ES | EU | EN

Soka Dantza

Gizonezkoek nahiz emakumezkoek biribilean egiten duten gizarte dantza da. Erloju orratzen aurkako noranzkoan dantzatzen da, eta Bizkaian egitura komun bat badu ere, zenbait berezitasun ere aurki daitezke.

Lehen dantzari edo aurreskulariak (aurreko eskua duena) hartu duen garrantzi gero eta handiagoa dela eta, dantza honi Aurresku edo Elizateko Aurresku esan izan zaio, berrikiago sortutako Ohorezko Aurreskutik desberdintzeko.

B. Mª. GARRO andreak ("Cómo Bailar el Aurresku", Dantzari aldizkarian argitaratutako artikulua, 4 zk., 1966, 16-22 orrialdeak) dantzak dituen atalen laburpena egin eta dantzarientzako gomendio batzuk ematen dizkigu. Bost lirateke dantzaren zatiak, beren pauso eta musikarekin:

Desafioa edo Oilar Auzka (Aurrez Aurre, J. L. ETXEBARRIAren esanetan). Dei batez, lau azpiatalez eta irteera edo amaierako abisu batez osatzen da.

Gehiago irakurri

Jantziak

Txapela

Gizarte dantza denez eta, horrenbestez, inolako errituren pean ez dagoenez, era askotako eta garaian-garaiko modara egokitutako jantziekin dantzatu izan da. Dantza mota honen jatorriari buruzko datu zehatzik ez badago ere, oso antzinakoa dela dirudi, Penintsulako Iparralde osoan duen zabalkundeagatik. Soka Dantza, Gizon Dantza, Giza Dantza eta abar euskal lurraldeetan ezagunak diren dantzak dira.

Kontuan izan behar dugu, bestetik, Soka Dantza edo Aurreskuak beste dantza erritualago batzuk dituzten herrietan iraun duela Bizkaian: Durangaldeko Dantzari Dantza, Xemeingo Ezpata Dantza edo Lekeitioko Kaixarranka. Hala, jantzi askorarikoak aurki daitezke herri eta garai desberdinetan, margolanek eta marrazkiek erakusten duten bezala.

Txapela, gaur egun munduko armadarik gehienek erabilia, tamaina, forma eta koloreari dagokionez hainbat aldaerekin, Euskal Herriko gizonezkoen kapelua izan da, nekazaritza inguruneetan batez ere (txapela urdina Bilboko biztanleen bereizgarria izan dela badirudi ere).
Soka Dantzan funtzio nagusia betetzen du hautatutako damaren aurrean dantzaria aurkezteko garaian, une horretan txapela kendu behar baitu hark, dantza osoan jantzita eduki behar badu ere. Ondoren, eta ikertzaileek desadostasunak dituzte puntu honi dagokionez, txapela jartzen dio emakumeari, edo haren oinetan ezartzen da. Nolabait esatearren, emakumea irabazteko borondatea adierazten du, edota hura omentzeko nahia.

Tresnak

Zapia

Dantza egin bitartean elkarren eskuak uki ez daitezen erabiltzen den zapia da. Dirudienez garai batean, eta oraindik gaur ere hainbat herritan, Soka elkarri zuzenean helduz sortzen zen, eta geroago soilik, XVII. edo XVIII. mendean beharbada, eta XIX. mendean ziur, sartu zen zapi horien bitartez tarteak sortzeko modalitatea.

Horretarako arrazoiak ez daude garbi; etnografo batzuek higiene kontuak aipatzen dituzte, beste batzuek nahiago dute partaideen arteko ezkutuko mezuen esplikazioa, edota are iraindua sentitzen zenak dantza utzi ahal izatea ere.

Musika

Ez dugu Txistua eta Danbolina ez diren beste instrumentu batzuen aipamenik aurkitu Soka Dantzari dagokionez, baina batzuetan Silbotea eta Atabalarekin batera egiten zen.

Geografia eta Historia

Soka Dantza euskal kulturan zehar hainbat izenez ezagutu izan da: Gizon Dantza, Esku Dantza eta Aurresku izan dira izen arruntenak, hemen erabiltzen dugunarekin batera. Dantza sozialak direnez, gizon-emakumeak eskutik helduta edo normalki zapien edo beste zerbaiten bitartez elkarlotuta daudela, dantza orokorrago baten arlokoak direla pentsatu behar dugu, eta ez direla Bizkaiko lurralde historikoan ezta Euskal Autonomia Erkidegoan soilik kokatzen, ezta Euskal Herria izenez ezagutzen dugun lurraldean ere, baizik eta Europa osoan hedatuta daudela.

