ES | EU | EN

Txalaparta

  • Josu GOIRI
  • 15/ 10/ 2001

Hasieran autoreak txalapartaren kolpe eta doinuak deskribatzen ditu. Gero txalapartaren ustezko jatorri sinbolikoak, historian zehar izan duen eboluzioa, erabiltzen diren materialak eta egun bizi duen egoera azaltzen du.

Txalaparta perkusiozko euskal tresna da. Oholtzar bat jartzen da horizontalki eta aurrez aurre kokaturik dauden bi lagunek jotzen dute. Egurra da erabiltzen den materiala. Txalaparta jotzen dutenek, hau da, txalapartariek bakoitzak erritmo bat erreproduzitzen du eta txandaka jotzen dute. Txalapartarietako batek txakun izenekoa jotzen du: kolpe bi joz txakunaren onomatopeia erreproduzitzen da eta kolpe horiek joaldiaren azkeneraino errepikatzen dira. Besteak herrena izeneko erritmoa erreproduzitzen du lehenengoa isilik dagoen bitarte horretan: kolpe bat edo bi joz, edo bat ere jo gabe.

Horrela beraz, bi erritmo horiek elkarreragileak dira eta jotzean konbinazio desberdinak sortzen dituzte. Bada halako herri sinesmen bat txalapartaren inguruan, komunikabide moduan erabiltzen zela uste baita. Geratzen ziren azken informatzaileek (Zuaznabar eta Goikoetxea anaiek) ezin izan digute informazio hori egiaztatu, baina ziurrenez txalaparta mendi artean hitz egiteko erabili izan zen.

golpes-txalaparta

Nolanahi ere, txalaparta jotzean, kanpai-deien antzeko deiak erreproduzitzen omen dira. Herrenak sagardo-deia erreproduzitzen du kolpe bat joz eta lana amaitutakoan, kolpe bi jotzen direnean, jairako deia egiten da. Su-deiak, hil-deiak eta jai-deiak ere erabiltzen ziren. Joko honetan, txakunak jotzen duenean, herrenak oreka hori zentrotik desplazatu nahi izaten du.

golpes-txalaparta

Kolpea deien edo zenbait egituren bidez hasi ohi zen eta kolpearen amaieran, desoreken jokoa bukatutakoan, txakun bikoitza egiten zen, hau da, herrenak ere txakuna egiten zuen; txakun bikoitz horrek zaldiaren arrapalada erreproduzitzen zuen, irrintziak buru ematen ziolarik joaldiari. Zaldiaren erreprodukzioak txalapartaren jatorrira garamatza, gizaki primitiboak haitzuloetan zaldiak marrazten zitueneko garaira. Zaldiak berekin omen darama hildakoen arima eta goratzen laguntzen die. Adarra hasiera eta amaieran jotzen da eta adar-doinu bat sortzen da, entzuleak limurtzeko adinakoa.

Txalapartak lotura handia du baserri-giroarekin eta duela gutxira arte ahozko tradizioarekin, partituretan idatzi ez denarekin alegia. Jo beharrekoa txakun (bi kolpe) eta txan (kolpe bat) onomatopeien bidez abesten zen. Afinazioa ahotsaren eta materialak inguruan egiten zuen oihartzunaren bidez lortzen zen.

Basotik ateratzen zen ohola eta makilak (perkusiozko makilatxoak) egiteko egurra. Haltza, gaztainondoa, lizarra eta akazia erabiltzen ziren 2 metro luze, 18 cm. zabal eta 7 cm. lodi den ohola egiteko. Makilak egiteko lizarra, haritza eta pagoa erabiltzen ziren. Makilak 55 cm. luze dira, 5 cm. zabal beheko esferaerdian eta 3 cm. zabal goiko esferaerdian.

golpes-txalaparta

Gereziondoa, hagina edo hurritza ere erabiltzen ziren, baina goian aipatutakoak ziren ohikoenak. 60ko hamarkadan txalapartari gutxi geratzen ziren eta Zuaznabar eta Goikoetxea anaiek gaur eguneraino iraun dute, hurrengo belaunaldien eredu bihurtu direlarik. Txalaparta Astigarraga, Andoain eta Lasarten hasi eta Euskal Herri osoan hedatu da, Bizkaira ere iritsi da, batez ere dantza taldeen eraginagatik.

