Atal honetan Gipuzkoako dantza tradizioko urratsen konbinaketa moduetan trebatzeko hainbat ariketa aurkezten dira. Aldairak izenarekin ezagutzen dira ariketa hauek. Zortzi konpaseko esaldi musikalez osatuta daude aldaira hauek. Erritmoari dagokionez, 2/4 eta 5/8 konpaseko zortzikoak, eta 4/4 eta 6/8 konpaseko hasierako doinuak erabil daitezke.
Aldairen bidez Gipuzkoako dantzen egitura koreografikoa nola sortzen den ikasten joateko aukera du dantzariak. Aurkezten den aldaira bakoitzak zortzi konpas edo puntu ditu. Lehen sei puntuak, arau gutxi batzuen laguntzarekin, urratsen segida desberdinak eginez osatu behar ditu dantzariak, eta azken biak esaldia bukatzeko erabiliko ditu.