ES | EU | EN

XEMEINGO EZPATA-DANTZA

  • Iñaki IRIGOIEN
  • 15/ 10/ 2001

Luzaroan administratiboki bat eginik egon diren baina historikoki beren dantzak izan dituzten Xemeinen eta Markinaren berri ematen da. Ondoren dantzaren gaurko burutzapena deskribatzen da, eta gertakariari buruzko erreferentzia historikoekin bukatzen da, gaur egun ahaztuta dauden dantzak ere aipatuz.

Dantza hau Santuaren omenezko jaietan egiten da, Xemeingo elizate zaharrean, Arretxinagako San Migel baselizaren ondoan, irailaren 29an. Xemein, 1952 urteaz geroztik, Markina herriarekin bat eginda dago, eta gaur egun Udal bakarra eratzen dute. Xemeinek bere udala zuenean Udaletxea Arretxinagan zegoen, baseliza ospetsuaren ondoan, eta bertako plazan ospatzen ziren jaiak. Hala esaten digu 1802an "Diccionario Histórico Geográfico del País Vasco" delakoak: "baseliza honen ondoan errepublikako udaletxea dago, eta bataren eta bestearen artean plaza txiki bat dago, non herriak zekorketak eta dantzak egiten baititu". Jaietan ez ziren falta izaten ezpata dantzariak. Ez dira falta izan ere Markinarekin bat egin eta gero.

Bi herriek beti eliza berbera izan dute, Xemeingo Santa Mariakoa alegia, baina hori horrela izanda ere, jai nagusiak beti aparte egin dira, festetan egiten ziren dantzak bezalaxe. Markinak, oro har, dokumentuen arabera, makil dantzak egiten zituen eta, Xemeinek, oraindik gorde duen ezpata dantza.
Arretxinagan dagoen baselizak, San Migel Goiangeruari eskainia, badu berezitasun bat. Barnealdean monumentu megalitiko bikain eta dotorea dauka. Kuartzozko hiru harri daude, batzuek besteari eusten, baselizaren erdian. Bere kokaguneak 30 metro zirkunferentzia pasatxo ditu eta monumentuaren zatirik gorena lurretik 8 metrora dago. Asko hitz egin da bere jatorriari eta ezarpenari buruz. Horrek guztiak Elizak santutegia kristautasunaren aurreko gune sakraturen batean eraiki zuela pentsarazten digu.

Aipatu dugun plazan, San Migel Goiangeruaren eguna iristean, baselizan meza entzun ondoren, ohiko Ezpata dantza egiten da. Horretarako, dantzariak jantzi diren udal eraikin zaharretik, inolako erritualik gabe, taldea irteten da, formazioan, dantza aurkezteko. Taldeak ezpata luzeak gurutzatuz, kapitainaren gidaritzapean, garai batean agintariak eta gaur egun ezpata laburreko dantzariak soilik igarotzeko ohorezko arkua egin ondoren, dantza egiteko prest jartzen dira, lehendabizi norantza batean eta jarraian, aurreko aldetzat lehengoaren aurkakoa hartuta, errepikatuz.

Gaur egun ohikoena hamar edo hamabi lagun izatea bada ere, taldea dantzari kopuru zehazgabe batek osatzen du; bi ilara izaten dira, ezpatak eskuetan hartuz elkarri lotuta, eta kapitaina lehenengoen bi ezpatak hartuta doala bukatzen dira. Denak zuriz jantzita daude, baina praken saihetsetako xingola gorri bat dute, eta gerriko gorria halaber, bularraldean banda gurutzatua osatzeko ere balio duena, non San Migelen irudia eta Xemeingo elizatearen armarria daramaten eskapularioak ere dauden.
Taldearekin batera, eta alboetara, gaur egun beste lau dantzari irteten dira, eskutokiak zapiz estalita dituzten sastagaiekin. Horietako bik taldearen lehenengoen parean dantzatzen dute eta beste biek azkenekoen parean; taldeak kontrako norantzan dantzatzen duenean, azkenekoek lehenengoak dira, eta beste biak azkenekoen ondoan geratzen dira.

Ezpata dantza honen ezaugarri garrantzitsu bat, aldez aurretik parrila bat osatu duten ezpaten gainetik kapitaina edo "Maisu zaharra" altxatzea da. Goian dagoela, bi ezpata edo sastagai hartuta, dantza eskuez egiten du eta, aldi berean, ezpata laburrak dituzten dantzariek eurena egiten dute lurrean.
Ezpata dantza amaituta, ezpata laburrak dituzten dantzariak berriro igaro daitezen ohorezko beste arku bat egin ondoren, taldea udaletxe zaharrera erretiratzen da. Jarraian, ezpatak eta bestelako objektuak utzita, dantzari katea bat osatzen da eta plazara irteten da aurreskua dantzatzera; bertan, dama hautatu batzuk ateratzen dira kateara. Aurreskuan parte hartu duten emakumeak mokadu bat hartzera gonbidatuz amaitzen da dantzarien goizeko saioa.

