
Txistua eta danbolina dira soka-dantzari doinua jartzeko erabili izan diren musika-tresnak. Txistua eta danbolina Europako hainbat eskualdetan jo izan den flauta eta danbor (pipe and tabor) bikotearen euskal aldaera da. XVII-XVIII. mendeetan, besteak beste mugimendu ilustratuaren eraginez, bilakaera berezia izan du txistuak Euskal Herrian. Musika forma jasoekin homologatzeko ahalegina egin zen eta tresnaren tamaina aldatu garaiko kamerako orkestren eskalara hurbiltzeko. Erreforma ilustratu horren ondorio da txistuaren familia instrumentala osatzeko emandako urratsa: lau lagunek osatutako txistulari banda. Laukote horretan txistua eta danbolina jotzen dute bi lagunek, silbotea izeneko txistu luzeagoa jotzen du hirugarrenak eta danborra edo atabala laugarrenak. Hala ere, txistua eta danbolinari hedapen handia eman dion formula sinpleak, txistua eta danbolina jotzen dituen musikari bakarrenak, indarrean jarraitzen du. Maiz atabalari batekin bikotea osatuz aritu izan dira azken mota honetako txistulariak. Aipatutako bi ereduak, txistulariak eta atabalariak osatutako bikotea eta laukoteak osatutako banda, baliagarri dira soka-dantzari musika jartzeko.

Elgoibarko Udalaren Txistulari Bandak jotzen du gaur egun Elgoibarko San Bartolome eguneko soka-dantzan. 1991tik Jose Inazio Ansorenak moldatutako partiturak erabiltzen dituzte Jose Inazio Sarasuak zuzendutako txistulariek.