ES | EU | EN

Alboka

  • Ibon Koteron
  • 15/ 10/ 2001

Eskerrak eman nahi dizkiet Manu Gojenolari eta nire anaia Aitor Coteroni argazkiekin laguntzeagatik.


Atalak:

1. MUSIKA TRESNA EZAGUTZEKO

 MUSIKA TRESNA EZAGUTZEKO

 1.1 Albokaren zatiak

 1.2 Nola heldu musika tresnari

 1.3 Hotsa igortzea

 1.4 Albokaren neurriak eta zatiak

 1.5 Albokaren eskala 

2. ALBOKAREN TRADIZIOA

2.1 Albokariak (edo "albokeroak")

 2.2 Albokaren ahaideak

 2.3 Albokaren musika tradizionala

 2.4 Egungo alboka2.1 Albokaris ("albokariak" o "albokeroak")

3. OINARRIZKO DISKOGRAFIA

4. BIBLIOGRAFIA HAUTA

 

1. MUSIKA TRESNA EZAGUTZEKO

 1.1 Albokaren zatiak

Begiratu orduko deigarriena izan arren, alboka (albokea, esaten zuen beti León Bilbaok, albokak ez dugu entzun) ez da "adar" bat, ez behintzat hotsaren eraketari dagokionez. Hotsa bi kanabera mihi txikitatik sortzen da (ikus argazkiak) eta ez ezpainen bibraziotik, ehiza eta deiarako adarretan, tronpa, tronpeta eta gainerakoetan bezala.

Hala ere, bere erro etimologikoa al-bûq-en dagoela egia bada behintzat, hitz berak "adar" esan nahi du, horn anglosaxoiaren baliokide generikotzat hartzen baitut. Hitz oso egokia horn-pipe da (1 oharra). Nire bitartez musika tresna ezagutu zuten adiskide nafarrek "el cuernico" deitzen zioten.

"Cuernico" delakoaz gainera (albokarientzat adar aundie), bada benetan txikia den bat, adar txikie. Zenbaitetan zurezko aho batzuek ordezten dute, non fita izenekoak dauden, tradizioz bi kanaberatxo, esan dugun bezala, aho moduan jarduten dutenak

 FITA TRADIZIONALAK ADAR TXIKIAN.

EGURREZKO AHOA DUEN ALBOKA,"MUNDI" FLORESEK EGINA, SANTURTZI.

Mutur batean itxita dauden kanabera zilindriko hauen gainean (antzina kanaberaren korapiloak berak itxita, gaur egun tapoiekin ere bai) mutur itxitik irekirantz luzerako ebaketa partzial bat egiten da, horrela mihi batek edo kanaberaren xafla batek dar-dar egiten du oinarri gisa erabiltzen duen gainerakoaren gain.

FITAK GOMAZKO TAPOIAREKIN,JUAN ANTONIO MARTINEZ OSESEK EGINAK, OTAZU.

BEGI HORRETATIK EBAKITZEN DAMUTURREKO KORAPILOA ERRESPETATUZ.

FITAK EGITEKO PROZESU TRADIZIONALA

ZERTXOBAIT OKERTUTAKO EBAKIDURA

ESKUMUTURRAREN BIRAKETAXAFLA ALTXATZEKO.

XAFLA ALTXATZEN.

NORBERAK NAHI DUEN NEURRIRA LUZATU.

Zirrikitutik sartutako hari batek (2 oharra) mihia oinarrira itsatsita gelditzea eta fita "itotzea" eragozten du. Haren ondoan harizko eraztun batek afinazioa doitzeko balio du, mihiaren zati bibratzailea laburtuz edo luzatuz.

Gaur egun plastikozko edo zurezko oinarri estandarrak egiten dira, klarinetearenak, baina txikiagoak. Izan ere, mihi bakuneko musika tresnak klarinete gisa ezagutzen dira generikoki.

FITAK EGURREZKO OINARRIAREKIN,JOSEBA GAZTIAINEK EGINAK, ANTZUOLA.

FITAK PLASTIKOZKO OINARRIAREKIN,JUAN ANTONIO MARTÍNEZ OSESEK EGINAK.

Fita delakoek sortzen duten hotsa bi hodi zilindriko estuk transmititu eta aldi berean modulatzen dute, tradizionalki kanaberazkoak, naturak ematen duen hodia (3 oharra). Gaur egun zurean ere torneatzen dira -hiru eta bost zulo hurrenez hurren, lehenak batera ildokatuak hodiaren mutur irekitik ahorantz. Adar (4 oharra) handiak erresonantzia pabilioiarena egiten du, eta multzo osoa batzen duen zurezko uztarrira (bustarrie) iltzatuta egon daiteke edo ez.

