ES | EU | EN

Xemeingo Ezpata Dantza

Dantzari taldea jai esparruan sartzen da, gaur San Migel baselizaren eta Udaletxearen aurrean kokatuta dagoen idi probalekuan alegia, ezpatek kateatutako bi ilara osatuz. Denen buru Maisu Zaharra edo Kapitaina kokatzen da, bi ilaren ezpatei helduz; haiekin batera bi Ezpata Txin izenekoak daude, sastagaiak dituztela, eta burualdean kokatzen dira halaber. Txistua eta danbolinaren doinuez, eta Biribilketaren musikaz, dantzariak (gizonezkoak) Udaletxetik probalekura doaz, erlojuaren orratzen kontrako norantzaari jarraiki. Hori Curt Sachs-ek mitologia naturalistadun edo Jainkosa Ama Handia gurtzen duten nekazaritza eta abelzaintza gizarteen gauzatzat hartzen du, eta badirudi bat datorrela horretan hainbat autorek defendatutako Matriarkalismoarekin. Plazaren edo jai esparruaren erdialdea okupatu ondoren, gizonezkoen taldea, osorik, eta ezpatak gurutzaturik pabilioia osatuz, aurrerantz eta atzerantz doa, gero berriro bere posiziora itzultzeko.

Gehiago irakurri

Jantziak

Xemeingo ezpata dantza egiteko garaian erabilitako jantziei dagokienez, hainbat gauza kontuan hartu beharko dugu. Lehenik eta behin, hainbat partaide mota dituen dantzaz ari gara. Horrela, honako hauek ditugu:

Maisu Zaharra, edo koreografia zuzendaria. Dantzariak aldizkariko 37. zenbakiak (1987) dakarren 1895-96ko argazkian, zuriz jantzita ageri da, mahukei eusteko zinta, txapela eta gerrikoa eta gorbatarekin (gorriak gure ustez) eta mahukarik gabeko txalekoarekin. 1915-16ko argazkian berriz, sinpleagoa da, ez darama txalekorik, ez mahuketako zintarik, ezta gorbatarik ere; gainera, lehenengoan espartinak daramatzala dirudi eta bigarrenean berriz, kolore ilunagarik zapatak direla esango genuke. Beste desberdintasun bat aurkitzen dugu argazki horiek eta aldizkari bereko 49. zenbakikoa alderatzean, non maisu zaharra, rose delakoari bizkarra emanez, eskapulario bat duela ikus baitezakegu, eta txalekora eta zintetara itzuliz, eskapulario hori ez da ageri aurreko bi argazkietan, baina bai 1934koa den beste honetan.

Gehiago irakurri

Tresnak

Ezpatak

Durangaldeko dantzetan (Dantzari Dantza) ez bezala, hemen ezin dugu zalditeriako sableez hitz egin, haiek txirikordatuta ahulegiak izango bailirateke maisu zaharrari eusteko. Beraz, Erdi Aroko benetako ezpatak izango lirateke.

Arazo bat dago ezpaten luzera finkatzeko garaian; izan ere, 30 dantzari edo gehiago izatearen aipamenek rosea osatzeko ohikoa baino askoz luzeagoak izan behar zutela inplikatzen dute, eta hori konpartsa bakarraren ordez bat baino gehiago izatearekin konpon liteke. Baina ezin dugu halakorik baieztatu datu enpirikoetan oinarrituta.

Sastagaiak

Bi dantza gidariek edo ezpata txinek, dantzaldi guztian, nahiz maisu zaharrak, rosean altxatzean, eskutokiak zapiez estalita dituzten sastagaiak daramatzate, eta haiekin hainbat eskrima ariketa egiten dituzte begien altueran eta bizkarrean.

Gehiago irakurri

Musika

Iñaki IRIGOIENek eta Felipe AMUTXASTEGIk diotenez, ez dute, txistuaz eta danbolinaz gain, azken hiruzpalau mendeetan bestelako musika instrumentuei buruzko erreferentziarik aurkitu. Gorago ikusi ahal izan dugunez, Curt SACHSek xirula aipatzen du, Europako kasu orokorrerako bada ere. Gure lurraldean Txistua errotuagoa dagoenez, ez da harritzekoa hori izatea erabiltzen zena, eta ez xirula. Dena den, ezin dugu xirula baztertu, eta gidaritzat hartu ditugun autoreek XVI. mendeko arma alardeetan haren erabileraren berri eman digute.

