ES | EU | EN

Gorulari

"Gorularia" hitzak goruetan egiten duena esan nahi du, eta gorulariak dira, beraz, edo, beste era batera esanda, iruleak, goruetan lan egiten duten emakumezkoak zein gizonezkoak. Nahiz eta, tradizioz, emakumeak izan diren goruetan aritu direnak, ez dira gutxiestekoak lan hori egin duten gizon jostunak, batzuk izen handikoak eta beste batzuk ezezagunak. "Gorulariak", bada, zentzu honetan, irule eta jostunak izango lirateke: jarraian deskribatzen diren dantzak dantzatzen dituztenak.

Jantziak

"Folklore del Duranguesado" izeneko lanean, Segundo de OLAETA2 euskal folklorearen sortzaile eta ikertzaileak irudikapen koreografikoetako gorulariaren figura aztertzen du, eta ziurtzat ematen du gorularien jantziak emakumezko nafarren azpiko arropetatik hartuak direla. Garai batean, ez da esaten noiz, baziren Bizkaiko baserrietara neskame joaten ziren emakume nafarrak. Emakume ikuskatzaile baten ardurapean joaten ziren. Emakume arduradun horrek erabakitzen zuen nor nora eta zer baldintzatan joan behar zuen, berak ikuskatzen zuen neskamearen lana, eta baita nagusiak eta herriko jendeak kontent ala deskontent zeuden ere. Neskame horiek azpiko gona kolorezkoa erabiltzen zuten, estutzeko edo lasatzeko zinta gehienetan beltzak zituena. Azpiko jantzi horiek dira gureganaino heldu direnak: pololo edo barruko galtzak, gonak eta azpiko gonak, beren azpildura beltz eta beren kortse, ator eta guzti.

Tresnak

Uztaiak

Gorulariak, izen generikoa den neurrian, izaera desberdineko hiru dantza hartzen ditu. Lehenengoa Arku Dantza da, dantzari guztiek arku edo uztaiak eskuan dituztela dantzatzen dutena. Bigarrena Zinta Dantza edo Domingilue da, makila baten goiko puntan koloretako zintak esekita direla (batzuetan panpina bat edo apaingarri mekanikoren bat ere izaten du makilak muturrean) dantzariek zinta horiek makilaren inguruan txirikordatzen eta askatzen egiten dutena. Azkenik, XIX. mendeko erakusketan gorulari edo irule talde baten irudikapen bat aurkeztu zen; ez dakigu zer koreografia zuen, baina uste izatekoa da emakume langile haien omenezko zerbait izango zela.

Musika

Dantza hauetan erabiltzen diren musika tresnen erreferentzia idatzirik ez dugun arren, uste izatekoa da dantza hauetan ere, Dantzari Dantza zikloko gainerako dantzetan bezala, txistua eta danbolina erabiliko zirela, batzueran atabalez eta txistuaren familiako beste tresna batzuez lagundurik.

Geografia eta Historia

XIX. mendean Durangon Lore Jokoetan aurkeztu ziren hiru irudikapen koreografiko ulertzen dira "Gorulariak" izenez. Izatez, eta Iñaki IRIGOYEN jaunak bere "Danzas Vascas en las Escuelas" izeneko koadernoan dioenari jarraiki, Anton Abbadiak 1853an Urruñan antolatu zituen Euskal Jaien ondoren, Bilbon (1882) eta Markinan (1883) antolatu ziren, eta hurrengoak Durangon egingo zirela erabaki zuten; horretarako, durangarrek, Ramon Iñurrietaren zuzendaritzapean, "gorulariak" izeneko antzezpena aurkeztu zuten, eta hortik datorkio izena.

Hiru ekitaldi batzen ditu antzezpenak: goruetaren inguruko lanen irudikapena, nahiz eta goruetak bere garrantzia galdua izan; arku edo uztai dantza, eta zinta dantza. Arku dantza neskek dantzatzen zuten eta zinta dantza mutilek. Honela dio Iñaki IRIGOYEN jaunak: "Jai hauen barruan, eta dantzen arduradun nagusietako bat Ramon IÑURRIETA jauna zutela, durangarrek haurren konpartsa batzuk antolatu zituzten, Durangoko dantza zaharrak erakusteko. Baina, zaharrak ez ezik, dantza berri bat ere erakutsi zuten, irule konpartsa bat itxuratzen zuena". Ez dago jakiterik dantza hori propio horretarako egindako antzezpen bat zen ala partaideek lanbide jakin batzuk imitatuz egiten zuten joko-moduko dantza bat zen, beste leku batzuetan egiten dutenaren antzera (Zapatain dantza...).

