ES | EU | EN

Bizkaiko gazte elkarteak

  • Josu LARRINAGA. Soziologoa eta EI eta EDBko kidea.
  • 15/ 10/ 2001

1989-90 ikasturtean Bizkaiko Foru Aldundiaren beka lortu zuen lanaren ondorioa. Gazte ezkongaiek komunitateko jaiak prestatu eta burutzeari buruzko azterlan sakona da.

Gizartearen jokabidea aztertzerakoan, Bronislaw Malinowski antropologo funtzionalista ospetsuak erakunde mota unibertsalen zerrenda finkatu du. Zerrenda horretan familia, auzokideak, sexu eta adin taldea, estigmatizatuak, bolondresen edo elkarlaguntza elkarteak, erakunde profesionalak, gizarte estamentua, mailakatze etnikoa eta kulturaren edo botere politikoaren testuingurua ditugu.

Pertsona baten bizitza zikloak, adin kategorietan zehar (jaiotza eta haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroa, urteko ezkontzak, familiako aita-amak, alargunak, zaharrak eta hildakoak edo arbasoak) eta horien arteko igarotze erritoetan, etapa bakoitzerako gizarteak dituen eskakizunei dagokienez norbanakoak dituen egokitzapenak edo desegokitzapenak erakusten dizkigu. Bestalde, urteko hainbat jaietan zehar, adin talde bakoitzak eginkizun jakin batzuk ditu (jaialdiak, zeremoniak, erritualak,...), eta horien helburua ziklo kosmikoa errepikatzea edo birsortzea da, bizitza kolektiboak eta are Naturak berak bere horretan jarrai dezan hain beharrezkoa dena, hain zuzen ere.

Artikulu honetan adin taldeak ditugu mintzagai, eta zehazki, erdi-egituratutako kidekoen talde informaletan bilduta zeuden eta auzoaren baitan talde gisa jokatzen zuten gazte ezkongaien elkarteak.
Gaztaroan, gizarte kontzientzia oso indartuta dago, eta talde partaidetza eta talde batasuna edo leialtasuna areagotu egiten da. Gazteen lagunarte horien ezaugarriak aldakorrak dira taldekideen kopuruari eta haien kategoria fisiko eta sozialei dagokienez; nolabaiteko iraunkortasuna dute, harreman pertsonal sedentarioak sarritan izaten dira eta beren helburua hainbat funtzio agerikoetan (dibertitzea, adiskidetasuna, elkarlana,...) eta ezkutukoetan (sozializazio informala) zehazten da. Sozializazio prozesu hori norberaren taldearen balio eta idealak barneratzearen ondorioz edota beste erreferentzia talde batenak hartuz burutu daiteke. Prozesu horren bitartez, norbanakoak bere inguruko balio sozio-kulturalak barneratzen ditu eta, horiek, bestalde, nortasuna behar kolektiboetara eta habitatera egokitzen eta moldatzen dute. Sozializazio prozesu orok baliabide batzuk behar ditu taldekideak gizarte kontrolean oinarritutako jarraibide, arau eta balioekin sozialki identifika daitezen. Kultur testuinguru horretan kokatzen dira gure ikerketan jaso ditugun eta ondoren azalduko ditugun datuak:

Talde horietako kideei, Busturiako (Bizkaia) merindadean "zaragi mutilak" deitzen zieten, eta "eskota" taldeekin, formari eta funtzioei dagokienez, nolabaiteko erlazioa ondoriozta dezakegu. Azken horiek, duela zenbait urte, ohikoak ziren Uribeko Merindadeko hainbat herritan (Meņaka, Arrieta, Larrauri, Emerando,...) eta Durangaldean (ermitako jaietan), non gazte taldeak ("eskota" deituak) ardi zahagi bat erosteaz arduratzen ziren, bizilagunak gonbidatzeko.

Gerra Zibilarekin desagertu aurretik, beren jaietan "zaragi mutilak" elkarte haiek ezagutu zituzten herriak Ajangiz, Arratzu, Ereņo, Errigoiti, Forua, Gorozika, Lumo, Ibarruri, Kortezubi, Mendata, Munitibar, Murueta, Muxika eta Nabarniz izan ziren. Auzo edo herri bakoitzeko hainbat gazte elkarteren artean adiskidetasun harremana zegoen.

Elkarteko gazte guztiak taldean 16 edo 18 urte ingururekin (praka luzeak estreinatzean) sartzen ziren mutil ezkongaiak ziren, eta bertatik ezkontzean edo heriotzagatik (horixe zen "mutil zar"en kasua) irteten ziren.

