ES | EU | EN

Mundu magikoa

  • 10/ 12/ 2019

Atal honetan XIX. mende bukaeratik XX. mendearen lehen erdia bitarteko Bizkaiko nekazari giroko pentsamendu magikora eta mitikora hurbilduko gara, erreferentzia zuzenei dagokienez, eta denboraren hastapenetara, Harri Arora edo Paleolito Arora, aurkikuntza eta ikerketa arkeologikoei dagokienez.

Bizkaitarren pentsamolde tradizionala ezagutuko dugu, hortaz, edo gutxienez, bertako herritarrei inoiz interesekoak izan zaizkien eta beren ipuin, mito, elezahar eta abarretan agertu dituzten gaien berri jasoko dugu.

Mundu miragarri horretan sartu aurretik, halere, garbi esan nahi dugu jainkoez, heroiez, iratxoez, pertsonaia ospetsuez, animalia jakintsuez edo haur lañoez diharduten ahozko literaturako zein literatura idatziko, bietako, informazioak erabiliko ditugula, horiek baitira, esaera eta atsotitzekin, medikuntza naturalarekin eta errito pagano zein erlijiosoekin batera, orain ikergai dugun kulturaren altxorra.

Jabetzen gara gai horiek atomizatzen saiatu dela hainbat ikertzaile; batez ere kontuan harturik irudi mitikoak elezaharretakoekin nahasturik agertzen direla, zerikusia dutela ipuinarekin edo fabularekin, eta horrez guztiaz gainera, hasieran pentsa ezin zitezkeen beste hainbat osagairekin lotura dutela, adibidez koreografiarekin, etab. Horren guztiaren berri eman nahi izanez gero, edo era kaotikoan deskribatzen da, edo irudiak eta zentzuak batzen dira eta multzokatzen. Guri dagokigunez, Bizkaiko pentsamendu magikoaren logikaren berri ematen saiatuko gara.

Beharrezko ikusten dugu, halaber, Bizkaiko hainbat herri zergatik hemen agertzen ez diren adieraztea. Etnografo tradizionalek, euskara, bizkaiera, baldin eta bizkaieraz orokorrean mintzo badaiteke (ikus gai honi buruzko artikulu bilduma), erabiltzen zen lurraldea hartu izan dute herri kulturaren gunetzat, irizpide logiko bati jarraituz, eta horregatik gelditzen dira zenbait herri azterketa honetatik kanpo. Horren arabera, Ekialdera eta Hegoaldera zabaltzen da ikerketa gunea, gaur egun Gipuzkoa eta Araba herrialdeen administraziopean dauden herrietara, baina hemen Bizkaiko lurralde historiko delakoaz bakarrik arituko gara, hau da Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumeneko herrietara mugatuko dugu gure azterketa. Aipatu behar da, dena dela, lurraldea ekialdera eta hegoaldera zabaltzen bazen ere, beste aldetik, mendebaldetik, mugatu egiten zela, euskara aspaldi galdu baitzen bertako lurraldeetan, eta horrenbestez, ez dugu, oraingoz, herri haietako erreferentziarik egingo; eremu horiei buruzko berri jasotzen da, hori bai, artikuluen sailean aipatzen diren zenbait ikerketatan.

Joxemiel BARANDIARAN eta Resurrección María AZKUE ikertzaileek Bizkaiko mundu magikoari buruz jasotako hainbat datu berreskuratuko ditugu. Ikus daitekeenez, ez da hemen amaitzen altxor magikoa, denborarekin osatuz joango den lan zabalagoen laburpena baizik ez baitugu hemen agertuko.

Resurrección María Azkue eta Joxemiel Barandiaranen obretan agertzen diren Bizkaiko zenbait herriren zerrenda alfabetikoa

Abadiño

Ez dira etxearen inguruan hiru bira egin behar eguerdiko hamabietan, baldin eta etxe barruan erramurik ez badago. Neguko solstizioan, Gabon gauean, Gabon-Subila erretzen da, eta su horren ingurura biltzen da familia guztia. Atxarteko haitzuloan Laminak bizi omen dira, urrezko orraziaz orrazten diren izakiak. Gizonei laguntzen dieten iratxoei Ximelgorri esaten zaie. Era berean, Mariurrakagan ere sinesten dute. Mariurraka Mariri ematen zaion beste izen bat da; Muntxarazko neska gazte bat omen zuen gatibu, aurrekoaren izen berekoa. Joxemiel BARANDIARAN ikertzaileak azpimarratzen du Muntxarazko dorretxean, haren jabe Pedro Ruiz jauna Urraca nafar infantarekin ezkondu zela, eta infanta hark lotura sinbolikoa zuela Anbotoko Damarekin edo Marirekin, zeina baita udan Anboton eta neguan Oizen beirazko jauregi batean eta urrezko goru batez iruten bizi den pertsonaia. R. Mª AZKUE ikertzaileak, bestalde, eta J. M. BARANDIARANen azterketari jarraipena emanez, berretsi egiten du Urraca Muntxarazko jaunarekin ezkondu zela XII. mendean, eta hura hil zelarik, desagertu zela dio. Orduan sortu bide zen elezaharra, Anbotoko haitzuloan gorde zela dioena. Ondoren J. M. BARANDIARANek elezahar bat aurkitu zuen, zeinetan esaten baita Nafarroako erregeak Urraca bere alabaren eskua bere gorteko esklabo beltz bati gailentzen zitzaionari eskaini ziola, eta Muntxarazko jaunak lortu zuenez garaipen hura, ezkondu egin zirela. Haien seme-alabak izan ziren Ibon, zaharrena, eta Mariurrika, gazteena. Mariurrikak anaia hiltzea erabakitzen du, horditzeraino ematen dio edaten eta Anbototik behera amiltzen du. Etxean esan zuen istripu bat izan zela, baina Ximelgorriek xaxatzen diote barnea, eta kontzientziako harra ezin lasaiturik, alde egiten du. Harrezkero Anboton eta Sarrimendin agertzen da, tarteka, eta sugar itxura hartzen du Anbototik Oizera aldatzeko. Beste elezahar batek dioenez, irrintzi edo zantzoari hiru aldiz erantzunez gero, etxean sartzen da deabrua. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Arrankudiaga

