ES | EU | EN

Lanestosako Uztai Dantza

Lanestosa inguruko ohitura eta dantzei buruz aurkitu dugun lan osatuena eta xehetasun gehien dituena Emilio Xabier DUEÑAS jaunak (ikus honekin batera doan artikulua) egindakoa da. Hor ikusten da hierarkiazko ordena bati jarraituz dantzatzen dela Lanestosako uztai dantza, Ama Birjinaren prozesioari laguntzen dion dantza. Eta hau da ordena: akolitoa, gurutzea daramala; dantzariak eta musikariak, Ama Birjinaren irudia, apaizak, agintariak, dantzari txikiak, eta herria. Ez dago prozesioaz kanpoko beste erriturik, errogatibarena ez den beste interpretazio batzuetarako bide emango lukeenik.

Gizon talde handi samar batek dantzatzen dituen dantza mota horietako bat da hau (gizonezko ezkonduak izan ohi dira batzuetan, beren zapien korapiloa ezkon-eraztunez apaindurik agertzen baita). Beste arma dantza batzuetan (ezpata motzekoetan, zehazki) egiten diren joan-etorriak egiten ditu hemen ere dantza taldeak. Gertatzen dena da, ezpata dantzetan ez bezala, hemen, atzeko dantzariak elkartzen dituen uztaiak mugatzen duela dantzari taldea, ezpata dantzetan, oro har, irekirik geratzen baita, dantzari gehiago sartzeko moduan, nahiz eta dantza oztopatu.

Artzain-mutilek artzain nagusi bat izaten duten bezala, artzainak itxuratzen dituen dantza taldeak ere dantzari nagusi bat edo talde buru bat izan ohi du sarritan. Pentsa daiteke, beraz, goi mendietako abeltzaintzan aritzen ziren giza taldeen dantzak direla hauek, eta ez litzateke harritzekoa, zeren gaur egun ere eskualde honek bere-berea baitu jarduera ekonomiko hori.

Jantziak

Gaia aztertu dutenak bat datoz jantziari dagokionean. Esaten dute dantzariek espartin zuriak dituztela, zinta gorri gurutzatuekin, galtzerdiak ere zuriak, galtza eta alkandora zuriak, inolako bereiztasunik gabekoak. Gerriko gorria ere badute, baina txapelik ez dute inoiz erabiltzen; horren ordez, zapi bat izaten dute buruan korapilaturik. Batzuetan, beste zapi bat ere izan ohi zuten dantzarien ezkon-eraztunari loturik. Horretaz aparte ez dirudi aldaketarik izan denik jantzian.

Tresnak

Lanestosako dantzetan, Soka Dantza, Fandangoa eta Arin-arina eta Biribilketan izan ezik, uztaiak erabiltzen dira.

Musika

Badira erreferentziak garai bateko musika tresna nagusia danborra izan zela diotenak. Gerora, dirudienez, beste tresna batzuk erabili ziren, dantzarekin elkar zezakeen musikariaren arabera. Esate baterako, txirulak, danbolin edo tuntunak, mota guztietako gaitak, galiziarretik hasi eta dultzainarainokoak, eta, azkenik, txistua, danbolinarekin eta atabalarekin lagundurik.

Geografia eta Historia

Lanestosa Bizkaiko herri mendebaldekoena da; Kantabriako Autonomia Erkidegoarekin, hau da, Santanderrekin, muga egiten du. Izatez, Santanderrek inguratzen du, Karrantzako mendien aldetik izan ezik, horiek ere Bizkaikoak baitira. Herri txikia da (herrialdeko txikiena), mendiaren eta bi erkidegoak bereizten dituen ibaiaren artean kokatua. Hori dela eta, historian zehar ugariak izan dira mugen eta larreen inguruko auziak eta arrazoi administratiboek eragindako zabalkuntza aukerak.

Iñaki IRIGOYEN jaunak 1651n aurkitzen du musikariei egindako ordainketen lehen aipu idatzia, nahiz eta ez den garbi zehazten zer dantza mota ziren San Frantzisko jaietan (gau egun galdurik den jaia) dantzatzen zirenak. XVIII. mendean zehar, jarraitzen du ikertzaileak, gaita jotzen zen, galiziar jatorrikoa seguru asko, herriko festa nagusietan, herriko musikariak bai baitzekien jotzen. XIX. mendean dultzainak (bizkaitarra ote?) hartu zuen gaitaren lekua, eta dultzainarena, berriz, geroago, txistuak hartuko zuen.

Bestalde, aipatu autoreak Lanestosako dantzei buruz aurkitzen dituen erreferentzia zuzenak 1727koak dira, Corpus egunean eta Elurretako Ama Birjinaren jaietan, eta urtaro onak eskatzeko egiten ziren errogatibetan dantzatzen ziren dantzei dagozkienak. Ama Birjinaren jaiak XVIII. mendetik gaurdaino iraun du, gaur egun ere ospatzen baita. Badira historiaurreko populazioaren erreferentziak ere. Inguru hurbileko leize-zuloek, nola Lanestosako lurretakoek hala ingurukoek, Kantabriakoek zein Bizkaikoek, Paleolitikoko habitataren arrastoak erakusten dituzte, ehiztari eta ale-biltzaileen talde txikiak leizeetan bizi izanaren arrastoak. Inguruetako leizeetan margoak daude, antzinan eskualde horretan ziren animalienak, oreinenak zein basurdeenak, eta horrek pentsarazten du gizakiaren egonleku izan zela historiaurrean.
Geroago, populazio autoktonoak bizkor erromatartu ziren, eta euskal toponimoen galerak baieztatzen du akulturazio prozesua oso indartsua izan behar zuela. XIII. mendean Lanestosa Bizkaiaren mende geratzen da. Handik aurrera Enkartazioei lotuko zaie haren historia. XVI. mendearen azken aldera izurritea zabaltzen da eta errogatibak, prozesioak eta boto-eskaintzak egiten dira gaitzak biztanleak kutsa ez ditzan eskatzeko. Mesetaren eta Laredoko portuaren arteko artile eta beste zenbait gauzaren merkataritza ere garai horretan garatzen da. Lanestosa hazi egiten da orduan, Burgostik edo Karrantzatik itsasora bidean doazen salgaien pasabide naturala denez.

Hala ere, alde batetik Bilbo eta bestetik Castro, Laredo eta Santanderren arteko etsaitasunak, batzuen edo besteen alde jartzera eragingo dio burgesia jaio berriei, eta burgesiak Bilbo eta Santanderren alde egingo duenez, Castrok eta Laredok nagusitzeko aukera galduko dute. Hori dela eta, mendateko atseden leku eta ostatu izateari utzi eta eta bere baitara biltzen da Lanestosa. XIX. mendean penintsulako iparraldea karlisten eta isabeldarren, tradizionalisten eta liberalen arteko gerran murgiltzen da, eta Lanestosa ez da horretatik aparte geratuko.

XX. mendean, berriz, industria astuna, aurreko mendean iragarria, finkatuz joaten da. Metal lantegiek, Nerbioi ibaiaren ezker aldean hain ezagunak, eta itsasorako irteerarik gabe aspaldi geratu izanak, zapuztu egiten dute berriz ere herriaren hazkundea, eta, lehenago aukeratu zuen bezala, emigrazioa aukeratzen du. Lanestosaren biztanleria murriztu egiten da berriro, eta joandako biztanle horiek, urteetako erbestealdi ekonomikoaren ondoren, atzera beren lurretara itzuli arte ez da handituko herria.

Loturak