Bizkai Folklor Elkarteari, Beti Jai-Alai dantza taldeei eta Basaurin antolatutako jaialdiei esker sortu ziren lehenengo txalapartariak. Kontraplas taldeak Arrigorriagan, Etsak Etsik Galdakaon, Zugarramurdik Sestaon eta Hala Dzipok Barakaldon, besteak beste, txalapartarien korronte bat sortu zuten eta horietako askok jotzen du egun Bizkaian.

Bilboko Errekalde eta Santutxu auzoetako txalaparta jaialdiak eta Sestaoko jaialdia topaleku interesgarriak dira txalapartarientzat, hala ere, hitzordurik garrantzitsuena maiatzaren bigarren astean egiten den Hernaniko (Gipuzkoa) Txalaparta Festa da.

Txalapartak zabalkunde handia izan du eta Kepa Junkeraren "Bilbao Hora Cero" diskoak munduko bazterrik urrutienetara eraman du txalapartaren doinua. Nolanahi ere, Oskorri taldea hasi zen lehenik txalapartaren doinua zabaltzen, Angel Celadaren bateriarekin batera.

Txalapartak eboluzionatu egin du eta, lehen oholtzar bat baino erabiltzen ez bazen ere, orain beste ohol batzuk jartzen dira trikitrixa bezalako tresnei laguntzeko.

golpes-txalaparta

Antzinako txalapartan txalapartariek kolpe bi jotzen zituzten gehienez, gaur egun, ordea, kolpe gehiago sartu dira; ezaugarri horrek eta materialaren berrikuntzak (ohol bat baino gehiago erabiltzen da) definitzen dute txalaparta modernoaren eboluzioa.

Txalaparta afinatu egin da beste tresna batzuekin batera jotzeko. Antzinako oholak begi ugari zituenez, ez zegoen hura afinatzerik; gaur egun, tropiko, elondo, sapeli, iroco eta abarretik ekarritako begi gabeko egurra erabiltzen da. Tobera bezalako beste tresna batzuetatik hartutako materialak sartu dira, hala nola, metala. Harria eta marmola ere sartu dira, txalapartaren jatorria bilatu nahian.

Ingurune zalapartatsuago honetan, bestelako bilaketa eta erabilerak arakatu dira, primitiboena eta modernoena (orkestra edo beste tresna batzuekin batera edo berea ez duen inguruneetan jo denean lortutako emaitza) jasotzen duen tresna hau aberasteko. Antzina, txalaparta sagardoa egiten zenean, jai-giroan jo ohi zen, San Joanetan edo hileta-elizkizunetan. Txalapartariek diote erritmo horiek behar bati erantzuten diotela, izan ere, erritmoak txandatzean, gorputzean halako kulunka orekatua sortzen dute.

Kolpe bi edo gutxiago jotzen direnean praktikan jartzen da gorputzaren lateralitatea. Perkusioa ez da muflekaren mugimenduaz sortzen, nahiz eta hori izan ohikoa, baizik eta goitik behera eta behetik gora mugitu beharra dago, hau da, besoen mugimenduaz sortzen da. Ez da harritzekoa erritmoetako bati herrena deitzea, izan ere, oreken joko honetan, jotzeak edo kolpatzeak energien mugimendua denotatzen du euskaraz eta jotzen hastean jartzen da martxan mugimendu hori.

Euskaldunen mentalitateak bilaketa berriak arakatu ditu eta arakatzen ditu txalapartarekin. Jo edo kolpatzean espazio bat irekitzen da, non, erritual edo joko moduan, bi lagunen arteko energia dantza sortzen baita. Gainera, inguruko materialak erabiltzen direnez, oihartzuna inguruan entzun eta taldea bertan integra daiteke.

golpes-txalaparta

Barneko aberastasun horrek zentzu sakona ematen dio jotzen denari eta txalapartariak beren eta lurraren izate sakratuenarekin konektatzen ditu.

Azken aldi honetan, txalapartak bere mugak ireki ditu eta txalapartaren doinurik sakonenak Euskal Herritik kanpo ere jo dira. Erro sakonak dituen tresna honek mundu osoko zuhaitzen adarrekin bat egitea nahiko genuke.

Informazio gehiago:

  • Autorearen txalapartari buruzko liburua, gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz.
  • Hernaniko Txalaparta Eskolak argitaraturiko koadernoak.
  • Hernaniko Txalaparta Festako bideoak.