1.2 Nola heldu musika tresnari

Albokari klasikoek eusten zioten bezala heldu behar zaio. León Bilbao (Arteaga 1916-1990) eskuina eta Txilibrin (Igorre 1913?) ezkerra izanik, esku nagusiaren hatz nagiak, erdiko hatzak eta hatz erakusleak beheko hiru zulo pareak estaltzen dituztela ikusten dugu. Beste eskuko erdiko hatzak eta hatz erakusleak berriz, hodi ezkerraren goiko bi zuloak estaltzen dituzte.

Alboka guztiak eskuinentzat eginak dira: Leónen eta Txilibrinen jarrerak berdinak izan zitezen, bigarrenaren albokari bost zuloko hodia bestearen eskuinera jarri beharko zitzaion (5 oharra).

BEGIEK ENGAINATZEN GAITUZTE, EZ LEONEK JOTZEN ZUENJARRERA HORRETAN, EZ ALBOKEK ZITUZTEN HOR ZULOAK.

TXILIBRINEK EGINIKO ALBOKA.

IMANOL ATXA GOITIAK EGINIKO ALBOKA,BILBAO.

1.3 Hotsa igortzea

1.3.1 Putz egiteko prestatzea

Presio pixka bat egin behar da aireak ez dezan aurpegiaren eta adar txikiaren artetik ihes egin. Fitek delakoen mutur itxiak ezpainen azpian jarri behar dira. Ahoa ez da gehiegi ireki behar. Putz egiten hasterakoan mihia ebakortzen atzeko aldetik erretiratu behar da, "te" letra ahoskatzen dugunean bezala, ahots hariek egiten duten hotsarik gabe, putzarekin besterik ez. Horri "mihi kolpea" deitzen zaio; esamolde nahasgarria, mihiak egiten duena erretiratzea baita. Horrela soilik has gaitezke putz egiten.

1.3.2 Arnasaldi edo haize emate jarraitua

a) Zertaz dihar dugu?

Gauza jakina da alboka jotzeko gelditu gabe putz egin behar dela (nahiz eta zenbaitek uste hots jarraitua ahosoinu batean bezala lortzen dela, txandaka putz eginez eta arnasa hartuz).

Hitz zuzena "haize emate" jarraitua izan arren, kaleko hizkeran arnasaldia esaten zaio. Horrek badu bere zentzua, putz egiteko lehendabizi arnasa hartu behar baita. Gure kasuan tarteka egin behar da, putz egiteari utzi gabe, soilik albokarena ez den antzinako teknika bati jarraituz. (Pío Lindegaard zenak behin galdetu zidan ea teknika tradizionala ote zen edo albokariek jazz musikariengandik kopiatu ote genuen.) Beiraren puztean erabiltzeaz gainera, haizezko musika tresna tradizional ugarik erabiltzen duten teknika da.

b) Aurreiritziak baztertzea: ez da zaila

Beti esan izan denaren kontra, teknika zabaldu eta ustez zahar horrek zailtasunak ezabatu nahi ditu eta ez handitu. Izan ere, esan genezake, behin teknika ikasiz gero, alboka jotzeak ez duela gehiago nekatzen, beste edozein haizezko musika tresna modu estandarrean jotzeak baino gutxiago beharbada. Albokaren zailtasuna "arnasaldian" dagoela dioen mitoak albokariek beraiek bultzatu dute hantustea izateko, eta baita musika tresnaren berezitasuna gailendu nahi izan zuten folkore zale askok ere. Ez da ordea onuragarria izan albokarentzat, alderantziz baizik.

Baina ez soilik esan denak (6 oharra), baizik eta albokariek ere egin dutenak auzia handietsi besterik ez dute egin. Irakaskuntza sistema tradizionala honakoa zen: xaboi ura zuen edalontzi batetik burbuilak atera behar ziren kanabera batetik putz eginez, azalpen gehiagorikgabe. Ikusiko dugun bezala, metodo honen alde ona hau da, alegia, maisuak ez badaki hobeto azaltzen zer egin behar den, ikasle batzuek bere kabuz ikasiko dutela (baldintzapen operantearen printzioaren aplikazio inkontzientea da), eta alde txarra da askok amore emango dutela. Horrekin gaiaren zailtasuna baieztu ohi da itxuraz.

Guri garbi hitz egitea dagokigu: ez da zaila, ez eta albokarekin alderdirik zailena ere.

