ES | EU | EN

Historia eta geografia

  • 15/ 10/ 2001

Historiarik gabeko Herria kulturarik gabeko Herria da. Herri baten Kultura, letra handiz idatzita, sinesmenak, esaerak, jarduera ludikoak eta lanari ekiteko eta amaiera emateko moduak bere osotasunean hartuta dira, gizarte eta ahaidetasun harremanak dira, arte xehea eta larria da, defentsarako eraikinak, etxebizitzak, identitate ikurrak eta berorien mugak, eguneroko zereginak dira, beren adierazpide guztietan, arrotzaren ikuspegitik gauzarik xehe eta nimiñoena izanik ere.

Alabaina, Herri bat eta bere Kultura aldatu egiten da denboraren poderioz, forma berri batzuk bere egiten ditu eta beste batzuk baztertu; eta bere jarduerak justifikatu, arrotzenak kritikatu, errepertorioak berritu, ikuskizunak debekatu, erritualak eta beste mila adierazpide garatu egiten ditu bere historian zehar.

Hori horrela, herri baten sustrai historikoetara ez ezik, sinbolikoetara ere hurbiltzeak Historian hark duen posizioa ulertzea dakar berekin; baita haren koreografiak aztertzeak eta haren mundu imaginarioan murgiltzeak ere, eta halaber haren kokapen geografikoa kontuan hartzeak.

Dantza bati, kantu, poesia edo bestelako edozein arte adierazpeni bezalaxe, ederra iritzi diezaiokegu, baina ikerketa zehatzago batek haren barruraino, muineraino bultzatu behar gaitu, dantzariak, bere unerik pertsonal eta garrantzitsuenean, bere burua adierazteko duen beharreraino alegia.

Berriro ere, ideia horiek ingurua xehetasunez aztertzea dakarte berekin, gizarte testuingurua alegia. Dantza berberak, Mircea Eliadek Itzulera Eternaleko Mitoan esan bezala, zoriona nahiz nigarra, beste munduarekiko lotura adieraz baditzake edota, aitzitik, harremanik mundutarrenak, kontua da esanhai horiek sortzen diren unearen arabera, edo erakusten diren unearen arabera erabaki beharko direla. Marinel herri batek, hala nola Lekeitiok, Itsasoari begira beteko ditu funtzioak eta beste batzuek berriz, Lanestosa menditarrak adibidez, nekazaritza eta abelzaintza gizarteari dagozkion erritualak izango ditu; Durangaldearen eta Xemeinen mugako kokapenak baliteke gizontasunaren erakusgarriak diren agerpenak ematea, baina ezin dugu beste interpretaziorik baztertu.

Hala, lurraldea, lurralde barruko kokapena, aldameneko herriekiko giza eta politika harremanak, historia, sinesmenak, mitoak eta erritualak aztertzeak dantza horiek egiten dituen Herriaren sentipen sakonera gehiago hurbiltzea ahalbidetuko digu.

Lurraldeak:

  • ABADIÑO
  • BERRIZ
  • DURANGO
  • GARAY
  • IURRETA
  • IZURTZA
  • LANESTOSA
  • LEKEITIO
  • MAÑARIA
  • MARKINA

1. Abadiño

36.26 Km2-ko herria. Abadiñoko diru iturri nagusia basoak, nekazaritza eta erlezaintza dira gaur egun. Nekazaritzan oinarritutako gizartea da, beraz; hala ere, industrializaziorako joera du, enpresa elektrikoak direla-eta. Durangoko Batzarretan 1. lekua izan zuen. Batzar haiek Muntxaraz etxe ondoan ospatzen ziren lehenbizi, eta Gerediagako San Salbador ermita ondoan gero.

Abadiñoko parrokia eliza Berrizko elizaren jatorriko eliza izan zen, eta 1385. urteaz geroztik San Torkuato Martiriari edo San Trokaz-i eskainia da. Horrez gainera, hogei bat ermita zeuden herriaren lurretan sakabanatuta.

Bolinkoba, Oialkoba, Astakoba eta Albiztei kobazuloetan jendea bizi izan zen historiaurrean.

1051. urtean Armentiako apezpiku Garcia jaunari Busturiako Axpeko eliza eman zioten, eta horrek Abadiñoko abadearen eta San Millangoaren arteko tirabirak piztu zituen. Gorabehera horiek Durangaldeko agureak parte hartu zutenean konpondu ziren; arrazoia bigarrenari ematea erabaki zuten haiek. Horrela, San Millango apezpikuaren babespean gelditu ziren. Beneditarrek herrian bizitzea onartu zuten.

Erdi Aroko bandoen arteko gerra garaian, San Torkuato edo San Trokaz elizan, borroken lekua eta data adierazten zuen bando bat jartzen zen. Abadiño oinaztarren alde aritu zen, eta garai horretan ugari izan ziren babeserako egindako eraikuntzak, hala nola, Muntxarazko dorrea -bertako jabe Pedro Ruiz eta hark senide zuen Nafarroako Urraca infanta 1172an ezkondu ziren- eta beste asko (Abadiño, Trañajauregi, Larrigain, Lebariojauregi, Mendilibar, Murueta, Arbaiza, Estirripa eta Urribarren).

1446-1447 urteen bitartean Gomez Gonzalez Butroekoak, oinaztarren aldekoak, setiatu zuen Muntxaraz dorrea, Abadiñon, eta bonbarda batez bonbardatu zuen. Baina, konkista saio hartan huts egin zuen, hainbat etsai hil zituen eta Arandiako dorrea erre zuen (1486).

XVI. mendean, industria indar hartzen hasi zen Astola, Esterripa, Lebario, Muntxaraz, Murueta eta Trañako burdinolen inguruan.

1666. urtean Vera Cruz-eko gurutze tokia eraiki zen.

1751n Fernando jaunak Abadiñoko biztanleen eskubideak berretsi zituen.

XIX. mendeko karlistaldietan, 1839. urteko abuztuaren 26an, San Antolin ermitaren hurbileko baserri batean, Maroto eta Espartero jeneralak bildu ziren eta Bergarako hitzarmenean izenpetuko ziren oinarriak onartu zituzten bertan.

Bigarren karlistaldiko azken ekinaldi militarra herri honetan gertatu zen 1876ko azaroaren 15ean, Ciria jeneralaren osteek oste karlistak garaitu zituztenean hain zuzen.

