Bizkaiko dultzaina edo dultziña izenez ezagutzen dugu mihi bikoitzeko musika tresna aerofonoa, 40 cm ingurukoa (pita barne), tradizionalki Bizkaian eta Gipuzkoan jo izan dena. Euskal Herrian, gainera, badaude mihi bikoitzeko instrumentuen beste hainbat aldaera: Gaita, Araban eta Nafarroan jotzen dena (eta beraz "arabar" edo "nafar" esaten zaiona) eta Txanbela, Zuberoan jotzen zena.
Atalak:
Dultzainan bi zati bereizten ditugu: soinu tutua eta ahoko pieza.
Dultzaina
Kono itxurakoa, guztira 330 mm luze izaten da batezbeste; 6 zulo izaten ditu goiko aldean (nahiz eta, Azkoitiko Jose Sudupe "Montte"k egindako dultzaina batzuek, Nafarroako Gaitak bezalaxe, beste zulo bat gehiago duten), eta bat beheko aldean. Halaber, 2 zulo handiago dauzka beheko muturretik hurbil, "aireak" deitutakoak. Soinu tutua egiteko materiala letoia izan ohi da, estaldurarik gabe (ondorioz, dultzainak gorriskak izaten dira) nahiz kromoztatuta, nikeleztatuta edo zilarreztatuta (zilar koloreko dultzainak ematen dituztenak).
DULTZAINAREN SOINU TUTUA
Era berean, beste material batzuk erabiliz ere egin izan dira dultzainak (zehazki, Azkoitiko Jose Sudupe "Montte"k altzairu herdolgaitzez eta egurrez egiten zituen), baina altzairuzkoak ez zuten hain akabera perfektua, altzairu herdoilgaitzak letoiak baino moldagarritasun txikiagoa duenez.
Folklorista batzuen arabera, dultzaina metalikoak izan aurretik Bizkaian eta Gipuzkoan zurezko dultzainak zeudela suposa badezakegu ere, esan beharra dago, XX. mendeko Bizkaiko dultzainero tradizionalei dagokienez, haiek guztiek metalezko dultzainaz jo dutela eta, zurezko dultzaina eduki dutenek ere, hori beti Lizarrako (Nafarroa) eskualdetik ekarria izan dela, gaitajole ospetsuen lurraldetik alegia.
Ahoko pieza dultzainaren elementurik garrantzitsuena da, han sortzen baita soinua, ondoren modulatu eta soinu tutuan ozenduko dena.
Bi elementu dauzka: tudela (edo "taudela", Urduñako dultzaineroen arabera), 4-5 cm luze den pieza metalikoa dena; kono itxurakoa, alde zabala soinu tutuarekin bat egiteko dauka eta alde estua, zapaldua, ahoko piezaren bigarren elementua den pita edo fitari lotzen zaio.
Ahoko pieza tradizional baten argazkia, listariarekin
Pita dardar egiten duen elementua da, mihi bikoitza. Pita hau kanaberaz egiten da nagusiki, baina baditugu beste material batzuen erabileraren erreferentziak (sahatsaren edo hurritzaren zura, hegazti hezurra, adarra).
Badago oso aldaera original bat: Basatxuko (Gurutzeta, Bizkaia) zurgin batek ahoko pieza osoa kanaberaz egiten zuen, eta pieza batez (tudela eta pita).
Bizkaiko dultzaina Do dirdaitsuan (Do naturalaren eta Do sostenituaren arteko puntua) egoten da normalki afinatuta, baina gaur egun Do naturalean afinatuta egiten dira, talde instrumentaletan sartzeko errazagoa baita.
DULTZAINAREN DIGITAZIOA
Dultzainaren digitazioa xirula eztiarena bezalatsukoa da soinu naturalei dagokienez.
Alterazioei dagokienez, "mihi topearen" metodoa erabil badaiteke ere (atera nahi den notaren goiko zuloa irekitzea, aldi berean segidan aurretik daukan notarena itxiz), emaitza ahoko piezaren presioa aldatuz indartu behar da.