1.4 Albokaren neurriak eta zatiak (7 oharra)

Alboka tradizionalak "gutxi gorabehera" eginak daude, eskura dauden gaiekin. Hodien barruko diametroa alda daiteke batetik bestera (6tik 8 mm-ra, 7 mm izanik egungo estandarra) eta, ondorioz, fitena. Garrantzi handikoa da fenomeno akustikoa: zenbat eta estuagoa izan hodia, albokan bezala, orduan eta murriztapen gehiago ezartzen dizkio hots iturriari. Fitaren luzera, eta bereziki, mihiarena, hodiarenarekiko proportzionala izan behar du, bestela ez du hots egokia izango. Luzera hau (130 eta 166 mm artekoa.) albokariaren eskuen mende zegoen: zuloak (3,5 eta 5,5 mm arteko diametroarekin) distantzia berera egiten ziren, hatzak ondo erortzen ziren tokian eta hodiaren luzera osoak muturreko zuloen arteko distantziarekiko proportzio bera gordetzen zuen (8 oharra).

1.5 Albokaren eskala

1.5.1 Abiapuntua

Asko hitz egin da gai honen inguruan, oinarri gutxirekin zoritxarrez. Oinarri akustikoa ondorengoa da: mihiak igortzen duen hotsa bere bibrazioaren mende dago, eta hau aldatu egiten da hots hodia luzatzerakoan (honen muturra arte edo irekitako zuloren batek eten baino pixka bat haratago). Adierazi dugu jadanik albokaren hodi estuek mihiaren neurriak inposatzen dituztela.

Luzeran dauden aldeak, beraz, eskala apalagoetan gauzatzen dira hodiak zenbat eta luzeagoak izan. Kontuan izanik aurreko oharrak, ez litzateke zaila kanpo lanetan aipatutako neurri guztietako albokak a priori berregitea eta horrela ondorioz ateratzea aipatutako eskala asko benetan egon ote ziren edo ikertzaileen akats metodologikoen erruz ote diren, haiek neurtzeko fita desegokiak erabili zituztelako edota afinazioa doiturik gabe. Zenbait kasutan ziur egoteko arrazoiak badaude. Hobeto ulertzeko, ondorengoa aztertu behar dugu:

a) Iritsi zaigun eskala:

León Bilbaoren alboka tradizionalaren tarteak (tonu maior eta minorren artean bereizketarik egin gabe) hauek dira:

Txilibrinen eskala, berriz:

J.M. Barrenetxea eta P. J. Riezuren proposamenez (1976), eta Juan Antonio Mtnez. Osses (Otazu) eta Joseba Gastiain (Antzuola) bezalako egile berriei esker, besteak beste, gaur egun tonu erdi bat garaiago dauden albokak jotzen dira eta zulo guztiak ez dira distantzia berdinera egiten, ondorioz eskala "tenperatu" estandar orokorrari egokitzen zaio:

Tarteen erregularizazioa ezinbestekoa zen perkusiozkoak ez ziren beste musika tresna batzuekin jotzeko, nahiz eta eskala Sol-en hastea ere aukera zitekeen (9 oharra) La-n ordez. Tonu erdiko aldeari esker bereizten da gaur egungo albokaren tinbrea alboka tradizionaletik, ez horren distiratsua baina biribilagoa.

b) Digitazioa albokan:

Sailkapena:

Azaldu dugu jadanik nola heltzen zaion musika tresnari. Nola estaltzen eta desestaltzen dira zuloak ordea hotsak lortzeko? Ikus dezagun eskematikoki (eskuina denarentzat, ispilu aurreran jarri eta hatzak asko altxa argiago ikustearren):

Oinarrizko digitazioa edo itxia (León Bilbao):

EZKERREKO TUTUA "LA - LA" ESKUINEKOTUTUA. TXILIBRINEK EGINIKO ALBOKA.

EZKERREKO TUTUA "SI - SI" ESKUINEKO TUTUA.

EZKERREKO TUTUA "DO - DO" ESKUINEKO TUTUA.

EZKERREKO TUTUA "RE - RE" ESKUINEKO TUTUA.

EZKERREKO TUTUA "MI - LA" ESKUINEKO TUTUA.

EZKERREKO TUTUA "FA# - LA " ESKUINEKO TUTUA.

Posizio bakoitzean hatz bat bakarrik altxatzen da. Digitazio "itxia": hala izaten jarraitzen du nahiz eta esku bakoitzeko hatz bat altxa, mugimendu bakoitza hots bati baitagokio, hodi desberdinetako zuloak desestaltzerakoan. Ohar zaitez notazioan, kako arteko La alde batera utz daitekeela.

Digitazioak "itxia" behar du izan esku bereko hatz bat baino gehiago aldi berean altxatzen denean. Orduan izango da:

1) Irekia: hodi bateko zulo guztiak elkarren segidan edo aldi berean altxatzen direnean (esku bat) haren bukaeraren eta eman nahi dugun notaren artean. Albokari batzuek erosotasunagatik erabili ohi dute.

Honela Txilibrinek:

"DO-DO"

"RE-RE" (GORANZKOA SOILIK)

"RE" ETA ONDOREN "SI".