Goikogane mendian bere baitan altxor bat daukan ahuntz larru bat omen dago. Urdiola harkaitza Jentilek jaurtitako harri bat dela esaten da. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Arrati-Arteaga (Castillo - Elejabeitia)

Oihartzuna (Oiarzun) Anbotoko Mariren oihuak zirela esaten zen. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Arrazola

Arrazola (B) eta Aramaio (A) artean hilarri bat dago, zirkunferentzia baten barruan maltako gurutze bat duena marrazturik. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Arrigorriaga

R. Mª AZKUEk dioenez, asto gainean bidaiatzeak babesa ematen zuen, Jesukristo ere asto gainean ibiltzen zelako (Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madril-Bilbo, 1989).

Aulesti (Murelaga)

San Joan ermitara eramaten dituzte lorik ezin egin duten haurrak (ikus Lekeitio). Lo-ibiltariak Arteagako Santa Inesen ermitara eramaten zituzten. Erditze gaiztoko emakumeek hiru aldiz jo ohi zuten kanpaia. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). R. Mª AZKUEk dio baserriren batean senar-emazteek elkar jotzen zutenean, inguruko auzoek zintzarria jotzen zutela. Gauean, batzuek eskuaz egiten dute aitaren eta besteek ilintiaz. Bestalde, esaten da maiatzaren 1ean esnea hartzen duenak ez duela buruko minik izango urte guztian. Hortza erortzen denean, berriz, teilatura jaurtitzen da, esanez: "Maripa telatu; eutsi agina zarra ta berria ekazu". Buruko minez dauden haurrak San Martin ermitara eramaten dituzte, Munibe albora. Ohitura zen, halaber, galtzerdiak edo gona alderantziz janztea, begizkoaren kontra (Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madril-Bilbo, 1989).

Bedia

Garatxoak sendatzeko gari alez edo ihiz igurtzi behar dira eta ondoren harri azpian gorde aleak edo ihia. Haurrei zaldi hortzak zintzilikatzen dizkiete lepotik, hortz-haginak behar bezala atera dakizkien. Gabon gaueko enborretik gelditzen dena etxean gordetzen da urte guztian, etxea babestu dezan. Gabon gauean ebakitzen den lehen ogi xerra mahai-zapiaren azpian gordetzen da hurrengo urtea arte. Gabon gaueko enborra eta haren ikatza ere gordetzen dira, etxea eta animaliak bedeinka ditzaten. Elizarako bideak oin-saria daukala esaten da, hildakoak bertatik igarotzen direlako (Andabide). Hildakoak irudi argidun gisa agertzen dira. Lamiñarrieta leku izenak laminak badirelako sinesmena dutela adierazten du. Beste izaki irudizko bat ere bada, Gaizkiña, gizonari laguntzen dion iratxoa. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Bermeo

harkaitzean, Bermeo eta Gaztelugatxe artean, hiru zuloko sail bat dago, eta esaten da San Joanek batetik bestera igarotzeko emandako urratsek utzitako arrastoak direla zulo horiek. Aziendaren gaixotasuna jatorri magikokoa den ala ez jakiteko, beruna urtzen dute zartagin batean, eta haren gainean ur hotza isurtzean oilar itxurako forma bat eratzen bada, gaixotasuna begizkoak sortua dela esaten da. Gabon egunean irundako hariak Laminen kontrako babesa ematen du. Elezaharrak dioenez, Potzubeltzen, jai egunez ereiten ari zen nekazari bat erori eta horrela sortu zen putzua. Gaztelugatxeko San Joan elizaren alboko kanpaietako baten barruan burua sartu eta aldi berean kanpaia joz, buruko gaixotasunak sendatzen direla esaten da. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Berriatua Hareharrian sakonune bat dago, eta putzu bat, gurutze baten ondoan, eta hara joaten dira azaleko eritasunak sendatzera, batez ere Madalenetan (uztailak 22) eta Garizuman. Madalena Santuari kandelak pizten dizkiote, gaixotasunak jotako zatiak garbitzen dira, eta haiek lehortzeko erabilitako eskuoihalak eta trapuak han zintzilik uzten dira. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Berriz

Arriskutsua da hilerriaren inguruan hiru bira egitea, hildakoak ateratzen direlako. Elizarako bideak oin-saria daukala esaten da, hildakoak bertatik igarotzen direlako (Andabide). Murgoition, San Joan Bataiatzailearen ermitaren alboan, iturri bat dago, lepoko minak edo Iruntzpekuek sendatzen dituen ura ematen duena. Laminek garondoan bakarrik dute ilea, txapon edo ogerleko forman. Mariri Mariburrika deitzen diote; Mari izeneko neskatxa bat du gatibu hartua, amak egindako agintza baten ondorioz. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). R. Mª AZKUEk dio, begizkoaren kontra, mahaikide guztiek iturriko uraren ontzian sartu behar dituztela behatzak eta ur hori edan behar duela begizkoak jotako haurrak (Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madril-Bilbo, 1989).

