|
|
|
|
|
|
Gipuzkoako dantza tradizioa anitza da eta, ondorioz, herri eta auzo bakoitzean besteengandik bereizten dituen ezaugarri bereziekin ospatzen dira jai eta tradizioak. Hala ere, XIX. eta XX. mendeetan Gipuzkoan egin diren hainbat dantza tradizionaletan ezaugarri komunak antzeman daitezke. XIX. mendearen lehen zatian Juan Inazio Iztueta zaldibiarrarekin mende eta erdi luzatuko den dantza-maisu segida garrantzitsua abiatu zen. Jose Antonio Olanok, Jose Lorenzo Pujanak eta Candido Pujanak osatu zuten, Juan Inazio Iztueta berarekin, Gipuzkoako dantzen irakaskuntzan herriz herri 150 urte inguru iraun zuen dantza-maisuen soka. Abiapuntua Goierrialdean zuten dantza-maisu hauek dira dantza-molde akademikoak eta tradiziozko dantza-ohiturak uztartuta erakusten dituen tradizio sendo baten ordezkari nagusiak. Dantza-maisu horien ekarpenekin, eta sona gutxiago izan arren lan handia egindako beste batzuenekin, iritsi da gaurdaino Gipuzkoako dantzariek komuntzat duten dantza-errepertorioa. Horixe da webgune honetan aurkezten den dantza-multzoa. Badira bilakaera propioa izan duten tokian-tokiko tradizio batzuek, Antzuolako trokeo-dantza kasu, baina oro har, irakaste lanetan herriz-herri ibili ziren dantza-maisu gutxi batzuen errepertorioa izanik, batasun handia erakusten du dantza multzo osoak. Gipuzkoako dantzarientzat komuntzat har daitekeen dantza errepertorio honez gain hainbat herritan egiten dira ezaugarri propioak dituzten dantza tradizionalak eta horien berri “Gipuzkoako herrietako dantzak” atalean izan dezakezue. |
|
|
|
|
|
|
|