ES | EU | EN

Kaixarranka

  • Iñaki Irigoien
  • 15/ 10/ 2001

Artikuluaren hasieran jaia gaur egun nola ospatzen den deskribatzen da eta arrantza oparoa eskatzeko antzinako erritualekin lotzen da. Artikuluan aurrera egin ahala, herriko zeremoniei buruzko datu historikoak aipatu eta Marinelen Kofradiako maiordomoa aldatzean egiten ziren dantzek zein funtzio zuten ere azaltzen da. Zeremoniak hainbat aldaketa izan ditu urteak igaro ahala eta aldaketa horiek artikulu honetan azaltzen dira. Azkenik, dantzak XX. mendeko izaera bereganatzen du eta horrexeri eusten dio oraindik ere.

San Pedro egunean, ekainaren 29an, jai handia egiten da Bizkaiko Lekeitio hiribilduan. Kofradiako patroiaren eguna ospatzen da, arrantzaleak eta itsasoko gizonak zaintzen dituena. Oraingo marinelen eta arrantzaleen jarduera ez da lehengoa bezain indartsua, hala ere, herriak San Pedro eguna ospatzen jarraitzen du, antzina itsasoko lanak herritarrentzat zuen garrantzia oroitze aldera.

Goizetik gehiago entzuten dira musika eta suziriak, baita agintariak mezatara eta meza ostean egiten den prozesiora doazenean ere. Prozesioan herritarrek San Pedroren irudia eramaten dute herriko kaian eta kaleetan barrena, eta aipagarria da irudiaren eramaileek santua uretara botatzeko keinua egiten dutela kaiaren bazter jakin batera iristean. Keinu horri "Kilinkala" deitzen zaio eta antzinako idazkietan adierazten da erritual bat zela santuari arrantza oparoa eskatzeko.

Prozesioa amaitutakoan, eguerdiko hamabiak aldean, herritarrak antzinako lonjaren ingurura batzen dira. Lonja horretan, lorez atondutako horma-konka batean, San Pedroren irudia dago. Lonjaren ate ondoan kutxa zahar bat gordetzen da eta kutxa barruan data bat ageri da, XVIII. mendean eginikoa dela adierazten diguna. Arrantzaleen segizio batek bizkar gainean hartzen du kutxa eta beste batzuek arraunak eramaten dituzte saihets aldean. "Dantzari"a kutxa gainera igotzen da, alkandora eta praka zurien gainean fraka daramala eta "gerriko" eta galtzerdi zuriak osagarritzat dituela. Abarketa zuriak kentzen ditu kutxa gainera igo baino lehen. Eskuineko eskuan banderatxo gorria darama San Pedroren ezaugarriak urrez brodaturik dituena eta ezkerreko eskuan kapela luzea, frakarekin batera janzten dena. "Txistulari"ek beren musika tresnekin lagunduko diote bidean barrena.

Segizioaren hasierako ibilbidea oso laburra izaten da, metro batzuk baino ez dituzte aurrera egiten, harik eta santuaren irudiaren aurrean jartzen diren arte. "Dantzari"ak, "irrintzi" eta txaloak lagun, Kaixarrankaren dantzak dantzatzen ditu lehenengoz, alegia: San Pedroren zortzikoa deritzon zortziko tradizionala, fandangoa eta arin-arina.

Gero, segizioak, "dantzaria" kutxa gainean daramala, Kofradiako presidentearen etxera jotzen du kalerik kale. Berriro egiten du dantzan presidentearen ohorez. Amaitutakoan, aringarritxo bat hartu ondoren, segizioa plazarantz zuzentzen da eta han, aurrez aurre udaletxeko balkoian udaleko kideren bat duela, auzotar guztien aurrean, hirugarren eta azken aldiz Kaixarranka dantzatzen du "irrintzi" artean. Dantzak amaitutakoan segizioa erretiratu eta hasierako punturaino itzultzen dira. Han hurrengo urtera arte uzten da "dantzari"aren plataforma moduan erabilitako kutxa. Kutxa leku batetik bestera eramate honek tradizio eta esangura handia izan du Kofradiaren bizimoduan.