Baina hori ez zen oztopo izan magiazko mundu batean mamitu diren antzinako tradizioak gordetzeko. Mundu horretan hainbat pertsonaia daude: besteak beste, Mari, Mariurraka izeneko izakiagan sinesten dute. Mariurraka Mariri ematen zaion beste izen bat da; Muntxarazko neska gazte bat omen zuen gatibu, aurrekoaren izen berekoa. Joxemiel BARANDIARAN ikertzaileak azpimarratzen du Muntxarazko dorretxean, haren jabe Pedro Ruiz jauna Urraca nafar infantarekin ezkondu zela, eta infanta hark lotura sinbolikoa zuela Anbotoko Damarekin edo Marirekin, zeina baita udan Anboton eta neguan Oizen beirazko jauregi batean eta urrezko goru batez iruten bizi den pertsonaia. R. Mª AZKUE ikertzaileak, bestalde, eta J. M. BARANDIARANen azterketari jarraipena emanez, berretsi egiten du Urraca Muntxarazko jaunarekin ezkondu zela XII. mendean, eta hura hil zelarik, desagertu zela dio. Orduan sortu bide zen elezaharra, Anbotoko haitzuloan gorde zela dioena. Ondoren J. M. BARANDIARANek elezahar bat aurkitu zuen, zeinetan esaten baita Nafarroako erregeak Urraca bere alabaren eskua bere gorteko esklabo beltz bati gailentzen zitzaionari eskaini ziola, eta Muntxarazko jaunak lortu zuenez garaipen hura, ezkondu egin zirela. Haien seme-alabak izan ziren Ibon, zaharrena, eta Mariurrika, gazteena. Mariurrikak anaia hiltzea erabakitzen du, horditzeraino ematen dio edaten eta Anbototik behera amiltzen du. Etxean esan zuen istripu bat izan zela, baina Ximelgorriek xaxatzen diote barnea, eta kontzientziako harra ezin lasaiturik, alde egiten du. Harrezkero Anboton eta Sarrimendin agertzen da, tarteka, eta sugar itxura hartzen du Anbototik Oizera aldatzeko. Beste elezahar batek dioenez, irrintzi edo zantzoari hiru aldiz erantzunez gero, etxean sartzen da deabrua. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). Lamiak: Atxarteko haitzuloan Lamiak bizi omen dira, urrezko orraziaz orrazten diren izakiak. Gizonei laguntzen dieten iratxoei Ximelgorri esaten zaie. Gobon Subil: Neguko solstizioan, Gabon gauean, Gabon-Subila erretzen da, eta su horren ingurura biltzen da familia guztia. Eta, azkenik, gaua. Ez dira etxearen inguruan hiru bira egin behar eguerdiko hamabietan, baldin eta etxe barruan erramurik ez badago.

Historiaren eta artearen ikuspegitik leku interesgarriak dira: San Trokaz-en plaza (1732-1738 eta 1762-1780), hilerria (1854-1859), Abadiñoko dorretxea (1591), aipatutako Muntxarazko dorrea (XVI. mendea), XIX. mende bukaerako Urkiolako santutegia, eta Gazteluko auzoko baserriak, XVII eta XIX. mendeen artean eraikiak.

2. Berriz

29.88 Km2-ko herria. Gaur egun zerratokiak eta burdingintza industria txikia nabarmentzen dira.

Durangaldeko Batzarretan 2. lekua izan zuen, eta Gernikako Batzarretara joateko garaian, Merindadeko gainerakoekin zozkatzen zuen leku hori.

Bertako eliza, Abadiñokoaren mendekoa da, San Joan Bataiatzailearen babespean jarri zen 1550. urteaz geroztik. Beste leku interesgarriak dira Andikonako santutegiko eliza (XVI. mendea), Berrizbeitiako baserria (1572) eta Isuntzeko baserria (1678).

Bide bat du, erromatarren bide izan zena eta, idazkun batek dioenaren arabera, 1706. urtean erromesen bide eta Donibane-Lohizunetik Santiagorako bide izan zen.

Bandoen dorre bat ere badago (Arri edo Arria).


1936-1939 urteetako gerran fidel eutsi zion Errepublikari, 1937ko apirilaren 27 arte, urte horretan Franco jenerala buru zuten osteek hartu baitzuten herria mendean.

Irudimenezko eta sineskeriazko munduari dagokionez aipagarria da Mari. Mariri Mariburrika deitzen diote; Mari izeneko neskatxa bat du gatibu, amak egindako agintza baten ondorioz. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). Bestalde, Lamiek garondoan bakarrik dute ilea, txapon edo ogerleko forman. Begizkoa. R. Mª AZKUEk dio, begizkoaren kontra, mahaikide guztiek iturriko uraren ontzian sartu behar dituztela behatzak eta ur hori edan behar duela begizkoak jotako haurrak (Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madril-Bilbo, 1989). Eta beste sineste batzuk ere badaude, esaterako hilerriaren inguruan hiru bira egitea arriskutsua dela esaten duena, hildakoak ateratzen direlako. Elizarako bideak oin-saria daukala esaten da, hildakoak bertatik igarotzen direlako (Andabide). Murgoition, San Joan Bataiatzailearen ermitaren alboan, iturri bat dago, lepoko minak edo Iruntzpekuek sendatzen dituen ura ematen duena.

3. Durango

10.79 Km2-ko herria. Artoa, garia, sagarrak, barazkiak, lekaleak eta bazka landareak, eta pinudiak eta goi lurretako belardiak dira bertako ekonomiaren oinarria. Zerrategiak ere badaude, eta baita burdina lantzeko enpresak ere.

Villanueva edo Tavirako Iriberri izenaz ere ezagutu da Durango. Antzina Nafarroako erreinuaren mendeko herria izan zen eta harexek sortu zuen (1150-1234 bitartean, Antso VI. a Jakintsuak edo VII.a Indartsuak; batak ala besteak sortu zuen ez da gauza segurua). Orella Unzuéren arabera, Durangaldea 1095. urtea arte Iruñeko Erreinuaren barruan egon zen, eta urte horretatik aurrera, berriz, Nafarroako Erreinuaren barruan. Beraz, erresumen arteko lurraldea da, eta horrek azaltzen du zergatik eraiki ziren lurralde osoan zehar babeserako dorreak, beste hainbat herritan bezala.

1179-1180 urteen bitartean, Calahorrako apezpikua izan zen bertan, eta Goi Erdi Aroan Gaztela eta Nafarroako erreinuen arteko bidegurutzea izan zen.

1195. urte inguruan, Durangaldea, Merindade zen aldetik, Gaztelako koroaren mende gelditu zen, eta horrek ondorioz ekarri zuen aurreko jabetza garaian eraikitako dorretxeak deuseztatzea.

1372an, Don Joan Infanteak Foruak eta Pribilejioak onartu zizkion Tavira de Durango izenpean. Ziur asko, Tavira zen herriaren jatorrizko izena eta Durango, berriz, eskualdearena. Urtebete lehenago, 1371n hain zuzen, Bizkaia Gaztelako koroaren pean gelditu zen herentzia kontuak zirela medio.

1393an Bizkaiko jaun eta Gaztelako errege zen Henrike III.a izan zen bertan. Bandoen arteko gerraren garaia zen.

1424. urtean Ibarguen eta Zaldibartarren arteko tirabirek bizirik zirauten oraindik, eta jende asko espetxeratu zen garai horretan.

1427. urtean Durango eta Izurtza eta Mañaria arteko mugak zehaztu ziren.

1443. urtean Abadiño eta Izurtzarekiko mugak eztabaidatu ziren.

Bestalde, 1442-1445 urteen bitartean fraticelli-en heresia frantziskotarra zabaldu zen, sutan bukatu zuena (Alonso de Mella, Zamoran jaioa, izan zen higikunde horren sustatzaile). Garai horretan, protestante aitortu zuen bere burua Nafarroako erreinuak. Eta garai horretan bertan, gogor ekin zioten Gaztelaren eta Nafarroaren aldekoek, eta Ibarguen eta Zaldibar eta Unzueta familien arteko bandoen gerrak sortu ziren.