Alterazioak ahoko piezaren modulazioa soilik landuz ere lor litezke, baina horretarako beharrezkoa da belarri aditua edukitzea eta joleak ahokadura ongi menperatzea. Esan beharra dago dultzainero tradizionalek beti tonalitate "bakunetan" jo dutela, alterazio gutxirekin edo bat ere gabe (DoM, SolM, FaM, Lam, eta kasu berezietan, Dom tonuan).
Dultzainaren hedadurari dagokienez, bi zati bereiz ditzakegu: lehen zatia, Sol4etik Sol5era bitartekoa, soinuak elkarren segidako zuloak estalgabetuz lortzen dituena, eta La5etik Do6ra bitartekoa, posizio berberaz zortzidun jauzia lortzeko ahoko piezan airearen presioa indartzea eskatzen duten soinuak.
Hori horrela, bereizketa horri Bizkaiko dultzaineroek hainbat modutan deitu izan diote: "goitik" edo "behetik" jotzea, "meheak" eta "lodiak" (zona bakoitzeko soinu bolumenagatik) eta abar eta, era berean, dultzaineroak bereizteko modutzat ulertu da; izan ere, hainbat aldiz entzun izan dugu: "Hori erdi dultzaineroa zen, behetik besterik ez zuen jotzen", eta "goitik" jotzen zekiten dultzaineroek soinu gehigarri horiek lortzeko sekretua ongi gordetzen zuten.
Gizarte ingurua
Dultzaina izena dakarten lehen idatziak berri samarrak dira (1741ean Bizkaiko Arretxinaga herrian Manuel de Bustrin-i egindako ordainsari baten berri ematen da, "danbolina eta dultzana jole gisa dagokion soldatagatik").
Lehenago badaude beste erreferentzia batzuk, baina "gaita" izenaz (izen horrekin ezagutzen dugu Nafarroako eta Arabako mihi bikoitzeko instrumentua), eta dultzaina edo beste musika tresnaren bat ote den zalantza geratzen zaigu (kontuan izan behar dugu "gaita" hitza, iberiar geografiako eskualdeen arabera, hauspodun edo hausporik gabeko mihi bikoitzeko instrumentuak, moko xirulak, albokak edo brenkak izendatzeko erabiltzen zela eta erabiltzen dela gaur egun ere).
Baliteke gainera "dultzaina" izena instrumentuaren berezitasuna zehazteko nahiak edo beharrak sortutakoa izatea, lehenago "gaita" orokorrean erabiltzen zenez. Idatzizko aipamenak urriak izatea gauza normala da, instrumentu honek betetzen zuen gizarte funtzioak erabakitzen baitu hori. Dultzaina ez da Udalen instrumentu ofiziala izan, hau da, Bizkaian musikariak kontratatu behar zirenean danbolinjoleak kontratatzen ziren (gaur egun txistulari izenekoak), eta horien ordainsariei buruzko aipamen ugari aurki dezakegu. Erromeriak antolatzerakoan, bertara joaten zirenak ziren musikariei ordaintzen zietenak, aurrerago ikusiko dugunez, baina ez dago horren idatzizko erreferentziarik.
Era berean, musikari gisa zuten kalitatea ez zen nonbait nahikoa, ondoko xehetasun hauek kontuan hartzen baditugu:
Beti dultzaineroa aipatzen badugu ere, ez dugu ahaztu behar dultzainak ondoren zehaztuko ditugun instrumentuen eta pertsonaien laguntza izan duela:
Baseliza guztietan, nahiz eta oso txikia izan, haren izeneko Santu edo Santaren egunean erromeria egiten zen, eta hara inguruetako jendea bertaratzen zen, eta baita urrutiago zeuden herrietakaoak ere, erromeria ospetsuen kasuan. Herri musikariak ere (dultzaineroak, trikitilariak, bibolin joleak,...) erromeriara inguratzen ziren, dirusarrera handi samarrak lortzen baitzituzten bertan.