Busturia

Morozilo izeneko haitzulo bat dago han, eta elezaharraren arabera, haitzulo horretan laminak bizi ziren. Joxemiel BARANDIARANek jasotako XIV. mendeko ohitura baten arabera, Bizkaiko Jaunek behi erraiak jartzen zituzten Busturiako harkaitz baten gainean, Mariri eskaintza eginez, beren arbasoa zutela uste baitzuten. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Dima

Akelarreak egiten diren leku bat aipatzen da (Petralanda). Axleorren, Urrustei mendian Muster aldiko bizitoki izandako gune batean, Jentilak bizi zirela esaten da, eta Baltzolako haitzuloa Laminen eta Sugoiren bizitokia zela (XV. m.), eta Jentilzubi edo Jentilen Zubia baino pixka bat beherago dagoen Indusiko auzora joaten zirela Laminak. Herpesak (arrospe) jotako haurrek arrosa landare baten inguruan hiru bira egin behar dituzte San Joan egunean. Baltzola haitzuloan altxor bat dagoela ere esaten da. Lo-ibiltariak Errigoitiko elizara eramaten zituzten. BARANDIARANek jasotako berrien arabera, Baltzolako haitzuloko Laminen auzoa, Lamindau edo Lamindano auzoa, dago han. Elezaharrak dioenez, gizon bat haitzulo hartan gorde zen behin, eta lamiak ikatz puska bat eman zion opari, gizona haitzulotik atera bezain pronto urre bihurtu zena. Baina ez dira beti zintzoak izaten gizakiarekin: Atzemingo nagusiak esan zuenez, behin gauez lanean ari zela birao egin zuen, eta bat-batean Bernaolako osinean agertu zen. Baina berdin-berdin har ditzake mendean gizakiak, laminak bizi diren urmaelak zeharkatzen baditu San Joan egunez jaiotako idiez edo txahalez tiraturiko are batean. Azkenik, haitzuloetako iratxoak Olabarriko San Frantzisko ermitako kanpai hotsak desagerrarazi zituela dio herri sinesteak. Baltzolan bizi omen ziren, halaber, Mari, goi argiaren emakumezko irudia, eta Sugoi, Ama Handiaren semetzat hartua batzuetan, eta haren bikote gisa agertzen dena bestetan, Sugaar eta Majuren antzera, batetik, eta Mikelats eta Atarrabi eta are Axularren antzera, bestetik. Beste elezahar batek dio Diego López de Haro jauna Toledoko espetxetik Bizkaira instant batean iritsi zela Sugoiri edo Marik Iturriondobeitia baserriko soldaduari opari emandako zaldiari esker. Haitzuloa, azkenik, Sorginen bizitoki ere bada. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). R. Mª AZKUEk dioenez, ohitura zen ogia eta San Antonioko (Urkiola) ura nahastea, behi aziendari emateko, gaixotasunik har ez dezan, eta beste ohitura baten arabera, "San Martinek yagon dagiala" esan behar da antxumeak babesteko eta "San Juanek yagon dagiala", berriz, arkumeak babesteko. Katuak ihes egin ez dezan "etxerako zara, eta etxerako izan zaitez" esaten zaio. Ez da katu haragirik jan behar jaunartu aurreko hogeita lau ordutan. AZKUEk jasoa da, halaber, sorginak asteartetan biltzen zirelako sinestea. Ostiralez Ilargi bete tokatzen denean, Ilargi zorigaiztokoa izango da. Oilar gorriaren martxoko kantuak deabrua uxatzen du, herri sinestearen arabera. Era berean esaten da astearte eta ostiraletan azazkalak mozten badira deabruari deitzen zaiola. Belarriko mina sendatzeko, ur bedeinkatua isurtzen da belarrira, eta buruko mina sendatzeko, berriz, San Justoren ermitara joaten dira, gauez bederatzi arrosario errezatzera. Haur ameslariak Rigoitira eramaten dituzte. (Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madril-Bilbo, 1989).

Durangaldea

Anboto kare-harrizko mendikate bat da, eta hainbat haitzulo eta harpe daude bertan, historiaurreko garaietatik erabiliak; han gorde ohi ziren, halaber, XV. mendean, Gaztelako erregeak igorritako Ofizio Santuaren esetsalditik ihesi joandako heretikoak. Han bizi da Anbotoko Sorgina edo Dama ere, Ama Lurraren irudia orakulua ematen zuen pertsonan, eta, indar telurikoen irudia, era sinbolikoan. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Durango

Begizkoari aurre egiteko ur bedeinkatutan bustitzen dira hatz erakuslea eta luzea eta begizkoak jotakoaren begiak ukitzen dira hatz horiez. Anbotoko Sorgina esaten diote Mari izadiko jainkosa handien irudia adierazten duen pertsonaia orokorrari inguru honetan. Jantzi ederrez jantzita agertzen da, eskuetan beirazko jauregi bat duela, Mari, o el Genio de las Montañas liburuan kontatzen denez (LGEV, I liburukia, Bilbo, 1972), edo hodei zuri moduan. Azpimarratzekoa da, orobat, harrian landutako ordots irudia, Eguzkiaren eta Ilargiaren irudiekin, zeina baita Ama Lurraren iruditzat hartua; gaur egun Bilboko Etnografia Museoan dago ikusgai. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Elantxobe

Lamia edo Lamiñaku erditzen deneko elezaharra ezagutzen da bertan (Ogoño). (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Elorrio

