ES | EU | EN

Sinesmen eta errituak Durangaldeko, Lekeitioko eta Xemeingo ermiten ingurunean

  • Gurutzi Arregi. Labayru Institutuko Etnografia Saila
  • 15/ 10/ 2001

Bizkaiko lurralde historikoan 800 ermita baino gehiago zenbatu dira mendez mende eta horietatik 496k (2) zutik diraute gaur egun. Gurutze Sainduak edo santuren batek gobernaturiko barruti txiki hauek leku sakratuak izan dira eta jendea bertara joan ohi zen gaixotasun jakin batzuk prebenitu edo osatzeko eskatzera. Kolektibo zein indibiduoak bestelako beharrak zituztenean ere joaten ziren ermitetara. Eta ez soilik ermita edo santutegira, baita inguruko iturri edo haitzera ere; iturriko urak eta haitzak propietate sendagarriak omen dituzte eta.

Santuari barkamena eskatzean, norberaren jabetzako zerbait eskaintzen zaio: olioa, garia, kandelak, etxe-abereak edo dirua. Praktika horien erlijiozkotasunaren azpian onura edo etekina ateratzeko asmoa dago eta kontratu harremanen parametroak jarraitzen dira: "eskaintzen dizut, zuk eman diezadazun" eta "eskerrak ematen dizkizut, babesten jarrai nazazun".

Babesa eskatzeko errituetan leku sakratu horretako elementu edo objektuak erabiltzen dira: ur bedeinkatua, lanparako olioa, kanpaiak, irudiak eta ikurrak, aldarea, hormetako hutsuneak eta abar.
Hona ekarri ditugun datuak hirurogeita hamarreko hamarkadan (1972-1982) jasotako eremu-datuak dira eta Durangoko Merindadean, Markina-Xemeinen eta Lekeition kokatutako ermitetan gaixotasunak osatzeko edo beste pertsona batzuetatik babesteko egin ohi ziren errituei buruzkoak dira.

Ezkontza - Ugalkortasuna - Haurdunaldia

Neska gazteak senargai eske joaten ziren Urkiolako mendatean dagoen Paduako San Antonioren santutegira. Oraindik gogoan ditugun garai haietan, neska ezkongabeek buru beltzeko orratza iltzatzen zuten senargai beltzarana nahiago bazuten eta buru zurikoa, berriz, ilehoria gustuko zutenean. 1973ko erreformaren ondorioz desagerturiko boto ohien kaperan paneltxo barrubigun bat zegoen; neskek orratzak iltzatzen zituzten paneltxo horretan eta gutunak uzten zituzten tenplu barruko "Eskaera eta Limosnak" izeneko gutunontzian San Antoniori senargaia eskatuz. Santutegiaren aurrean, zelaian bertan, harri biribil handi bat dago eta neskek hiru bira ematen dizkiote harriari senargaia aurkitzeko.
Markina-Xemeinen ere neska ezkongabeak hiru aldiz igarotzen dira Arretxinagako San Miguel santutegi barruko haitz handien azpiko tarte estu horretatik. Haitz azpitik igarotzean hiru avemaria otoizten dituzten. Mutil ezkongabeak ere igarotzen ziren haitz azpitik, baina ez neskak bezain beste.

Emakume batzuk seme-alabak eskatzera joaten dira Bizkaiko santutegi batzuetara; aipatzekoa da Markina-Xemeingo San Jazinto ermita, horraxe joaten baitziren emakume antzuak.

Abadiñoko Mendiola auzoan Kristo Andako izenez ezagutzen den Kristo Sainduaren ermita dago eta haurdun zeuden emakumeak ermita barruko ama birjinaren irudia gurtzen zuten erditze ona izateko. Aurrerago Gatzagietako Amaren ermitara ere joaten ziren, ermita Abadiño eta Mañariko antzinako galtzadak bat egiten duten puntuan zegoenean, Urkiolako santutegitik kilometro batera hain zuzen.

