugikortasuna eta talde sentimendua areagotzen dute. Lasterketen ondoren, jauziek gero eta garrantzi handiagoa hartuko dute, eta talde zentzuari loturik, lehiaketa mota desberdinak egingo dira: hanka bakar baten gaineko lasterketak, zaku lasterketak, etsai taldearen gainetik jauzi egitea, eta abar.
Bestalde, aurreko soin adarren trebetasuna lortu ondoren, gauzak muga jakin bateraino jaurtitzeko lehiaketak sortuko dira: hau da, makilak, harriak, txapak, eta abar, nork urrutirago jaurtitzea helburu duten jolasak. Hori guztia gaztaro osoan zehar azalduz joango da. Sokatirak -bi taldek, sokaren alde banatan jarririk, bakoitzak bere alderantz tiraka, bestea bere alderdira erakartzean datzan herri kirolak- tradizio handia izan du hemengo herrietako jaietan. Beraz, hatzen mugimenduaren kontrola handituz doa kanika, txapa eta beste objektu batzuekin, haiek jaurtitzeko, trebetasuna ez ezik indarra eta begi ona ere behar baitira. Trebetasun hori lantzen duen beste jolas bat ziba dantzaraztea da. Bada beste bat ere, "katu sehaskatxoak" deitu ohi dena, soka bat hatz artean txirikordatuz irudiak egitean datzana.
Bi jolas edo trebetasun berretsi dira dagoeneko, harrapaketan ibiltzean bil daitezkeenak. Hala, beste talde batek gordetako gauzak (edo taldea bera, nonbait ezkutatu ondoren) bilatzera dedikatzen diren erakusketak dauzkagu. Horren adar bat mundu ezezagunaren bilaketa litzateke, kilker, matxinsalto, mariburruntzi eta beste intsektu batzuen ehiza, esate baterako. Bere burua gordetzen duenak, berriz, lekurik seguruenak eta eskuraezinak bilatu behar ditu. Atal honetan sartzen dira, baita ere, begiak estalita jokatzen direnak. Animaliak eta lanbideak antzeratzeko jolasak ariketa mota desberdinetan gauzatuko dira. Besteak beste, mugimendu eta hotsetatik hasita, nagusiek betetzen dituzten roletaraino antzeratuko dira. Armen erabileraren trebetasuna ere, ezinbestekoa nekazari eta abeltzainen gizarte batean, tiragoma, arku, abaila, pintzez egindako pistolez edo zerbatanez landuko da. Bestalde, estrategia jolasak, mahai jokoetan, eta batez ere kartetan, ikasten dira. Ez gara jarduera horiek deskribatzen hasiko orain, eta aipatutako obrara jotzea gomendatzen diogu irakurleari.
Kontuak kontu, haurtzaroa eta nerabezaroa (heldu arorantz doan bitarteko urratsa) bukatzean, gaztaroa hasten da. Gaztaroan ere lehenago aipatu diren trebetasunak lantzeko jolasak aurkitu ditugu, eta beste berri batzuk azalduko dira. Lehenik eta behin, kontuan hartu behar da gaztea baserriko lan munduari aurre egin beharrean aurkitzen dela (nekazari inguruneko munduaz ari baikara), eta horretarako oso gauza gutxi dituela. Kostako biztanleak, beste ezer baino lehen, igeri egiten jakin behar du, eta igeriketa probetan neurtuko ditu indarrak besteekin. Baina kostan bizi denak itsasketaren artea ere ezagutu beharko du. Horregatik, traineru estropadak eta belaontzien arteko lehiaketak ez zaizkio arrotz izango.
Hirugarrenik, arrantzaleak elkarrekin lehiatuko dira arraina nork aurrena porturatuko, aurrena iristen denak jarriko baitu harrapatutakoaren prezioa. Hori dela eta, Bizkaiko kostan zehar, eta Kantauri itsasalde osoan ere bai, txalupen arteko lasterketa lehiaketak egingo dira, salgaia portura nork aurrena eramango. Horrela sortu ziren egungo traineru estropadak.