Bizkaiari dagokionez, dantzarik hedatuena dela dirudi; izan ere, historian zehar Kantabriarekin mugan dagoen Enkarterrietan nahiz eskualderik ekialdekoenetan aurki dezakegu, lurralde osoan beraz. Kasu berezitzat jo behar dugu Lekeitiokoa, non emakumeek Aurreskua edo emakumezkoen Soka Dantza izeneko dantza bat baitute, J. I. IZTUETAren (1767-1845) arabera XVIII. eta XIX. mendeetan Gipuzkoan egiten zirenetako baten antzekoa ziur aski. Dantza horren berezitasuna emakumeek egitea da, hain zuzen ere, eta ez beste hainbat tokitan bezala, gizonek.

Soka Dantzaren edo Aurreskuaren jatorria ezezaguna da gaur egun. Curt SACHSek, "Historia Universal de la Danza" lanean, nagusiki artzaintza girokoak diren koreografiekin lotzera mugatzen da, gutxi gorabeherako datarik ere eman gabe, baina nolabaiteko erlazioa izan lezaketen Grezia klasikoko irudiak eta marrazkiak aipatzen ditu.

Beste ikertzaile batzuek, artxibo historikoak erabiliz gehiago, hala nola Iñaki IRIGOYEN, Felipe AMUTXASTEGI, Emilio Xabier DUEÑAS eta abarrek, dantza horien hainbat arrasto emango dizkigute, hemen azpimarratu nahi ditugun hiru puntutan:

XV. mendean Soka Dantza edo Aurreskua oso sarritan dantzatu bide zen, eta halaber badirudi eliz agintariak zirela dantza zabaltzen zutenak.

XVIII. mendean oraindik, eta XIX. mendearen lehen zatian, Soka Dantza zen dantza sozial eta misto nagusia. Dena den, garai horretan aldaketa bat egin zela dirudi, dantzariak ez baitziren esku hutsez lotzen elkarrekin, zapien bitartez baizik, higienea aitzakitzat hartuz, beste hainbat arrazoi sozial ahaztu gabe, hala nola Soka utzi ahal izatea, edota partaideen arteko mezu sekretuak saihestea.

Azkenik, XIX. mendearen bigarren zatian eta XX.aren hasieran, industrializazio prozesuarekin batera, dantza beste hainbat erakusketa egiten ziren jai zehatz batzuetara mugatu zen, eta alderantziz. Soka Dantza pixkanaka desagertzen hasi zen, gainerako dantza tradizionalak bezalaxe, jaiegun garrantzitsuak dituzten lekuetan izan ezik.

Azken aldia XIX. mendearen bukaeran hasi zen, eta XX. mende osoan zehar luzatu da. Gerra karlisten ondoren, kultura tradizionalaren pizkunde bat izan zen, eta kultur ardura ordura arte galdutakoa berreskuratzea zen. Ikerketek artxiboetan eta liburutegi partikularretan arakatu dituzte aurreko mendeetako jendearen jarduerak. Garai honetan berreskuratu da Lekeitioko Emakumeen Aurreskua, edo Xemeingo Ezpata Dantza edota, geroago, Bilboko Soka Dantzaren egitura.

Soka dantzaren kokapena XX. mendean


Antza denez, Soka Dantza beste dantza erritualen bat dagoen herrietan gorde da.
Horrela, Soka Dantza ondoko hauetan aurkitu dugu: ABADIÑO, BERRIZ, GARAY, IURRETA, IZURTZA, MAÑARIA, ONDARROA y XEMEIN.Soka dantzaren kokapena XX. mendea baino lehen
XX. mendea baino lehen ordea, Soka Dantza Bizkaiko lurralde gehienetan egiten zela dirudi, eta badaude horren erreferentzia historikoak Arratian nahiz Enkarterrietan, Gernikan edo kostaldean, eta Bilbon. Dantza horietako batzuk, Bilbokoa adibidez, berpiztu egin dira azken urteotan; beste batzuk ordea, ez dira berreskuratu.

Dena den, gaur egun, erreferentzia horiek desagertu egin dira.

Loturak