1457an Gaztelako errege Henrike IV.aren bisitaldia izan zen, eta herrialdeko nobleak haren aurrean agertu ziren. Erregeak Muntxarazko Perutxu eraman zuen eta ospe handia lortu zuen.

1483an Isabel Katolikoa erreginak bisitaldia egin zuen herrira, eta zin egin zuen errespetatu eta gordeko zituela Merindadeko foruak. Lariz-eko dorrean egon zen erregina.

1500. urtean, 54 marinelekin lagundu zion Durangoko herriak Espainiako Errege Gudarosteari; Laredo eta Lekeitioko portuetara bidali zituzten marinel haiek.

1512an "Bizkaiko korrejidoreari agindu bat bidali zitzaion, zeinetan agindua ematen baitzitzaion ez uzteko Durangoko zenbakizko eskribauei beren eginkizunetan jarduten herriko kargu publikoak betetzeko hautatzen zituztenean".

1517an izurriak jo zuen, eta hildako ugari izan ziren. Heresia agertzen da berriz ere.

1551n frantziskotarrek Durangon hartu zuten bizilekua eta komentua eraiki zuten.

1554an sute izugarri bat gertatu zen, eta harrizko etxe bakar batzuk besterik ez ziren zutik gelditu.

1566. urtea arte liskarrak izan zituzten Abadiñokoekin, eta erregeak, azkenik, auzian esku hartu behar izan zuen. XVI, XVII. mendeetan, eta baita XIX. mendean ere, lurralde osoan zehar hedatzen dira heresiak.

XVII. mendean Durangoko herriak ganboarren alde eman zuen botoa, Merindadeak, aldiz, Ganboarren eta Oinaztarren artean banatu zuen bere botoa.

1630. urtean bandoen arteko bakea izenpetu zen.

Handik urte gutxira Espainia eta Frantzia arteko gerra sortu zen eta 1636. urtean erabakitzen da muga herriak munizio armategiez hornitzea. Handik urtebetera, erregeak soldaduak behar zituen bere osteetarako eta Durangok deiari erantzun zion. Lekeitio defendatzera abiatu ziren oste haiek.

XVIII. mendea bake garaia izan zen, eskualdeko ekonomiak, ordea, behera egin zuen. Felipe V.a erregearen aldarrikapenarekin hasi zen mendea, 1701. urteko urtarrilaren 7an hain zuzen. Aldarrikapen hori ospatu egin zuten herrian.

1732. urtean, biztanleek gero eta alkohol gehiago hartzen zutela-eta, alkohola debekatzea proposatu zen.

1795. urtean frantsesak Durangon sartu ziren, eliza eraitsi zen eta hilerria eraiki zen haren lekuan. Urtebete lehenago bizkaitar osteak herri horretan bildu ziren frantsesei aurre egiteko. Baina, 1895eko uztailaren 2an frantses osteek mendean hartu zuten herria.

1813an Durangok Cadiz-eko Konstituzioa onetsi zuen. Frantses osteak erretiratu ondoren eta bake denboraldi labur baten ondoren, arazo ugari sortu ziren Espainiako erregetzarako ondorengotza zela-eta eta gerra zibila piztu zen Karlosen aldekoen eta Isabelen aldekoen artean. Durangoko herriak lehenengoen alde egin zuen, eta 800 gizonek hartu zituzten armak (1872-1876). Azkenik, 1875ean Isabelen aldeko osteak gotorlekuan sartu ziren eta, indarrez, bake denbora ezarri zen.

Karlistaldiaren ondorioz asko sufritu zuten herritar zibilek, eta gazteak, bitartean, frontean ari ziren borrokan. Liberalek gogor eusten saiatu ziren, baina babesa ezin gorde zutenean, amore eman behar izan zuten karlisten aurrean.

Bigarren karlistaldian (1872-1876) herriaren izena hartu zuen batailoia osatu zen Durangon. 800 lagunek osatzen zuten batailoi hori, baina horietatik 300ek ez zuen armarik.

XIX eta XX. mendeetan garai hartako ekonomia liberala nagusitu zen, eta 1927an Iurreta Durango barruan sartu zen, 1991. urtea arte.

Azkenik, 1936-1939 bitarteko Gerra Zibilean, hegazkinek biztanle zibilak bonbardatu zituzten; 500 biktimatik gora izan ziren eta gosea eta gaixotasun ugari etorri ziren haren ondoren. Bonbardaketa haien asmo nagusia hau zen: "biztanle zibilak izutu eta errepideetara etxeak eraitsi garraioei bideak ixteko". Bigarren helburua, ordea, ez zuten lortu; hala eta guztiz ere, Altxamendu Nazionala, Erregimen Faxista, nagusitu egin zen. Francoren erregimenaren altxamendu militar eta faxistaren aurka egiteagatik "Probintzia traidore" esan zioten lurraldeari.

Orduz geroztik eskulan ugari iritsi zen Espainiako gune pobreenetatik, eta horrek, aldi berean, berarekin ekarri zuen ezkutaturik zeuden tradizioak galtzea.

Hala eta guztiz ere, kristautasunaren barruko borrokek, politika tirabirek eta sineskeria paganoek bizirik iraun zuten, ezkutaturik, jendearen arrazoibidean. Anbotoko Sorgina esaten diote Mari izadiko jainkosa handien irudia adierazten duen pertsonaia orokorrari inguru honetan. Jantzi ederrez jantzita agertzen da, eskuetan beirazko jauregi bat duela, Mari, o el Genio de las Montañas liburuan kontatzen denez (LGEV, I liburukia, Bilbo, 1972), edo hodei zuri moduan; Begizkoari aurre egiteko ur bedeinkatutan bustitzen dira hatz erakuslea eta luzea eta begizkoak jotakoaren begiak ukitzen dira hatz horiez, eta azpimarratzeka da, orobat, harrian landutako ordots irudia, Eguzkiaren eta Ilargiaren irudiekin, zeina baita Ama Lurraren iruditzat hartua; gaur egun Bilboko Etnografia Museoan dago ikusgai. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Turismoaren eta kulturaren ikuspegitik interesgarriak dira, besteak beste, Santa Maria Uribarriko eliza (1510, 1622-1667), San Agustin eliza eta komentua (1662-1685), Santa Ana plaza (1722, 1743), Etxezarreta jauregia (1760), eta XX. mendeko beste eraikuntza batzuk, ondorengo hirigintza lanetarako eredu izan direnak.

4. Garay

Batzar Nagusietan 6. lekua du.

Bi eliza nagusi ditu, San Migel Goiangeruarena bata, XVI. mendearen hasieraz geroztikoa eta Abadiñoko San Torkuatokoaren mendekoa, eta San Joan Ebanjelariarena bestea. Horiez gainera, hainbat ermita daude bertako lurrenetan sakabanatuta. Hala eta guztiz ere, bertako festa nagusiak ez dira santu horiei eskainiak; Santiago eta Sata Ana egunak ospatzen dira batez ere, beren ohorezko prozesio eta dantzekin.

