Ezpata-dantza
  Jorrai-dantza
  Soka-dantza
  Zortzikoak
Brokel-dantza
Boastitzea
Agurra
Makila txikiena
Brokel-makilena
Makila handiena
Belauntxingoa
Uztai txikiena
Uztai handiena
Zinta-dantza
Doinu zaharrak
Ormatxulo
Txakolin
Punta motz
Ehun eta bikoa

Juan Inazio Iztuetak ez zuen uztai handien dantzaren aipamenik egin bere Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historian. Brokel-dantza osatzen zuten dantzen zerrendan ez zen arkuekin egindako dantzarik ageri, baina hala ere, zerrenda hori beste dantza batzuekin handituta zegoela aitortu zuen. Dantza berri horien iturritzat apaiztegietan ikasitako kontradantzak aipatzen ditu:
"Nere gazte denboran bedaratzi aldaira edo mudantza obek egin oi ziran dantza mota onetan. Baña orain, nola Gipuzkoako zaldun gazte, argi, askok, ikasi dituzten azitetxe edo seminarioetan, kontra dantza ta beste aldaira gisa anitz, obek sartu dituzte brokel dantzan guziz egokitasun andian, eta txit txukinkiro".
Beraz, Iztuetaren ustez, dantza berri horiek "egokitasun andian" sartu ziren brokel-dantzan. Iztuetak ez du dantza berri horiek zeintzuk diren esaten, baina aurrerantzean brokel-dantzaren inguruko aipamenetan arruntak bihurtuko dira beste bi dantza: uztai handiekin egindakoa eta uztai txikiekin egindakoa.

Zaldibiako dantza-maisuak aipatzen dituen "kontra dantza" horietako bat uztai handiekin egiten den dantza izan liteke. Ikertzaileek Gipuzkoan uztai edo arkuekin egindako dantzen datuak aurkitu dituzte, horietako batzuk Iztuetaren liburua baino lehenagokoak. Adibidez, Angel Muruak arkuekin Gipuzkoan egindako dantzen aipamen zaharrak aurkitu ditu. Seguran, 1648ko San Juan egunean erabilitako uztaien berri izan du, baita Seguran bertan 1704an erregearen urtebetetzea ospatzeko antolatu zen jairako dantzariek erabilitako arkuen berri ere. Horrez gain, Seguran 1806an "contradanza" dantzatzeko erabilitako hamabi uztai berriri buruzko albistea jaso du Angel Muruak.

1819an, Sajoniako Amalia erreginari Irunen eskainitako harreran, dotoretutako uztaiekin eskaini zitzaion dantzaren aipamena bildu du Juan Antonio Urbeltzek. Honela dio aipamen horrek:

"...Para realzar la función en Irún a la llegada de la Reyna dispuso la Diputación: que una compañia graciosa de bayle compuesta de 40 niños y niñas de Pasages vestidos con elegancia en trage Asiatico con la compañia de música se trasladase a este punto, seguro de que la hermosa variedad de figuras, y la destreza de su ejecución agradaría a S. M., y también a las dos comitivas, igualmente a que a todo el público (...) Los niños y niñas de Pasages con su música bajo la dirección de don Salvador de Urigoitia, que por disposición de la Provincia habia acudido (...) enseguida la de Paságes [música] empezó sus sonatas en el tablado. Entonces se principió el bayle formando figuras con arcos adornados con alegancia [sic], y otros tan ingeniosos, que gustó mucho a la Reyna este inocente y gracioso obsequio. S. M. se mantuvo cerca de una hora en el balcón de la misma sala consistorial, mirando con agrado este bayle..."

Deskribapen hori kontuan hartuta, Juan Antonio Urbeltzek uste du dantzariek ordubetez jardun bazuten, hamabi dantza inguru egingo zituztela. Urbeltzen iritziz, Iztuetak bazuen Urigoitiak gidatutako dantza talde horren berri, eta ondotxo ezagutzen zituen arku-dantzak. Baina Iztuetaren liburuan ez dago Pasaiako dantza taldearen inongo aipamenik, ezta arku-dantzen aipamenik ere. Hutsune horren arrazoia Iztuetak foruak defendatzeko hartzen dituen lanetan eta talde horren gidarien aurkako jarrera politikoan egon daitekeela proposatu dut Urbeltzek.

Jose Antonio Olanok prestatutako dantzarien taldeak 1858an Bilbon eskainitako brokel-dantza saioaren aurkezpen-orria jaso du Iñaki Irigoien-ek eta bertan honako honekin bukatu zuten emanaldia: "11. El Contrapas formando arcos y la contradanza con diferentes evoluciones". Bestetik, 1858an bertan Jose Antonio Azpiazuk idatzitako brokel-dantzaren deskribapenean honelaxe esaten da:
"Arcos grandes. Los arcos grandes o triunfales al sonido dulce y alegre de un contrapás en la fueraza de la refriega, indican con su colocación y el paso por entre ellos la toma de los puntos enemigos y el completo vencimiento de éstos, y es el signo del triunfo conseguido, que se distingue fácilmente por la animación, el alborozo y el regocijo que manifestan".
Modu batera edo bestera, pentsatzekoa da Iztuetak bere liburua idatzi zuen garaian arku-dantzak ezagunak zirela, eta beraz, arrazoi bereziren baten ondorioz ez zirela agertu Iztuetaren liburuan. Olanoren ondorengoek, Pujanatarrek, normaltasunez irakatsi ziztuzten uztai-dantzak brokel-dantzaren baitan. Gaur egun dantzatzen den uztai handiena Añorgako Arkaitz dantza taldearen baitan gorde dena da. Izan ere, Añorgan hainbat dantzari prestatu zituen Jose Lorenzo Pujanak 1927 eta 1946 bitartean.