Gauez, agintariek udaletxean garai batean egiten zuten afaria eta ondorengo erritual garrantzitsua gogoratuz, otordua egin zeneko mahaiaren gainean "Maiganeko" dantzaz amaitzen zena alegia, baselizaren eta plazaren artean, Zerutxu taldeak zeremonia horiek erromeria ospatzen ari den plazaren erdian antzezten ditu.

Lehendabizi, eskutik helduta eta eskuan ilinti bat piztuta duela alkate gisa jokatzen duen dantzari batek gidatuta, neska-mutilen katea bat osatzen da, eta baselizaren inguruan itzuli bat egiten du. Ondoren beste aurresku bat dantzatzen da, azkenik "Maiganeko" dantza egiteko; mahaiburu alkate gisa jokatzen duena dago, ardoa eskainiz banan-banan plazaren erdian jarritako mahaira dantza egitera igotzen diren dantzariei.

Hori da gaur egun Xemeinen ikus daitekeena, Zerutxu taldeko dantzarien ahaleginei esker gorde dena alegia. Ondoren, dantzaren eta bere inguruko gorabeheren historiaren berri emango dugu.
Udaletxea Markinarekin bat egin arte esan dugun lekuan bazegoen ere, Xemeingo Udalaren bilkurak Arretxinagan 1646ko urtarrilaren 1era arte ez zirela egin esan behar dugu lehenik; beraz, ez zen Elizatearen gunea izan data horretara arte. Lehenago, bilkurak Ibarburuko San Jazinto baselizan egiten ziren, eta han bildu ziren azken aldiz aurreko abenduaren 31n; egoitza hurrengo egunetik aurrera San Migel baselizara aldatzea erabaki zen bertan, "baseliza hori izendatu eta hautatu zuten egokiagotzat beren bilkurak eta udalbatzak egiteko". Han burutu ziren batzarrak 1741n baseliza ondoko Udaletxea eraiki arte, eta bi eraikinak gorde dira gaur arte.

Hori horrela, udal kontuetan aurkitu ditugun txistulariei egindako lehen ordainketak Ibarburuko San Jazinto festakoak dira; euren "danbolinaz eta xirulaz" alaitzeagatik ordaindu zitzaien, eta ez da ezpata dantzaririk ageri, beraz ezin dugu garai hartan ba ote zeuden ziurtatu. Esan behar dugu, gainera, dantzariei buruzko Bizkaiko aipamenik zaharrenetako bat, ezpata dantzak ote ziren zehazten ez bada ere, Markinan aurkitzen dugula, 1519an. Karlos V.a Alemaniako enperadore izendatua izatearen berri izatean, jaiak ospatzea erabaki zen, eta festa haietan "danbolinarekin gizon batzuk herrian zehar ibil zitezen". Kontuetan ikusten dugunez, gizon haiek hogei izan ziren, eta bandera batez ibili ziren kalez kale, dantzatzen.

Xemeinen ere danbolin jolea edo txistularia izan da hasieratik dantzarien laguntzailea. Batzuetan, hasieran batez ere, txistulari bat bakarrik; beste batzuetan, atabalari batek lagunduta eta, noizbait, bi txistulari danbor jolearekin.

Xemeingo liburuak aztertuta, dantzari buruzko lehen datua 1604koa da, bizilagunek presiorik eta gehiegikeriarik jasan ez dezaten, baserriz baserri festen aitzakiaz "danbolinaz eta dantzariekin" egiten ziren diru bilketak arautu nahi izan zirenean. Hurrengo datua, 1649koa, Napolin lortutako garaipena zela eta egin ziren jaietako makil dantzei dagokie. Aurrerago, 1662an, Apezpikuaren bisita autoa daukagu, non gizonen eta emakumeen arteko dantzak debekatzen baitira, betiko aurreskuak aipatuz zeharka.

Azkenik, 1714ko ordainketetan, San Migel eguneko ezpata dantzaren lehen aipamena daukagu. Lau erreal ordaintzen zaizkio jaiean "prozesio dantza" gidatzen duenari. Hurrengo urteetan ez da "San Migel eguneko dantzarien" oparien aipamenik faltako. Normalki ardo zahagiren bat, dagokion ogiarekin, eta zaporetsuagoa den zerbaitekin ziur aski.