Ekonomia jarduera nagusia, baita gaur egun ere, zurgintza, nekazaritza eta abeltzaintza dira, eta errementaritzak indar handia hartu du azken urteetan. Nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritutako ekonomia jarduera horren ondorioz, antzinatik garaiak erabili behar izan dira eskualde horretan, Etxeta baserrian esate baterako.

Interesgarria da, kulturaren ikuspegitik, Garatikua jauregia, 1574. urtean berritua.

Herritarren irudien artean era askotako izakiak daude, eta baita era askotako sineskeriak eta sinesmenak ere, hala nola, Mari. Izadiko jainkosa handien iruditzat hartzen da eta Mariburrika izenaz ezagutzen dute hemen (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). Bestalde, garatxoak sendatzeko gari alez igurtzi eta ondoren aleak harri azpian gorde behar direla dioen ustea ere badago. Arriskutsua da hilerriaren inguruan hiru bira egitea. Katuak ekialdera begira garbitzen badu aurpegia, eguraldi ona dator, eta mendebaldera begira badago, berriz, euria izango da. (R. Mª AZKUE, Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madril-Bilbo, 1989).

5. Iurreta

Iurretako historiaren eta Durangoko historiaren artean lotura handia dago, udalerri haren barnean egon baita Iurreta 1990. urtea arte.

Historiaren ikuspegitik interesgarriak dira Ertzilako garaia (1665. urteaz geroztik ezagutzen dena), Andre Mari ermita, Goikola jauregia (1630. urte ingurukoa), eta San Migel Goiangeruaren eliza. Santu horri eskaintzen zaizkio festa nagusiak. Aipagarriak dira, bestalde, San Joanen ohorezko festak eta inauteriak.

Mundu magikoari dagokionez, eskualde edo merindade horretako sineskeria eta errito guztiak jarraitzen ditu Iurretak. Hala ere, zenbait egilek datu zehatzak eman dituzte, oro har, eskualde horretako beste herrietakoekin bat datozenak. Esate baterako, Gabon gauean ebakitzen den lehen ogi xerra urte guztian gordetzen da: ekaitza baretzen omen da airera jaurtiz gero. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

6. Izurtza

4.32 Km2-ko herria.

Bertako ekonomia jarduera nagusia nekazaritzaren ingurukoa da, nahiz eta biztanleak poliki-poliki inguruko herrietako industrietara joan diren lanera.

Gerediagako Batzarretan 11. lekua zuen.

Aipagarria da, historiaren ikuspegitik, Etxaburuko dorrea, Ortuzar auzoan. Antzina erromatarren garaikoa zela esaten zen, baina ezagutzen den daturik berrienek diote Henrike IV.ak suntsitzeko agindua eman zuela eta XVI. mendean eraiki zutela berriro.

Hirigunearen barruan beste dorre bat dago, Bekotorre, aurrekoaren antzeko funtzio militarrak izan zituena.

Festei dagokienez, Izurtzako egun handia Irailaren 8a da, Andre Mariaren eguna.

Sineskeria magikoei dagokienez, berriz, inguruko beste zenbait sinesmenekin bat datozen sinesmenak agertzen dira, hala nola, Etxaburu edo Etxeburu izeneko dorrea, haitzulo natural batek zeharkatzen duena, Lamien bizitokia dela esaten da (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

7. Lanestosa

Kokapena

Lanestosa herria Bizkaiko probintziako mendebaldekoena da, Kantabriako Autonomia Erkidegoaren edo Santanderreko probintziaren mugan. Izan ere, beste lurralde hark inguratzen du bere naturgune osoa, Karrantza mendiak izan ezik, horiek ere Bizkaikoak baitira. Herri txikia (probintziako txikiena), mendiaren eta ibaiaren artean kokatzen da; bi Erkidegoak bereizten dituen ibaiak historikoki auziak sortu ditu mugak eta artzaintzarako larreak, eta baita administrazio kontuengatiko hedatze aukerak direla eta.

Historia

Badira historiaurreko herriaren aipamen batzuk. Bere inguru hurbileneko kobazuloek, bere eskualdean nahiz hurbileko lurraldean, Bizkaian nahiz Kantabrian, ehiztari-biltzaileen talde txikiak zituen Paleolitoko habitataren berri ematen digute. Handik hurbil garai batean eskualdean bizi ziren animaliei buruzko pinturadun kobazuloak daude; elur oreinak nahiz basurdeak ageri dira, eta hala, historiaurrean asentamendu iraunkorra izan zela pentsa dezakegu.

Aurrerago, bertako populazioak azkar erromanizatu ziren, eta euskarazko toponimoen galerak erakusten digunez, akulturazio prozesua oso bortitza izan zela dirudi.

XIII. mendean, herria Bizkaiaren menpe geratu zen. Hemendik aurrera, bere historia Enkarterrietakoari txertatuta geratuko da.

XVI. mendearen bukaeran, izurritea hedatu zen bere mugetan, eta erreguteak, prozesioak eta botozko ekintzak egin ziren biztanleek gaixotasuna harrapa ez zezaten. Garai hartan, halaber, artilearen eta beste hainbat artikuluren salerosketa garatu zen Mesetaren eta Laredoko portuaren artean, eta pasabidea bere mugak zeharkatuz finkatu zen. Orduan, Lanestosa merkagaiak Burgosetik nahiz Karrantzatik itsasorantz eramateko igarobide natural gisa hazi zen.

Dena den, alde batetik Bilboren, eta bestetik Castro, Laredo eta Santanderren arteko norgehiagokak posizioak hartzera behartu zituen bertan sortzen ari ziren burgesiak, eta horiek lehena eta azkena hautatuko zituzten behin betiko, Castrok eta Laredok eduki ahal izango zuten hegemonia galduz horrela. Hala, Lanestosak mendiko portu izateari utzi zion, ordura arteko atsedenleku eta ostatu izateari alegia, eta bere baitan bildu zen.

XIX. mende osoan zehar, Penintsulako iparraldea karlisten eta isabeldarren arteko gerrateetan murgildu zen, tradizionalisten eta liberalen arteko borroketan, eta Lanestosa ez zen hortik kanpo geratu.

Eta, azkenik, XX. mendera iritsi gara, mende bat lehenago iragarritako industria astuna finkatzen den garaira. Ibaizabaleko Ezkerraldeak hain berezkoak dituen metal fabrikek eta beste garai batean eragotzitako itsasorako irtenbideak, populazioaren hazkundea mugatu dute berriro ere, aurreko urteetan bezala emigratu egiten baitu. Lanestosak, berriro ere, biztanleria murriztuta ikusiko du, hainbat urtez deserriratze ekonomikoan bizi ondoren, euren lurraldera itzuli diren biztanleek soilik hazia.

Mitologia

Lanestosako pentsamendu magikoa eta mitologikoa ezezaguna da gaur egun, eta ez dugu haien erreferentziarik, ez gaurkorik eta ez lehenagokorik.