Kasu batzuetan, musikariak non jarri aguazilak (udal agintarien ordezkariak) erabakitzen zuen, baina ziur aski beste batzuetan musikariek beraiek hautatuko zuten jotzeko lekurik aproposena, aldez aurretik iritsitako musikariek berenganatu gabeko toki libreen arabera. Dultzainero batzuek hainbat teknika erabiltzen zuten zertxobait gorago kokatu eta denek ikus zitzaten, eta beraiek ere ondo ikusi eta dantzariak kontrola zitzaten (tontor txiki batean, aulkitxo edo ardo kupel baten gainean...).
Musikariak jotzen hasita, "biribilak" edo jende zirkuluak osatzen ziren haien inguruan, eta han dantzatzen zen. Dantzatzen ari zirela, kobratzaileek euren lana egiten zuten, eta bikoteetako mutilengana hurbiltzen ziren, dantzaren ordainketa eskatzeko (ordainketa "saio" bakoitzekoa zen; saioak jota, porrusalda eta martxa barne hartzen zituen). Batzuetan 4 edo 5 ordukoa izan zitekeen erromeria amaitu ondoren, tabernan biltzen ziren dultzaineroa eta bere laguntzaileak, irabazien banaketa egiteko.
Bizkaiko dultzaineroen musika errepertorioa (gaurdaino iritsi zaiguna behintzat) erromerietako dantzatzeko piezak dira, eta hiru izaten ziren nagusiki: jota (erritmo hirutarrekoa), porrusalda (erritmo bitarrekoa) eta martxa (6/8 konpasean). Era berean, dultzainaz pasodoble ugari jo izan da.
Doinurik gehienak dultzainarako tonalitate "naturaletan" jotzen dira, hau da, DoM, Lam eta SolM tonuetan; bazeuden batzuk FaM tonuan (horri dagokion Sib-ek oso emaitza afinatua ez bazuen ere) eta beste gutxi batzuk Dom tonuan, non Si, Mi eta Lab digitazio berberaz lortzen baitziren eta ahoko piezaren modulazio aukerez baliatuz.
Jotak (erritmo hirutarrekoa) nahiz porrusaldak (erritmo bitarrekoa) hiru zatiz osatzen dira; lehen biak 16 konpasekoak dira (normalki, 8 bi aldiz errepikatuta) eta iraupen luzeagoko hirugarrenak "Kopla", "Baltseo" edo "Agarraue" du izena. Zati honetan Kopla formako bertso batzuk abesten ziren (horregatik deitzen da "Kopla"), musika moteldu egiten zen eta baltse moduan dantzatzen zen ("Baltseo"), hau da, bikotekideari eskuak emanez, lotuta ("Agarraue").
Primo de Rivera generalaren diktadurapean (1923-1930) dantza "lotua" debekatu egin zen, eta horrek erromeriei eragingarri garrantzitsua kendu zien, sexuen arteko kontaktua alegia.
Entzun daitezkeen musikak, 1981eko urriaren 4ko Trikitilari Egunean Iurretan Simeon Iragorri (Usansolo) dultzaineroak jotako doinuak dira.
PURRUSALDA / JOTA / MARTXA
Bizkaiko dultzaineroek belarriz jo dute beti, beste dultzaineroengandik ikasita. Errepertorioa zabaldu egiten zen ahozko transmisioz, erromerietan beste musikariek jotzen zituzten piezak entzunez, gero nork bere kasa entseiatzeko eta hurrengo erromerietan jotzeko. Hori horrela, dultzainero bakoitzak bere ekarpen pertsonala egin die ikasitako doinuei eta, hala, doinu berberak hainbat interpretazio sorrarazi ditu.
