ES | EU | EN

Euskal pilotaren kultur historiari buruzko hausnarketa

  • Kazuyuki Taketani. Kobeko, Japonia, Atzerriko Ikerketen Unibertsitateko antropologia eta kirolaren historiako irakaslea
  • 09/ 12/ 2019

Artikulu honetan, egileak, Kobeko (Japonia) Atzerriko Ikerketen Unibertsitateko irakasleak, folklorea osotasun batean aztertzea proposatzen du, non dena elkarren artean erlazionaturik dagoen. Hor, pilota jokoa da oinarri, eta bizitza tradizionalaren idiosinkrasia erakusten digu. Gogoeta hau ez da Bizkaiko kirolera mugatzen, aitzitik, Euskal Herriko gainontzeko eskualdetako kirolarekin lotuta egongo da.

Teniseko historiaren ikerketan, egile askok deskribatuta, tenisaren jatorria, hedapena, onarpena eta transformazioaren berri badugu. Europako pilota jokoen artean, honakoak ditugu: Goto irletako (Suedia) Perc, Katsen (Freesland), Tamblero (Italia), etab., baina euskal pilotak, Euskal Herriko bertako jokoek, atzerriko herrialdeetan aurkitu ezin diren modalitate piloa du. Hainbeste modalitate egoteko arrazoirik ez dugu aurkitzen, bakar-bakarrik, pilota modalitate honek kirol tradizionaletan bariante asko gordetzen dituela.

Diotenez, entretenimendutik edo euskal nazionalismoaren adierazpenetik omen dator kirola. Baina Euskal Herriaren historia konplexuak ez digu argi ikusten uzten, eta Euskal Herria eta atzerriko herrialde edo komunitate desberdinen artean trukea eta transformazioa egon zela esan nahi du. Adibidez, Santiagora egiten zen erromesaldia garrantzitsua zen. Frantziako Pirinioetako muga zeharkatzen denean eta euskaldunen lurra agertzen denean Santiagoko katedralera joateko, erromesek Euskal Herriko bideetatik igaro behar dute, bai bide luzea bai laburra aukeratuta ere. Horregatik, erromesen eraginetik, kultura desberdinen nahiz beroien ekonomiaren eraginetik sortu da euskal kirola.

Euskal Herriko eta Espainiako historian, atzerritarren aurkako borrokan eta erromatar, godo, franko, mairu eta abarren aurkako borrokan, penintsulako gizon-emakumeek zibilizazio desberdinetako kultur eraginak jaso dituzte. Horregatik, jatorri kulturala lausoturik gelditu da edo konplexua da.

Arkitektura eta artearen munduan kultura desberdinen aztarnak ikus ditzakegu, nahiz ikerketa kultural historikoetan idatzi tradizionalik ez daukaten. 1992ko abenduaren 30ean, Caro Barojak, Berako "Itzea" bere etxean, zera esan zidan: "Hemen, Beran, mugatik gertu dagoenez, kulturaren trukea egon da, eta ekonomiarena ere bai. Gauza guztietan izan du eragina. Horregatik nago hemen". Hitz hauek adierazten dute euskal eremuak beste kulturak onartu dituela eta transformatuz joan dela.

Kurodak, bere liburuan, zera dio: "gizarte tradizionala beti aldatuz doa. Zehazki hitz eginez, "tradizional" hitza erabili ezin dudanez, Caro Barojak bai pentsatu zuela "tradizio" hitzean orokorki eta transformazioan. Berak, euskal gizartearen ikuspegi dinamikoa aipatzen du. Zuzena da ondorengo iritzia, neurri batean: "euskaldunak tradizioaren zaintzaileak", baina alde batetik bakarrik, eta hori zuzendu beharra daukagu. Euskal gizartea pixkanaka aldatzen doa, bestela, ez du aldatu beharrik, hirietan ez bada. Iritzi hori atzerritarrena da, egoera ongi ezagutzen ez dutenena, eta euskaldunak antzina bezala bizi direla diote. Gauza bera gertatzen da kirolean ere. Onartzen badugu arbasoen kirol tradizionalak ez direla batere aldatu, ezin dugu ezer pentsatu eta ikertu, Ingalaterrako ikertzailea den Bobsbomek (1992) dioen bezala. Euskal kulturak beste kultura batzuen eragina jaso du eta horrek kultura kontserbatzen lagundu izan dio, eguneroko bizimoduaren barnean eta berez duen balioarekin.

