San Juan dantzan ikus daitekeen urrats konplexua da oin-punta irradakan. Ezkerreko oinarekin txingo eginez hasten da, eta berehala eskuineko hankarekin oin-punta gailur egin behar da, baina saihetsean, eta atzeko aldetik aurrekora ekarriz oina. Eskuineko oina lurrera jaisterakoan, ezkerreko oinaren txingo txiki batekin laguntzen da. Berehala txingo egin berriz ezkerreko oinarekin eta eskuineko hankarekin bigarren oin-punta gailurra egingo dugu saihetsean hau ere, baina oraingoan aurreko aldetik atzekora eramanez eta berriz ere lurreratzea txingo txiki batekin lagunduz.
Hirugarren mugimendua lehenengo berbera da, ezkerreko oinarekin txingo egin eta eskuinekoarekin saihetsean oin-punta gailur atzetik aurrera eginez. Berriz ere txingo egingo dugu ezkerreko oinarekin, baina oraingoan ezkerreko oina bera gailurrera eramango duen zango ostikoa egiteko. Zango ostiko edo artazi hori eskuineruntz jira eginez egingo dugu eta berriz ere aurrera begira bukatuko dugu.
Urratsa osatzeko beste horrenbeste egin beharko dugu baina ezkerreko oinarekin eginez oin-punta gailurrak ezkerreko saihetsean eta zango ostikoa jirakoa ezkerrealderuntz eginez bukatuko dugu oin-punta irradakan.