Xemein: Paseo
Xemein: Parrilla
Xemein: Salida
Xemein: Desafio

Geografia eta Historia

Xemeingo ezpata dantza, bere egitura orokorra kontuan hartuta, Bizkaiaren mugak gainditzen dituen eremu koreografikokoa da. Izan ere, elementu komunak ditu, lehenik eta behin, aldameneko Gipuzkoako dantzekin, baina baita Penintsulako gainerako eta are Europako hainbat dantzekin ere. Curt SACHSek honako hau dio ezpata dantzei dagokienez:

"Europako folklorean ikuskera itxi gisa sartu zen Ezpata Dantzak, XIV. eta XVIII. mendeen artean izan zuen loraldia. Badago hutsune handi bat haren tradizioetan, ordutik Erroma zaharreko bere jatorrira arte doan tartean. XIX. mendean asko galdu zen bere garrantzia, 1850 urteaz geroztik erlikia gisa soilik gordetzeraino. Urtero, eta batzuetan gutxiagotan, Ihauterietako asteartean beharbada, gazte ezkongaien talde bat, gremio jakin batekoek osatua gehienbat, leku zabal batean elkartzen zen ezpata dantza egiteko; gutxienez sei gizon izaten ziren, baina askotan berrogei, eta Nuremberg zaharrean berrehundik gora. Haien artean bi dantza gidari eta bufoi bat izaten ziren. Batzuetan aurpegia belztuta zeramaten eta normalki zuriz jantzita egoten ziren, arropetan kanpaitxoak josita eta eskuetan ezpatak zituztela.

Musika tresnarik erabilienak xirula eta danborra izaten ziren. Dantzari gorazarre zeremonia batekin ekiten zitzaion; pauso artifizialeko irudiak, errotazioak, zortzi itxurako irudiak, kateak, suge lerroak, zubiak, arkuak eta ezpata gaineko jauziak zituen osagai. Lehen zatiaren ondoren, bigarrena egiten zuten, borroka dantza berez dei dezakeguna. Amaiera rose delakoa zen, eta gogora dezagun bide batez izena ez zetorkiola loretik, oraindik Meschkek uste bezala, baizik eta, bistan dena, laute zaharren "larrosa" bezala, "txirikorda" esan nahi duen erdialdeko goi alemanezko raz hitzetik; dantzariek ezpatak artistikoki "txirikordatzen" zituzten, lurrean ezartzen zen sare estuaren irudia osatuz. Haren inguruan dantza egiten zuten, edo altxa egiten zuten -deskribatzen ari garen azken forman behintzat- dantza gidaria heroi konkistatzailea bailitzan eramateko. Batzuetan bufoiaren "heriotza" gaineratzen zuten, eta askotan, haren berpizkundea. Zeremonia eskrima erakustaldiez, inguru dantza batez eta agur batez amaitzen zen."

SACHSek emandako deskribapena bat dator, puntuz puntu ia, Xemeingo dantzarekin; data soilik aldatzen da, autore horren ustez Ihauterietakoa baita, eta hemen udazkeneko ekinoziotik hurbil dauden egunetan egiten da, irailaren 29an, San Migeleko jaietan hain zuzen ere. Bizkaiko herrian, gainera, dantzariak ez dira aurpegia belztuta agertzen, eta bai ordea probintziako Ihauterietako beste dantza batzuetan. Alabaina, aipamenaren gainerakoak bertako dantzen deskribapen zehatza dirudi: txistua eta danbolina musika tresna gisa erabiltzea, bi dantza gidariak, kasu honetan eskutokiak zapiez estalita dituzten sastagaiak dituztela, arropa zuriak, jantzietara jositako zintzarriak eta, daramatzaten eskapularioez hitz egitean ikusiko dugunez, baita dantzatu nahi zuenak ezkongaia izan beharra ere. Halaber, sarrerako lehen zati bat, dantzariak azpitik igaro daitezen zubiak, haien jirak eta birak (Lanestosako arku dantzakoaren antzekoak), dantzarietako bat gainera igotzeko rose delakoa, bi gidarien arteko borroka eta, azkenik, inguru dantza (Soka Dantza edo Gizon Dantza gure kasuan, horrekin batera Fandangoa edo Jota eta Arin Arin edo Porrusalda eta, bukatzeko, Biribilketa).