Baliteke ermita horretan gurtutako irudia (gaur egun ez dagoena) Atxarteko Kristo Sainduaren ermitara eramatea eta haurdun zeuden emakumeak hara joatea erditze ona eskatzera. Berdin egiten zen Otxandioko Erremedioen Ama eta Mallabiko Andre Maria ermitetan.

Bizitzaren lehenengo urteak

Edoskitzaroan arazoak zituzten emakumeak Santa Agedari sagaraturiko ermitetara joan ohi ziren bularrak sendatzera. Izurtzako Lejartza auzoan dago horrelako ermita bat.

Amek ohitura zuten Urkiolako santutegian Paduako San Antoniori seme-alabak eskaintzeko eta haurrak urtea bete baino lehenago egiten zuten normalean. Antzina bezperan joaten ziren santutegira eta barruan igarotzen zuten gaua. Biharamunean, meza entzun ondoren, bedeinkazio berezia eskatzen zuten haurrarentzat; haurrak bedeinkatzeko San Joanen ebanjelioko lehenengo txatalak irakurtzen ziren. Erritua amaitutakoan gurasoek olio edo garia eskaintzen zuten. Haurra pisu doia izeneko balantzan pisatzen zen eta haurraren pisuaren besteko gari kopura eskaintzen zuten. Gaur egun, haurra bedeinkatzeko zeremonia baino ez da egiten eta uztailean izaten da.

Xemeingo San Jazinto ermitan gurasoek haurrak osasuntsu hazteko edo haurraren elbarritasunen bat osatzeko eskaera egiten zuten.

Madarikazioa - Begizkoa - Deabruak hartutakoak

Haurren ezorduko edo gehiegiko negarra madarikazio edo begizkoren baten ondorio zela uste zen. Haurra makal samar zegoenean ere, kalte egin nahi zion norbaitek begizkoa egin ziola esaten zen. Begizkoari aurre hartzeko, haurrari gerrikoaren tolesetan kutuna jarri eta sabela estutzen zitzaion, edo bestela lepotik zintzilik eramaten zuen. Kutuna graziaz brodaturiko oihalezko poltsatxo bat zen eta gehienetan San Joanen ebanjelioko lehenengo hitzak idatzirik zituen papertxo bat sartzen zitzaion barruan. Komentuetako mojek ematen zituzten askotan poltsatxo horiek, bestela Zornotzako Larrea santutegian ere eskura zitezkeen, antzina San Joani sagaraturiko ermita bat baitzegoen santutegi horretan.

Markina-Xemein inguruan, haur jaio berri "negartiak" Erdotzako Ama Birjinarengana eramaten ziren, Zenarruzako Kolegiatara zihoan antzinako galtzadaren ondoko ermitara. Elorrion Santruan moduan ezagutzen den San Urban ermitara.

Deabruak hartutakoak begizkoa zutenak baino gaitz handiagoa zutela uste zen. Baina sarritan bi gaitzetatik salbatzeko errituak nahasten ziren. Santutegi bereziak zeuden gaitz horien sendaketa eskatzeko. Horietako bat Urkiolako Antonio Santuen santutegia dugu. Antzina, santutegiko errektoreak soilik zuen bedeinkatzeko eta "deabruak hartutakoak eta madarikatutakoak konjuratzeko" ahalmena. Horretarako, Benedictionale izenekoa erabiltzen zuen, erritual arruntetan egiten ez ziren erritu eta zeremoniak batzen zituelako. Santutegiko Museoan liburu horren ale zahar bat eta exortzismo horietarako erabili ohi zen gurutzetxoa daude gordeta.

Buruko minak

Buruko minak sendatzeko eskaera egitera joan izan dira herritarrik gehienak Euskal Herri osoko ermita eta santutegietara. Markinako San Martín Murua ermitara, esaterako, horrexetara joaten zen.

Begietako gaixotasuna

Tradizioz, Santa Luzia edo Santa Lutziri egin zaio begietako gaixotasuna sendatzeko eskaera. Durangoko Merindadean, Elorrioko Iguria auzoko Santa Luzia ermitara joaten zen jendea.