Gabezia horren arrazoia, gure ustez, euskaraz mintzo ez den euskal populazioa (Bizkaikoa) denez, euskal pentsamendua aztertzeko euskaraz mintzo diren eskualdeetara jotzea nahiago izan duten ikertzaile etnografikoek eta antropologoek alde batera utzi izana da. Bestalde, Kantabriako antropologoek, azterlanak beren Probintziara mugatu dituztenez, ez dira ausartu handik kanpo geratzen den eskualdean sartzera.

Lanestosako mitologia eta pentsamendu magikoa, beraz, hurbileko herrietan jasotako datuen arabera soilik berreraiki dezakegu.

Joaquín GONZALEZ ECHEGARAYk eta Alberto DÍAZ GÓMEZek (1) fantasiazko pertsonaien kokapenari buruz ez dute ia daturik ematen; hortaz, eskualde honetan pertsonaia haiek badirela suposa badezakegu ere, Lumia eta Guajona batez ere, autoreen ustez euskal Lamiekin pareka daitezkeenak, kontua da Neptuno mota bat soilik aipa dezakegula eta haren brontzezko irudikapen eskultorikoa El Cueton (Castro Urdiales) aurkitu zela, Garai batean Bizkaikoa eta gaur egun Kantabriakoa den herrian, alegia.

Halaber Ojancano delakoa, Santanderreko ziklopea alegia, Tartalorekin eta Euskal Herriko beste antzekoekin parekatzen da, baina berriro ere, ez dugu datu zehatzik harengan zegoen sinesmena eskualde honetan hedatu zela ziurtatzeko.

Kantabriako beste pertsonaia mitologiko batzuk hauexek dira: aurrekoaren laguna den Ojancana, euskal Basanderearen antzekoa beraz, Cóbreces-en, Oreñan, Santiurde de Toranzon, Islan eta Castillon bizilekuak dituena; Penagoseko Jentilak; Trasgo bihurria; Trenti izenez ezagutzen den satiro txikia; Musgoso basoetako biztanlea; Caballucos del Diablo izenekoak, zomorro jakin batzuetan hezurmamituta agertzen direnak; Itsasoko Sirenak, Europako mendebaldeko mitologia klasikokoekin bat datozenak; eta Cuegle delakoa, Asturiasko Cuélebrearen eta euskal Herensugearen antzekoa.

Lanestosako kokagune naturala Santanderreko probintziari badagokio ere, nahiz eta administratiboki Bizkaia izan, Burgosen eragina oso handia da, handik baitzetozen kostaldean ontziratu beharreko ondasunak, eta ez dugu hori ahaztu behar. Ignacio RUIZ VELEZek eta haren kolaboratzaileek (2) Espinosa de los Monteros eta Valle de Losa eskualdeetako kondairak kontatzen dizkigute, eta bidelapurren eta, batez ere, sorginen berri ematen digute. Guri dagokigun gaiari lotuagoa da zona horretako erromerien eta jaien zerrenda eta deskribapena; horien artean aipagarriak dira Nuestra Señora de Las Nieves-eko erromeria (Las Machorras), eta San Antonio (Villaluenga de Losa), San Pantaleón (San Pantaleón de Losa), Santa Isabel (Villamor) eta Santa Petronilakoak (Momediano).

Jaiak

Badaude idatzizko aipamenak, garai batean, XVI. mendeaz geroztik behintzat, San Rokeren omenezko festak, Ihauterietako diru bilketak eta koplak izaten zirela eta, azkenik, Las Nieves-eko Ama Birjinaren (abuztuak 5) omenezko dantzak egiten zirela diotenak; azken jai horrek gaur egunera arte iraun du, eta etenik gabe antza denez.

Santuak

A. San Roke:


Eloy GOMEZ PELLÓNek eta Gema COMA GONZALEZek (3) San Rokeren irudiaren eta haren sinesmenaren inguruko azterketa bat egin dute, eta gure zereginerako interesgarria izan daiteke. Bertan kontatzen dutenez, santua Europako lurraldeetan zehar ibili zen, errukiaren eta karitate kristauaren beharrik handiena zutenei laguntzen, XIII. edo XIV. mendean, kontinenteko populazioa izurrite bubonikoak edo izurrite beltzak suntsitzen zuen garaian. Tradizio hagiografiko berberak dioenez, dohatsu hura Espainiako lurraldeetan ere ibili zen. Izurritearen kasuan batez ere, behartsuari laguntzeko jarrera beatifiko hori dela eta, haren gurtza hedatu zen, eta gure ustez hori izan daiteke arrazoia, gaixotasuna herriaren mugetara iritsi zenean, Lanestosan prozesio bat eta santuarentzako erreguteak antolatzea erabakitzeko. Mehatxua desagertu zela ikustean, herriak, gertakari hartan bere babeslearen eragina ikusita, haren omenezko dantzak eta jaiak egitea erabaki zuen. XVI. mendean bizi ziren orduan.

Dena den, eta iturri berberen arabera, San Roke XIII. mendeko Europako bideetan zehar zebilen ibiltaritzat ere hartu izan da, eta horregatik mota guztietako bidaiariek gurtzen zuten. Ez dugu gai horretan sakonduko, baina Lanestosa mendiko portu batean kokatuta egoteak, meseta eta Burgosko eskualdeak itsasoarekin lotzen dituen bidean gainera eta beraz, bere historiak erakusten digunez, derrigorrezko pasabidea izateak, santuaren gurtzaren esanahiaren beste alderdiren bat eskain liezaguke beharbada.

B. Las Nieves-eko Ama Birjina:

Ondoko aipu honek Asturiaseko Ama Birjinaren gurtzari buruz hitz egiten badigu ere, Kantabriako eta Bizkaiko kasuetara zuzenean alda dezakegu gure ustez. Fiestas de Asturias (4) izenburua duen koadernotxo batetik jaso dugu aipamena:

"Santiagoko erromeriak bukatuta eta Llanesen Santa Anako marinelen ospakizuna igarota -Uztailaren 27an- Las Nieves-eko Ama Birjina -Abuztuaren 5ean- barrualdeko eskualde menditsuetan gurtzen da. Europa osoan oso zabalduta dagoen debozioak are indar handiagoa du lurralde garaietan, artzaintza bizimodua den herrietan".

Dirudienez, Ama Birjinari egiten zaion deia da, elurra berandu ez iristeko bitarteko izan dadin (udaren garairik lehorrenean gaude). Ama Birjinari zuzendutako erritualak izatean, haien garrantzia soroen, animalien eta gizakien emankortasunari oso lotuta dagoela pentsa genezake; ez litzateke gauza harrigarria izango, klimatologia aurkakoena den garaian gaudenez (Abuztua), ura (elur gisa, edo ez) beharrezkoena denean, alegia. Hori horrela, mendiko larreetan bizi den abeltzainak hezetasunari eutsiko dioten eta lurra idortuko ez duten elurteak eskatu beharko ditu. Las Nieves-eko Ama Birjinaren omenez egindako dantzekin horixe lortu nahi dela pentsa dezakegu.

(1) GONZALEZ ECHEGARAY, J. / DÍAZ GÓMEZ, A., Manual de Etnografía Cántabra. Ed Estudio. Santander. 1988.

(2) Varios, Leyendas y Fiestas Populares del Norte de Burgos, Imprenta García, S.A. Villarcayo. 1988.

