Ezpata-dantza
  Jorrai-dantza
  Soka-dantza
  Zortzikoak
Brokel-dantza
Boastitzea
Agurra
Makila txikiena
Brokel-makilena
Makila handiena
Belauntxingoa
Uztai txikiena
Uztai handiena
Zinta-dantza
Doinu zaharrak
Ormatxulo
Txakolin
Punta motz
Ehun eta bikoa

Bullet1 Gipuzkoarren ohituren eta dantzen aldeko defentsa sutsua egin zuen Manuel de Larramendik 1754an argitaratutako Coreografía de Guipúzcoa liburuan. XVIII. mendean dantzak gizon-emakumeen erlijio eta moralari egiten zizkion ustezko kalteen inguruko eztabaiden testuinguruan idatzi zuen Larramendi jesuitak liburu hori. Gipuzkoako dantzak egitea zilegi izateaz gain, osasuntsuak direla defendatu zuen Larramendik. Arazorik gerta ez zedin zenbait baldintza betetzea gomendatu zuen, besteak beste soka-dantzan, gizon eta emakumeek elkarri eskuak ukitzea saihesteko, soka zapiekin egitea proposatu zuen.

Bullet1 Soka-dantzaren izeara anitza adierazten du Manuel de Larramendik berak dantza multzo honentzat erabili zituen izendapenetan: "(...) carricadanzas, escudanzas y otros nombres que tienen los bailes o danzas comunes de Guipúzcoa." Soka-dantzaren oinarrizko dantza egitura horren aldaera bereziak izan zituen mintzagai Juan Inazio Iztuetak 1824an idatzitako Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuan. Herriko ospakizun nagusietan alkateak gidaturik egin ohi dena gizon-dantza izenarekin aurkeztu zuen eta soka-dantza hori egiteko hainbat xehetasun eskaini zituen. Soka-dantza egiten duten gizon-emakumeen arabera hainbat dantza bereiztu zituen Iztuetak: aipatutako gizon-dantzaz gain, gazte-dantza, etxeandre-dantza, galaien esku-dantza, neskatxen esku-dantza eta edate edo karrika-dantza.

Bullet1 Iztuetak aipatzen dituen soka-dantza horiek guztiek ez dira iritsi gaurdaino. Iztuetak gizon-dantza izendatzen duena eta agintariekin edo agintarien aurrean egindako protokolo dantza da, batez ere XX. menderarte iraun duena. Aurresku izenarekin iritsi da toki askotan, eta badirudi izendapen hori sokaren lehen dantzariari "aurreko eskua" deitzeko ohituratik eratorri dela. Bide beretik sortua izango litzateke atzeskua. Hala ere, Iztuetak aurrendari eta azkendari hitzak erabiltzen ditu sokaren lehen eta azken dantzariak izendatzeko. Juan Antonio Urbeltz-ek azaldutakoaren arabera, XIX. mendearen erdialdetik aurrera hasi zen zabaltzen aurresku izendapena. Aurresku deitura nagusitzea dantza bera ikusteko moduan izandako aldaketen erakusgarri da, Urbeltzen iritziz. Soka-dantza izenarekin dantza egiten duen taldea osoaren antolaketa koreografikoan, sokan alegia, ezartzen da arreta. Esku-dantza izenarekin, gizon-emakumeen arteko kontaktu fisikoa nabarmentzen zen, eta horren kontra egin zuten XVIII. mendeko elizgizonek. XIX. mendean dantza gidatzen duen bakarlariak eskuratuko du arreta eta aurrendari horren izena, aurreskua, bihurtuko da dantza osoa ezagutarazteko izendapena.

Bullet1 XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran, Euskal Jai eta Lore Jokoen bidez euskal mugimendu erromantikoak ordurako galbidean zegoen soka-dantza berreskuratzeko ahalegina egin zuen. Ohorezko aurreskuak antolatzen zituzten eta agintariak eta antolatzaileak soka osatuta plazaratzen ziren. Zenbait urtetan Donostiako udal-batzak berak egin zuen soka-dantza Euskal Astearen ospakizunetan.

Bullet1 XX. mendearen bigarren erdian soka-dantzak tokian tokiko ospakizunetan egin izan dira. Zumarragan ezpata-dantzaren ondoren, Tolosan bordon-dantzaren ondoren, edo herrietako patroien omenezko jaietan, meza nagusiaren ondoren. Proposamen honetan Elgoibarren San Bartolome egunean egin ohi den soka-dantza ikus daiteke.

         Soka-dantza Elgoibarren

Bullet1 Elgoibarren soka-dantzari buruzko datu zaharrenak Pello Arrietak bildu ditu eta Sallobente auzoan XIX. mendearen azken hatsean egindako sokadantzei buruzkoak dira. 1877 eta 1897 bitartean egindako hainbat soka-dantzaren inguruko datuak jaso ditu. Resurrección María de Azkuek XX. mendearen hasieran bildutako datua da Elgoibarren Gabon-zahar egunaren arratsaldean aurreskuak egiten zituztela plazan.

Bullet1 Bigarren Errepublikaren garaian Romualdo Andonegik jardun zuen Elgoibarren dantza-maisu moduan eta Jose Lorenzo Pujanak lagunduta prestatu zuen 1932an, San Bartolome Txiki egunean plazaratu zen soka-dantza. Ondorengo urteetan hainbat taldek hartu zuen soka-dantza plazaratzeko ardura. Gerra ondoren Jose Mari Agirrebaltzategi apaizak gidatuta osatu zen dantzarako taldea eta San Bartolomeetan soka-dantza plazaratu zen berriz. 1943tik aurrera jai egitarauetan, abuztuaren 25ean, hau da, San Bartolome Txiki eguneko eguerdian, "el tradicional aurresku" iragartzen da. 1950eko hamarkadaren azken urteetan Baltasar Pilotazale Elkarteak hartu zuen aurreskua ateratzeko ardura. San Bartolomeetako soka-dantzaz gain, auzoetako jaietan ere dantzatzen dute aurreskua: Sallobenten, San Roken eta San Migelen. Horietan, auzotarrek osatzen zituzten sokak.


Bullet1 1961an Ongarri Kultur elkarteak erreleboa hartu zion soka-dantza antolatzen Baltasar elkarteari. 1964an jaietako soka-dantza Txiki egunean egin beharrean, San Bartolome egunean bertan, hau da, abuztuaren 24an, kaleratu zuen Ongarri elkarteak. Ongarri elkarteari Elorra dantza taldeak hartu zion txanda. 1972an egin zuen Elorra dantza taldeak azken aldiz soka-dantza. Elorra desagertzean, dantzari nagusiz osatutako dantza talderik gabe geratu zen Elgoibar. San Bartolomeetako aurreskua bertan behera gelditzeko arriskua ikusi zen eta hain zuzen ere soka-dantza hori dantzatzeko sortu zen Haritz Euskal Dantzari Taldea. Gaurdaino eutsi dio San Bartolome eguneko soka-dantzari Haritz taldeak. Dantza egiteko modua 80ko hamarrekoaren bukaeran Iñaki Gordejuela, Goizaldiko dantza maisuarekin ikasitakoa da.