
Portugaleteko Elai-Alai Fundazioaren ekimena da dantzak.com webgunea. Gipuzkoako dantzen atala egiteko proiektua bultzatu eta bideratzeaz gain, koordinazioa ere Elai-Alai fundaziotik egin da Elgoibarko Haritz dantzari taldearekin elkarlanean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren onespena jaso du proiektuak eta berak eskainitako babesarekin bideratu da lana.

Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldea arduratu da Gipuzkoako dantza hauek plazaratu eta bideoan grabatu ahal izateko moduan eskaintzeaz. Goizaldi dantza taldeko Iñaki Gordejuela dantza maisuarekin hezi ziren Gipuzkoako dantzen disziplinan Elgoibarko dantzariak, eta ondoren Juan Antonio Urbeltz-ek gidatzen duen Ikerfolk elkartearen babesean, Argia dantzari taldeko dantza maisuekin joan dira sakontzen dantza horien ezagutzan. Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, Iñaki Arregi, Fernando Aristizabal eta Jexux Larrea dantza maisuek zorroztu dute azken urteetan Elgoibarko dantzariek Gipuzkoako dantzetan duten ezagutza. Horiekin batera, Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldearen formakuntza prozesuan lan handia egiten duten maisuak izan dira Jose Inazio Sarasua, Lurdes Odriozola, Jon Lizarralde, Abel Iriondo eta Mikel Legorburu.

Elgoibarko Haritz taldeko dantzariez gain Debabarrenako beste hainbat dantzarik parte hartu dute grabazio lanetan. Izan ere, azken hamabost urteetan elkarrekin lanean dihardute bailarako dantzariek, eta beraz, Debako Gure-Kai, Eibarko Kezka eta Ermuko Txindurri dantza taldeetako kideek ere parte hartu dute lan honetan. Horiekin batera Gipuzkoako dantzak egiten 75 urtetik gora daramatzan Añorgako Arkaitz taldeko dantzariek parte hartu dute grabazio lanetan. Bideo grabazio eta argazki sesioetan parte hartu duten dantzari guztien zerrenda irakur dezakezue beherago, baina bakarlarien izenak dituzue jarraian: Mikel Legorburu, Garikoitz Otamendi, Jon Lizarralde, Ainhoa Larrañaga, Abel Iriondo, Jokin Otamendi, Josu Garate eta Oier Mendiola.

Musikari dagokionez Jose Inazio Sarasuak zuzentzen duen Elgoibarko Udalaren Txistulari Bandako kideak arduratu dira dantzei doinua jartzeaz.