(3) GOMEZ, E. / COMA G., Fiestas y Rituales de asturias. Periodo estival. Consejería del Principado de Asturias. Oviedo. 1986.

(4) GOMEZ, E. / COMA, G., Fiestas de Asturias. Caja de Ahorros de Asturias. Oviedo. 1985.

8. Lekeitio

Herriaren Historiaren Kokapena

Kaixarranka gaur egun Lekeitio herrian, Bizkaiko probintziaren ipar-mendebaldean eta Gipuzkoako mugatik kilometro gutxitara, egiten den dantza da.

Hondeaketa arkeologikoek emandako datuen arabera, zona hau gutxienez Goi Paleolitoaz geroztik egon da beti populatuta, baina duela 15.000 urteko datazioa are gehiago atzera litekeela uste da, Aurignac aldira arte, hau da, aurreko datazioa bikoiztu arte.

Nolanahi ere, eskualdeko kobazuloetan (Lumentza) finkatutako giza taldea da; itsasoaren hurbiltasuna aprobetxatuz, itsaski harrapariak ziren (Santa Katalina). Aterpe natural horiek berberak bizitoki izan ziren ere Kalkolitoaren eta Brontze Aroaren arteko bigarren aldi batean, iraun ahal izateko itsaskien harrapaketarekin jarraitzeaz gain, artzaintza ere garatu zen garaian, alegia.

Aurrerago, gure aroko I. mendetik V.era bitartean, kultura erromatarreko kultur arrastoak agertu ziren.

Dena den, Lekeitioko historiaren hastapena 1325 urtean koka dezakegu, orduan eman baitzion Maria Díaz de Harok, Bizkaiko Andre gisa, hiri karta, herri iraunkor bat sortzea eta finkatzea ahalbidetuz. Bederatzi urte geroago, 1334an, Alfontso XI. erregeak herritarren pribilegioak berretsi zituen eta, gainera, lehen oholesia zegoen lekuan harresiak eraikitzeko baimena eman zuen. Hortik aurrera, itsas jarduerak izan ziren herriaren garapena bultzatu zutenak. Dena den, kaiaren eraikuntza eskasa zela eta, 1381ean jadanik lehen premiazko konponketa egin behar izan zen eta, XV. mendean zehar, kai berria eraiki zen, barrualdean harea metatzeak eragindako arazoak konpontzea lortu ez bazuen ere. XIV. mendearen bukaeran Dominikarrak beren komentuan kokatu ziren. Eta XV. eta XVI. mendeetan ere eraiki zen Jasokundearen eliza. XVII. mendean Oxangoiti Jauregia eraiki zen eta, mende bat geroago, San Juan baseliza.

Horrela, nagusiki marinelen herria dugu hau, barrualdera ere begiratzen duen arren; izan ere, itsasgizon haiek, orain nabigatzaileak edo kontrabandistak, itsaslapurrak, kortsarioak eta konkistatzaileak, artzaintzarekin batera bizi izan ziren.

XIX. mendearen bukaeran, Isabel II. erreginak hainbat bisita egin zituen herrira, uda partean Donostian egoten zenez, eta hemendik egin behar izan zuen ihes erbestera 1868 urtean.

Lana eta Aisialdia

Lekeitioko jendeak, itsasotik bizi den jendeak, harreman pertsonalak eta dibertsioak finkatzeko garaian ere itsasora begiratzen du. Giza taldea bitan banatzen da, gizonezkoak itsasora joan behar baitute lansaria lortzeko. Bitartean, emakumeek bolada luzeak igarotzen dituzte etxea zaintzen, seme-alabak hezitzen, lanabesak konpontzen, sareak egiten eta abar luze bat.

Gizonezkoek, umetatik, kostaldetik urrun hain beharrezkoak izango zaizkien hainbat trebetasun landuko dituzte. Hala, igerian jakiteak bizitzaren eta heriotzaren arteko muga mehea esan nahi izango du haientzat, eta horregatik haur hezkuntza, neurri handi batean, hartara bideratu da, jolas gisa bada ere. Hondartzetan, eta batez ere portuko ontzien artean, haurren jolas eta bihurrikeriak, mutilenak batez ere, ohikoak dira gaur egun oraindik uda partean.

Gehienez ere duela bi mende itsasoak zeharkatzen zituzten belauntzi haietakoak bezalako tripulazio batean, itsasmutil batek jakin beharreko gauza belazurrun eta masten artean moldatzea zen. Hortik etor daitezke nasapuntakoaz egiten diren hainbat joko, hala nola zutoin batetik gora igotzea, edota zutoina horizontalki jarrita, mutur batean ezarrita duen bandera edo bestelako sari bat eskuratzen saiatzea, uretara erori gabe, tantaia kaian ezarri eta irristakorra izan dadin koipeztatu egiten baita, gainera. Uretara erortzeak, berriro ere, igerian jakin beharra dakar berekin, portura itzuli eta berriro saiatzeko.

Bada Lekeition nasapuntako beste modalitate bat, bokalearen alde banatan dagoen soka batetik antzara bat zintzilik ezartzea alegia (gaur egun boltsa bat bada ere haren ordez). Antzarari burua moztu behar zioten, horretarako haren lepotik zintzilik jarrita, sokamuturra teinkatu eta lasaitu egiten zuten bitartean. Antzeko lehiaketak barrualdeko herrietan ere egiten dira, baina oraingoan zaldi gainean. Iñaki IRIGOIENek (1) ohitura honekin lotzen ditu Gernikan eta Markinan Ihauterietan egiten direnak. Lehenengo kasuan, IRIGOIENen arabera, leporaino lurperatuta dauden oilarrei begiak itxita zituen dantzariak lepoa mozten zien. Bigarrenean, beste herri batzuetan ere egiaztatu den ohiturari eutsi zaio, non animalia partaideen zaldi karreraren ondoren akabatzen den, Xemeingo 1881ko akta baten arabera. Horri buruzko informazio gehiagorako, adierazitako testura jo daiteke; handik beste azken datu bat ere atera dugu: 1634 urtean jadanik Antzarekin eta maskaradekin ospatu ziren Ama Birjinaren jaietan ordainketak egin ziren. Garai berean, zezen korridak egiten ziren. 1631 aldera ere, eta jaiak zirela eta, lekeitiarrek brokel dantzak ikusi zituzten, Gipuzkoako estilora beharbada.

Itsasgizonen beste funtsezko zeregin bat arraun egiten jakitea da, eta azkar eta trebetasunez egitea gainera, kaitik untzira eta alderantziz tradizionalki arraun txalupen edo porturatze txalupen bidez iristeaz gain, belauntzien garaian, arrantzaren fruitua ere hala lehorreratu behar baitzen, eta portura lehen iristen zena zen preziorik onenak eska zitzakeenak. Untzien arteko lehiaketek, estropadek eta arraunketek, jatorria lan premietan dute beraz, eta ez dibertsio hutsean.