"RE" ETA ONDOREN "DO"

"FA" ETA ONDOREN "MI"

Aplikazioa: Ikusten dugu oro har oso ahalegin gutxi egiten dela. Horregatik digitazio "erdirekia" erabiltzen duten albokaren bi bitarteko musikal daude:

1. Txioak, erditxioak eta bi "noten" alternantzia gutxi asko arinak, eskalaren graduan berehalakoak izan edo ez, betiere haietako bat ezin bada soilik hodi ezkerretik lortu eta bestea bietatik.

2. Mordenteak edo nota oso laburrak beste baten hasieran. Mordentea hodi ezkerrarekin egiten denean eta beste nota ez, biak aldiberekoak dira (eta digitazioa itxia), gainerako kasuetan oso bizkor egiten dira bata bestearen atzetik (eta digitazioa erditxia).

Horregatik, hodi ezkerra ez da soilik "melodikoa" eta eskuina "pedala" edo "apalen berbikoizketa" (Barrenetxea & Riezu, 1976). Askotan doinua eskuineko eskuarekin jotzen da eta ezkerrak, berriz, dagozkion apaingarriak egiten ditu: mordenteez gainera, betiere beheranzkoak errepertorio tradizionalean, eta hiru funtzio dituztenak (nota bera bikoiztu, bestela jarraia litzateke; zenbait nota azpimarratu eta sekuentzia erritmiko bat markatu), duoak egin daitezke eta haietan bi eskuetako edozeinek lehen ahotsa egin dezake.Kasu batean eta bestean hauek dira:

Oinarrizko digitazioa: aldibereko mordenteak eta duoak.

Oharra: Ez ditugu segidazko mordenteen posizioak jarriko: esku bereko edozein bi hatz aldi berean altxatzen dira, gero ziztuan mordenteari dagokiona soilik jaisteko. Albokaren errepertorio tradizionalean beti dira beheranzkoak. Era berean altxata gelditzen dira une batez esku bereko bi hatz txioak eta erditxioak egiten direnean.

HODI EZK. MI-SI HODI ESKUIN.

HODI EZK. MI-DO HODI ESKUIN.

HODI EZK. MI-RE HODI ESKUIN.(MORDENTEAK SOILIK)

HODI EZK. FA#-SI HODI ESKUIN.

HODI EZK. FA#-DO HODI ESKUIN.

HODI EZK. FA#-RE HODI ESKUIN.

Ikusten dugun bezala, egin litezkeen konbinazio batzuk tradizioz mordente gisa soilik erabili dira. Arrazoizkoa da MI-RE duo bat luze ez mantentzea, disonantea delako. Badaude beste aukera batzuk eskuineko eskuarekin aldi berean bi hodiak estaltzeari uzten badiogu, lan honetan gure planteamendutik kanpo gelditzen dira ordea.

1.5.2 Eskalari buruzko laburbiltzea.

Ondorio bat gailentzen da: duoetan oso gutxitan erabiltzeaz gainera, eskalaren 5. eta 6. graduak lehenengoarekin bat doaz. Baina, 1. eta 5. graduen arteko tartea bosteko justu bat da (3/2 arrazoia) bizirik iritsi zaigun alboka tradizionalean (modu ezin hobean León Bilbaon). Tarte honetako kontsonanzia giza belarriaren antzemate unibertsala da: ez dugu uste tarte desdoitu hori duten albokek belarrira ondo ematen dietenik ez albokariei ez entzuleei (hobe da hots-bakarrekoak desdoitzea: Txilibrin kasu askotan); eskalaren gainerako tarteetan egon daitezkeen alde txikiak zein diren ere. (10 oharra)

Izan ere, luzera desberdinak dituzten hodiekin alboka eskalak berregin litezke, inoiz ezagutu eta entzun ez ditugunak, aurkitutako proportzio matematikoaren arabera zuloak eginez (ikus 1.4 atal-eko 8 oharra) eta eskalako 1. eta 5. graduen arteko bosteko tartea errepestatuko luketen fita batzuk akoplatuz.

2. ALBOKAREN TRADIZIOA

2.1 Albokariak ("albokeroak")

Gaur egun badakigu alboka bi bideetatik iritsi zaigula: oraindik bizirik dagoen tradizio batetik, nahiz eta seguruenez atipikoa izan, eta azterketek eta folkloristek emandako datuetatik (ikus bibliografia).

1918an jadanik, Resurrección María de AZKUEk, bere Cancionero Popular Vasco izenekoan argitaratutako hitzaldi batzuetan, "oso albokari gutxi gelditzen da jadanik" deitoratzen du. Seguruenez ez ziren inoiz asko izango. Edonola ere, mende honetako eta aurreko albokarien aipamen osatuena Barrenetxearena da. Bertan 34 albokari aipagarrien izen-deiturak agertzen dira (1976, 106 orr.), eta beste hiru errepertorioaren igorle gisa (107 orr.). Gainera, beste lau ezagun eta lau ezezagunen apaimenak egiten ditu han-hemenka. Zerrenda honetan ondorengoak falta dira: Juan Lekua, dimatarra eta Deustuan bizia, duela urte gutxi zendu zena, eta Juan Otxandio, Larrabetzun bizi izan zen usansolotarra, 2000 urtearen amaieran utzi gintuena.