Gabon gauean ebakitako lehenengo ogi xerra urte guztian gordetzen da; uholdeak direnean ogi horren zati bat jaurtiz gero, urak bere onera itzultzen omen dira. Arriskutsua da eliza baten inguruan bost bira egitea; deabruak eraman zaitzakeela esaten da. Gaizkiñ, gaixotasunak eragiten dituen iratxoa burukoetako oilar itxurako lumetan dagoela uste da, eta haren eragina eragozteko, bidegurutzeetan erretzen dira luma horiek. Mari jantzi dotorez jantzita agertzen omen da. Bertako elezahar batek dioenez, hiru irrintzi entzun eta berehala etxean sartzea lortu zuten hiru neskatxak, eta etxean sartu orduko atzaparkadak entzun zituzten atean. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). Katuak aurpegia garbitzen badu, euria datorrela esan nahi du. AZKUEk jasotako esaera batek dioenez, sorginak asteartetan elkartzen ziren. Bestalde, hilabeteko 27a nolakoa den, horrelakoxea izango da hurrengo hilabetea ere. Debekatuta dago gauez ispiluan begiratzea, baina gauez bildu behar dira San Joanetan erreko diren adarrak. Ohitura dute gauez argi mutil bat piztea, artean bataiatzeke dagoen haurrari kalterik gerta ez dakion. Herri sinestearen arabera, belarriak durundatzen direnean belarri barruko harrak egarria duela esan nahi du, eta esne epela eman behar zaio. (R. Mª AZKUE, Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madril-Bilbo, 1989).

Euba

Katua aurpegia garbitzen ari bada, kanpotarren bat helduko da etxera. Hilaren 13ko ametsa egia bihurtzen dela ere esaten da, eta medikuarekin amets egiten duenak biharamunean gutuna jasoko duela. (R. Mª AZKUE, Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madril-Bilbo, 1989).

Garai

Garatxoak sendatzeko gari alez igurtzi behar dira eta ondoren harri azpian gorde aleak. Arriskutsua da hilerriaren inguruan hiru bira egitea. Mari, izadiko jainkosa handien irudia, Mariburrika izenez ezagutzen dute hemen. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). Katuak ekialdera begira garbitzen badu aurpegia, eguraldi ona dator, eta mendebaldera begira badago, berriz, euria izango da. (R. Mª AZKUE, Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madril-Bilbo, 1989).

Gatika

San Joan goizean, neskatxek ilea garbitzen, orrazten eta apur bat mozten dute. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Gautegiz de Arteaga

Akelarrea edo Sorgin bilera egiten zen gune bat aipatzen da (Akerlanda). (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Gernika

Arimak itzal moduan agertzen dira (Gerixetiak). Ereñusarre mendian arrasto batzuk daude, ustez San Migel goiaingeruak harkaitzean utzitakoak. Gernika eta inguruetan azti eta igarle ugari izan dira (Aztia). Giharren lasaitzea Zain Tiratu edo jostura irudizkoaren bidez sendatzen zen. Begizkoaz jotako animaliei tu egiten zitzaien, araotik libratzeko. Eguzkia Ama Lurraren alabatzat hartua da, eta beraz, izaki sakratua da. Ereñusarren ba omen dago altxor handi bat ere. Irudizko izakien artean, ezaguna da, bestalde, Prakagorri, gizonak bere onurarako erabiltzen duen iratxoa; Foruan Bestemutillak deitzen zaie. Harriabarra eta ekaitza ekiditeko aizkora jartzen zen atarian, ahoa gora begira zuela, tximista ekaitzaren iratxoak jaurtitako harri edo historiaurreko aizkora dela uste baitzen, inguru hartan tximistari ematen zaion izenak (Oneztarri) adierazten duenez. Bertako beste elezahar batek dioenez, behin batean lurrak nekazari bat irentsi zuen, jai egunez lurra ereiten ari izanagatik eta horrela sortu bide zen Leziako iturbegia, Gernika eta Ajangiz artean. Traganarru itsasgizonak beldurtzen zituen iratxoa da. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Gizaburuaga

Lamia erditzen deneko elezaharra ezagutzen da bertan (Okamika). Lamiak han bizi direla egiaztatzen du, bestalde, herri sinestearen arabera Okaminan eta Oibarren lamia batek utzitako "arrasto" batek. Lamiñazulo leku izenak ere adierazten du Laminetan sinesten zutela. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Gorozika

San Joan goizean, neskatxek ilea garbitzen, orrazten eta apur bat mozten dute. Lamiñapuzu izenak aditzera ematen duenez, elezaharretako izakietan sinesten dute. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). R. Mª AZKUEk dioenez, ez da ilea maiatzean 1ean moztu behar, zuritu egiten delako; bestalde, egun horretan urdai errea janez gero, zuriak, horailak eta ederrak izango dira neska-mutilak. Hortz-haginak ez usteltzeko, iratze sortu berria mastekatu behar da, eta hortza erortzean, teilatura jaurtitzen dute, esanez: "Maria telatuko, gonagorria; eutsi agin zara ta ekazu barria" (Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madril-Bilbo, 1989).

Ibarrangelua

Zorte ona edukitzeko San Pedroren estatuari kendutako puskak sartzen dituzte kutunean. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Igorre

Azkuek dio Laminek argia botatzen dutela ahotik, Ireltxu edo Idituek bezala. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Iurreta (Durango)

Gabon gauean ebakitzen den lehen ogi xerra urte guztian gordetzen da: ekaitza baretzen omen da airera jaurtiz gero. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Ispaster

Mari hodei zuri gisa agertzen da, eta Otoyo mendian lainoa ikusten denean Marik labea piztu duela esaten da. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Izurtza

Etxaburu edo Etxeburu izeneko dorrea haitzulo natural batek zeharkatzen du; haitzulo horretan Laminak bizi zirela esaten da. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Kortezubi