Ezagutzen den estropadarik zaharrenak, 1547koak, beste arrazoi bat izan zuen ordea, Bermeo, Elantxobe eta Ibarrangeluako biztanleen arteko desadostasun batzuk konpontzeko modutzat erabili baitzen. Lurralde hauetan egin zen beste estropada ospetsu bat 1719ko uztailaren 22koa izan zen, bermeotarren eta mundakarren artean, Izaro uhartea nori zegokion erabakitzeko. Horrek muga erritual bat sortu zuen: bermeotarrek, Maria Magdalena egunez, Andre Mariaren omenezko prozesio bat egiten dute, haitzaren jabetza berritzeko. XIX. mendearen erdialdean, 1855ean, Lekeitioren eta Ondarroaren arteko apustua izan zen, eta hori izan zen Donostiako Kontxakoaren hazia.

Herri Sinesmenak

Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, Lekeitiok jainko paganoak santu kristauekin nahastu ditu eta, lehenak kondairetan eta ahozko tradizioan gorde dituen bitartean, erlijiotasun ofizialak ezarritakoak ere bereganatu ditu, bere ezaugarri propioak emanez bada ere.

Pentsamendu magikoak XX. mendea aurreratu samar egon arte iraun du; izan ere, Josemiel BARANDIARANek (2) kuttunak erabiltzen zirela eta haietan zilbor hestea sartzen zela berretsi du. Halaber, kafea sutik kendu baino lehen ilintia piztuta edo txingarrak sartzeko ohitura zegoela azaltzen du, baina bi kasuetan zentzua zein zen adierazi gabe. Haur bati begizkoa egin ziotelako susmoa zegoenean, haren senitartekoek eskuak garbitzeko erabili zuten ura edanarazten zioten. Tradizio paganoak eta sinesmen kristauak nahasten dituen beste erritual bat Gabon Gauean ebakitako lehen ogi xerra gordetzea da, itsaso haserretua baretzeko. Halaber ohitura zen, Resurrección María de AZKUEren (3) arabera, azienda eliz aurrera eramatea Ostiral Santuan, eta han edukitzea Nekaldia kantatzen zen artean.

Alegiazko izakiei dagokienez, santutegikoez gain, Sugea edo Dragoia ditugu, San Migel eta Herensugearen zikloan ageri den moduan, eta halaber Sorginak; horien izena esaterik ez zegoen, agertuko ez baziren. Hildakoak ere, arima herratu gisa, piztu egiten ziren hilerriaren ondotik Angelusaren ondoren inor igarotzen bazen.

Jai Santutegia

Ekainaren 29an, San Pedro egunez, "Kainxarranka" dantza eta "Kilinkala" egiten dira, eta irailaren 1etik 8ra bitartean, San Antolinetan, antzaren festa eta sokatira ikusteko aukera izaten da.

(1) IRIGOYEN, I., Los Gansos, en la Revista Dantzariak, nº 44. Julio de 1989.

(2) BARANDIARAN, Josemiel, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, La Gran Enciclopedia Vasca (LGEV), Bilbo, 1972.

(3) AZKUE, R. Mª, Euskalerriaren Yakintza, I, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madrid, 1989.

9. Mañaria

4. lekua zuen Gerediagako Batzarretan.

Mañariako udalerriaren barruan hainbat haitz daude eta bertan aurkitu dira pinturak, silex harrizko piezak, eta hainbat hezur eta zeramika aztarnategi horietan historiaurrean jendea bizi zela frogatzen dutenak. Hala eta guztiz ere, orain dela gutxi arte ez da bertako historiaren berri handirik izan, bertako gertaerengatik baino gehiago Merindadeko kide izateagatik aipatu baita Mañaria.

Hala, XVII. mendean zehar, Durangaldeko beste udalerrietan bezalaxe, Mañarian babeserako hiru dorretxe eraiki ziren, eta kapitainak izendatu ziren, herriaren eta Jaunen artean auzi ugari eragin zituztenak.

Bigarren karlistaldian, Gipuzkoatik zetozen osteen eta Karlosen ondorengotzaren aldeko bertako osteen artean gudu latza izan zen udalerrian. Lehenengoak gehiago ziren eta munizio gehiago zuten; hala, atzera egin behar izan zuten bigarrenek. Azkenik, liberalek lortu zuten garaipena.

Espainiako Gerra Zibilean -errepublikar legezko bandoaren eta Francisco Franco Bahamonde jeneralaren matxinada faxistaren arteko borrokari gaur egun ematen zaion izena- borroka ugari izan ziren Mañariako inguruko lurretan eta baita herrian bertan ere, lur horiek garrantzi militar handia baitzuten Gasteiz eta Durango arteko errepidearen kontrola lortzeko. 1937. urteko maiatzaren bukaeran errepublikarrek mendigunea galdu zuten. Errepresio frankista izugarri gogorra izan zen, herriko bertako hizkuntza erabiltzea debekatu zen, ezin erakuts zitezkeen estandarteak, ezta gorri, zuri eta berde koloreak elkartu ere (Ikurrina osatzen duten koloreak, hain zuzen), eta zorrotz kontrolatzen ziren herri emanaldiak, bai musikalak, bai beste eratakoak. Hala eta guztiz ere, folklorearen mundua, dantza, musika, bertsolari, eta abarrez osatua, eta sinesmenen mundua, herritarren gogoan gorde dira gaur egun arte, garai hartako agintarien interesen gogoz kontra, eta beste hainbatetan gertatu den bezala.

Horren guztiaren erakusgarri da Mari zazpi urtez Anboton, beste zazpiz Oizen eta beste zazpiz Mugarran bizi dela dioen sinestea; Askondoko haitzuloan, herritarren ustearen arabera, lamiak bizi omen dira, denbora urrezko orraziaz orrazten ematen dutela, eta Askondon Sorginak bizi omen dira (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). Eta azkenik, Akelarrea (Akelarre) edo Sorginen bilera egiten zen gune bat aipatzen da, eta Agur esaten diote Eguzkiari, bestela negarrez ezkutatzen baita.

10. Markina - Xemein

Geografia eta Historia

Eskualde honetan ezagutzen diren lehen giza asentamenduak Mesolito (Kobaua kobazuloa) eta Eneolito (Axpe kobazuloa) garaietakoak dira. Kalamua eta Urko mendien artean, gainera, hainbat tumulu, trikuharri eta bestelako eraikuntza megalitiko aurkitu da. Eneolito garaiaren bukaerako eta brontze aroko monumentuak dira, batez ere artzaintza eta abeltzaintza garatu zirenekoak. Halaber, brontzezko aizkoren gordailu bat dago Zenarruzatik hurbil, eta horrek habitata etenik gabekoa izan dela adieraziko liguke.

Brontze arotik erromatarren garaira bitartean, informaziorik ez dugun tarte bat dago. Gaur egun desagertutako txanpon multzo bat legoke. Beste hutsune bat daukagu X. mendera arte; garai hartakoak ditugu Zenarruzako hilobi prerromanikoak.

XI. mendean jadanik, badaude 1082an Zenarruzako edo Bolibarreko abadeaz hitz egiten diguten dokumentuak. San Pedro baseliza eta San Kristobalen hilarria ere garai hartakoak dira, eta gurtza gune horien inguruko giza biltoki baten berri emango ligukete horiek. XI. mendekoa da halaber Iturretako San Kristobal baselizako hilarria.