Zerrenda horiei jarraituz, albokaren ingurunea Gorbeako Mendigunea, Aizkorri (11 oharra) eta Urbasako mendikatea dira, artzainen lurraldea aspaldi-aspaldidanik. Albokaren sailkapena "artzain" musika tresna gisa azaldu beharreko okerreko topikoa da. Bainesen (1960) iritziz, kontinente zahar osoan duen banaketa geografikoaren arabera, musika tresna mota honek jatorria du gizarte abeltzain nomada neolitikoetan, esan dezagun "artzain" gizarteetan. Baina hortik albokari guztiak artzainak direla esatea gehiegitxo da. León Bilbaok esaten zuen: "Artzainak? Haiekin ez hitz egitea hobe igual!" Albokari ugari izan da artzain, asko ordea baserritarrak ziren. Baita Juan Otxandio eta Juan Lekue ere, hark esan zigun moduan, mutiko zelarik, egunero eramaten zituen ardiak mendira, baina ez hitzari egokitu ohi zaion zentzuan, mendian egindako egonaldi luzeekin edo baita transhumantziekin ere, alegia. Egokiagoa deritzogu esatea albokaren ingurune tradizionala landagunekoa dela eta ez artzaintzakoa.

2.2 Albokaren ahaideak

Klarinete bikoitz asko dago kontinente zaharrean, bakarra ezagutzen dut ordea benetan albokaren antzekoa dena, bost zuloduna hodi batean eta hiru bestean (izan ere bost ere bai, baina bi argizariarekin estalita), nahiz eta toki askotan izena ematen dion boltsa bat izan; Turkian (tulum); eta Grezian (aski). Adhzaria-n chiboni edo chiponi du izena, eta stiviri Georgian.

Nahiz eta bere eskala albokarenaren oso antzekoa izan, Baines berak (1960, 45 orr.) adierazten du musika formak erabat desberdinak direla kasu batean eta bestean.

Iberiar penintsulan ez dago albokaren hurbileko ahaiderik: Madrilgo mendilerroko gaitak hodi bakarra du eta lau (batzuetan bost) zulo. Ibizako xeremies delakoek zulo kopuru bera dute (bost) bi hodietan. Eskala ez da bera eta ez dira hots eta putz jarraiekin jotzen.

Eta "albogue" delakoa zer? Azkuek "albogue" eman zuen "albokaren" itzulpen gisa. Harrezkero askok deskribatu dute gure alboka erretratatuz, baina ez dago horren oinarririk Gaztelako literaturan: El Quijote lanean zinbalo antzeko batzuk dira; beste testuinguruetan "gaita" edo "txirimia"-rentzako hitz gutxi asko generikoa dirudi. (Ikus Ramón Andrésen Diccionario de instrumentos musicales, Bartzelona, Vox, 1995).

Zenbait egilek (ez ordea P. Jorge de Riezuk) jakintzat eman dituzte gauza batzuk:

1. "alboka" eta "albogue"-ren erro etimologikoa (al bûq-a) arabiar bera dela; eta ondorioz

2. musika tresna bera direla.

Aranzadik nahiz Barrenetxeak (1)-en aurkako argudioak ematen dituztenean honengatik egiten dute, alegia, zalantzan jartzen ez dutelako premisa gisa onartuz gero, (2) nahitaez ondorioztatzen dela. Guk, ordea, uste dugu (2) eutsiezina dela eta (1) berriz, hala izan litekeela: ez dago halako lotura logikorik bi proposizioen artean.

2.3 Albokaren musika tradizionala

2.3.1 Jatorriak

Aipatu ditugun albokari tradizionalen zerrendak alde batera utzita, ez dugu León edo Txilibrinek baino hobeto jotzen zuenik ezagugu. Nik entzun dudan maila beretsuko antzeko grabazio bakarra albokari izengabe batena da, Alan Lomaxek 1952an egina (ikus 12 oharra) . Hala ere, grabazio horrek baieztatzen du León Bilbaok esaten zuena: albokari bakoitzak doinu pare bat jotzen zuen, ez gehiago. Eskura ditugun jatorriak honakoak dira:

1. León eta Txilibrinen errepertorioa, han dago bilduta sortu den gehiena. Grabazio ugari daude, komertzialak nahiz kanpo lanetan bildutakoak.

2. Gipuzkoar albokarien errepertorioa, forma libreagoekin beharbada, leihakideen ingurunera gutxiago egokituak, erromerietako soinujole eta dultzaineroekin.