Lamia erditzen deneko elezaharra ezagutzen da bertan (Santimamia). Herri hartako ustea da hildakoen arimak giza itxura harturik agertzen direla, heriotzako beren jantziak soinean eta argiak eskuetan (Argi). Sinesmen horri jarraitzen dio Somorrostroko meatzariaren elezaharrak, zeinetan esaten baita amak argia elizara eraman ezin izan zuen egunean bakarrik izan zuela iluna. Garatxoak sendatzeko gari alez igurtzi behar dira eta ondoren harri azpian gorde aleak. BARANDIARANek jasotako berrien arabera, ohitura zen bataiatu gabe hiltzen zirenak baserriaren teilategalaren azpian lurperatzea (itxusuria). Inguru hartako elezahar batek dioenez, Martin Txikik burdinaren soldaduraren sekretua lapurtu zien Basajaunei. Begizkoaren kontra ogi bedeinkatua, oilo zirina eta ikatza biltzen dituzte bihotz itxurako zaku txiki batean. Ehiztaria, bere ehizakiaren atzetik ibiltzeagatik opila jasotzeko astirik izan ez zuen Mallabiako apaiz bat izan zen, herri sinestearen arabera, eta harrezkero haizearen burrunbaren hots moduan entzuten zaio. Ez dira hiru bira eman behar gau-ezkilak jo ondoren. Elizarako bideak oin-saria daukala esaten da, hildakoak bertatik igarotzen direlako (Andabide). Harkaitzean harriari buelta emateko eskatuz "inozo batzuk etorriko dira, eta emango dizkidate hainbat bira" dioen idazki bat dago elezaharraren arabera. Era berean esaten da hainbat urtez suge bat zaintzen jardun zuen artzainak bertan behera utzi zuela halako batean sugea, eta itzuli zenean, sugeak jan egin zuela. Herri irudimenak sorturiko beste iratxo ezagun bat da Mamur, gizonari bere zereginetan laguntzen diona; une jakin batean jasangaitza bihurtzen zaio, ordea, gizonari, eta ezin bete daitekeen zerbait bete dezala eskatu behar zaio halakoetan. Urtean eskaintza bat egin ohi zitzaion Mariri, adibidez, aharia edo dirua, harriabarrak uzta honda ez zezan. Mikolas izeneko iratxo edo deabruak eraikitzen omen zituen zubiak. J. M. BARANDIARANek udalerri hartan jaso zuen hamabi hitz biribilduen esaeraren berri. J. M. BARANDIARANek San Migelen elezaharraren bertsio bat ere jaso zuen bertan. Beste elezahar batek dioenez, haitzulora aurrerantz ibiliz sartu behar zen, eta atzerantz ibiliz irten (Mari, o el Genio de las Montañas, LGEV, I liburukia). Mariri buruz esaten da baietzetik eta ezetzetik bizi dela, hau da lapurtu egiten duela gehiegiz eta gutxiegiz aitortu ez dena (Mari, o el Genio de las Montañas, LGEV, I liburukia). Kortezubin Sorginez mintzo dira. Euriak Jainkoaren etorrera iragartzen omen du. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Larrabetzu

Basakatu eta triku hortzak eramaten dituzte lepotik zintzilik, haurrari hortz-haginak behar bezala atera dakizkion. Familiak San Joan gauez ebaki eta etxera eramandako iratze bedeinkatuaren gainean lo egiten du eta lasto azao irazekiak harturik zeharkatzen dituzte beren lur sailak bertso batzuk kantatuz. Haurdun dauden emakumeek kutun bat erabiltzen dute, beira gorrixka poliedriko bat. Gabon gauean irundako hariz egindako soinekoa eta oilarraren martxoko kantua erabiltzen dituzte Laminen kontrako kutun gisa. Mikolas izeneko iratxo edo deabruak jaurti zuen orain dagoen lekura Atxispeko harria, eta hark eraikitzen ditu zubiak. Hildakoak Gabon gauean etxera itzultzen zirelako eta etxeko sutondoko errautsetan beren arrastoa uzten zutelako ustea zuten. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Leioa

Udalerri hartan dago Lamiako auzoa, zeinaren izenak erakusten baitu izaki magiko horiekiko sinesmena zutela bertakoek. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Lekeitio

Gauez etxera zihoazela hiru irrintzi entzun eta erantzun zituzten hiru iruleen elezaharra ezaguna da han. Iruleek irrintziei erantzun orduko izaki bitxi baten presentzia nabaritu zuten, eta lasterka joan ziren Urkitza-Aurrekoa baserrira; baserrian sartu eta atea itxi bezain laster atzaparkada batzuk entzun zituzten atean. Kurlutxu mendiko sakonunea Ama Birjinak utzitako oinatza bide da bertakoen ustez. Begizkoz jotako haurrari beren senideek eskuak garbitzeko erabilitako ura ematen zitzaion edateko. Amets luzeei San Joan amets esaten zaie. Gabon gauean ebakitako lehenengo ogi xerra urte guztian gordetzen da; itsasoa haserre denean puska bat uretara botata, baretu egiten omen da. Gau-ezkilak jo ondoren inor hilerritik igarotzen bada, hildakoak ateratzen dira. Sineste zabaldua da, orobat, Sierpe edo Herensugearena, Kantauri aldeko eremu guztian bezala. Kutunetan sartzen dute zilbor-hestea. Bertako elezahar batek dioenez (beste inguru batzuetan ere ezaguna da) neskatxek ez diote erantzun behar hiru oihu edo irrintziri, Gaizkiaren erasoa jasateko arriskua baitute bestela. J. M. BARANDIARANek San Migelen elezaharraren bertsio bat ere jaso zuen bertan. Herri honetan debekatuta zegoen Sorgin izena esatea, izena esatearekin izaki hura agertzen zelako ustea baitzuten. Kafea sutatik kendu aurretik, txingar edo ilinti irazeki baten muturra sartzen zuten bertan. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). R. Mª AZKUEk jasotako ohitura baten arabera, Ostiral Santuko goizez eliz atarira eramaten zituzten idiak eta behiak, eta han uzten zituzten Pasioa kantatzen zuten bitartean (Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madril-Bilbo, 1989).