Aipatu den antzezpen horrekin batera arku dantza eta zintza dantza dantzatzen dira. Honako datu hauek ere Iñaki IRIGOYEN jaunarengandik jasotzen ditugu: "(...) Biren aipu idatzia aurkitu dugu: aurreko mendeetan, Durangoko dantzekin batera, Domingiloarena, eta XIX. mendean arku dantzarena. Aipurik osatuenak VEITIA ETA ECHEZARRETAREN Noticias Históricas de Tavira de Durango lanean eta 1828an Fernando VII.ak Durangora egin zuen bisitaren berri ematen duten paperetan daude."

Paper horietatik hartzen dugu: "Neska eta mutilez osatutako bi konpartsa zihoazen aurretik, oso dotore jantzirik, lurraldeko dantzak dantzatzen (...). Gazte jakin batzuk makila luze baten puntan "Domingiloa" izeneko panpina bat zutela egin zuten dantza. Panpinak keinuak eta imintzioak egiten zituen musikaren erritmora, jendearen irri eragingarri; neska batzuk, arkuak eskuetan, kontradantzak dantzatu zituzten..."
Iñaki IRIGOYEN jaunak ere aipatzen du VEITIA ETA ECHEZARRETAREN bisita horren inguruko aipua, eta esaten du: "Irten zen, jendetzaren olgetarako, Domingiloa ere; panpina bat zen Domingiloa, makila baten puntan ikur gisa ipinia; beherago zortzi zinta zituen makilak, garaiera berera iltzatuak denak; konpartsako mutiko bakoitza zintza horietako bati helduta zihoan eta mutiko zaharrago batek zeraman makila. Zinta horiekin figurak osatzen dira, dantza egiteari utzi gabe zintak makilaren inguruan hanbait eratara simetrikoki txirikordatuz eta askatuz."

"Garai hori baino lehenago ez genuen Domingiloa ezagutzen; izenez bakarrik, zeren, umetan, Artakamara eta Motxolino izeneko (ezizeneko) agure batzuk ezagutzen baikenituen, zeinen gaztaroan oso maiz erabiliko baitzen seguru asko Domingiloa, eta horregatik dio abestiak: 'Artacamara Dominguillua, Mocholiñuak lepuan'." "1829 edo 1830 urteaz geroztik, Jose Antonio de Areitio jaunak ezkutatu edo desegin egin zuela esaten dute, herriarentzat irri eragingarri iruditzen zitzaiolako, baina, panpinarik gabe bada ere, behin edo behin, inauterietan, atera dute mutikoek makila eta egin dituzte figura berak."

Gero, zinta dantzaren jatorriaren bertsio herritarra eskaintzen digu Iñaki IRIGOYEN jaunak. "Durangarrek mairuekin izan zuten gudaldi batean (izan liteke Tabirako gudaldia) Bajamelu buruzagi mairua hilik gertatu zelarik, garaipenaren ondoren, Berrizkoek (Durangoko elizalde bat da Berriz) gairaipen ikur bezala ekarri zuten buruzagi etsaia makila baten puntan, makila punta ipurditik sartuta, eta Domingilo bihurtu zen, ondorengo denboretan garaipen haren oroimenak bizirik iraun zezan". Badirudi gorularien irudikapen horren erakustaldiak gehiago erantzuten diola abagune sozial jakin bati, hau da, lanbide zaharkitu bat irudikatu beharrari.

Zinta dantzak, berriz, Europa guztian eta are Ameriketan zabaldurik dauden koreografiak dira. Interpretazio zabalduenak nekazal dantzak direla dio: makilaren inguruko lotze eta askatze horrek, zeinak, gainerantzean, sinbolo magikoak eta emankortasunezkoak baitauzka, gehiago pentsarazten dutela Naturaren hiltze eta berpizte sinbolikoan, buruzagi historiko baten heriotz dudazkoan baino.
Arku dantzei dagokienean, aurreko autoreetatik inork ez digu adierazpen asebetegarririk ematen. Horregatik, sakonago aztertu beharko litzateke gai hori.

Loturak