ES | EU | EN

Mihi bikoitzeko musika tresnak Euskal Herriko kultura tradizionalean

  • Iņaki ZORRILLA
  • 15/ 10/ 2001

Makina bat idatzi da unibertsala eta autoktonoa denaz, baita tradizio hutsa denaz eta ez denaz ere. Nabarmena omen da kontzeptu horiek elkarren artean nahasten direla, kultura tradizionalaz ari garenean, administrazio mugarik ez dagoela nabarmena den hein berean.

1. SARRERA

2. MUSIKA TRESNAK

2.1 Sunprinua

2.2 Gaita Nafarra - Dultzaina

2.3 Txanbela

1. SARRERA

Bestalde, kontuan hartzen dira musikari forma ematen dioten elementuak, hala nola, melodia, erritmoa, harmonia eta tinbrea, horiek erabakitzen baitute musikaren estetika.

Hortaz, unibertsalaren eta autoktonoaren arteko mugarik finkatzerik ba al dago?.

Musikaren funtzioak erabakiko du kulturalki tradizionala dena eta, era berean, funtzio horrexek erabakiko du musika tresna bat modu tradizionalean erabiliko den ala ez.

Bestalde, tradizioa ahoz eta belaunaldiz belaunaldi transmititu izan da. Nork bere harri-koskorra eskaini du, beraz, ez dago bertsio pururik eta horrek esan nahi du musika tresna tradizionalek eboluzionatu egin dutela eta eboluzionatzen jarraitzen dutela.

Musika tresnen sailkapenari dagokionez, Hornbostel eta Sachsek printzipio akustikoetan oinarrituriko sistema bat asmatu zuten, ia guztiek onartzen dutena. Honela sailkatzen dituzte musika tresnak:

  • Idiofonoak
  • Membranofonoak
  • Kordoifonoak
  • Aerofonoak
  • Elektrofonoak

Musika tresna aerofonoez edo haize tresnez arituko gara. Tresna aerofonoen artean lau mota bereiztuko ditugu: txirulak, mihi tresnak, ezpainak dardararazten dituztenak eta areofono askeak.

Mihi tresnen artean mihi bakuneko tresnak daude -hala nola, klarinetea-, baita mihi bikoitzekoak ere, oboeen familiako moduan ezagutzen direnak alegia.

Horrela beraz, iritsi gara gure jomugara, aztergai ditugun musika tresnak tutu estu eta mihi bikoitzeko tresna moduan sailka baitaitezke, hau da, oboeen familiako tresna moduan defini ditzakegu.

2. MUSIKA TRESNAK

2.1 Sunprinua

Udaberrian, zuhaitzek izerdi asko botatzen dutenean, espiral formako hurritz baten azala moztu eta azal horrekin tutu koniko bat egiten da, halako txano moduko bat, eta tutu horren alderik zabalenean adartxo bat jartzen zaio orratzaren antzera. Alderdirik estuena zanpatu eta pita egiten da. Alderdirik zabalenean zulo bi egiten zaizkio eta zulo horien bidez musika nota desberdinak lortuko ditugu.

Alderdirik estuenetik putz egiten da eta bi zuloak itxi edo irekiz melodia bat edo bestea lortuko dugu, nolanahi ere, hiru notako melodiak baino ez dira izango. Jadanik ez da erabiltzen.

2.2 Gaita Nafarra- Dultzaina

Haize tresna honek forma tronkokonikoa du eta tutu estukoa eta mihi bikoitzekoa da. 25 eta 30 cm. bitarteko luzera du eta gorputz eta pitaz osaturik dago.

Gehienetan egurra erabili da dultzaina egiteko, hala ere, joan den mendearen amaieraz geroztik metalezkoak ere badaude.

Gorputza. Estua da goiko aldean (hortxe jarriko diogu pita), zabala beheko aldean eta kanpai forma du bukaeran. Tresna motaren arabera zazpi edo zortzi zulo izango ditugu soinu desberdinak sortzeko; horietatik bat atzeko aldean dago eta erpuruaz erabiltzen da.

Pita. Tudela eta kanaberaz osaturik dago. Tudela metalezkoa da eta kanaberaren eta gorputzaren arteko lotunea da; kanaberak soinua sortzen du eta gorputzaren bitartez soinua modulatuko dugu notak sortzeko. Kanaberari pita edo fita ere deitzen zaio eta kanaberazko mihi bi ditu; putz egitean, dardara egiten dute aho barruan eta presio jakin batez bidaltzen dute airea tudeletik gorputzera, horrela, soinu desberdinak artikula ditzakegu.

Dultzaina edo gaita nafarra Nafarroan eta Araban erabili izan da batez ere. Araban musika herrikoia eta dantzak interpretatzeko erabili izan da, baina Nafarroan bestelako funtzio bat ere izan du, izan ere, Nafarroan musika kultua ere interpretatu da dultzainarekin, hala nola katedraleko musika. Dultzaina erritu eta ospakizunak ospatzeko ere erabili izan da.

Bizkaia eta Gipuzkoan, berriz, metalezko tresna erabili da gehienetan, letoizkoa izan ohi zen eta zazpi zulo baino ez zituen. Tresna honekin interpretatu den musika herrikoia izan da, batez ere dantzatzeko modukoa.

Araba eta Nafarroako interpretariak musikari ikasiak izan dira; Bizkaia eta Gipuzkoako interpretariek, ostera, belarriz jotzen zuten.

Araba eta Nafarroan dultzaina hiri ingurunean erabili izan da; Bizkaia eta Gipuzkoan, aldiz, landa edo baserri giroan.

Nafarroan eta Araban bi dultzainerok jotzen dute, danborra lagun dutela. Bizkaia eta Gipuzkoan, ordea, normalean dultzainero batek jotzen du, danborra lagun; hala ere, batzuetan dultzaineroek binaka ere jo izan dute danborrarekin batera.

Nafarroa eta Araban hiri ingurunean jo izan denez, dultzainak bizirauteko arazo gutxiago aurkitu du; Bizkaia eta Gipuzkoan, berriz, akordeoi diatonikoak ordeztu zuen dultzaina, ahalegin fisiko txikiagoa behar delako azken hau jotzeko, hori dela eta, Bizkaia eta Gipuzkoan beharrezko izan da dultzainaren berreskuratze prozesua, behin betiko desagertu ez dela frogatzeko.

2.3 Txanbela

Gaita-dultzainaren familia bereko tresna bada ere, txanbela askoz txikiagoa da; ezpelezko gorputza du, pitak kanaberaz edo adarraz eginikoak dira eta, egurrezko dultzainak bezala, zortzi zulo ditu. Txanbelak antzinako euskal musikaren izaerari eutsi dio, horixe da hain zuzen bere bereizgarria, eta musika modala eta ez-tonala interpretatzeko erabili izan zen. Zuberoako Pierre Caubetek transmititu digu txanbelaren erabilera hori.