Azken urteotan, Kaixarrankaren ostean "Soka dantza" edo "Aurresku"a dantzatzen da eta neskato edo emakumeek zuzentzen dituzte dantzak bertan aukeraturiko gizonezkoentzat. Antzina San Juan egunean dantzatzen ziren, baina jai hori kendu egin denez, San Pedro egunean egiten dira orain. "Eguzki Jaia" deritzo eta zerikusi handia du udako solstizioarekin eta tradizioko erritualekin. 1682ko datuetan, gizonezkoek zuzenduriko dantzez gain, neska edo emakumeek zuzendutako dantza hauek ere aipatzen dira eta XIX. mendean horren fede ematen duten udal ordainketa batzuk aurkitu ziren.
Kaixarrankaren edo kutxa leku batetik bestera eramateko tradizioaren historiari begiratzen badiogu, Lekeitioko dokumentuetan antzinako erreferentzia batzuk aurkituko ditugu, Kaixarranka urteetan zehar nola garatu eta transformatu den erakutsiko digutenak. Gorderik dauden lehenengo kontuak XVI.

mendekoak dira eta San Pedro jaiak ospatzeko Kofradiaren gastuen artean zezenak eta dantzariak ageri dira. Aipagarriena Kofradiako maiordomoaren eta Elizako bikarioaren arteko auzia izan zen. Lehenak bide zibiletik jarri zion errekurtsoa Epaile Nagusiari eta bigarrenak Kalagorriko gotzainaren babesa jaso zuen. Bikarioak salaketa jarri zieten Kofradiako kideei San Pedro jaietan elizako arropak jantzi eta elizako elementuak erabiliz zeremonia zibilak eta laikoak ospatzeagatik. Eskribau eta lekukoei esker egiaztaturiko auzi horrek erakusten digu nola eramaten zen kutxa leku batetik bestera XVII. mendean. Aurkitu ditugun datuak 1605 eta 1607. urteetakoak dira.

Jai eta zeremoniak San Juan egunean, arratsaldean, hasten ziren. Kofradiako marinelak prozesioan joaten ziren, elizako kabildoarekin eta kabildo zibilarekin batera, "Aurio" izeneko guneraino. Gune hori herriaren sarrerako gurutzearen ondoan zegoen. Han bertan erabaki ohi zen marinelen patroi den San Pedroren omenezko jaiak eta festak nola antolatuko ziren. "Aurio" deritzon gune horretan gizonezko eta neskek dantza egiten zuten, lehen esan bezala. Dantzak amaitu eta, berriro ere kabildoekin batera, portuko "nasa" edo kaira itzultzen ziren.

San Pedro bezperan dantzariak eta apostuluak irudikatuko zituzten pertsonak izendatzen ziren. Azken hauek Kofradiako marinelak ziren eta San Pedro, San Juan eta San Andres irudikatzen zituzten. San Pedro bezperan hasi eta uztailaren bira arte, prozesioetan joaten ziren eta agintari eta auzokoei bisitaldiak egiten zizkieten, kalerik kale eta elizan edo sakristian dantza eginez.

Aipatu auzi horretan parte hartu zuen lekuko batek honakoa adierazi zuen: jai egunotan "marinel batzuk dantzan ikusi nituen, ezpatak zorrorik gabe eskuetan, kaskabiloak zangoetan eta atzealdean hiru gizon zekartzatela". Erdikoak koru-kapa bat zeukan soinean eta giltza handi bat eskuan; aurpegia mozorroz estalirik, aita santuaren intsignia zuen buruan, mitra erakoa. Aldamenetako beste biak kasula damaskoarrak zituzten apaizen erara jantzita eta aginte-makilak eskuetan; hauek ere mozorroz estalirik zeuden eta diademak zeramatzaten buruan.

