ES | EU | EN

Kaixarranka

Kaixarranka gaur egun Lekeitio herrian, Bizkaiko probintziaren ipar-mendebaldean eta Gipuzkoako mugatik kilometro gutxitara, egiten den dantza da.

Hainbat ikertzailek artxibo historikotik jasotako datuen arabera, Marinelen Kofradian maiordomoa aldatzeari dagokion dantza errituala da. Helburu horrekin biltzen ziren itsasgizonak, kofradiakideak denak, eta San Pedro jaierako dantzari taldea eta Kofradiako kargu berriak hautatzeko. Orduan segizio bat egiten da San Andres, San Juan eta San Pedro bera irudikatzen dituzten pertsonaiekin prozesio bat egiten da. Maiordomorik adinekoenaren eta berrienaren etxera joaten dira, herriko kaleetan zehar. Ondoren, itsasertzera joaten dira, portura, eta santua uretara botatzeko keinua egiten dute, urtean zehar arrantza oparoa izango badute. Badirudi erlikiak eta arropa erlijiosoak erabiltze hori izan zela XVII. eta XVIII. mendeetan eliz agintariak, garai hartako agintari zibilak ez bezala, ikuskizun horien aurka agertzearen arrazoi nagusia.

Ondoren Kaixarranka irteten da plazara, dantzari bat kutxa baten gainean dagoela; hasiera batean Kofradiaren paperak eta kontuan edukitzen zituen kutxa horri zortzi mutilek eusten diote. Mutil horiek, gainera, marinel diren aldetik arraunak daramatzate; agurrak egiten dira lau puntu kardinaletara, eta oreka dantza bat kutxaren gainean. Abileziaren erakusketaren jauzi, gurpil eta itzulien ondoren fandangoa eta arin arina datoz, horiekin ixten baitira normalki Bizkaiko dantza zikloak.

Jantziak

Bi aldi bereizi behar ditugu hemen: lehenik eta behin Kaixarranka, datu historikoen arabera, prozesio ekitaldi gisa egiten zen, non partaide nagusiek apostoluei zegozkien jantziak erabiltzen baitzituzten, hau da, izarak eta mozorroak.

Geroago ordea, eta elizaren aldetik hainbat debeku ezartzearen ondorioz, mozorrotuek jantzi zibilagoak erabiltzen hasi ziren, hala nola jaka edo lebita, XIX. mendeko kapelu garaia, baina ikur gisa San Pedroren tiara eta giltzak dituen banderatxoa alde batetik, eta herriko armarria bestetik dituela, bere aldez aurreko funtzio historikoaren adierazpena alegia.

Pertsonaia nagusiarekin batera zortzi mutil doaz, Kofradiaren kutxa daramatela eta, gaur egun arrantzaleenak diren jantziak dituztela, hau da, alkondara eta mahoizko praka urdinak. Gerriko gisa berde koloreko bat ikusi diegu, eta ez probintziako beste hainbat tokitan bezala, gorria. Halaber, espartin ilunekin ikusi izan ditugu, baina oinutsik ere joan daitezke, sokamutur, masta eta belen artean ibiltzen ohituta dauden itsasgizonen moduan.

Bestalde, duela denbora batetik hona behintzat, koreografia sareak konpontzen ari diren emakumeen eszena batez osatu da, jantzi tradizionala dutela (gonen azpitik ageri den zaipeko zuria edo koadrodun soinekoak eta oinutsik); fandangoan eta arin arinean hartzen dute parte.

Tresnak

Ondoko lanabes hauek bereizi behar ditugu Lekeitioko Kaixarrankan: lehenik, apostoluen ordezkarien mozorroak eta jantziak, Arrantzaleen Kofradiaren segizioan erabiltzen zirenak. Bigarren, arraunak, kofradiakideek zeramatzatenak, fededunek egindako lana irudikatuz. Hirugarren, Kutxa edo Kaixa bera, Marinelen Kofradiako dokumentuak eta kontuak gorde ohi ziren ontzia, maiordomo batengandik beste batengana igarotzen zena urtez urte. Azkenik, gaurko koreografietan, emakumeek parte hartzen dute irudikapenean, beren lanabesekin: sareak eta beren tresnak.

Musika

Tradizionalki, Kaixarrankako dantzak txistuaren eta danbolinaren musikaz ikusi izan dira.

Ezpata-dantza (Paseo)
Arin Arin
Jota - Fandango

Geografia eta Historia

Mari Elena de ARIZMENDI AMIELen (1) arabera, 1600 urtea baino lehen, San Pedro eta San Juan jaiak zirela eta, Kabildoaren eta Ofizialen dantzak eta prozesioak egiten ziren jadanik; meza nagusiaren ondoren Amiako bidegurutzera joaten ziren prozesioan San Pedro, San Juan eta San Andres mozorroez irudikatuko zituzten figuranteak hautatzeko. XVII. mendean zehar gertakari hori sustraitzearen berri ematen diguten datuak ugariak dira, baina XVI. eta XVII. mendeetan zehar Kabildoaren eta alkateen Kontzejuaren artean eztabaida piztu zen haren egokitasunari buruz.