Lur barruan, baina ez han bakarrik, euskaldunak zenbait gauza erakutsi behar ditu:
a) indarra erakutsi behar du, adibidez, pisu handiak garraiatuz (txingak) edo pisuak urrutira edo gora jaurtiz (egun Eskozian, Australian eta beste zenbait lekutan zuhaitz enborrak jaurtitzen dituzten moduan);
b) Erabiltzen diren makilak edo, meatze inguruetan, burdinazko barrak edo palankak ere (palankariak) ariketa fisikorako aitzakia dira;
c) baserriko abereak menderatzeko bere dohainak erakutsi behar ditu, bestalde, baserritarrak (idi probak, asto probak, zaldi probak, eta abar);
d) halaber, abelburu basatiak gobernatzeko ausardia eta trebetasuna erakutsi behar du (XVI. mendeaz geroztik zezenketak egiten direlako datuak daude);
e) Bizkaiko baserritarrak, gainera, bere lanbideari dagozkion zereginak taxuz egiteko gaitasuna eta dohainak erakutsi behar ditu: zuhaitzak ahalik azkarren ebakitzea, segan egitea eta abar; lanbide horietatik sortuko dira aizkolariak, segalariak, harrijasotzaileak eta abar;
f) halaber, edaten duenaren gaineko kontrola erakutsi beharko du, Txakolina dantzatuz (bi gerriko edo makila gurutzatuen gainean egiten den banakako dantza; musikaren erritmoaren arabera, dantzariak espazio hutsen gainean egin behar du jauzi, gurutzea ukitu gabe);
g) eta asto gainean edo, adibidez, zuhaitz enbor baten gainean zutik eusteko trebetasuna;
h) baserriko lanetan laguntzen duen txakurraren joan-etorriak gobernatzeko gauza izatea ere oso aintzat hartua izango da. Horrela sortuko dira artzain txakurren lehiaketak, artzainak bere lagun leiala zenbateraino hezi duen erakusgarri.
Jolas eta dantzen jatorria gizasemeak bikotea erakartzeko bere trebetasunak eta dohainak erakutsi beharra izan daiteke. Ahari eta oilar borroketan apustu egiteak garrantzi handia izan du. Bola jokoak ere tradizio handia izan du Bizkaiko herritarren artean. Herri askotan elizen ondoan bolaleku zaharrak daude oraindik. Joko honetan ere apustu egiten da. Jaurtitzen den bola biribilaren bidez birla kopuru jakin bat lurreratzean datza jokoa. Jokoak zenbait aldaera ditu: birla bakarra kolpe bakar batez botatzea; birla ilara bat jarri eta haiek denak botatzea; eta abar. Bolalekuak eliza ondoan daudela eta, ikerlari batzuek eguzkiarekin zerikusia duen erritoren batekin lotu nahi izan dute bola jokoa, baina ez dago datu nahikorik hori horrela dela ziurtatzeko.
Azkenik, pilota partidetara iritsi gara. Frontoi edo pilotaleku batean jokatu ohi da, hau da, angelu zuzena eratzen duten bi hormen aurrean edo artean. Antzina, elizpean bertan jokatzen omen zen. Jokoak aldaera asko ditu, erabiltzen diren arau, tresna edo pilotaleku moten arabera. Izan ere, pilotaleku desberdinak baitaude: horma bakarreko plaza, bi paretatakoa, lau paretako pilotaleku itxi estaliak, eta abar. Pilota bultzatzeko edo jaurtitzeko modu desberdinak dauden bezala: esku hutsa, pala, saskia, sarea eta abar. Bola jokoarekin batera, gure lurraldean sustrai sakonenak dituen kirola da.
(1) Zenbait egile. Atlas Etnográfico de Vasconia. Juegos Infantiles en Vasconia. Eusko Jaurlaritza. Bilbao. 1993. AGUIRRE FRANCO, Rafael, Deporte Rural Vasco. Txertoa. Donostia. 1983.