3. Barrenetxearen & Riezuren transkripzioak (1976), han dago aurreko gehiena eta gehiago beharbada.

4. Alboka doinu gutxi batzuk Azkuek bere Cancionero popular vasco (1922) lanean bilduta.

5. Eskusoinura egindako egokitzapenak -trikiti(x)a-, batez ere Fasio Arandiarena.

Hala ere, zoritxarrez, beste albokari batzuen grabazioak falta zaizkigu (José María Bilbao eta Antonio Aiesta "Gitano" bezain albokari ospetsuenak), nahiz eta badiren: euskal filmotekako materialetan -uste ohi dudanez- eta, bereziki, J. Mariano Barrenetxeak grabatutako korpusean. Ezinbestekoa litzateke erakunderen bat haren argitalpenaz arduratzea, kontua izanik transkripzioak grabazioa baino askoz ere eskasagoak izan daitezkeela.

2.3.2 Ezaugarriak

a) Erritmoak

Abesti eta doinu sui generis batzuez gainera, errepertorio tradizionaleko pieza gehienak hiru erritmotan biltzen dira:

1. Hirutarra: jotak batez ere (A=8 konpas errepikatuak, B=8 konpas errepikatuak, C= 28 konpas kantuz edo 7 puntuko koplaz lagundurik) eta fandangoren bat (8, 16, edo 32 konpasetako zatiak).

2. Bitarra: porrusaldak batez ere (A=8 konpas errepikatua, B=8 konpas errepikatuak, C= 20 konpas kantuz edo 5 puntuko koplaz lagundurik).

3. Bitarra zatiketa hirutarrarekin: martxa, kalejira o biribilketa erritmoa.

b) Tonalitatea

Errepertorio tradizionalak albokak zulo guztiak itxita dituenean tonika gisa ematen duen nota erabiltzen du etengabe, eta 5. gradua dominante gisa. Egungo albokan modu doriko bati legokio, edo La minor tonalitate bati seigarren handituarekin. Hala ere, ikusi dugu Txilibrinena bezalako eskala batekin, hirugarren gradu neutroarekin, belarri akademikoek tonu maior gisa hartuko luketela: Sol maiorra Azkuen (1922, 364 orr.).

c) Estiloa

Albokaren berezko estiloa bere hots jarraiaren eta bikalamoa izatearen ondorioa da; ezin daiteke "apaingarririk gabe" jo (beste toki batean sistematikoki tratatuko dugu), haietan (mordenteak, erditxioak, duoak eta noten pikatua digitazioaren bitartez -ezin baitaiteke jadanik beste modu batean egin) oinarritzen baita askotan doinuaren bizitasuna: noten bereizketa, erritmoa, aukera polifonikoen erabilera… Baliabide horiek guztiak beharrezkoak dira horren eskala mugatua duen musika tresna batentzat, ez baita zortzikora iristen. Albokarekin "ezin daiteke dena jo", bai ordea orain dela gutxi arte jotzen zena baino askoz gehiago.

2.4 Egungo alboka

Egungo alboka tradizionalaren barruan kokatzen dugu: zalantzazko garai baten ondoren, musika tresna jendarteratu egin dela esan genezake. Estilo tradizionala bete-betean mantendu du, nahiz eta aukera polifonikoak garatu dituen, apaingarri mota berriak sartuz eta digitazioa korapilatsuagoa eginez (zulo erdiak estaltzea, hodi bat bai eta bestea ez…) Errepertorioa erruz eta zentzuz handitzen ari da egitura tradizionala duten edo ez duten musika lan berriekin, Euskal Herriko eta beste herrietako doinuen egokitzapenarekin (ikus 13 oharra), eta tonalitate gehiagotan joaz. Txilibrin berak duela urte gutxi esaten zuena, "hori ez da alboka" esatetik "lehen jotzen zena: betikoa. Egin behar dena Euskal Herriko abestiak jotzea da" esatera pasa da. Espero dezagun León Bilbao zuzen zegoela albokari hasiberriak onak edo txarrak ote ziren galdetu zitzaionean: "hobeak izango dira".

3. OINARRIZKO DISKOGRAFIA

1. Alboka tradizionalaren grabazio onenak:

León Bilbao:

ARRATIA (1975): Arratia. Herri musika sorta, XV. Edigsa.

KARDANTXA (1977). Movieplay.

Bai euskarari (1978). Jaialdiaren grabazioa.

LEON, MAURIZIA, FASIO (1979): Alboka eta trikitixa. Bilbo: Xoxoa. Ondoren (1998) CDn LEON... -ekin batera (1988). 1979ko emanaldiko beste grabazio batzuk agertzen dira madrildar berrargitalpen batean.