1607koa da ondoko testua, obra horretatik jasoa: 
"Autoa: Lekeitioko herrian, 1607 urteko ekainak 30 egun dituela; nik, Alonso Lopez Cordido, Erregeren eskribaua eta Valladolideko Kantzelaritzako eta Errege Audientziako Errektore naizen honek, eta halaber O. Antonio de Amezketa Bizkaiko Epaile nagusiak izendatutako Epaile Betearazle, herri honetako Elizaren Bikarioa eta bertako alkatea den Lariz Lizentziatuaren aurka, San Pedroren Marinel Kofradiak hala eskatuta, Errege Epaia betearazteko; aipatu Errege Karta Betearazlearen salbuespenak eta betearazpenak, eta hark eskatutako frogak eta azterketak, Lariz herriko Elizako Bikarioa eta Martin de Asterrika eta Juan Bta. De Renteria lizentziatuei egindako jakinarazpenak eta ohartarazpenak nire ardura direnez: agindu egin behar dut, eta hala agintzen dut, Lekeitio herri honetako marinel kofradiakideei babesa eman dakien eta nik hala ematen diet, euren ohitura zaharra gorde dezaten, San Pedro Jaunaren bezperan, ekainaren hogeitazortzian, eguerdia ondorengo ordu bietan, kofradiakide eta marinel batzuk elkartzea eta haiekin batera maiordomoak, dantzariak izenda ditzaten, eta apostoluak irudikatzeko pertsona, eta bezpera horretatik Ama Birjinaren Ikustaldiaren eguna den uztailaren bira arte bitartean dirauen festa horretan dantzatu behar dutenak izenda ditzaten, eta halaber maiordomoek, antzina bezala, Marinel Kofradiakide diren hiru pertsona hauta dezaten, San Pedro, San Andres eta San Juan hiru Apostoluak irudikatzeko, orain arte egin den bezala, mozorro, koroa eta zetroekin alegia, eta mozorroekin batera hiru kapa dituztela eta, era berean, San Pedro Jaunaren egunerako Marinel kofradiakide horiei euren Meza eta sermoia eman dakien, izan duten eta duten ohiturari jarraiki, non hiru pertsona horiek egon behar baitute mozorroak, koroak eta zetroak dituztela.

Larunbata den bigarren egunean, hil horretako hogeitamargarren egunean, arratsaldeko ordubiak eta hirurak bitartean, herri honetako Erregimendua elkar dadin, herriaren banderarekin, Kofradia horretakoa izan den eta ardurapean San Pedro izeneko kaixa duen Maiordomoaren etxean, eta halako ekitaldietan beti izan den begirunez eta solemnitatez, herri honetako kale nagusietan barrena ibil daitezen, egun horretan beti egin izan duten ibilaldia egin dezaten, San Pedroren kutxaren gainean San Pedro bere mozorroaz irudikatu duen kofradiakidea bere koroarekin eta eskuan giltza eta zetroa dituela joan dadin, eta San Juan eta San Andres irudikatzen dituzten beste bi pertsonaiak kutxa horren albo banatan joan daitezen, euren mozorro, koroa eta zetroekin, adierazitako ibilaldi horretan, kutxa ofizioan sartzen den Maiordomoaren etxera itzul dezaten, eta adinez nagusiena denak kutxa hori bere etxean eduki dezan eta hiru apostolu horiek San Pedro bezperatik Ama Birjinaren Ikustaldiaren egunera arte irudikatzen dituzten hiru pertsonek mozorroak eta goian adierazitako gainerako intsigniak ekarri ahal izan ditzaten, dantzari horiek, dantza hori egiten dutenek eta Apostolu horiek irudikatzen dituztenek, dantzarekin inora, ez eta etxe partikular batera, joateko obligaziorik izan ez dezaten, beren kabuz eta borondatez hala nahi badute izan ezik.

