ES | EU | EN

Lanestosako "dantza" berezia, bakarra bere moldean Bizkaia osoan

  • Emilio Xabier Dueñas
  • 15/ 10/ 2001

Ikertzailea dantzak gizartean betetzen duen eginkizunetik abiatu eta emanaldi, jantzi eta tresnei buruzko datu historikoak azaltzen ditu, jai eguna deskribatuz amaitzeko.

Folklore tradizionalak gaurdaino nola edo hala iraun duten edo berreskuratu edota berreraiki diren ohitura eta tradizio multzo bat biltzen du.

Folklorea osatzen duten beste atalen antzera, Dantza Tradizionala ere belaunaldiz belaunaldi iritsi zaigu, batik bat gorputz adierazpenaren oinarri gisa, beste alderdi batzuk ahaztu gabe ordea: erritualtasuna, sexu arteko harremanak indartzea, ariketa fisikoa edo norberaren ahalmenen erakustaldia egiteko beharra. Gaurko egunean egitura honek guztiak zentzu berean funtzionatzen jarraitzen du, nahiz eta beste parametro batzuekin.

Dantza tradizional mota ugari aurki daitezke gure lurraldean. Gaurdaino iritsi zaizkigun gehienak gizonezkoentzat badira ere, emakumezkoak ere baditu bereak. Haietatik guztietatik, gaur egun Enkarterrietan tradizioz dantzatzen den bakarra muga ondoko Lanestosa herriko Makil Dantza da. Inguru ederrean kokatutako herri honek etxe ederrez osatutako herrigunea du. Urtero, abuztuaren bostean, segizio batek herriko kale harriztatuak zeharkatzen ditu jai berezi eta erlijioso bat berpiztuz.

Iraganetik datorren oraina

Herriko festei buruzko lehen albiste historikoak XVII. mendekoak dira. Batik bat Inauteriak, Aste Santua eta Zaindariaren jaiak aipatzen dira, antzinako gorabeheren lekukotasuna ematen duten eskuizkribuetan.
XIX. mende erdialdeko testuetako danbolinjole, gaitajole eta dantzariei buruzko aipamenek, izen-abizen eta guzti, azken hauek bertakoak zirela eta soinean zeramatzaten jantziak eta egun ikus ditzakegunak ia berdinak zirela erakusten digute. Buruan lotutako zapia, gure herrialdeko hegoaldean ikus ditzakegunak bezalakoa, eta lepoko beste zapiaren bi muturrak lotzen zituen eraztuna dira, ahoz eta irudi bidez jasotako lekukotasunen arabera eta ehunak alde batera utzita, gaur egungo jantziarekin alderatzerakoan aurki daitezkeen diferentzia bakarrak. Hau alkandora, praka eta abarketa zuriz, gerriko eta xingola gorriz eta zapi koloretsuz osatzen da.

Dantzan erabiltzen diren tresnak elorri egurrezko makila luzeak dira, bezperan moztutakoak eta kolore askotako seda paperezko xingolez apainduak. Elementu nagusi dira dantzaren bilakaeran: dantzariak bi lerrotan, Kapitaina erdian eta aurrean dutela, edo elkargurutzatutako bi lerrotan jartzen dira; bai bata bai bestea "irekian" edo "itxian" egin daiteke.

Dantzariaren garrantzia areagotuz joan da denborak aurrera egin ahala. Garai batean bederatzi baziren, egun askoz gehiago dira, eta haurrek beren taldea osatzen dute. Emanaldiak herritik kanpo ere egiten dira, eta ahalmen koreografikoa handiagoa da, dantza taldeko kideak beste euskal dantza talde batzuetan ere ibiltzen baitira.

Makil Dantza, penintsulako hainbat lekutan ez ezik, Europako iparralde, erdialde eta hegoaldean ere jokatzen da. Makila edo arku loreztatuekin eginiko dantzak Lanestosatik kilometro gutxira ere egiten dira, Santanderko probintzian, Euskal Herria osoan bezalaxe, hala nola Gipuzkoako Uztai Handi eta Uztai Txiki, Iurreta eta Oinatiko Arku Dantza edo Monteagudoko "Danza de arcos". Bestetik, eta erabilitako tresnen materiala alde batera utzita, Xemeingo Ezpata Dantza, Lakuntzako Alkate Dantza, Lesakako Makil Gurutze Dantza edo Tolosako Bordon Dantza oso antzekoak dira: elkargurutzaketak, zubiak eta abar.

Festa eguna

Gaur egun, herriko jai egutegia garai batekoa ez bada ere, urtean zehar burutzen diren ospakizun bakanek, baita berrikiago sortutakoek ere, herriko bizilagunen umorea eta kaleen bizitasuna berpizten laguntzen dute.

Ospakizun guztien artetik, abuztuaren bosteko Elurretako Andre Mariaren eguna aipatuko genuke. Egun honetan, duela hiru mendetik gutxi gorabehera, Lanestosako "Dantza" ospetsua jokatzen da.
Jai egunaren azalpenari dagokionez, urtetik urtera lagun gehiago biltzen dituen dantzari taldea goizeko lehen orduetan bilduz hasten da. Ekitaldi ofizialaren aurretik azken saioa egin eta agintariengana jotzen dute, denak batera parrokia elizara hurbildu eta meza nagusia ospatzeko.

Meza amaitu ondoren, segizioa antolatzen da, Andre Mariaren irudiarekin. Hala, dantzariek, aurrera eta atzera mugituz, musikari edo musikariek, udal agintariek eta Elizaren ordezkariek herriko kaleak zeharkatzen dituzte, kanpai hots eta etxafuegoen burrunba artean.

Ibilbidea plazan amaitzen da. Aurreskua dantzatu, Salbea kantatu eta segizioan bigarren mailan parte hartu duen herriko haur talde batek "Dantza" jokatzen du. Goizeko ekitaldiak amaitzeko, elizara itzuli, agintariak udaletxera lagundu eta herriko ostatu eta tabernetatik erronda egiten da udalaren kontura.
Arratsaldean eta bazkari oparo baten ondoren, eskea egiten da. Etxez etxe eta umore onean, dantzan egiten da behin eta berriz, etxeko nagusi, auzotar, lagun eta familiakoentzat "bibak jaurtiz", diru, edari eta gozoki eske.

Eguna luze joan da, baita bezperan gaupasa egin ez dutenentzat ere. Dantzariak, neka-neka eginda, eskean lortutako dirua musikariekin banatu eta atseden hartzera etxeratzen dira. Ordu batzuk geroago, indarberrituta edo, herriko plazara itzuli eta dantzaldian murgiltzen dira.

Adinak zerikusia du, jakina, festa bizitzeko moduarekin. Udako egun hauetan, jende andana hurbiltzen da kanpotik. Jatorriz bertakoak diren asko beste herriren batean edo Bilbon bizi dira. Oporrak direla eta, guztiak gaur egun komunikabideei esker horren ezaguna den Bizkaiko herri txiki honetara hurbiltzen dira, Erdi Aroan hiribildu gisa sortutako herri txiki baina historia handikoa, bertako arkitekturak eta urte luzez merkataritza jardueran izan zuen pisuak erakusten duten bezala.

Urtez urte, errituak bere horretan dirau, aldaketarik gabe ia. Ordutegia, protagonistak, ordena eta ekitaldi jakin batzuen berritasuna festaren iraganaz jabetzen doaz pixkanaka, etengabe berpiztu eta eraldatu egiten den festa: idiosinkrasia eta berezitasuna erdiz erdi.