BELTRAN, Joan Mari (ed.) (1985): Euskal Herriko Soinu tresnak. Donostia: IZ. Ondoren CDn. Beste grabazio batzuk titulu bera duen garrantzizko bideo batean.

LEON, MAURIZIA ETA BASILIO (1988). Donostia: Elkar. Ondoren (1998) CDn LEON...-ekin batera (1979).

Silvestre Elezkano "Txilibrin":

GARCÍA MATOS (1978): Magna antología del folklore musical de España. Madril: Hispavox. Argitalpena CDn: 1992. Grabazioa berrogeita hamarreko hamarkadakoa da.

ANTOLOGÍA DE INSTRUMENTOS VASCOS (1971). Columbia, CPS 9133.

TXILIBRIN ETA BALBINO (1975, 1988): Trikititxa (Sic). Madril: Columbia. BMG Ariola-k berrargitaratua.

NUKLEARRA? EZ, ESKERRIK ASKO (1980). "Herrikoi topaketak" jaialdiaren grabazioa. Donostia: IZ.

Mikel URBELTZ (1995) Berrizko itsuari. Donostia: Ikerfolk-Elkar. Funtsean Barrenetxea & Riezuren errepertorioa (1976) biolinarekin joaz. Alboka Txilibrinek eta Daniel Larak.

GORBEIALDEA: Dantzan. Galdakao: Bolingozo. (Bideoa.)

La tradición musical en España: I: La cornisa cantábrica. XIV: Instrumentos tradicionales. Madril: Saga.

Albokari izengabea:

LOMAX, Alan (ed.): Spanish Folk Music, The Columbia World Library of Folk and Primitive Music-en, XIV lib. Grabazioa 1952ko abuztukoa da, ez dakit zein den argitalpena. Bigarren porrusalda zoragarria da, pandereta jolearen izena besterik ez dakigu ordea: Arantza Goichi (sic). Ez dugu ezer galtzen, ordea, lehen pieza jotzen duen beste albokariaren izena ez ezagutzeagatik. Hurrengo sailean sartu behar liteke pieza.

2. Alboka gainbeheran:

BARRENETXEA, J.M., ZULOAGA, Romualda & ARRIETA, Marcelo (1964): Alboka. Bailables vascos. Bilbo: CINSA.

DANTZAK (1978): Herri musika sorta, I. Donostia: Ots. Albokari izengabea.

3. Egungo alboka berreskuratua:

AZALA, LAUBURU, IZUKAITZ, EXKIXU... eta beste hainbaten saioen ondoan (batzuk aurreko atalean sartu behar litezke) alboka biziberritu egiten da egiaz OSKORRI, TXANBELA, KEPA JUNKERA, TOMÁS SAN MIGUEL... -en lanetan. Aipagarriak:

IBON KOTERON & KEPA JUNKERA (1996): Leonen orroak. Donostia: Elkar.

ALBOKA (1998): Bi beso lur. Hernani: Aztarna. Alan Griffin bikaina alboka jotzen.

JOXAN GOIKOETXEA & JUAN MARI BELTRAN: Beti ttun-ttun. Orereta-Rentería: NO-CD.

GASTEIZKO FOLKLORE ESKOLA: Música autóctona vasca. Albokaria: Karlos Subijana.

4. BIBLIOGRAFIA HAUTA

ANDRÉS, Ramón (1995): Diccionario de instrumentos musicales Bartzelona: Vox-erena.

ARANZADI, Telesforo de (1916?): "Alboka y Albogues", Euskal Herria-n, 152-158 orr.

AZKUE, Resurrección María (1922-3): Cancionero popular vasco. Eskuko argitalpena. Euskaltzaindiaren berrargitalpenagatik aipatzen dugu, Bilbo 1990.

BAINES, Anthony (1960): Bagpipes. Oxford: Pitt Rivers Museum. 3. argitalpenagatik aipatzen dugu: 1995.

BARRENETXEA, José Mariano & RIEZU, P. Jorge de (1976): Alboka. Entorno folklórico. Lekaroz: A. Donostia Artxibategia.

BARRENETXEA, José Mariano (1983): La alboka. Eusko Ikaskuntzaren Separata.

BARRENETXEA, José Mariano (1986): La alboka y su música popular vasca. Egileak egindako argitalpena.

BELTRÁN, Joan Mari (1996): Soinutresnak Euskal Herri musikan. Orain.

BIKANDI, Sabin & SANTAMARÍA, Jabi (1997): Uztarri. Alboka doinuen bilduma. Gasteizko Udala.

LOPEZ DE ELORRIAGA, Jose Maria (1969): "La alboka". Artikulu bi daude Manuel Iradierren Boletín de la Sociedad Excursionistan, 102. zk. ( 33-44 or.) eta 104-105 zk.ak (22-29 or.). Gasteiz.