Bi gazte izaten ziren gazteen ordezkariak, "plaza mutilak"; kargu horrek urtebete irauten zuen eta funtzio zehatz batzuk zituen (jaien antolamenduaz arduratu, jarduerak antolatu, agintariekin harremanetan jarri, dirua administratu eta abar).

Herriko edo auzoko jaiak zirela eta, gazte erakundeak bilera bat egiten zuen aldez aurretik, eta han ardoaren erosketa, bakoitzak jaien gastuak ordaintzea, bestelako ekitaldiak antolatzea (musika, diru bilketak eta abar), kide berriak onartzea eta karguak hautatzea edo berritzea erabakitzen zen. Bitxia bada ere, Bizkaiko Erregidore Leialaren hautaketa sistemak antzekotasun handia zuen gazte ordezkariak hautatzeko sistemekin (sufragio unibertsala, irteten denak sartzen dena izendatzea, zozketa, kargua auzo edo baserrien eta jabe ezkonberrien artean txandakatzea), eta gauza bertsua gertatzen zen funtzio askorekin ere. Jai bezperan, iluntzean, elkarteko gazteak ondoko herriren batean norberak zegokiona ordainduta erositako ardo zahagia pozarren eramaten zuten. Zahagi hori jaietan Udaletxeko ganbaran, elizaren edo baselizaren ondoko leku batean, tabernaren edo etxe partikularren batean edota baserri bateko labean gordetzeko ohitura zuten. Afari batez bukatzen zuten (normalki bakailaoa janez), jaietako ardoa hartuz.

Jai egunean, goizean, patroiaren ohorezko meza ematen zen eta, ondoren, goizeko jai ekitaldiak burutzen ziren. Arratsaldean, inguruetako auzo eta herrietako "zaragi mutilak" bilduta, udal danbolinjolearen doinuez dantza egiten zen.

Esan dezagun, tartetxo bat eginez, dantza "askea" (jota edo fandangoa eta arin-arina) eta "lotua" (pasodobleak, baltsea,...) zabaldu baino lehen, ohitura zela, igande eta jaiegunetako arratsaldeetan, Soka dantzekin edo Aurreskuekin dibertitzea.

Plaza publikoan edo baselizaren aurrean, bertako "zaragi mutilek" "Elizateko Aurreskuari" edo "Erregelak" delakoari ekiten zioten. Hurrengo Soka dantza aldez aurretik "plaza mutilei" edo udal agintariei eskatuta, beste herri bateko "zaragi mutilek" aterako zuten eta horrela, ohiturei jarraiki, eskualdeko gazteen arteko harmonia lortu nahi zen. Euskal Herriko herri askotako jaietan, Soka dantza bat egiteko garaian elkarren arteko gonbidapen edo txandakatze horiek sexu talde, adin talde, auzo edo herrien artean izaten ziren. Hori Durangaldeko lurraldeetan (Garai, Berriz,...), Gipuzkoan Iztuetak deskribatutakoetan (Gizon dantza, Gazte dantza, Etxe Andre dantza, Galaien esku dantza edo Neskatxen esku dantza) edo Luzaideko hainbat auzoren arteko "Iantza luze" delakoan aurki dezakegu.

"Erregelak"delakoaren modalitate horrek, gaur egun, bere horretan jarraitzen du Durangoko Merindadeko herri batzuetan (Garai, Berriz, Iurreta, ....) eta, antza denez, Gernikako eskualdean zabaldu zen bere aldaera bat. Horri dagokionez, Segundo de Olaetak Gernikako eskualdeko bertsioa jotzen du zaharragotzat (nahiz eta Berrizkoek, 5/8 erritmoan dantzatuz gehienek, beharbada beren nortasuna eman ziotela esaten duen); izan ere, dantzaren 2/4 erritmo jarraia Iztuetak "San Sebastian" izenez jasotako "soinu zahar" batekin baitator bat (neurri batean, letrarekin ere bat dator). Berrizen, zaharrek haren letraz "Erregelak" abestean Gernika inguruko herrietako doinua erabiltzen zuten. Azkuek, "Aurreskua"ri dagokionez, hauxe dio: "Orain hasieran jotzen den zortzikoa lehen bukaeran jotzen zen, aurreskuak eta atzeskuak oilarruzka izeneko dantza egiten zutenean. Lehen pieza (duela laurogei bat urte jotzen zena eta gaur edonon jo beharko litzatekeena), 'Ardoak parau gaitu dantzari' delakoaren musika da". Eta bere garaian ezagutzen zen "Aurreskua" baino zaharragotzat jotzen du, doinu hori Gipuzkoan Bizkaiko gauzatzat zutela adieraziz gainera.