Ideia hau berresteko, euskal kirolen barnean egiaztatzea egokia da. Bidezkoa da ikustea Euskal Herrian antzinako pilota jokoen modalitate asko gordetzen direla, Europako beste pilota jokoekin ere aldera ditzakegularik. Euskal Herriko kirolaren ikerketak, euskal jatorrizkoak deitzen direnekin lotuta daude.

Laxoa, Nafarroa iparraldean gorde den modalitate bat da, euskal pilotaren barnean modalitaterik antzinakoena da. Baztan eta Malerrekako bailaran jokatzen da eta, noski, ez dute ez pilota valentziarra eta ez kanariarra sartzen.

Pilota zuzenen artean hiru mota daude: laxoa, pasaka eta errebotea. Diotenez, horien artean, laxoa eta pasaka omen dira zaharrenak. Bitartean, beste biak baino zaharragoa ez da errebotea, eta saski motza erabiltzen du (joko-garbia). Laxoa ez da zeharkako joko bat, frontoian jokatzen den horietakoa, aitzitik, plazan jokatzen da, herri erdian. Erdiko sarerik ez dago eta arraia bakarra da. Pasaka, "benetako tenisa" bezala, saredun trinketean jokatzen da. Laxoa eta pasakaren arteko desberdintasuna, arraia edukitzean datza. Laxoak badu, pasakak ez. Biak zaharrak diren arren, hemen ez dugu pasaka aztertuko, laxoak baino arautegi sinpleagoa du eta.

"Arraia" horrek "jue de paume" deritzona dauka, tenisaren eta Europako tenis jokoen jatorria. Kirola-kulturaren erlazioa dago. Tenis jokoen ikerketa historikoetan, barnealdekoak dira nagusi. Oraingo honetan aire libreko jokoaren, laxoaren historia kulturala aztertuko du, arraiaren arautegiaren gakoa jarraituz.

Laxoaren historia laburra

Joko hau, bai laxoa eta bai bote luzea, antzekoak dira, baina azkeneko horretan eskua erabiltzen da. Laxoa hitza euskal hitza da, gazteleraz, "juego a largo" esan nahi du eta frantsesez "longue paume" da, "jue de paume" izenekoaren modalitate bat. Laxoa hitza, eskularruaren lagunek edo eremu hartako pertsonek "laxua" ahoskatzen dute. Bombín Fernández eta Bazas-Urrutiak adierazten dute ahoskera hori Euskal Herritik kanpoko eragina dela.

Horren jatorria, Laxoa Elkarteak dioenez, artzainek mendian jokatzen zuten pilota jokoan dago, alegia, soropil edo pilota-soro deiturikoan. Artzainak baserrietara jaisten ziren eta jendearen artean zabaltzen zuten. Hemeretzigarren mendearen amaierara arte, euskal herrian ezagunagoa izan zen. Nafarroako iparraldean, Gipuzkoan, Bizkaiko parte batean eta Frantziako beste batean jokatzen zuten. Jokalaririk ezagunena Perkain da, hemezortzigarren mendearen amaieran eta hemeretzigarrenaren hasieran agertu zena. Frantziako erreboluzioaren aurka zegoelako Baztango bailaratik ihes egin zuen eta Baigorriko haranera joan zen, eta Alduden bizi izan zen. Diotenez, haren ospe eta jarduera bikainagatik laxoaren historiaren lehen orrietan agertzea merezi zuen. Hemeretzigarren lehen mende erdian aurkitzen dugu joko honen etaparik ezagunena; herri arteko partiduak, erregio eta nazioarte mailakoak, denak joaten ziren partiduak ikustera, beti igande arratsaldetan. Esaten denez, Irunen jokatutako laxoa partidua, gipuzkoar eta frantsesen artean jokatutakoa, izan omen zen ospetsuena.

1870ean "de ble" modalitatea agertu omen zen, pilota frontisaren aurka botatzekoa, zeharkako jokoa, eta laxoa galtzen hasi omen zen. Modalitate berri hori pilotarien artean sartu zen. Baina Baztan eta Malerrekako bailaretan laxoaren jatorrizko modalitatea gorde da eta modalitate berriaren ondoan iraun du. Kontserbatzeko ahaleginak egiten diren arren, gazteek kirol modernoetan jokatzea nahiago dute.