Belarrietako mina

Batez ere San Kristobali sagaraturiko ermitetan dauden botozko lanparen olioa erabili izan da belarriko mina sendatzeko erremedio moduan; likido hori eskuratzeko, lehenik ontzi bete olio eskaintzen zen.
Abadiñoko Mendiola auzoko San Kristobal eta Markinako Barinaga Kofradian dagoen Santa Engrazi ermitetara joaten zen jendea belarriko mina kentzeko erremedio bila.

Haginetako mina

Santa Apolonia, Santa Polonia moduan ezagutzen dena, dentisten patroia da. Santa Apolonia izenpeko ermitetan haginetako mina kentzeko eskaera egiten da.

Horrexetara joaten zen jendea Iurretako Santa Apolonia auzoko Santa Apolonia ermitara. Urkiolako santutegitik hurbil dagoen ermitan erritu hau praktikatzen da: ermitaren osteko iturriko ura ahoan sartu eta hiru bira ematen dira eraikinaren inguruan, gero ura barruan botatzen da. Erritua praktikatu aurretik eta ostean Kredoa otoizten zen; batzuek hiru avemaria errezatzen dituzte.

Xemeingo San Miguel Arretxinaga ermitaren barruan kare-harrizko haitz handiak daude lurrean bermaturik, batzuek besteak eusten dituztelarik; lehen, haitz horien kofaguneetan aldare bi zeuden, bata San Miguelena eta bestea Santa Apoloniarena. Santa Apoloniaren aldarearen ondoko hartxintxarrak erauzi eta ahoan sartuz gero, haginetako mina osatzen zela uste zuen jendeak. Gaur egun, Santa Apoloniaren irudia koruan gordeta dago eta ez zaio gurtzen.

Eztarriko mina

San Blas da eztarriko gaitzen babeslerik handiena. San Blas egunean, otsailaren 3an, San Blas kordoiak, San Blas arie edo San Blas firue, malba zuri gozokiak, fruituak eta erroskillak bedeinkatzen dira parrokia eta ermita ugaritan. Gehienetan emakumeek eramaten dituzte jateko eta kordoiak elizara, han bedeinkatzeko eta gero haur eta nagusien lepotik zintzilikatzeko. Kordoiak bederatzi egunez jarraian eraman behar dira soinean eztarria gaitzetik babesteko; bederatzi egun horien ondoren, sutan erretzen dira gurutzearen seinalea egin edo Salvea errezatu ostean.

Ikerketa honetan aztergai ditugun udalerrietan ez dago San Blasi sagaraturiko ermitarik. Lekeition Andre Maria Magdalena Azurtuaren ermitara joan ohi ziren, han meza eman eta kordoiak, gozokiak, txokolatea eta fruituak bedeinkatzen zirelako. San Blas egunean, Durangoko Merindadeko herrietatik Abadiñoko San Torkuato parrokiara joaten ziren San Blas gurtzera. San Torkuato parrokian bedeinkatzen dira kordoi eta jatekoak. San Blas egunean bertan ganadu azoka handia egiten da Abadiñon.

Berrizko Murgoitio Kofradian dagoen San Joan Bautista ermitatik hurbil iturri bat dago eta propietate sendagarriak dituela esaten da oso aspalditik. Antzina jende asko joaten zen iturri horretara ur bila, eztarriko gaixotasunak eta lepoko tumoreak (iruntzpeko izenekoak) sendatzen dituela uste baitzen.

Erreuma

Aipatutakoez gain, ermita eta santutegietan bestelako gaixotasun kronikoetatik babesteko eskaera ere egin izan da, horietako bat erreuma da. Bizkaian Santa Eufemia izenpeko ermitetara joaten zen jendea. Gerriko mina (garriko miñe) zutenek Urregarai mendi tontorrean dagoen Murelagako Santa Eufemia ermitara igotzen zuten. Jende ugari joaten zen Durangoko Merindadeko herrietatik eta Markinatik. Antzina, erreuma zuenak argizari biribilkiak gerrian bildurik (metzarra) igotzen zuen ermitara. Argizaria ermitan sartzean piztu eta bertan uzten zen eskaintza moduan. Gaur egun, kandelak eskaintzen dira. Elorrioko Arabio auzoko Santa Eufemia ermitara ere joan izan da jendea erreuma sendatzeko eskatzera.