Mañaria

Akelarrea edo Sorgin bilera egiten zen gune bat aipatzen da (Akelarre). Diosal egiten diote Eguzkiari, bestela negarrez ezkutatzen baita. Askondoko haitzuloan laminak bizi omen dira, urrezko orraziaz orrazten diren izakiak. Mari zazpi urtez Anboton, beste zazpiz Oizen eta beste zazpiz Mugarran bizi dela ere esaten dute. Askondon Sorginak bizi omen dira. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Markina (Xemein)

Anbotoko Dama eta Marije Kobako ahizpak direla esaten dute. Giza itxurako izaki begi-bakar baten sinestearen berri ere jaso da han; kopetaren erdian du begia, eta oin biribil bakarra dauka; mendian bizi da eta Alarabi du izena. Bera da, herri sinestearen arabera, lehenengo artzaina. Begizkoaren kontra, aziendaren lepoaren inguruan hiru bira egiten dituzte soka batez, edo adarrak zulatzen dizkiete eta argizariz betetzen. Haurren kasuan, begizkoari aurre egiteko aitaren alkandora janzten zioten. San Joanetan erramu eta lezkazko sortak egiten ziren, eta behien errapeak sendatzeko lurrin bat egiten zuten haiekin. Lehenengo eliza Jentilek eraiki bide zuen. Bertako toponimian bada Lamikiz izeneko baserri bat, Laminen sinesteari lotua. Osolo haitzuloan ere laminak bizi omen ziren. Iratxo ezaguna da, halaber, Marije Kobako, edo Mari, zeina hartzen baita Anbotokoaren ahizpatzat eta agertzen ohi baita Kanterazar haitzuloan. Neskatxa bat eduki zuen gatibu, zenbait urtez berarekin bizi eta iruten irakatsi ondoren, urre eskukada bat eman eta askatu zuena. Urrezko orrazi batez orrazten dela ere esaten da, baina behin orrazia ahaztu zitzaiola eta hura jaso zuen gizonak zorigaitza besterik ez zuela izan orrazia aurkitutako lekura itzuli ez zuen bitartean (Mari, o el Genio de las Montañas, LGEV, I liburukia, Bilbo, 1972). San Migeli eskainitako ermita bat dago, eta hari buruzko elezaharren bat ere ba omen da. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Maruri

Aziendaren gaixotasuna jatorri magikokoa den ala ez jakiteko, beruna urtzen dute zartagin batean, eta haren gainean ur hotza isurtzean oilar itxurako forma bat eratzen bada, gaixotasuna begizkoak sortua dela esaten da. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Meñaka

Herri hartako ustea da hildakoen arimak giza itxura harturik agertzen direla, heriotzako beren jantziak soinean eta argiak eskuetan (Argi). Elizarako bidea (kurtzeko-bide) hildakoarena dela esan ohi da. Herri honetako Laminak, beste herri batzuetakoak bezala, urrezko orraziaz orrazten dira. Jentilek eraiki omen zuten Otume baserria, batere aldamiorik gabe eta harriak eskuz erabiliz. Kafea sutatik kendu aurretik, txingar edo ilinti baten muturra sartzen zuten bertan. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Mendexa

haurdun dauden emakumeek kutun berezi bat erabiltzen dute, beira gorrixka poliedriko bat. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Morga

Sorginak bizi dira han, Sorginzilo leku izenak aditzera ematen duenez. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Mundaka

Han esaten dutenez, Sugaar sugea Eskoziatik iritsitako printzesa batekin elkartu zen, eta haien semea izan zen Bizkaiko lehen jauna, Sugaar, Mariren bikotea. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). R. Mª AZKUEk jasotako ohitura baten arabera, belarrian ur bedeinkatua isurtzen zen, belarriko minaren kontra (Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madril-Bilbo, 1989).

Mungia

Solluben orratz-ontzi bat jarri ohi zuten gizonei laguntzen dieten Mamur jeinu txikiak harrapatzeko. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Munitibar (Arbacegui y Guerricaiz)

Resurrección María AZKUEk jasotako ohitura baten arabera, behi aziendari ur bedeinkatua ematen zitzaion Garizuman, gaixotasunik harrapa ez zezan (Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madril-Bilbo, 1989).

Muxika

Kelarrea edo Sorgin bilera egiten zen gune bat aipatzen da (Eperlanda). Aziendaren lepotik zintzilik sokak edo zintzarriak jartzen dituzte, begizkoa ekiditeko. Hildakoak itzal moduan agertzen dira. Lehenengo eliza Jentilek eraikia da. Okandabason bi zuhaitz daude, gaztainondoak, Peru eta Mari izenekoak, eta haien aurrean egiten ziren, behinola, ezkontzak eta salerosketetarako kontratuak. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Ondarroa

Lehenengo eliza Jentilek eraiki zuen. Herri sinestearen arabera, Antiguako Andre Mariaren eliza alboko kanpaietako batean burua sartu eta aldi berean kanpaia joz, buruko gaixotasunak sendatzen dira. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Orozko