Hainbatek aitortu zutenez, marinel dantzariak hogei baino gehiago ziren; gida edo lehen dantzaria zuten aurrean eta danbolin joleen musikara moldatuz dantzatzen ziren. Sarritan dantzatzen baziren ere, bazen une bat besteak baino solemneagoa, dokumentu eta ondasunez betetako Kofradiako kutxa leku batetik bestera eramaten zenekoa alegia. Lekuko batek esan zuenez, "kutxan auzietako paper zaharrak eta Kofradiako kideen ordenantzak zeuden, besterik ez". Kutxa maiordomo zaharraren etxetik maiordomo berriaren etxeraino eramaten zen. Maiordomo berriaren izendapena San Pedro jaietan egiten zen urtero.

Maiordomo zaharraren etxetik maiordomo berriaren etxerainoko bidearen deskripzioa Cristóbal de Amezqueta eskribauaren hitzetan oinarritu dugu, 1608ko ekainaren 30eko zeremoniaren akta egin baitzuen. Besteak beste, hauxe dio: "como a las tres horas después del mediodía, los cofrades mareantes desta dicha villa con sus danzantes y con ellos los dichos mayordomos nuevos y viejos, juntamente con la Justicia y oficiales del Regimiento desta dicha villa y los mas hombres hondrados della y otros que vinieron de fuera parte, con sus danzantes y tamborín y bandera de la dicha villa", fueron a la casa del mayordomo pasado, "y estando la dicha caja en la calle, los mancebos le tomaron acuestas y sobre ella subió un hombre con su latria pontifical en la cabeza y una máscara de semblante de hombre anciano en su rostro y un manto a modo de los de la iglesia acuestas y una llave dorada en su mano y de esta manera, yéndole acompañando otros dos hombres a los dos lados de la dicha arca, que también representan a San Andrés y San Juan, con sus máscaras y capas como los de la iglesia, llevaron la dicha arca, con los dichos tamborines y danzantes y enmascarados y algunos hombres disfrazados, corriendo por las calles con cuartagos y tirando algunos arcabuces". Horrela, kalerik kale, joaten ziren maiordomo berriaren etxeraino eta han uzten zuten kutxa.

Ezpata dantzariak aurrean joaten ziren txalo artean, prozesio solemneetan Guztiz Santuari laguntzean egiten zuten bezala. Corpus Christiko prozesioan ere parte hartzen zuten. San Pedroren irudia zen nabarmenena prozesioan eta bedeinkazioak ematen zizkien hiritarrei kutxa gainetik; lekukoen arabera, "kalerik kale igarotzen zirenean, ezjakin eta ezikasi ugari belaunikatzen zen eta bularra kolpatzen zuten". Hau da, santuari zor zaion txera egiten zieten.

1655eko eskribauaren aktan esaten da kutxa gainean ez zegoela mozorroz jantziriko gizona, San Pedroren irudia baizik. Urte horretako irizpen batean adierazten da Kofradiak "egurrezko irudia erabiliz edo, kasula eta mitraz jantzirik, bedeinkazioak ematen dituen gizona kutxa gainean jarriz" egin ditzakeela prozesioak.

Kapa eta mozorroak zeramatzaten figuranteek ez dute parte hartuko 1682. urtetik aurrera. Urte horretan Kabildoko maiordomo priorea kexu agertu zen prozesioan San Pedro, San Juan eta San Andresen figuranteak "kabildoaren ondoan eta kabildoaren eta San Pedroren irudiaren artean" zihoazelako. Horrela joaten omen ziren garai horretan, hau da, irudia kutxa gainean eta figuranteak oinez. Horixe izan zen parte hartu zuteneko azken urtea. Alegazioak ikusirik, gotzainak "mozorroz jantziriko sekularrek euri-kaparik, diademarik eta aginte-makilarik ez erabiltzeko" agindu zuen.