Hemen erakutsi dugun testuak, beraz, XIV. mendeko dantzen artean kokatzeko balio dezake gutxienez, edo baita lehenago ere, antzinako Erromakoen artean (Coribantes, Kouretes, Dactilos, Salios, eta abarreko kofradien dantza sakratuak izango lirateke).

Egia da gure kasuan, eskolarik gabeko nekazari gizartea izanik, zaila dela antzinako Erroma bezalako garai zaharretako idatzizko aipamenik aurkitzea, baldin eta ez bada gertakariak harritu eta idatziz jaso duen bidaiariren batena, baina horrek ez dirudi erreala. Beranduago ere, XIV. mendean adibidez, ez da ezer denboraren erasotik libratu eta gure artean ez dago urte haietako paper sortarik, baldin eta halakorik inoiz egon bada. Beraz, dantzaren jatorria garai haietakoa izan badaiteke ere, beste berriago batzuk izango dira bere etorkiaren froga garbiak emango dizkigutenak.

Zalantzarik gabe, Xemeingo ezpata dantzaren erreferentzia historikoei buruz gehien ikertu duten autoreak Iñaki IRIGOIEN eta Felipe AMUTXASTEGI dira. Haien lanak, biek batera edo nork bere aldetik egindakoak, Euskal Dantzarien Biltzarraren hedabidea den Dantzariak aldizkarian agertu dira nagusiki. Horrela, 3. zenbakian (1972) IRIGOIENen lehen aipamenak aurkitzen ditugu, "Danzas de Vizcaya" izenburua duen artikuluan, eta 5. zenbakian (1974) AMUTXASTEGIren Xemeingo Dantza. Dena den, ikerketak aldizkari horren 37. eta 49. zenbakietan hezurmamitu dira benetan, hor dantzari dagozkion datu historikoen azterketa eta hainbat zehar gai landu baitutezte biek. Artikulu horiek izango dira, batez ere, historia horretara hubiltzeko garaian funtsezko datuak eskainiko dizkigutenak.

Xemeingo dantzei dagokien lehen datua, nahiz eta zein dantza den oraindik ez zehaztu, Iñaki IRIGOIENek eta Felipe AMUTXASTEGIk 1604 urtean aurkitu dute; aurrerago 1649n, gaur desagertutako makil dantzak egiten zituen dantzari konpartsa bat zegoela berretsi da. Hirugarren aipamena, zentzu kronologikoan nahiz koreografikoan, 1662ko Soka Dantzari edo Aurreskuari buruzkoa da; dantza horrek etorkizun handirik gabeko debekuak jasan zituen elizaren aldetik.

Azkenik, 1714an, ezpata dantzak eta San Migeleko segizioa egiten zirela egiaztatu da idatziz, eta ordainketak duela oso gutxi arte egin izan dira. Deigarria da, dena den, 1743 urtean 30 dantzari aipatzea, kopuru hori gaurko partaideena baino askoz handiagoa baita. Beste datu azpimarragarri bat hauxe da, auzoko Etxebarria elizatean antzeko beste dantza bat egiten zela (1756), eta horrek gure mapa koreografikoa handitzen du. Azkenik, esan beharra dago XIX. mendearen bukaeraren eta XX.aren hasieraren artean erabat galdu zela dantza hori, eta askoz geroago berreskuratu zela, bere adierazpena eta sinbolismoa birsortuz eta ustezko jatorrira itzuliz XX. mendearen erdialdean.

Bukatzeko, Xemeingo ezpata dantzaren berezko esparru geografikoa elizate horretan eta aldameneko Etxebarriakoan koka dezakegu berez, eta baita Gipuzkoako beste hainbat eskualdetan ere. Bere historiari dagokionez, ezpata dantzak orokorrean Grezia eta Erroma klasikoetara bagaramatzate ere, daturik fidagarrienak, idatzizko dokumentazioa dagoenez, XVII. mendetik aurrera ematen digute dantzaren berri, aurreko aipamen batzuekin.

Loturak