1743an dantzariak ezpata dantzariak direla zehazten da eta, ardo zahagiarekin eta ogiarekin batera, bazkari bat ematen zaie. Gastu honen kontuetan adierazten denez, dantzari horiek hogeita hamar izan ziren. Hurrengo urtean jaiak meza nagusia, sermoia, danbolin jolea eta zekorketarekin ospatzea eta "hogeitabost gizon ezpata dantzarako elkartzea" erabaki zen. Antza denez, garai hartan dantzarien kopurua gaurkoa baino handiagoa zen; hori dantzaren egiturak ahalbidetzen du, bi ilaretan elementu gehiago ezarriz edo bi ilara izan beharrean laurekin dantzatuz.

XIX. mendean ere ez dira falta Arretxinagako plazako "San Migeleko ohiko saioko ezpata dantzariei" egindako ordainketak. Halaber, dantzaren entseiuetan ardoa eta ogia banatzen zitzaien, entseiu horiek irauten zuten egunetan. Gastu haiek tabernarien konturakoak ziren, alokairu kontratuen arabera.
Dokumentu horietatik ondoriozta dezakegunez, irailaren 29an eta 30ean dantzatzen zuten, eta hainbat egun izaten zituzten aldez aurreko entseiuetarako; dantzariak, adierazten den kopuruaren arabera, hogeitabost bat ziren.

1883an Markinan ospatutako Euskal Jaietako lehiaketan parte hartu zuten, eta saria jaso zuten, aurkeztu zen konpartsa bakarra zenez. Ondorengo urteetan, mendearen bukaerara bitartean, gastuak antzera aurkeztu ziren, eta 1897an entseiu egunak zazpi izan ziren, irailaren 19tik 28ra bitartean. Dantzarien kopurua murriztu egin zen eta bazkariak eta afariak hamabi edo hamahiru lagunentzat ordaintzen ziren.

1915ean, kontuetan ezpata dantzariei buruzko aipamenik egin gabe hainbat urte igaro ondoren, "ezpata dantzaraien konpartsarentzako" bazkarien eta afarien gastuen ondoan "lau ezpata txiki berri eskuratzeko eta zahar bat konpontzeko" ordaintzen da.

Liburuetan informazio gehiago ez dagoenez, garai bateko dantzarien artean bilatu nahi izan zen. Haien arabera, 1915ean dantzatu zen; udalbatzarekin batera honek egiten zituen mugimenduetan parte hartuz. Hortaz, bazuten zentzua oraindik ere egiten diren ohorezko arkuek, agintariak haien azpitik igaro zitezen. Halaber Udaletxean agintariek eta dantzariek egiten zuten afaria, baselizaren inguruko itzulia, aurreskua eta alkatea buru zutela egiten zen "Maiganeko" dantza kontatzen dute. Azkenik, jaien hirugarren eguna ospe handieneko etxeetan zehar ibiltzeko izaten zen, bertan dantza egiteko eta opariak eta dirua jasotzeko.

Zenbait urtez dantzatzeari utzi zitzaion, dantza 1934-35ean batzokiaren inguruan biltzen ziren gazteek berreskuratu zuten arte. Haietako batek, Joseba Aginagak, marrazkiez eta partiturez dantzaren deskribapena egin eta urte dezente igaro arte gorde zuen etxean.

Berriro ere gerra zela eta, dantza egiteari utzi zitzaion, baina berreskuratu egin zen ostera, 1955 aldera. Data horretatik aurrera, eta gaur arte, San Migeletan ez zaio ohiko Ezpata dantza egiteari utzi Xemeinen, azken aldi honetan segizioetan parte hartzen ez badu ere eta dantzariek agintariei beren joan-etorrietan laguntzen ez badiete ere. Aldaketa hori "Maiganeko" izeneko dantzan eta "Zerutxu" taldeko dantzariek egiten dituzten gaueko erritualetan nabari da batez ere, ez baitago aldez aurretik agintarien afaririk.

Azkenik, Joseba Aginagaren deskribapen hori jaso ondoren, 1979 urtean zertxobait aldatu zen ordura arteko koreografia, idatzi horretan, "Dantzariak" aldizkarian argitaratuta, agertzen ziren xehetasunetara egokituz, eta horixe da gaur egun gogo beroz "Zerutxu" taldeko dantzariek dantzatzen dutena. Gaur egun ez dute jadanik Xemeingo bizilagunak izan beharrik, elizate horrek Udal propioa zuen garaian bezala.