Laxoaren arauak

Laxoan, oinarrizko bost elementu daude: eskularrua, pilota, botarria, plaza eta arauak.
Eskularrua: bi motatako eskularruak daude: laburra eta luzea. 900 eta 1100 gramo dituzte. Behi larruaz eginak daude eta jaurtitzeko kurba bat daukate. Laburra boleorako erabiltzen da, eta luzea jaurtitzeko. Jaurtiketa ez da beisboleko kolpearen antzekoa; izan ere, hartzen den une berean, mugimendu berarekin pilota jaurti egiten da, kurba erabiliz. Horri deitzen zaio hartu eta jaurtitzea.
Pilota jokoetako berezitasunak dira, orokorki. Baina zaila da biak bereiztea. Euskal Herrian eskularruaren bi artisau bizi dira, Doneztebeko Eusebio Arregi eta Labaiengo Frorentino Ibarra, eta ez dute ondorengorik.

Pilota: mundu primitiboan pilota mota asko daude. Adibidez, pilota betea, korapilatua, puztua, ateratakoa, moldeatua, bildua, fruitua, etab. Euskal Herrian bildua erabiltzen da. 65 milimetroko diametroa du eta 115 eta 125 gramo bitartean pisatzen du. XIX. mendearen erdialdean pilota handia erabiltzen zen (90 milimetroko diametroa zuen), XX. mendearen hasieran goma sartu zen eta egun airezko pilotara aldatu dira.

Botarria sakea egiteko harria da. Herri bakoitzak bere botarria dauka, tripodearekin. Antzina harrizkoa zen, batzuetan egurrezkoa izan ohi da, baina gaur egun ez da erabiltzen eta jende gutxik daki erabiltzen zela ere. Botarria alde batera makurtzen da pilota ateratzeko, eta altuera alda daiteke.
Plaza: soropila edo pilota-soroa deitzen zioten mendiko kantxa bati. Euskaraz, pilotan jokatzeko tokia esan nahi du. Batez ere belarrezko kantxa da eta batzuetan ez da batere laua; arraia zulaturik adierazten zuten eta boterik gabe jokatzen zuten, bote erregularrik espero ezin zitekeelako. Jokoen hasieran ez zuten botarririk erabiltzen, gero hasi ziren erabiltzen, eta kantxaren ertz batean jartzen zuten.

Soropila herriko plazara aldatu zuten, plaza libre bat erabiltzen zuten, gaur egun erabiltzen jarraitzen den horietakoa, eta elizaren pareta aprobetxatzen zuten. Jokalariek paretaren kontra jokatzen zuten eta pareta arautegian jasota zegoen.

Gaur egun, plaza, herri baten erdian kokatzen da, elizatik gertu. Inagakik dioen bezala, plaza toki onean dago, gure ustez toki santua izango zen batean.

Plazan jokatzen dutenean, batzuetan arautegi berezia behar izaten dute, baldintzak desberdinak izatean. Zorua asfaltaturik dago edo zementuzkoa da, eta ez antzina bezala, lurrezkoa. Gainera, plaza guztiak ez dira berdinak, alboko luzera 60 edo 100 metrokoa da, bestea 12 edo 20 metrokoa, eta oraindik badira beste errektangeluar batzuk ere. Plazaren hondoan frontisa dago, lehen txikia zena eta orain handia, "de ble" agertu ondoren. Plazaren inguruan herriko etxeak daude, eta elizako eta etxe bakoitzeko paretak aprobetxatzen dira. Duela 40 urte herriko plaza bat bazen ere, eta frontoia eta etxea eraiki ziren arren, zenbakiak murriztu egin zituzten.

Arraia: gazteleraz "chaza", frantsesez "chasse", italieraz "caccia", portugesez "caca ". Covarrubiasko altxorrean berretsi dezakegu gaztelerazko "chaza" gaur egun ezagutzen dugun "raya" edo arraia esan nahi duela. Eta ingelesezko "chase", pilotaren bigarren botea da.
Laxoaren partiduan, lehenik kantxa parte berdinetan banatzen da. Gero, ekipo bakoitzaren kantxa propioa zehazten da. Arraia jokatzen denean, zelaiaren garbitasuna berezia da, hau da, kantxaren desberdintasuna. Gillmeister, ikertzaile alemaniarrak, bere liburuan Erdi Aroko arraiaren azalpena egiten du, Zaterland-en adibidea erabiliz. Arautegia bera da. Scainoren liburuan, 1555ean idatzia, gauza bera irakur dezakegu. Gainera, Erdi Aroko pilota jokoek arraiaren arautegi bera gordetzen dute. Beraz, laxoak Erdi Aroko modalitatea jarraitzen du. Eta posible da garai hartako pilota europarraren jokoaren antzekoa izatea.

Arraiaren egitura eta mugimendu fisikoa

Zelaia banatzen den arte bi ekipoek berdintasuna daukate. Baina arraia zehazten denean, kantxaren aldea aldatu ondoren, ekipo batek abantaila du partidurako eta besteak alderantziz. Zer esan nahi du honek? Esaten dutenez, arraia jokatzea omen da joko honen helburu nagusia eta benetako xarma. Baztan eta Malerrekako haranean ez dakite zein den bere zentzua zehazki.
Arazo hau, bibliografia historikoan oinarrituz aztertuko dugu.

