ES | EU | EN

Identitatearen arazoa: Indoeuroparra eta Euskara

  • Jon BALTZA
  • 15/ 10/ 2001

Euskararen ezaugarririk interesgarrienetako bat indoeuroparraren aurreko hizkuntza izatea da; izan ere, gure hizkuntzaren alderdirik bereizgarriena ulertzeko garaian aztertu behar ditugun elementuak zeintzuk diren adierazten digu.

1.

Euskara indoeuroparraren aurreko hizkuntza dela esateak hauxe inplikatzen du: adieraziko dudan hainbat alderdiri dagokionez, haren hizkuntza egiturak desberdinak direla oro har indoeuropar izenez ezagutzen diren eta, nolabait, gaurko munduan nagusi diren hizkuntzen aldean (espainiera, frantsesa eta gainerako hizkuntza erromanikoak, eta halaber hizkuntza germanikoak, indo-iraniarrak, eslaviarrak, grekoa, albaniera, tokarioa, hitita eta hizkuntza baltikoak).

2.

Hizkuntza inperio eta nagusitasun horrek oso forma anitzak hartzen ditu, bai maila sozio-estatalean ("alderdien politika" delakoa egunetik egunera gailenduz), bai maila mitiko-erritualean (non aurreko mailaren euskarria den sarea sortzen baita).

Hori horrela, bi mailen gunean indoeuroparren sinesmen berezi bat daukagu, nik nork bere berberatasunean sinestea deitzen dudana, hauxe alegia: norbera bera dela, norbera dena dela pentsatzea. Indoeuroparren egitura morfosintaktiko zaharretan errotuta dagoen uste horretan oinarrituta, sare mitiko-filosofiko indoeuroparraren bi oinarrizko kontzeptuak garatu ziren:

A. DENBORAREN kontzeptua
B. IZAN/EXISTITZEAren kontzeptua

2.1

DENBORAREN kontzeptua hizkuntza indoeuropar zaharraren aditz egituretan honela ikusten dugu: indize berbera, "lehen pertsonaren" -M indizea, hiztuna adieraztearen funtzioa beteko lukeena, bi lekutan azaltzen da, hau da, hiztuna adierazten du (hitz egiten den munduAN) eta gainera beste noizbait hitz egin zuena ere adierazten du (hitz egiten den munduKOA hortaz), hau da, adierazten nau, hemen hizketan ari naizen aldetik, eta adierazten nau, behin hitz egin nuen aldetik. Indize berberak balio du orainaldirako, hitz egiten dudan ALDIRAKO, eta iraganaldirako, hitz egiten dudan MUNDURAKO.

Bi lekutan ni neu, pertsona berbera izanik kokatze hori (alegia, hitz egiten dudan HAU izanik, eta gainera aipatzen dudan HURA izanik) da, hain zuzen ere, ber-bera izatearen irudipena sortzen duena, bi leku horien artean ezer gertatu ez denaren irudipena alegia, baizik ere, hain zuzen ere, DENBORA, berez ESPAZIO imaginarioa den denbora, non ni, neure buruaren berbera naizen hori, Denboraren ilusio horretan kokatuta dauden eta era berean idealak eta alegiazkoak diren bi puntu horien artean mugitzen naizen.

Indoeuroparren denboraren irudipen horren arabera, hitz egiten ari naizen unea "Oraina" bailitzan berrinterpretatuko da, eta mintzagai dudan aldia "Iragana" bailitzan ("Geroa" ondoren sortuko da, "Iraganaren" proiekzio bitxi batez).

2.2

DENBORAREN kontzeptua sortu duen mekanismo berberak sortuko du IZAN/EXISTITU kontzeptua: izan ere, IZAN/EXISTITU kokatu naizen bi leku edo puntu imaginario horien arteko identifikazio berezi horren beste alderdi bat besterik ez da, nik neure burua irudikatutako DENBORA horretako (berez, irudikatutako ESPAZIO horretako) bi lekutan ezarri ahal izateko, ezbairik gabe sinetsi behar dut neure buruaren identitatean, hau da, ni NAIZEN hori naizela, eta ez beste ezer, sinetsi behar dut, nire berberatasunean alegia, hau da, NI EXISTITZEN NAIZELA -DENBORAREN eta IZAN/EXISTITZEAREN bi alderdiak laburbiltzen dituen aditzaz esanda ziur aski -.

2.3

Hortaz, nork bere berberatasunean sinestea oso sustraituta dago hizkuntza indoeuroparren egituretan. Hizkuntza horietako hiztunak dira bi kontzeptu horiek, DENBORA eta IZAN/EXISTITZEA alegia, garatu dituztenak, horiek gabe mundu osoan zabaldu den eredu estatalak eta mitiko-erritualak euskarririk ia ez izateraino ziur aski; eredu horiek, bestalde, existitzearen beharrik gabe bizitzen soilik jarraitu ahal izateko zirrikiturik ez uztekotan daude.

3.

Euskararen analisi xehe batek erakusten digunez, bestalde, indoeuroparrek duten nork bere berberatasunean sineste hori ez dago indoeuroparren aurreko hizkuntza zaharrean eta, horren arabera, euskararen eremuan ez ditugu DENBORAREN eta IZAN/EXISTITZEAREN kontzeptu indoeuroparrak aurkituko.

3.1

Euskararen egitura morfosintaktikoek oso ikuspegi desberdina erakusten digute lehen zehaztutakoaren aldean.

