Ezpata-dantza
  Jorrai-dantza
  Soka-dantza
  Zortzikoak
Brokel-dantza
Boastitzea
Agurra
Makila txikiena
Brokel-makilena
Makila handiena
Belauntxingoa
Uztai txikiena
Uztai handiena
Zinta-dantza
Doinu zaharrak
Ormatxulo
Txakolin
Punta motz
Ehun eta bikoa

Dantza sorta bat da brokel-dantza, hamahiru edo bederatzi dantzarik osatutako dantzari taldeak bata bestearen segidan dantzatuko dituen dantzen sorta. Dantzariak bi lerrotan antolatzen dira dantzarako, aurrean buruzagia dutela. Dantzatuko dituzten dantzetako batzuk esku hutsik egiten dituzte dantzariek, elkarren artean tokiz aldatuz eta taldearen figura ere aldatuz beste batzuk; eta dantzariek eskuetan tresnak dituzteneko dantzak tresnok elkarren aurka joz egingo dituzte. Buruzagiak berriz, aginte-makila du eskuan; danborradako "danbor nagusiak" daramanaren antzekoa da aginte-makila.

Historian brokel-dantzak izan dituen dantzen kopuruan gorabeherak izan dira. Proposamen honetan honako hauek bildu ditugu brokel-dantzaren multzora:

  • Boastitzea
  • Agurra edo erreberentzia
  • Makila txikiena
  • Brokel-makilena
  • Makila handiena
  • Belauntxingoa
  • Uztai txikiena
  • Uztai handiena
  • Zinta-dantza

Gipuzkoako dantzen sorta honekin batera, dantzatu izan dira maiz ezpata-dantza, jorrai-dantza eta San Joan edo pordoi-dantza, baina azken hauek badute euren tokia brokel-dantzatik kanpo ere, eta Juan Inazio Iztuetak ere brokel-dantzatik kanpo zerrendatu zituenez, ez ditugu sorta berean bildu.

Brokel-dantzaren ezaugarriek trokeo-dantzen multzoan sartzeko modukoa egiten dutela uste du Angel Muruak. Trokeoa tokia elkarrekin aldatzea litzateke, eta beraz, trokeo-dantzatzat ditu dantzariek euren tokiak elkarren artean aldatzen dituztenekoak. Muruaren ustez, brokel-dantzaz gain, trokeo-dantzak dira baita Antzuolako trokeo-dantza, Lizartzako inauterietako dantzak, Amezketako txantxoak, Abaltzisketako txantxoak, Berastegiko San Joan Iantzak eta Oñatiko Korpus dantzak ere.

Brokel-dantzaren ziklo honetan bildu ditugun bederatzi dantzetatik hirutan, dantzariek esku hutsik dantzatzen dute, buruzagiak salbu, honek buruzagi-makila baitarama eskuan. Gainontzekoetan makila txikiak, makila handiak, brokelak eta makilak, uztai txikiak eta handiak, eta goreneko muturretik zintak zintzilikatuak dituen makila handi bat erabiltzen dituzte dantzariek. Uztai handien dantza alde batera utzita, beste bost dantzek antzeko egitura dute eta tresnak elkarrekin kolpatzeko erabiltzen dira.


Tresnak kolpatuz dantzatzen diren bost dantza horiek honako egitura izan ohi dute. Lehenik eta behin buruzagiak zortzikoa dantzatuko du, Gipuzkoako dantzen urratsen konbinazioak eginda aldairak edo mudantzak osatuz eta bere trebetasuna erakutsiz. Buruzagiaren saioaren ondoren, taldeak zortziko bat dantzatuko du eta dantzariak mugitu egingo dira, tokiak aldatuz zenbaitetan eta taldearen egitura bera aldatuz beste batzuetan. Zortzikoaren ondoren jokoa egingo dute dantzariek. Joko horretan eskuetan dituzten tresnak kolpatuko dituzte aldameneko eta lerro bereko dantzariekin, bai tokian eta bai tokiz mugituz ere. Hain zuzen ere, jokoan erabiliko dituzten tresnek emango diote izena mudantza bakoitzari. Brokelak eta makilak erabiliz gero, brokel-makilena; dantzari bakoitzak makila txiki bi erabiliz gero, makila txikiena; makila handiak kolpatuz gero, makila handiena; eta abar.

Gipuzkoako dantzak egiteko aurkezten den proposamen honetarako bi iturri nagusitatik bildu da informazioa. Batetik, idatzizko materiala; honetan ezinbesteko erreferentzia Juan Inazio Iztuetak 1824. urtean argitaratutako Gipuzkoako dantza gogoangarrien condaira edo historia izango litzateke. Eta honekin batera, jakina, dantza horien inguruan idatzitakoak. Bestetik, ahozko tradizioari jarraiki, Iztuetaren ondorengoek, belaunaldiz belaunadi helarazi dizkiguten irakaspenak. Begien bistakoa da bi bideek Iztuetarengan daukatela abiapuntu nagusia.