Scainok, 1555ean Erregeri oparitutako liburuan, dio, tenis jokoetan arraia egiten dela:
"jokatzen jarraitzen dutenean sakedun jokalariak edo besteak pilotaren indarra galtzen den arte, edo partiduetako batean pilota zoruan gelditzen den arte. Arraia moduko batekin markatzen da, pilota gelditu den tokian. Hori, kolpatutako pilotaren marka da. Gehienetan arraia egiten da pilota kolpatu eta kantxa barnean mugatutako lerroa igarotzen ez duenean eta kolperik ez dagoenean. Hau da, bi kasu horietako bat gertatzen denean, ez da arraia markatzen , tantoa egiten da" Zelaia aldatu ondoren arraia jokatzen dutenean, "tantoa lortzen da markatutako arraia bat beste ekipoari hurbiltzen zaionean".
Horrek esan nahi du baliozkoa dela arraiatik atzera pilota jaurtitzea. XVI. mendean, ez zegoen desberdintasunik kanpoko eta barneko partiduaren artean. "Lerroen mugarik gabe" jokatzen zuten partidua zen, aire libreko plaza bat erabiliz. Bitartean, barnean, kantxa sare batez banatzen zen, oso egitura konplexuarekin, galeria, oihal txikia, "tambur", "girlle" eta abarrekin, tantoan eragina zutenak. Kantxa barnean pilota jokorako laguntzaile bat egoten zen. Aire libreko jokoek arautegi sinplegoak zituzten, laxoaren antzekoak.

"Jue de paume" jokoari buruz, XX. mende hasierako Darmanueren iritzia entzungo dugu:
"Ekipo batek pilota kolpatzen du zelai jakin batetik eta ahalik eta urrunen jaurtitzen du. Bestea gelditzen saiatuko da sakea egin den tokitik gertu. Erori edo botea eman baino lehen kolpatzen ez badu, partidua eten egiten da, zerbait markatzen du, paper bakoitza eta zelaia ordezkatzen du. Pilota beti toki beretik kolpatu behar da, kolpatzen duen ekipoak ahalik eta urrunen eror dadila saiatu behar du".
Aire libreko "jue de paume" jokoak ere antzeko arautegi dauka, paretak edukitzean bakarrik bereizten da. Arraia bigarren botea da, baina ez dago arraiaren lerrorik.

Joko hau laxoa da, zehazki. Arraiaren lerroa bakarrik falta zaio. Liburu hau 1901ean argitaratu zen, arraia lerrodun edo gabeko pilota joko asko zeudenean.

Gillmeister-ek esaten du arraia horrek gotorlekuko atea haustearekin zerikusia duela. Batez ere teniseko barneko jokoen aretoan, pilota galerian kolpatu edo sartzen duenean egiten du tanto. Modalitate hau, futbol zelaien eta Erdi Aroko zaldizko jokoen "pas de'armes" haien prototipoa izango litzateke. Ideia honi jarraiki, joko horien barnean pilotarekin antzekotasun bat badu, lerro jakin bat igarotzearekin. Orain arte, mendeetan zehar aldatuz joan da, baina ez dut astirik horri buruz hitz egiteko. Zelai bat bitan banatzen duen arautegia, lurralde zabal baten jabetzaren eskubideari buruz erabakitzeko metodo bat izango litzateke. Arraia jokoetan, ekipo batek beste zelaiaren barnean erasotzen duenean, tanto egiten du.

Konklusioa

Laxoaren egitura historikoa arraia aipatuz pentsatu dut. Laxoaren arraia, Erdi Aroko teniseko jokoen ondorioa dela berretsi dut, eta Euskal Herrian arraia jokatzen zela antzinako literaturetan aurki dezakegu. Baina pilota jokoaren modalitatea ez dugu argi ikusten Pirinio mendietan. Gainera, gotorlekuak hausteko jokoa baino lehenago arraia bazela esaten jarraitzen du. Arraiak, haustearen eraginarekin zerikusia duenaren egiaztapena geratzen da, gutxienez.