Pedro de Lepe gotzaina ezaguna egin zen elizbarrutiko sinodoa egin zuelako 1698an eta elizako jarduerak eta jarduera zibilak banatu nahi izan zituelako. Jarduera zibiletan parte hartzea debekatu zien apaizei. Bada, gotzain horrek Lekeitiora bisitaldia egitean, 1690ean, auto bat idatzi zuen bere parrokiako liburuan eta hauxe agindu zuen: "que la dicha arca no se lleve en ninguna función de procesión ni se ponga en la iglesia de peana del santo", "que el cabildo eclesiástico de la villa no permita entre la dicha arca en la iglesia". Bukatzeko, gotzainak Kofradiako kutxa solemnitatez eramateko agindu zuen, prozesioan elizako kabildoak parte hartuko zuela azpimarratuz. Badirudi gero San Pedroren prozesioa (elizakoa) eta prozesio zibila banaturik egin zirela, baina urte askotan batera egiten zituzten. Gaur egun, hasieran esan bezala, banaturik egiten dituzte.

1740ko Lekeitioko deskripzio batean adierazten denez, figuranteek 1690. urtean hartu zuten parte azkenekoz. Deskripzio horretan, ezpata dantzariak aipatzen dira, baita San Pedroren irudia kutxaren gainean ere.

1822an, Udaleko Jaunen Gobernu onerako Instrukzioetan aipatzen da kutxa gainean gizona edo mutila doala dantzan. Horixe da gaur egungo Kaixarrankari buruz aurkitu dugun lehenengo erreferentzia: "gizona edo mutila dantzan, bandera eskuan duela".

XIX. mendean bigarrenez aipatzen da dantza, Azcarraga Regil jaunak Juan Ramón de Iturriza eta Zabalaren "Historia de Vizcaya"ri eginiko eranskinean. 1885ean argitaratu zen eta Azcarraga jaunaren eranskinak San Pedroren irudia erakusten digu herriaren sarrerako ate gainean (oraindik Arranegin zegoena) eta, dantzaz jarduten duenean, honela dio jaiari dagokionez: "Cacharranca izenez ezagutzen den dantzak, kutxaren gaineko dantzak alegia". Ekainaren 30ean ospatzen da. Udalbatza osoa, zinegotziak frakaz jantzirik zeudela, prozesioan joaten ziren kutxaren bila kargua uztekotan zen maiordomoaren etxera; lau mutiko mardulek kutxa sorbalda gainean hartu eta irudia zegoeneko arku-atarira zuzentzen ziren eta irudiaren aurrean "dantzari batek kutxa gainean dantza egiten du eta dantza horretatik dator, inondik ere, jaiaren izena". Gero, prozesioak, lehengo solemnitate berberarekin, aurrera egiten zuen maiordomo berriaren etxerantz eta han kutxa uzten zen; ibilbidean aurrera egin ahala, dantzariak dantza eta itzulipurdiak egiten zituen.

Atea eraistean irudia gaur dagoen lekura eraman zen, arrantzaleen lonja zaharreko horma-konkara hain zuzen; han dantzariek dantza egiten zuten San Pedroren ohorez.

XVII. mendean eta aurrekoetan kutxa leku batetik bestera eramateak berekin zekarren errituala ikusi dugu; pertsonaia eta solemnitatez beterik, auzotar guztiek parte hartzen zuten eta elizako prozesioa eta prozesio zibila, biak egiten ziren. Gaur egungo errituala askoz sinpleagoa da, batez ere solemnitate eta partaidetzari dagokionez. Orain geratzen dena kutxaren gaineko dantzaren ikuskizuna da, gure folklorearen benetako harri bitxia, baita dantzariak hiribilduko aurreko garaien, San Pedroren eta berorren instituzio ekonomikoaren (Marinelen Kofradia) oroimenez daramatzan sinboloak ere.