Gipuzkoako dantzetarako erabili ohi diren urrats zerrenda honek Ikerfolk elkarteak egindako lana du oinarrian. Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregiren gidaritzapean Iñaki Arregi, Fernando Aristizabal eta Jexux Larrea dantza-maisuek gauzatu dute lan hori. Juan Inazio Iztuetak 1824an Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuan argitaratu zituen urratsen deskribapenak eta dantza-maisuen ahozko tradizioz gaurdaino iritsi diren irakaspenak daude proposamen honen oinarrian. Ondare hori sistematizatu eta aurrez aurre emandako zenbait ikastaroren bidez zabaldu zen. Ikastaro horietarako gida-liburua Jira Galdua aldizkariaren lehen zenbakian argitaratu zen 1998an Gipuzkoako dantza-maisuen taula gimnastiko-koreografikoa izenburuarekin. Lan horretatik abiatuta, Gipuzkoako dantza tradizioan agertzen diren oinarrizko urratsen deskribapenak, azalpenak eta bideoak aurkezten dira hemen. |