Ezpata-dantza
  Jorrai-dantza
  Soka-dantza
  Zortzikoak
Brokel-dantza
Boastitzea
Agurra
Makila txikiena
Brokel-makilena
Makila handiena
Belauntxingoa
Uztai txikiena
Uztai handiena
Zinta-dantza
Doinu zaharrak
Ormatxulo
Txakolin
Punta motz
Ehun eta bikoa

Agurra edo erreberentzia bai brokel-dantzan eta baita soka-dantzan ere dantzatu ohi da. Brokel-dantzan boastitzearen ondoren jarri zuen Iztuetak eta Jose Antonio Olanok berriz, hasieran eskaini ohi zuen, boastitzearen aurretik. Izenak adierazten duen moduan, protokoloaren barruan agurtzeko funtzioarekin erabiltzen da maiz dantza hau.

Brokel-dantzan talde osoak dantzatuko du, aurrean buruzagia duela, eta soka-dantzan berriz, aurreskulariak eta atzeskulariak dantzatuko diete sokan sartzeko asmotan zerbitzariek bere aurrera ekarri dizkieten emakumeei.


Juan Inazio Iztuetak brokel-dantzaren barruan aurkezten du erreberentzia, baina baita ezpata-dantzari buruz ari denean eta doinu zaharren multzoan ere. Doinu zaharrak banan-banan deskribatzen dituenean, honako azalpen hau ematen du erreberentziari buruz: "Erreberenzia dantzatu oi zan Aldare nagusiaren aurrean ezpata dantzariak elizan dantzatu oi ziradenean, eta ez beste tokitan".

Ez dago jakiterik brokel-dantzako erreberentzia berari buruz ari den, ala izen bereko bi dantza diren. Iztuetak doinu zaharren artean bildutako erreberentzia horren egitura ere eskaintzen du, honela dio:
"Erreberenziak ditu 2 zatitan 16 puntu. Zati biak jotzen dira biña aldiz, eta datoz dantzatu bearrak 32 puntu, modu honetan:
1. zatiak ditu 8 puntu, eta artu bear ditu dantzariak.......8
2. ............ 8 puntu, eta artu bear ditu......................8

Beraz, egitura aldetik bat dator gaur egun dantzatzen den agurrarekin.

Soka-dantzan eta brokel-dantzan dantzatzen den agurra dantza bera izan arren, bada bereizten dituen ezaugarri bat. Sokara sartuko den emakumearen aurrean -elizan Jaunaren aurrean bezalaxe- dantzariak omenduari bizkarra ematea keinu itsusitzat hartu ohi da tradizioan. Iztuetak ez du esaten erreberentzia denik soka-dantzan egiten dena, baina dantzatzeko ematen dituen gomendioak bat datoz tradizioz agurrarekin itsatsita iritsi direnekin: "baña jira osoko kabriolarik egiten ez duela, zergatik txit itxuski dan andreen aurrean dantzariak berai atze aldea ematea". Ondorioz, soka-dantzan egiten denean erreberentzia, bizkarra erakusten duten urratsak saihestu egingo ditu dantzariak edo beste modu batean eman.

Brokel-dantzan egiten den erreberentzia urratsen osaketa finko samarrarekin dantzatu ohi da gaur egun. Bertan lasterka jirakoak eta muriska jirakoak dira dantzariaren bizkarra agerian uzten duten urratsak, eta ondorioz, errespetuzko lasterka eta jirarik gabeko muriskekin ordezkatzen dira.