|
|
|
 |
Hasierako posizioa dantzan hasteko dantzariak hartu behar duen posizioa da, baina ez da hasierakoa bakarrik, hasierako posizioan hartu behar den gorputzaren jarrera eta egokiera dantzatzen diren urrats guztietan erabili beharrekoa baita. Oin-puntetatik hasi eta bururaino jarrera tentea hartu behar du dantzariak. Oinak, bernak eta izterrak jarrera erdi ireki batean izan behar dira. Oin-puntak bi diagonaletara begira jarri behar dira, bien artean osatzen duten angelua 90º ingurukoa izatera iritsi arte. Oinak kanporantz irekitzea, noski, izterrak mokorretik jaiotzen diren puntutik egin behar da, eta beraz, belaunak oin-punten norabide berera begira egon behar dira. Posizio honetan eroso egon behar da dantzaria eta ez du bortxatutako egoera sentsaziorik eskaini behar. Beheko gorputz adarren jarrera ireki hori urrats guztietan mantendu behar du dantzariak eta urrats bakoitzaren ejekuzioan kontuan hartu beharrekoa da. Hanka eta oinen jarrera ireki horretatik abiatuta hasierako posizioan egokitzeko eskuineko oina eskuineko diagonalera begira dagoela, ezkerreko oinaren orpoa eskuinekoaren barne-arkuaren txokoan jarri behar da. Eskuineko oinaren punta eskuineko diagonalera begira dagoenez, bien artean Iztuetak buru gabeko gurutzea bezala izendatzen duena osatzen dute.
|
|
|
|
|
 |