"Elizateko Aurreskua" edo "Erregelak" zahar (XIX. mendearen hasierakoa edo are XVIII. mendekoa ere izango litzateke) eta ahaztu horri dagokionez, esan dezagun Oizeko bi aldeetan hedatu zela (Durangaldean eta Busturialdean); hari eusteko lanetan Berrizko "Patxiko" dinastiakoak ibili ziren (bi eskualdeetan). Bestalde, haren musika gorde dutenak hainbat txistulari eskoladun eta eskolagabe izan da, eta doinua gogoratzen edota letrarekin lotzen duten aspaldiko dantzari edo aurreskulari batzuk. Hori guztia dela eta, pixkanaka aldaketak sortu dira edota, besterik gabe, denboraren poderioz narriatu egin da.

Auzo edo herri jakin bateko gazteek "Aurresku" edo "Erregela" bakoitza bukatuta, "Soka dantzara" gonbidatutako neskekin ganbarara igo eta plaza mutilek eskainitako zahagiko ardotik zurrutada bat hartzen zuten (normalki, neskei ardoa urez eta azukrez nahasita ematen zitzaien). Ardo hura bera banatzen zuten beraiek pitxarretan, eta bertara joandako jendeak hartzen zuen.

Modu sinple eta alai horretan ospatzen zuten Busturialdeko biztanleek jai eguneko goiza eta arratsaldea. Jai egun horiek eta dantzak egokiak izaten ziren bikoteak osatzeko, hainbat komunitatetako gazteen arteko harreman onak finkatzeko (batzuetan, alderantziz, areriotasunak sortzen ziren), gazte elkartearen eta agintari eta handikien artean (herrikoak nahiz herriartekoak) harremanak sendotzeko edota gazteek gizarte eginkizun bat betetzeko (nolabaiteko jai batzorde gisa eta jendearen jai ordezkari moduan jokatuz).

Bestalde, gazteen elkarte hauen funtzioa taldekideen sozializazioa zen. Adin horretan, eta sexuaren arabera, gazteek baserritarren gizartean izango zituzten funtzioak erabakitzen ziren pixkanaka. Mutilak komunitateko familia, gizarte eta lan munduan parte hartzeko prestatzen ziren. Neskak berriz, etxekoandreari zegozkion erantzukizunetara bideratzen ziren, hau da, seme-alaben hazkuntza eta heziketara eta etxeari eta erlijioari dagozkion funtzioetara.

Gazte taldea, azaletik begiratuta, gizarte elkartea zen (jaiak antolatzen zituzten, balizko desbiderazioak kontrolatzen zituzten, helduek begiratzen eta aholkuak ematen zizkieten); sakonago begiratuta ordea, ezkonduen kategoriara igarotzea bultzatzen zuen (bi sexuetako gazteen arteko harremana eta ezkontzak, gizarte taldearentzat ezkontza emankorrak beharrezkoak baitziren).

Adin taldea gizarte kontrolaz eta gizarte taldearen muga espazialak gordetzeaz edo definitzeaz arduratzen zen. Gazte elkarte horiek inguruko herrietako beste taldeekin adiskidetasun edo areriotasun harremanak izaten zituzten. Eta era berean, harreman onak herriko agintari edo handikiekin.
Jasotako emaitzek ideia bat ematen digute gazte talde horien ezaugarriez, antolamendu sistemez, araudiez, funtzioez eta inguruneez.

Laburbilduz, tradizionaltzat hartzen ditugun gizarteek, beren egituraketa soziala eta ekonomikoa dela eta, kultur elementu zurrunak, egonkorrak edo bilakaera mantsokoak gorde dituzte. Europako baserri giroko kultura, idealizazioak eta gutxiespenak alde batera utzita, iraganeko garaietako bizimodua izango litzatekeena gorde duena izan da, baina kolektibitate bakoitzarentzat zentzu edo esanahi zehatzaz, une historikoaren edo sozialaren arabera. Bere aberastasunak eta alderdi anitzek komunitate tradizionalaren bizimodua eta sinesmenak (bestelako gizartearenak bezalaxe) dinamikoak direla eta, beraz, bilakatu, aldatu eta are desagertu egin daitezkeenak direla adierazten digute.