ES | EU | EN

Zirkulu magikoa

  • Pablo A. MARTÍN BOSCH, "Aritz".
  • 15/ 10/ 2001

Gizonak antzinatik egin du dantza, banaka zein taldeka. Taldekako dantzetan irudi jakin batzuk eratu ditu, eta horien arteko forma soilena zirkulua izan da. Eraztun bat, bi, hiru eta gehiagoko zirkuluak ikusten dira munduko dantzetan. Gehienetan gizonak erdian jartzen dira eta emakumeak eta haurrak kanpoaldean.

Erdigunetik gertuago egotea sexuak gizartearen egituran hartzen duen lekua edo estatusaren adierazgarri izan daiteke. Gizarte mailaketan zenbat eta gorago orduan eta zirkuluaren erdigunetik gertuago. Baina garrantzi handiko beste gai batzuk ere atera daitezke dantza tradizionalen ikerlarientzat.

Curt Sachs, bere Dantzaren Historia Unibertsalean (Centurión argitaletxea, 1944), itxuraz garrantzirik ez duela ematen duen datu batean oinarritzen da. Datu horrek, baina, zirkulu edo soka dantzen esanahia ulertzeko bidea eskaintzen digu. Bere obran adierazten duenez, Eguzkia, Ipar hemisferioan, biribila ikusten dugu beti, Ekialdetik Mendebaldera doala Hegoaldetik zehar. Alegia, hari begira jarriz gero, Eguzkia gure ezkerraldetik sortzen da, goranzko bidean, eta eskuinaldetik ostentzen, beheranzkoan. Esan ohi den bezala, erloju baten orratzak mugitzen diren norabide berean mugitzen da. Hori dela eta, Curt Sachsen ustez, erloju orratzen norabidean egiten diren dantzak eguzki mitologian oinarritutako pentsamoldearen ondorio dira.

Hala ere, eta gure gidari jarraituz, Ilargia, Sortaldetik irten, Sartaldetik ezkutatzen eta Hegotik igarotzen den arren, egunero aurreko eguna baino pixka bat ezkerrerago dagoela ikusten dugu. Bide bera egiten du, baina polikiago ibiltzen denez, egunero atzera egiten duela ematen du, erloju orratzen norabidean.
Eguzki dantzak eta Ilargi dantzak, egunaren eta gauaren argizariari eskainitako dantzak dira; ehiztariaren eta nekazariaren esparruko dantzak elkarren aurka jartzen dira.

Interesgarria izango litzateke ikustea zenbateraino den hori horrela, baina gu aztertzen ari garen esparruan, euskal herrietako dantzen munduan, Pirinioen mendebaldean eta inguruetan, Nafarroa, Zuberoa, Lapurdi, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, ez dago erloju orratzen norabidean egiten den dantzarik; kontrako norabidean egiten dira guztiak. Euskal Herriko dantzak, oro har, eta Bizkaikoak, bereziki, ilargi mitologian oinarritutako pentsamendu bati dagozkiola pentsa liteke, eguzki mitologian oinarritutako pentsamendu bati baino gehiago.

Aurreko hipotesia berresten duen datu bat emakumeak euskal panteoian duen garrantzia da. Mari, Anbotoko Sorgina, Amari, Amaia, Maia, Lamia, Elilamia… izadiko edozein elementuren itxura hartuta ager daiteke: hodeiak, ekaitzak, animaliak, itsasoak eta ibaiak, mendiak, zuhaitzak eta pertsonak. Dudarik gabe Mendebaldeko Pirinioetako herrietako dantza biribilak Ama Jainkosetatik hurbilago daude Aita Jainkoetatik baino.

Dantzok, zeinetan gizonek eta emakumeek hartzen baitute parte, tokian tokiko ezaugarriak dituzte, euskal herrietako dantzen esparruan betiere: Ttun-ttun ekialdeko mugan, Ingurutxoa Nafarroan, Giza dantza eta Gizon dantzak Nafarroa eta Gipuzkoa aldean, Larrain dantza Nafarroa erdialdean, eta Soka dantza edo Aurresku Bizkaia aldean. Bi lerrotako dantza biribilak soka bakar batera mugatzen dira azken kasu horretan.