GARCÍA MATOS, Manuel (1956): "Instrumentos musicales folklóricos de España", Anuario Musical-en, Bartzelona, 123-163 orr.

LARREA Y RECALDE, Jesús de (1930): "La alboka", Euskalerriaren alde-n, 20 zk, Donostia.

VARELA DE VEGA, Juan Bautista (198?): "Anotaciones históricas sobre el albogue", Revista de folklore-n, Valladolid, 21-27 orr.

(1) Izan ere, BAINES-en (1960) arabera, alboka da uztarria edo gainerako zatien euskarria izan arren, boltsa ez duen mota honetako musika tresna bakarra (ez da bag-pipe-a). Ikus Ramón Andrés-en Diccionario de instrumentos musicales: Bartzelona, Vox-ena, 1995.

(2) León Bilbaok bere bularreko ilea erabiltzen zuen eta guk txantxak egiten genituen horren kontura: arrazoi omen dute alboka jatorriz arabiarra dela diotenek, "lehoi ileekin" egiten baita. Mitoaz gorabehera, zaldi zurdak oso lodiak dira eta gehiegi altxatzen dute mihia: aireak ihes egiten du eta ezin da putz egin. Nik nahiago dut nylonezko haria.

(3) Zikoina hankarekin egindako aleren bat ere ezagutzen da.

(4) Animalia zaharregia bada, adarraren punta gogortu egiten da, eta guk hutsa behar dugu: León Bilbaoren arabera, hiru eta sei urte arteko behi adarra izan behar du.

(5) BAINESen agertzen den alboka (1960, 12 zk. irudia, IV lamina) horren adibidea litzateke, hodiak trukatuta baititu. Horrek bere logika izango luke albokari ezker batentzat egina balego. Ez litzateke, kasu horretan, "muntaia akats" bat izango Mariano Barrenetxeak menturaz esaten duen bezala (1976, 5 orr., 6 zk). Kontua da ez dela ez bata ez bestea, liburua inprimatzerakoan fotolitoa alderantziz jarri zutela besterik ez. Froga: BAINESen liburuaren 49 orrialdean, 26 irudian alboka horren eskema agertzen da eta bere hodiak gainerakoetan bezala antolatuta daude; horrela adierazten da gainera testuan.

(6) "Arnasaldia" Azkueren (1922) albokariaren ipuin ospetsuaren gaia da. Albokariak egun osoa jotzen du Parisko kalerik luzeena zeharkatzeko, apustuan irabazi nahi duen mando edo zaldiaren gainean. Albokaren errepertorio tradizionalaren kopletan agertzen da.

(7) Oinarrizko datuak: BARRENETXEA J.M. & RIEZU, P.J. (1976, 15 orr.)

(8) Barrenetxeak aztertu zituen hirurogei alboka baino gehiagoren artean (1976, 15 orr.), hodi luzeenak zituztenek 166 cm neurtzen zuten, muturreko bi zuloen artean 106 cm zeuden; 83 cm-ra murrizten zen 130 cm-ko luzera zuten hodietan: bi kasuetan proportzioa 1,566koa da. Kointzindentzia harrigarria!

(9) Sol apal samar batean hasten da Alan Lomaxek 1952an grabatuta eta The Columbia World Library of Folk and Primitive Music-en argitaratuko albokariaren eskala. Rounder etxearen berrargitalpen bat dago (1999), ez dakit ordea grabazioa ona ote den. Bada ordea beste albokari batena, kaskar samarra; haren eskala la bemolean hasten da. Albokaren eskalaren inguruko eztabaidei buruzko argibide gehiago aurkituko duzu nire web orrian.

(10) Gomendagarria da ere alboka afinatua ote dagoen egiaztatzeko (afinazio diagnosia).

(11) Egia ote gipuzkoar albokariek arratiarren eskuetatik ikasi zutela, Azkuek dioenez (1922, 258 orr. oharra) idiziabaldar batek esan omen zion bezala?

(12) Sol apal samar batean hasten da albokariaren eskala Alan Lomaxek 1952an grabatuta eta The Columbia World Library of Folk and Primitive Music lanean argitaratua. Rounder etxeak berrargitalpen bat egin zuen (1999), ez dakit ordea han grabazio ona ote dagoen; bada ordea oso albokari kaskar batena, zeinaren eskala la bemolen hasten den. Albokaren eskalaren eztabaidari buruzko informazio gehiago aipatu dudan nire web orrian.

(13) Albokariek beti egin izan dute gauza: ikus Azkuen (1922, 257 orr.) nola batek "la gallegada" jo nahi zuen, nahiz eta horretarako hedadura nahikoa ez izan. (Esan dezagun bide batez, transkripzio horretako fa#-k sol izan behar duela, albokak berez ez baititu zazpi nota ematen.)