|
|
|
 |
Lurretik goruntz jauzi eginez, gorputza airean dela, oinak elkar gurutzatuz egiten diren urratsak dira muriskak edo kabriolak. Hainbat motatako muriskak badaude ere, muriska guztiek oinarri bera dute. Edozein muriska egiterakoan, aireratzeko inpultsoan eta baita lurreratutakoan ere, orkatilak eta belaunak flexionatuz, demi-plié bat egiten da. Aireratzerakoan, jauzia egin ahal izateko inpultsoa lortuko da demi-pliéaren bidez. Behin lurreratutakoan, erortzea goxatzeko eta zango zein bizkar hezurrak ez mintzeko funtzioa du. Bi demi-plié horietan belaunak flexionatzen dira beraz, baina behin aireratutakoan, belaunak zuzendu egiten dira eta muriska bakoitzaren zango gurutzaketak belaunak zuzen daudela egingo dira. Zangoak hasierako posiziotik abiatzen direnez jarrera irekian izango dira muriska osoan. Goranzko norabidean belaunak erabat luzatu ondoren, orpoak altxatuko dira lurretik eta goranzko azken bultzada oin-puntek egingo dute. Beraz, oinak aireratu orduko oin-puntak lurrera begira luzatuta egongo dira. Murisketan ez da altura handia bilatzen, jauzi txikia eta gurutzeak ahalik eta azkarren egitea da helburua. Lurretik gehiegi aireratu gabe abiadura handiz egiten dira zango-gurutzaketak. | | |
|
|
|
|
|
 |