Lehen aipatu bezala, erloju orratzen kontrako norabidean dantzatzen dira denak. Ilargi dantzak dira, beraz. Bada, gainera, guztietan agertzen den irudi bat, interpretazio desberdinak izan dituena, baina arrazoi bat edo besterengatik azkenean denek "zubi selektibo" gisa interpretatu izan dutena. Bikote batek, sokako aurrenak eta azkenak normalean, besoak jaso eta sokako gainerako dantzariei azpitik pasatzen uzten diete. Pasatzen dena pertsona fidagarria baldin bada, ez dago eragozpenik, baina ez bada, zubia itxi egiten da eta sokatik kanporatzen dute. Hala egiten zen behintzat Nafarroako Baztanen, eta interpretazio hori aho batez onartu da euskal esparruko gainerako tokietan ere.

Soka dantzak, beraz, dantzaria dantzari gisa onartua izan dadin gainditu behar duen azken erritoaren funtzioa beteko luke, gizartean onartuta dauden emakumeekin dantza egin dezakeen neurrian. Azken batean, soka dantzako emakumeen aurkezpena ez da erritoa gainditzen laguntzen edo eragozten den urrats selektibo bat baizik.

Bestalde, zapien erabilera gauza berri samarra da. Zapiaren bitartez gizon eta emakumeen arteko harreman fisikoa eragotziko litzateke, batetik, eta isilpeko hizkuntza batean isilpeko mezuak bidaltzea, bestetik, garai batean zirkuluko kideek haizemaileekin egiten zuten bezala. Are gehiago, zapiaren bidez norbaitek ondokoa bere borondatearen kontra atxikitzea eragotziko litzateke. Ez gara hori aztertzen hasiko orain, baina oso gai interesgarria iruditzen zaigu.

Biribilean egiten diren beste dantza ezagun batzuk Biribilketak dira, gizon eta emakumeen parte hartzearekin, sigi-sagaka eta saltoka, ordenarik gabe, eta soinuaren erritmoaren arabera kalez kale edo plazan barrena dantzatzen dena. Aditu batzuek Teseo labirintotik atera zenekoarekin lotzen dute dantza hau.

Azkenik, gizonak eta emakumeak aurrez aurre jartzen diren dantzak aipatuko ditugu: jotak edo fandangoak, arin-arina edo porrusalda. Iberiar penintsulako iparralde osoan dantzatzen dira. Adituen arabera dantza hauek Arabia edo Egiptokoak dira jatorriz. Afrikako iparralde osoan zehar zabaldu ondoren, Iberiar penintsulara iritsi ziren, eta Portugaletik barrena, Iberiar penintsulako iparraldera gero. Handik ekialderantz zabaldu ziren, Euskal Herrira iristeraino.

Dantza besoak altxatuta -zezen emankorraren adarrak bailiran- dantzatzen dela jakitea nahikoa den baldintza da ikuskera hori berresteko -izan ere, oinen mugimendua baita euskal dantza gehienen ezaugarri nagusia-, beste dantza batzuetako (Ingurutxoa, Ttun-ttuna) antzeko jarrerak kontuan hartzen ez baditugu, betiere. Gainera, kasu honetan, ez da gizonak goian eusten diela eta emakumeak beheran, baizik eta biek armonia koreografikoa eratzen dutela, nork bere ahalmenak aurrez aurre jarriz bezala.

Erlojuaren aurkako norabidean burutzen diren dantza zirkular mistoek, beraz, badirudi dantzari taldea bere komunitatearen baitan onartua izateko erritual baten amaiera adierazten dutela. Bada beste dantza sail bat, biribila hau ere, xingolak zintzilika dituen makila edo zutoin baten inguruan dantzatzen dena: El Ciegoko Plazako Ama Birjinaren Arbolaren dantza, Gipuzkoako zinta dantzak, edo Bizkaiko Domingillue, esate baterako. Hala ere, dantza mota hauetan, dantzaren biribiltasunak baino gehiago dantzaren elementu zentralak berak -zutoinak- hartzen du nagusitasuna, izadiaren irudi gisa.
Nolanahi dela ere, argi dago Euskal Herriko dantza biribil guztiek izadian (Ama, Emakumea, Lurra, Ilargia) oinarritutako kosmologia bat ekartzen digutela gogora.