Eta Lariz Bikario lizentziatuari eta Lekeitio herri honetan aurrerantzean izango diren alkateei agintzen diet, eta halaber bertako Elizako Bikarioei eta Apaizei, auto honetan adierazitakoa bete dezaten eta ez dezaten agindu hori urratu, ez eta haren aurkako ekintzarik onartu ere, karta betearazle horretan dauden zigorrak bete eta Gure Errege Jaunaren altxor Ganbarari beste bostehun maraiko ordaindu beharko baitizkiote managaitzek eta esan txarrekoek, hortaz bere Maiestateak bere Errege Epaia ematen du, Lariz lizentziatua eta Lekeitio herriko Elizako apaizak dagozkien zigorrak jaso ditzaten eta erreinu hauetan arrotz izan daitezen. Halaxe diot eta halaxe agintzen dut, lekukoak direlarik... ...eguerdiaren ondoren dantzariak eta haiekin batera maiordomo zaharrak eta berriak eta herri honetako justizia eta Erregimenduko Ofizialak, eta bertako gizon ondratuenak eta kanpotik etorritako beste hainbat, euren dantzariekin eta danbolinekin eta herriko banderarekin, denak elkarrekin, ez bilkuran, ezta ibilaldian ere, ezein apaizik ezta herriko Kabildoko pertsonarik ere agertu gabe, haien epailearen agindua omen zutenez, apaizak ez zitezen joan: Pedro de Lekoia maiordomo izandakoaren etxera joan ziren, eta kaixa kalean zegoela, mutilek sorbalda gainean hartu eta hara gainera igo zen gizon bat buruan pontifize latria eta aurpegian gizon zaharraren mozorroa eta Elizakoen moduko gainjantzia eta eskuan urre koloreko giltza zituela, eta kutxaren albo banatan San Andres eta San Juan irudikatzen zuten beste bi gizon zituen lagun, euren mozorroekin eta Elizakoen moduko gainjantziekin, eta kutxa danbolinekin eta dantzariekin eta hainbat gizon mozorrotuekin eraman zuten kalerik kale, hainbat zaldirekin eta alkabuzarirekin eta horiekin batera... kairaino eta itsasertzeraino joan ziren eta, dena bozkario handiz eta... lagun zihoazen pertsonak herritarrak izaki, haiekin herri honetako Santo Domingo jaunaren komentuko bi fraide dominikar zeuden, herri honetako Kabildoko ezein apaiz ez zegoela, baldin eta baten bat mozorrotuta ez bazegoen".


1611 urtean Kabildoak ekitaldietara bertaratzea behartu zuen, baina ez zuen halakorik lortu. Orduan, botere zibilen eta elizakoen arteko eztabaidak sortu ziren, oso agerikoa ez bazen ere, izaera pagano garbia zuten jai zibiletan elizgizonek parte hartu behar ote zutenentz. Elizak bere eskubideak defendatuko zituen, eta baita herriaren aginte gorenak ere, gaur egunera arte.

Kontua da dantza aldatu egin dela batzuen eta besteen eskakizunak direla eta, eta hiru Apostoluak irudikatzen ziren lekuan, orain haien arrastoa besterik ez da ageri. San Pedroren ordezkariak, estilo greko klasikoan mozorrotuta, lebitaz jantzitako gizonari egin dio leku, beste garai batzuetako oroitzapena den Vatikanoaren intsigniadun banderatxoa eta agintearen ikurra den kapela garaia badarama ere.

Ezpata Dantzak:

Hauxe dio Julio de URQUIJOk (2):
"Handia da San Pedro egunean eta hurrengoetan Maiordomoek egiten duten gastua, baina ongi merezia halako Patroi handiaren omenez: Ezpata dantza egiten dute danbolinaz eta kaxaz eta jaia Santuaren bezperan hasten da, Uztailaren bira arte luzatzen delarik; egunero, ilunabar aldera duela oso urte gutxi arte "Bizkarrazerretia" aspaldiko dantza egiten zen; hainbat itzulipurdi aldaera zituen, eta batzuk besteen beso eta sorbalda gainean jarrita borrokatzen ziren, eta bukatzeko denek oin baten gainean zebiltzan, beste oinari ondokoak heltzen ziolarik, gidaria zenak ahoan ilintxitxo piztu bat zeukan eta harekin, esandako jarreran, bakoitzari bizarra erretzen zion, eta huraxe zen lehiaketa, erresistentzia, denek oin batez ibiltzea besteri heltzen ziotela, begira zegoen jendearen barre eta txantxen artean (...) Ondoren Kofradia, Ezpata dantzekin eta danbolinekin Talaiko Etxetxora igarotzen da, non Maiordomo berriak hautatzen dituzten. Arratsaldez, oso aspalditik 1690 urtera bitartean, Maiordomo zaharrenaren etxetik irteten ziren, non San Pedrorena ere deitzen zen kutxa baitzegoen, esandako Ezpata Dantzarekin (...)".

Datuak ez dira behin betikoak herrian ezpata dantzak egiteari dagokionez, ez baitute zer-nolako dantzak egiten ziren aipatzen, baina, hurbiltasun geografikoa kontuan hartuta, pabilioi dantzak zirela pentsa dezakegu.

(1) ARIZMENDI, Mª E., Vascos y Trajes, Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, Donostia, 1976. Berez, baliteke aipuak "El Baile llamado de la Caxarranca" izenburuaz Juan de IRIGOIENek Dantzariak aldizkariko 2. zenbakian 1971ko abuztuan argitaratutako artikulutik jasotzea. Egileak eskaintzen duen aipua, era berean, artikuluan datorrena da.

(2) URQUIJO, J., Kaxarranka. Dantzariak aldizkaria, 1. zk., 1970eko abuztua, Revista Internacional de Estudios Vascos delakoan argitaratutako artikulua errepikatzen du.

Loturak