Euskal pilotaren historian, joko hau artzainena dela esaten da. Artzainek mendian pilotan jokatzearen arrazoia, artaldeak erabiltzearen teknikan egongo litzateke. Baina teknika hau ezaguna da pilotaren historian, eta horren inguruko xehetasunen inguruan ez da eztabaidatzen. Pilotaren jatorria, Pirinioetan eguzkia gurtzearekin lotuta egongo litzateke, edo oso antzinako historian erritu baten ondorengo jokoa izan zitekeen, gaur arte kontserbatua. Beraz, artzainen arteko joko bat, kristautasuna baino lehen.
Laxoaren hiru euskal kolaboratzaile, bi jokalari eta ikusle baten testigantzek adierazten dute baserrietako gazteak lursail komun batean biltzen zirela eta laxoan jokatzen zutela. Hau da, bi mota zeuden, mendietakoa eta herrietakoa. Artzainek erabiltzen zuten zelaia herritik gertu zegoen eta elkartzea erraza zen, eta noizean behin herrixketara jaisten ziren. Fenomeno hori, abereen joan-etorrien gainbeherarekin eta bizimoduaren transformazioarekin lotuta dago.

Pirinioetan pilota soroak geratzen dira, horrek esan nahi du artzainek pilotan jokatzen zutela. Baina hori ezin dugu, gehiegi luzatu gabe, aipatutako laxoarekin identifikatu.

Eskerrona

Artikulu hau, FIPVeko Jose Iraundegi eta Josean Iraundegiren laguntzari eta Eskularruaren Lagunak elkarteko Tiburcio Arrastoaren laguntzari esker egin da.

Bibliografia

Abril , E., (1971), Dos siglos de pelota vasca, Madrid.
Aguirre Franco, R., (1979), Euskal Herriko Entziklopedia, jokoak eta kirolak, Auñamendi, Donostia.
Aguirre Franco, R.,(1983) , Gure Herria , Euskal Herriko jokoak eta kirolak, Kriselu , Donostia.
Allaux , J-P., (1993), La pelote basque de la paume au gant , J&D ediciones.
Baradiarán, J.M.,(1978), Euskaldunak , Etor , Donostia.
Blazy , E., (1929) , La pelote basque , Bayonne , Pialloux.
Fernández , L.B. y Bozas-Urrutia ,(1976) , El gran libro de la pelota , Deporte universal (2 tomos) , Madril.
Caro Baroja , J., (1971) , Los vascos , Ediciones Istmo, S.A., Madril.
"Kirolak-Lur" ekipo editoriala, (1990), Nosotros los vascos Lur Agritaletxea.
Gillmeister , H., (1990) , Kulturgeshichite des Tennis , Wilhelm Fink Verlag , München.
Inagaki , M., (1997) , La relación entre el origen de los juegos de tenis y los de pelota , Los estudios de la Historia de Deporte ,No.10 , La Sociedad de la Historia de Deporte. Japón
Landa , X., (1991) , Pelotari su entorno , Xabier Landa , Iruñea.
Llopis Bauset , F., (1987) , El joc de pilota valenciana , Valentziako Udala argitaratzailea, Valentzia.
Luze , A.,de ,(1933) , La magnifique historie du jeu de paume , Bordeaux: Delmas , París: Bossard.
Moreno Palos , C., (1992) , Juegos y deportes tradicionales en España , Alianza Deporte , Madril.
Ollaquindia, R., (1982) , Pilota jokoa Nafarroan, Nafarroako Etnologia eta Etnografia Koadernoak, 14 , 39. zk., Bianako Printzea Erakundea, Iruñea.
Omote , T., (1997) , En busca del origen de tenis , Taisyukan Syoten , Tokio.
Pena y Goni, A., (1988), La pelota y los pelotaris, Amigos del Libro Vasco argitaletxea, lehenengo edizioa 1892an.
Scaino , A., (1555) , Trattato del Guioco della Palla , Venezia.
Taketani , K., (1987) , Estudio sobre las modalidades de la pelota vasca , Kobegaidaironso , 38. liburukia , 5. zk. , Kobe.
Taketani, K., (1997), Estudios de los juegos de tenis y pelota vasca desde los documentos del año, Kobegaidaironso , 48. liburukia , 4. zk. , Kobe
Tudela de la Orden, (1969), El juego de ambos mundos, Citius Altus Fortius , t.‡[ , fasc. 3-4 , INEF editoriala, Madril.
Tujimoto, Y., (1998) , El reglamentos de los juegos del paume frances en el siglo 16 , Kobesyoinjyogakuindaigaku y Kobesyoinjyogakuintankidaigaku, 39. zk. , Kobe.
Villareal , P., de , (1984) , Baztango Etnografia, Zatiak, Nafarroako Etnologia eta Etnografia Koadernoak, 16 , 43. zk. , Bianako Printzea Erakundea, Iruñea.