Azaleko gaixotasunak

Medikuntza herrikoiaren praktiketan mota askotako azaleko gaixotasun jaso dira. Xemeingo Plazakola auzoko Santo Domingo ermitan, (Santa Rosa moduan ere ezagutzen da), Santa Rosa gurtzen zen. Santa Rosaren irudia ermitan izandako sute batean galdu zen. Ohitura zen, lehenik, Santa Rosari olioa eskaintzea gero botozko lanparatik olio errea hartzeko; behin etxera iritsitakoan, errosa zeritzon koadroko azaleko lesioak igurzten ziren olioarekin.

Markinako Erdotzako Ama Birjinarengana eramaten zituzten haurrak izterrondoko erredurak sendatzeko.

San Lorentzo ere gurtu izan da erlakaiztenak, erupzioak eta erredurak sendatzeko. Elorrioko Leaniz auzoko San Lorentzo izenpeko ermitara ere joaten ziren erlakaiztenak sendatzeko eskatzera.

Buruko gaixotasunak

Elorrioko Iguria auzoko Santa Katalina ermitara joaten zen jendea buruko gaixotasunak sendatzeko eskatzera.

Amorrua

Txakurrak hozka egindakoak Barriako (Araba) antzinako Zistertarren Monasteriora (egun ez dago indarrean) joaten ziren San Bernando gurtzera. Bizkaitik ere joaten zen jendea. Durangoko Merindadeko Izurtzako elizatean, 1783ko kontuetan praktika hau dago kontsignaturik:
"It. Elizate honetako udalak eta auzokoek agindurik hamabost erreal eman zitzaizkion Izabalzetako auzotarra zen emakumeari amorrua sendatzeko Monasteriora egin zuen bidaiagatik".

Izurriak

Tokiko tradizioen arabera, San Rokeren izenpeko hainbat ermita horrelako zorigaitz kolektiboen ondorioz eraiki ziren. Horrexegatik, hain zuzen, eraiki ziren Elorriko Urkizuaran auzoko San Roke ermita, Otxandioko hilerriaren ondoko San Roke ermita eta Lekeition erdigunean dauden Santa Elena eta San Roke ermitak. Durangoko San Roke ermitan bederatziurrenean Bozkarioak errezitatzen ziren izurrite eta gaitzetatik babesteko. Hauxe da leloa:

Pues médico eres divino
Con prodigiosas señales,
Líbranos de pestes y males
Roque Santo peregrino.
Osasun eskaerak

Xemeingo San Kosme eta San Damian ermitetara joaten zen jendea osasuna eskatzera. Tradizioari jarraiki, santu martiri horiek medikuak ziren.

Egutegi tradizionalean, batez ere landa edo baserri herrietako egutegietan, bada oraindik halako lotura kosmogoniko bat solstizio eta ekinozioen artean jiraka dabilena. Sasoi horretan mundu sinbolikoak garrantzi handia hartzen du, naturaren zikloari eta nekazaritzako jarduerei loturiko errituetan ageri den bezala. Santuek etxe-abereak ere babesten dituzte, landa edo baserri ekonomiako ondasun nagusitzat jotzen baitira. Arrazoi bat dago jai bakoitzerako eta santu bat premia bakoitzerako (3).

(1) Labayru Institutua. Larrrauri, 1 A-5.- 48160 Derio (Bizkaia) e-mail: idazkaritza@labayru.org
(2) Gurutzi ARREGI AZPEITIA. Ermitas de Bizkaia. Bilbo, Labayru Institutua- Bizkaiko Foru Aldundia, 1987, 3 liburuki.
(3) Gurutzi ARREGI. Origen y significación de las ermitas de Bizkaia. Bilbao, Labayru-Institutua, Bilbao Bizkaia Kutxa, 1999.