Akelarrea ospatzen zen gune bat aipatzen da (Garaigorta). Araneko Arriaren elezaharrak dioenez, neskatxa bat Gorbeiara igo zen bere artaldearen bila, baina galdu egin zen eta otsoek jan zuten; pare bat harri daude, BARANDIARANen iritzian, elezaharraren sinestea zabaltzen lagundu dutenak. Herri hartako ustea da hildakoen arimak giza itxura harturik agertzen direla, heriotzako beren jantziak soinean eta argiak eskuetan (Argi). Arima herratuen giza irudiak erabiltzen dituzte, bere garaian bete ezin izan zen agintzaren bat betetzen laguntzeko. Arimak uso moduan ere agertzen dira, eta soinu jakin batzuk ere arimak direla esaten da. Itzina, Supelaur edo Supelegor haitzuloan bertako Laminek utzitako zortzi urteko haurrek uzten dituztenen moduko arrastoak ikusi ohi zituzten artzainek. Antzeko interpretazioa egiten da Olarte auzoko arrasto bati buruz, baina Lamiena ordez Ama Birjinarena dela esanez. Gorbeian, Itzineko mendigunerako sarbide egiten duen Atxulaur harrizko zubi naturalean ba omen dago, haitzulo batean gorderik, lapur batek gordetako altxor bat, baina inork ezingo du altxor hori eskuratu, aho-sudurretatik sua botatzen duen zezen batek zainduta baitago; lapurraren arimaren irudia omen da zezen hori. Aziendari begibedar belarra botatzen diote, begizkotik babesteko. Austegarmin haitzaren azpian eta Pagozarreta dolmenean altxorrak zeudela esaten da. Elizarako bidea hildakoarena dela esaten da (Andabide). Jentilzulon Jentilak eta Laminak bizi bide ziren. Laminei, gainera, "sagardo pitxer bat uzten zitzaien sotoan, edo opil bat sukaldean, etxean ogirik egosi bazen". Batzuetan laminek gizakiak bahitzen dituzten, Usi baserriko gaztea adibidez, zeinari eman baitzioten urrea sekula gehiago ez itzultzearen truke; gaztea itzultzen tematu zenez, betiko atxilo hartu zuten. Baina herri sinestearen arabera, eliza eta ermitetan erreguteak egiten hasi zirenean laminak desagertu egin ziren, eta lurperatuta gelditu, zazpigarren geruzan. Aizpuruko apaiza eta bere mirabea Mamur edo iratxo txikien laguntzaz Madrila joaten zirela esaten dute. Mari izeneko emakumezko iratxoa Supelegor haitzuloaren alboan eta sai moduan (Sorginak bezala) agertzen delako ustea dute bertan, eta orobat esaten da haitzulo haren ondoan gurutzeez babesturiko txabola jarri zuen artzainari ez ziotela bakean utzi harik eta gurutzeak kendu zituen arte (Mari, o el Genio de las Montañas, LGEV, I liburukia, Bilbo, 1972); han esaten dutenez, suzko bola gisa ere agertzen dira, eta Supelegorren agertzen direnean uzta emankorra izango den seinale dela esaten da. J. M. BARANDIARANek dio (Mari, o el Genio de las Montañas, LGEV, Bilbo, 1972, I liburukia) beren jatorria amak alabari botatako madarikazio bat dela. Pagozarreta eta Usengatzuko dolmenak mugarri gisa erabili izan dira. Ohitura zen, halaber, hileta garaian eta urteurrenetan txanponak uztekoa hilkutxaren edo tumuluaren gainean. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Otxandio

Hernia sendatzeko, ekainaren 23tik 24rako gauean, San Joan gauean, ama beraren hurrenez hurreneko bi semek haritza ebakitzen dute, eta ebakia ziri batez bereizita, ebakian zehar igaroarazten dute gaixoa, gaueko hamabietan, arao bat esanez aldi berean; behin hori eginda, gaixoaren alkandora zintzilikatzen dute zuhaitzean, eta ziria kentzen dute, horrela, zuhaitza osatzen bada, gaixoa ere osatuko da. Gabon gaueko enborretik gelditzen dena hurrengo goizean edo San Anton egunean abereak haren gainetik igarotzeko moduan jartzen da, gaixotasunetik babestuta gelditzen direlakoan horrela. Azkuek Ersugeren inguruko sinesmena ere badutela aipatzen du. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). R. Mª AZKUEk esaten duenez "hortz-haginak sendo eta osorik izateko, ebaki azazkalak astelehenero". Trikuaren hortzak ere erabiltzen dira, lepotik zintzilik, kutun moduan, haurrei hortz-haginak behar bezala atera dakizkion. (Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madrid-Bilbao, 1989).

Sondika

Ateetan lizarrezko gurutzeak iltzatzen dituzte, eta handik zintzilik jartzen fruituak, adibidez artoa, garia, patatak, sagarrak etab., hurrengo uzta emankorra izan dadin. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Usansolo

Lamiaran leku izenak adierazten duenez, han ere Laminak bizi zirela uste zuten. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Xemein (Markina)

San Migel Arretxinaga ermitan kare-harrizko harkaitz batzuk daude, dolmen natural baten modura antolatuak, eta han daude San Miguel eta Santa Polonia santuen aldareak. Ezkongabeek hara jotzen dute, senargai eta emaztegai bila, eta aldareen artetik hiru aldiz igarotzen dira hiru Agur Maria errezatuz; antzina harkaitz puskak ere ateratzen ziren, ahoan harkaitz puska bat sartuz gero haginetako mina sendatzen zelako ustea baitzuten. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Zalla

San Joanetan lizar eta haritz adarrez apaintzen dituzte etxeetako ateak (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Zeanuri