3.1.1

Aipatu beharreko lehenengo gauza, euskararen aditz egiturek (Lafon-ek mota aktiboan sartutako aditz formetan) bi multzo desberdin dituztela da: indize pertsonalek hitz egiteko unea adierazten duten aditz formak, eta indize pertsonalek aipatzen den denbora adierazten duten aditz formak, eta indize horiek desberdinak dira batzuen eta besteen kasuan.

Horrela, adibidez, hitz egiten den unea (hau da, NIK hitz egiten dudan unea) adierazten duen "lehen pertsonaren" indizea -T da, baina mintzagai dudan denbora adieraztekoa -N da. Hala, EKARRI aditzean DAKAR-T formak, T indizeaz, esaten dena esaten den unea adierazten du, eta N-EKARREN formak berriz, N- indizeaz, ez du adierazten esaten dena esaten den unea.

Bi mundu edo eremu desberdin eta elkarrengana bildu ezin direnak (ZERTAN hitz egiten dugun eta ZERTAZ hitz egiten dugun) adierazteko, bi indize desberdin erabiltze hutsak, hain zuzen ere, bi une horiek espazio ideal batean kokatutako bi leku bailiran identifikatzea eragozten digu eta, beraz, ez dago bi eremuen artean inolako benetako loturarik egiterik.

3.1.2

Bi eremuen artean alegiazko inolako loturarik ezean eta, beraz, denborazko iraunkortasun irudipenik eratu ezean, nekez sor zitekeen euskaraz indoeuroparren IZAN/EXISTITU kontzeptuaren parekorik.
Erabilera batzuetan, ES kopula indoeuroparraren antzik handiena eduki lezakeen euskarazko kopula bera, DA indizea alegia, berez IZAN aditzaren (era desegokian "SER" ordaina eman zaiona) paradigmakoa ez izateak, haren berezitasunaren berri ematen digu.

Berez indize deiktikoa da, eta bere funtzio nagusia hitz egiteko unea-tokia adieraztea besterik ez da; horrek zentzu absolutuan erabiltzea eragozten du, hau da, El hombre ES (= "El hombre EXISTE") kopula indoeuroparraren zentzu baliokidean.

Are gehiago, indize hori uneko forma aktiboen (Lafon hizkuntzalariaren terminologia erabiliz) lehen aipatu dugun "lehen pertsona singularreko" indize berberatzat hartuta uler eta azter genezake, hau da, -T indizea, garai bateko -DA.

Indize horrek, beraz, hitz egiten den unea-lekua nahiz hiztuna bera eta are mintzagaia bera ere adierazten ditu, eta horrela indize unibertsalaren jatorrizko zentzua eta historiaurreko funtzioa gordetzen ditu, gaztelerazko "YO" formarena alegia; izan ere, YO horixe bera da, esaten dena esaten den lekua eta denbora eta, aldi berean, esaten duena eta halaber esaten dena bera.

3.2

Euskararen egitura morfosintaktiko horren arabera, non ez baitago nork bere berberatasunean sinestearen ideia sortu edo gorde izanaren arrastorik, euskararen eremuan DENBORAREN edo IZAN/EXISTITZEAREN kontzepturik ageri ez dela ikus dezakegu.

4.

Horrek guztiak identitatearen arazo zailera garamatza eta, hortaz, horrekin lotu ohi den galdera egitera: zertan datza euskaldunen identitateak? Edo, bestela esanda, zer da "euskalduna izatea"?

4.1
Orain arte azaldutakoaren arabera, erraz uler dezakegu galdera hori ezin izan dela euskararen egituretatik sortu; izan ere, galderan gauza gehiegi suposatzen dira: "euskalduna" "izan" daitekeen zerbait dela eta, oro har, zerbait "izan" daitekeela. Alabaina, "izan" ez da euskal eremuko kontzeptua, ezta "euskalduna" bera ere.

4.1.1

Baliteke azken baieztapen hori harrigarria izatea zenbaitentzat, baina gogoan izan dezagun euskaraz mintzatzen garenok ez dugula euskaraz hitz egiten dutenak adierazteko euskaldunok beste hitzik, hau da, "euskaraz mintzatzen garenok", eta horrek ez dakarrela hain metafisikoa den IZAN/EXISTITU kategoria batera jasotzea. Izan ere, "vasco" hitza hitz indoeuropar zahar batetik dator (hitz zelta batetik, zehazki), eta horren esanahia "mendian, goian bizi direnak" edo antzeko zerbait izango litzateke.

Indoeuroparrek IZAN/EXISTITU eta DENBORAN zehar irautearen kontzeptuengatik duten grina bera da -nork bere berberatasunean sinestean oinarrituta- hitza egituratu duena eta identitatearen inguruko dialektika guztiak sustatu dituena. Dialektika horiek, hain zuzen ere, euskal hiztunek ikasi behar izan dituzten hizkuntza indoeuroparrekin batera, euskaldunen paisaiak kutsatu dituzten arren, indoeuroparren aurreko hizkuntza zaharrak oraindik hor dirau, gehiegi identifikatua izateari aurka eginez bezala, hau da, IZATERA eta EXISTITZERA derrigortua izateari eta orain DENBORAZ eta ETORKIZUNAZ (heriotzaz alegia) kezkatu behar izateari.

Planteatutako analisiaren ikuspegi zehatzago baterako, ikus: JON BALTZA, Un escorpión en su madriguera. Indoeuropeo y euskara: mito e identidad. Ed. Hiria, Alegia (Gipuzkoa), 2000.