Dultzaineroak beti baserri giroarekin lotutako pertsonak izan dira, artzainak edo ikazkinak nagusiki, lanbide horiek instrumentuarekin aritzeko eta pitak egiteko denbora libre nahikoa uzten baitute; izan ere, pitak egitea denbora eta lasaitasuna eskatzen duen zeregin zaila eta ezinbestekoa da.
Guk dakigunaren arabera, dultzainerorik zaharrenen artean hauexek aipa ditzakegu: Gillermo Alberdi "Aiusti" (1870 aldera-1930 aldera), Aulestiakoa (Bizkaia), nahiz eta Bilbon bizi.
Demetrio Artetxe (1887-1933), Zornotzakoa (Bizkaia) eta Bilbon finkatua. Hurrengo belaunaldiko hainbat dultzaineroren maisua izan da. Gorpuzkera handiko dultzaineroa, gustu eta erraztasun izugarriaz jotzen zuen.
Julian Azurmendi "Katxarrero" (1885-1930), Abadiñokoa (Bizkaia). Bere aitaginareba galdaragilea zelako deitzen zioten hala. Harekin Ameriketan ibili zen lanbide hartan, baina berehala itzuli zen, benetan gustatzen zitzaiona egiteko, dultzaina jotzea alegia.
Vidal Muguruza (1884-1966), Urduñakoa (Bizkaia). Iñaki Muguruza dultzaineroaren aita eta asko miresten zuen Demetrio Artetxeren garaikidea, azken horrekin askotan egiten zuen topo Bilbon, hiri horretan udaltzain gisa lan egin baitzuen.
Juan Aiesta (Bedia,
1893-1988) eta Simeon Iragorri (Usansolo, 1903-1991). 1983ko uztaialean eginiko
argazkia
Ondoren dultzainero asko izan dira Bizkaiko eskualde guztietan; batzuek erromerietan jo izan dute gaztaroan, eta beste batzuek berriz beraien edo lagunen gozamen pertsonalerako besterik ez.
Dultzainagileei dagokienez (gaurko fabrikatzaileak alde batera utzita), dultzainero bizkaitar gehienek JUAN PRADERE-DURANGO dultzainez jotzen zuten.
Juan Pradere - Durango marca dultzaina batean
Horietaz gain, JOSE PRADERE, aurrekoaren anaia eta Arrasaten (Gipuzkoa) finkatua, Jose Sodupe "Montte", Azkoitiakoa (Gipuzkoa) eta Egiguren, Azpeitiakoa (Gipuzkoa) izan dira beste hainbat dultzainagile, baina beren dultzainak ez dira ia Bizkaira iritsi.
Dultzainagile horiek ("Montte" izan ezik) mende hasieran zendu ziren, eta instrumentuen urritasuna ekarri zuen horrek; hortaz, dultzaineroek zeudenak salerosiz lortzen zituzten dultzainak, eta batzuetan original batetik kopiak ere sortu ziren.
Mendearen hasieran instrumentu honek izan zuen garrantzia gorabehera, mendean zehar pixkanakako gainbehera ezagutu du, eta oraindik ez da atzeraldi horretatik atera. Hori eragin duten faktoreak hauexek dira, besteak beste:
Gaur egun, erromeriak desagertzeak, dibertitzeko moduak aldatzeak, dultzainero tradizional gehienak hilda egoteak eta Nafarroako gaita hedatzeak Bizkaiko dultzaina bere lekurik gabe utzi dute. Bizkaiko dultzaina berreskuratzeko aukerek hainbat norabide dituzte:
Bizkaiko dultzainaren ekitaldi orok bere historia eduki behar du kontuan, baina iraganean kokatuta geratzeak instrumentuaren fosilizazioa ekar dezake berekin. Bi jarrera osagarri horien arteko orekak definituko du XXI. Mendeko dultzainaren etorkizuna.
Artikulu honen egilea, dultzaina jotzen "trikitixa", danborra eta panderoarekin batera,Iurretako "trikitilari egunean" (1994ko urriaren 2an)