Rumex Crispus belarrez keinu berezi batzuk egiten dira ekaitzak sortzen eta gidatzen dituen Aidegaxto iratxoa uxatzeko. San Adrian ermitara joaten dira, galdutako gauzak aurkitu nahi dituztenak ez ezik, baita argi moduan agertzen den Argiduna iratxoa ere. San Joan goizez ebakitako belarra gozoagoa dela eta ez dela hain azkar lehortzen esaten da. Lur sail batean kardurik jaio ez dadin, hartu sorta bat, eta arantzak kenduta, San Joan gauerdian erre behar da. Gabon gauean ebakitako lehenengo ogi xerra urte guztian gordetzen da; uholdeak direnean ogi horren zati bat jaurtiz gero, urak bere onera itzultzen omen dira. Gizotsoren elezaharra ezaguna da inguru hartan; Aginaoko andreari bularrak kendu omen zizkion izaki hark. Trumoiari Prakazar Bolan Dabil esaten zaio. Lamiñapotsu leku izenak adierazten duenez, han ere, Lamiñategieta haitzuloan bezala, Laminak bizi ziren, herri sinestearen arabera. Laminek goru eta ardatzaz iruten ematen zuten denbora. Mamiño amildegiko laminek ez harrapatzeko, Altzusta auzoko haurrek sudurra estaltzen zuten eta esaten zuten: "guk barikuen makallaoa yan gendun". Ipiñizarren, lainoa zetorrela ikusten zutenean, harriabarraren eta ekaitzen kontra, "ezker eskumuturrean uztai-belar izeneko belarra (Rumex crispus) jartzen zuten, eta eskuin eskuaz ekaitzari agintzen zitzaion zein bide hartu behar zuen". Oroko Andre Mariaren elizaren (Urretxa) alboko kanpaietako baten barruan burua sartu eta aldi berean kanpaia joz, buruko gaixotasunak sendatzen direla esaten da. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). R. Mª AZKUEk dio ez dela etxeko katua diru trukean saldu behar, baina bai aldatu oilanden truke. Herri sinestearen arabera, lanak asteartez edo ostiralez hasteak ez dakar zorte onik, eta ostiralez jaiotakoek zoritxarra ekartzen omen dute, ostiraleko Ilargiak bezala. Hausterre egunean zakurrek eta katuek barau egiten dutela esaten da. Era berean uste da hortz-haginak garaia baino lehen ateratzen zaizkien haurrei lehenago erortzen zaizkiela. Hortza erortzen denean, teilatura jaurtitzen da, esanez: "Sagu zarra, eutsi agin zarra ta ekazu agin barria". Buruko mina sendatzera San Justoren ermitara joaten dira, gauez bederatzi arrosario errezatzera. Emakume adatsak, azpil batean jarriz gero, suge bihurtzen dira. Baraurik gaudeneko listuarekin lehenengo aldiz belarritakoak jartzean belarria zornatzea eragozten da eta orobat da baliagarria haurrei begiak sendatzeko; begizkoari aurre egiteko oilo zirina eta sutan erretako ikatza jartzen zen. (Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madrid-Bilbao, 1989).

Zeberio

Lamiñerreka izeneko gune bat dago, eta horrek erakusten duenez, han Laminak bizi zirela uste zen. Gizonak laminak bere mende hartzeko, haiek bizi diren urmaelak zeharkatu behar ditu San Joan egunez jaiotako idi edo txahalez tiratutako are batean. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Zenarruza

Herri hartako ustea da hildakoen arimak giza itxura harturik agertzen direla, heriotzako beren jantziak soinean eta argiak eskuetan (Argi). Soinu bereziak ere egiten omen dituzte. Bestalde, Elizarako bidea hildakoaren jabetzakotzat hartua da (Andabide). Markolako haitza Jentil batek jaurti zuela esaten da. Autzek gizonei laguntzen dieten jeinuak dira. Elezahar baten arabera, Marik ikatz eskukada bat eman zion opari bere gatibu bati, eta hura haitzulotik irtetean, urre bihurtu zen ikatza. Inguru hartan Markola izeneko haitz bat dago, Jentil batek Ostegun Santu batez jaurti bide ziona bere idien bila zihoan itzain bati, eta den-denak harrapatu omen zituen azpian. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972).

Zornotza (Amorebieta)

Hernia sendatzeko, ekainaren 23tik 24rako gauean, San Joan gauean, ama beraren hurrenez hurreneko bi semek haritza ebakitzen dute, eta ebakia ziri batez bereizita, ebakian zehar igaroarazten dute gaixoa, gaueko hamabietan, arao bat esanez aldi berean; behin hori eginda, gaixoaren alkandora zintzilikatzen dute zuhaitzean, eta ziria kentzen dute, horrela, zuhaitza osatzen bada, gaixoa ere osatuko da. San Joan goizeko ohitura da ibaian garbitzea edo ihintzak bustitako belardietan eta galsoroetan biluzik eta oinutsik ibiltzea, hazteritik, herpesetik eta azaleko beste gaixotasun batzuetatik babesteko. Gabonzuzi edo Gabonetako enborrak erbinudearen kaltea galarazten du. (Joxemiel BARANDIARAN, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca, LGEV, Bilbo, 1972). R. Mª AZKUEk jasotako sineste baten arabera, katua azpitik hartzen duena ez da urte horren barruan ezkonduko. Musker, suge eta beste piztia batzuez mintzatzerakoan, debekatuta dago "hil" esatea, "akabu" esan behar da, eta sorginkeria hori gainditzeko "hiru gurutze egin behar dira mihiaz harri baten gainean eta beste hiru aldiz musu eman behar zaio ondoren" (Euskalerriaren Yakintza, I liburukia, Euskaltzaindia & Espasa Calpe, Madril-Bilbo, 1989).