XIII. mendetik XV.era bitartean, mendi hegaletako populazioa haranetara jaitsi zen eta hiriak sortu zituen; probintziako lehenengo hamarrak Balmaseda (1199), Urduña (1229), Otxandio (1236-54), Lanestosa (1287), Durango eta Ermua (1297 aldera), Bermeo eta Plentzia (1214-36), Bilbo (1300), Portugalete (1322), Lekeitio (1325) eta Ondarroa (1327) izan ziren. Orduan auziak eta ika-mikak hasi ziren, euren errentak desagertzen ikusi zituzten jauntxoen eta gero eta pisu politiko eta ekonomiko handiagoa zuten hirien artean, eta azkenik bandoen arteko gerratea piztu zen ondorioz.

Hori horrela, lurraldea suntsitu zuten bandoen gerrateen ondorioz gotorlekuak eraiki ziren; eskualde honetan dorretxe itxurakoak ziren, oinarri karratukoak eta almenadunak normalki, defentsarako beharrezko egitura arkitektonikoekin.

Xemein eta inguruak ez ziren gertakari horietatik at geratu, eta 1355ean, gipuzkoarren erasoetatik babestearren, Xemeingo jauntxoek Bizkaiko Kontea zen Don Tellorengnadik Villaviciosa de Markinako Elizatea, gaurko Markina alegia, eraikitzeko baimena lortu zuten. Bertan Xemein, Markina eta Zenarruza Bolibar herriarekin bildu ziren. Une hartan eraiki zen haien interesak babesteko harresia, gaur egun desagertuta dauden hiru ateekin.

Markina, izena "marka" edo "mugako lurralde"tik eratorria duela dirudien herria, Gaztelako erregearen aldekoak ziren gipuzkoarren erasoetatik defendatzeko leku gisa sortu zen horrela eta, era berean, bandokideen oldarraldietatik babesteko. 1370 urtean, Juan Lopez de Ganboak Gonzalo Ibañez de Markina eta haren bi semeak erre zituen etxe barruan, eta 1417an Barroetarren aurka borrokatu zuten.

Alabaina, Markina eraikitzeko arrazoia ez zen defentsa soilik izan, eta zio ekonomikoek ere eduki zuten pisua; izan ere, estrategikoki kokatuta zegoen, Durangok eta Ermuak Ondarroarekin zuten merkataritza bidean alegia.

XVI. mende osoan zehar gotorlekuak eraiki ziren oraindik ere, hala nola Ugarteko Dorrea, ondoko mendeetan zaharberritua, edota Antxiakoa, harresi zaharraren gainean eraikitako dorretxe urbanoa, XVI. mendearen hasierakoa. XVI. mendearen hasierakoa da halaber Arta auzoko San Pedro baseliza, XI. mendeko beste batean gainean eraikia. XVI. mendean eskualdeko jauregiak eraikitzen hasi ziren, geroago handituko zen Murgakoa adibidez. Barroeta dorretxea ere garai hartan berreraiki zen, eta baita geroago ere.

Gotiko berankorraren eragina ikus daiteke Santa Maria de Xemein elizan, probintziako tenplurik handienean alegia, berez Europako Errenazimentuaren garaikoa bada ere.

1545etik 1552ra bitartean, erreinuko ordenantzen arabera arautzen zen Villaviciosa de Markinari eta, herri xehe gisa, Bizkaiko foruaren arabera arautzen zen Xemeingo elizateari zegokien jurisdikzioari buruzko hainbat arazo planteatu ziren.

1624 urtean untzi holandarrek Bizkaiko kostaldean egin zezaketen erasoaren beldur, prebentzio neurri gisa, halakorik gertatuz gero Markina-Xemeindarrak Ondarroa defendatzera joan zitezen erabaki zen, eta batailoiak antolatzearren kapitainak eta ofizialak izendatu ziren, erantzukizun hori alkatearen esku uzten zuen ohituraren aurka. Horrela, auzitan ibili ziren eta Felipe IV.a erregeak atzera bota behar izan zituen izendapen haiek.

1637an elkarren aurkako gerran ari ziren Espainia eta Frantzia, eta erregeak armadara joateko deia egin zuen berriro. Bizkaiak 1.000 gizon eman zituen, horietatik 10 Markinakoak. Bi urte geroago, 1639an, berriro kostaldeko erasoaldi baten beldur, frantsesen aldetik oraingoan, Ondarroa hautatu zen ostera defentsa gune eta gotorleku gisa.

XVII. mendeak Ameriketarako emigrazioaren fruituak jaso zituen Markinan; izan ere, handik dirutza handiekin etorri ziren erakusgarri dugu Solartekua (edo Solarte) eta Urrijate jauregien eraikuntza.

Mendearen bukaerakoa da Karmengo elizaren eraikuntza, Karmelo ordenaren erakusgarria den tenplua, eta Andonaegi jauregia.

1719 urtean berriro borrokan jardun zuten Espainiako eta Frantziako estatuek, eta frantsesak Gipuzkoan sartu ziren; horregatik, portuak eta kostaldeak eta halaber barne mugak sendotzeko agindua eman zen.

Bi urte geroago, izurrite bat izan zen aldameneko probintziaren eta Jaurerriaren arteko pasabidea ixtearen arrazoia.

XVIII. mendearen hasieran eraiki ziren San Migel de Arretxinaga baseliza (1734) eta Udaletxea; azken horren aurrean, Bizkaiko idi probalekurik zaharrenean, gaur egun, goiangeruaren jaia ospatzean ezpata dantza egiten da.

1766an matxinada edo nekazarien altxamendua gertatu zen, aleen prezioen igoeraren ondorioz nagusiki.

1783an Markinako kaleak harriztatu ziren.

XVIII. mendea frantsesen aurkako beste gerra batekin amaitu zen, Konbentzio Gerra deitutakoarekin alegia, eta hala, 1794ko abuztuaren 13an, Xemeindik eta Markinatik Ondarroara abiatu ziren. Hurrengo urtean, 1795eko ekainaren 29an, inbaditzaileek Markina eta Berriatua berenganatu zituzten.

Lehen gerra karlista piztu zenean, herriak Karlos erregerearen alde jokatu zuen, eta baita bigarrenean ere, 500 bolondresen partida zuelarik.

XX. mendearen lehen zatian, Europako beste hainbat tokitan bezalaxe, eskuineko partidu atzerakoienei kontrajarrita herri fronteak zeuden; azken horiek are erantzun bortitzagoa jaso zuten erregimen totalitario faxistak sortu zirenean. Horixe izan zen legez eratutako Errepublikaren aurka Francisco Franco generalak antolatutako Altxamendu Nazionala delakoaren kasua, gobernu autarkiko pertsonalista eta faxista ezarri arteko gerra (1936-1939) piztu baitzuen. Gerra horretan, Markina eta bere ondoko Elizateak Errepublikarekiko leialak izan ziren 1937ko apirilaren 27ra arte, orduan, bonbardatua izan ondoren, eta euskal frontea hautsita, IV. Brigadak bereganatu baitzuen.

1952an Xemeingo Elizatea eta Markina herria bateratu egin ziren.