 Hemen deskribatzen den soka-dantza abuztuaren 24an, San Bartolome egunean, Elgoibarren egin ohi den soka-dantza da. Goizeko 11.00etako meza nagusiaren ondoren, soka udaletxean antolatu eta alkatea buruan duela ateratzen da plazara. Honako zati hauek ditu Elgoibarren egiten den soka-dantzak. - Soka plazara atera
- Hasierako doinua agintariei
- Hasierako doinua herriari
- Aurkez aurke
- Lehenengo zubiak
- Abarketak
- Lehenengo neska sartu plazan
- Neskari agurra (aurreskuak)
- Bigarren neska sartu plazan
- Neskari agurra (atzeskuak)
- Neska guztiak sartu sokan
- Aurkez aurke (bigarrena)
- Bigarren aldiko zubiak
- Zortzikoa
- Fandangoa
- Arin-arina
- Kalejira
Soka plazara atera  Udaletxe barruan dantzariek eskuak elkarri emanda soka antolatzen da. Txistulariak hasierako doinua jotzen hastean, alkatea sokaren buruan jarri eta plazara aterako du taldea. Plazari ordulariaren aurkako norabaidean itzuli osoa eman ondoren, alkatea gainontzeko zinegotziekin eseriko da, eta taldeak plazari itzuli erdi emango dio soka udaletxeari begira geratu arte. Hasierako doinua agintariei  Aurreskularia agintarien aurrera hurbildu eta hasierako doinua dantzatuko du alkatea eta udal-batzari begira. Dantzaren lehen zatia bakarrik dantzatuko du. Hasierako doinua herriari  Aurreskularia sokara itzuli eta plazari bira erdi emango dio oinez, taldea udaletxeari bizkarra emanez geratu arte. Oraingoan herritarrei dantzatuko die hasierako doinua aurreskulariak. Berriz ere ez du osorik dantzatuko, erdia dantzatuko du. Aurkez aurke  Berriz ere soka udaletxera begira jarri ondoren aurreskuaren eta atzeskuaren arteko desafioa dantzatuko dute. Oraingoan hasierako doinua osorik dantzatuko da. Lehenengo zubiak  Jarraian lehenengo zubiak egingo dira. Aurreskulariak sokaren burua hartuta, oinez jarraituko dio doinuaren erritmoari. Aurreneko zubia egiteko, aurreskulariak eskuinera hasiko da biratzen eta bigarren dantzaria ezkerrara. Biek elkarri emanda dioen eskua altxatuko dute eta hirugarren dantzaria azpitik pasako da eta, ondorioz, baita soka osoa ere. Bigarren zubia egiteko, aurreskularia atzeskuaren eta azkenaurreko dantzariaren arteko eskuen azpitik pasako da, talde osoa bere atzetik pasaraziz. Abarketak  Dantzari guztiek banan-banan eskua aldatzeko doinua, azeri-dantza edo abarketak izenak jasotzen dituen dantza egingo dute. Sokaren buruan dagoen dantzariak bere saioa egin ondoren, sokaren azken tokira pasako da eta bigarrena hasiko da dantza egiten. Modu horretan dantzari guztiek egingo dute dantza hau. Lehenengo neska sartu plazan  Andreen deirako doinuarekin zerbitzariak (sokan bigarren, hirugarren, azken-bigarren eta azkenaurreko postuetan dauden dantzariak) sokatik atera eta lehenengo neskaren bila joango dira. Neska plazaren ertz batera lagunduko dute eta aurreskulariaren zain geratuko dira bertan. Neskari agurra (aurreskuak)  Zerbitzariek lau aldeetatik inguratuko dute neska eta aurreskulariak agurra edo erreberentzia dantzatuko dio neskari. Ondoren zapi zuria atera, neskari eskaini eta sokara lagunduko du. Aurreskulariaren ondoren sartuko da neska sokan eta bigarren dantzariak zapia eskainiko dio. Bigarren neska sartu plazan  Andreen deirako doinuarekin zerbitzariak bigarren neskaren bila joango dira. Neska plazaren beste ertz batetara lagunduko dute eta atzeskuaren zain geratuko dira bertan. Neskari agurra (atzeskuak)  Zerbitzariek lau aldeetatik inguratuko dute neska eta atzeskuak agurra edo erreberentzia dantzatuko dio neskari. Ondoren zapi zuria atera, neskari eskaini eta sokara lagunduko du. Atzeskuaren aurrean sartuko da neska sokan eta aurreko dantzariak zapia eskainiko dio. Neska guztiak sartu sokan  Zerbitzariek gainontzeko neska guztiak sartuko dituzte plazan eta sokan sartzen joango dira. Sokan dauden dantzariek zapiak aterako dituzte neskei emateko eta mutilen arteko tarte bakoitzean neska bana sartuko da. Aurkez aurke (bigarrena)  Neska guztiak sokan sartuta daudenean, soka udaletxeari bizkarra emanez prestatuko da eta aurreskuak eta atzeskuak bigarren desafioa dantzatuko dute. Bigarren zubiak  Aurreskulariak sokaren burua hartuta, oinez jarraituko dio doinuaren erritmoari. Aurreneko zubia egiteko, aurreskularia eskuinera hasiko da biratzen eta atzetik duen neska ezkerrera. Biek elkarri emanda duten zapia altxatuko dute eta hirugarren dantzaria azpitik pasako da eta, ondorioz ,baita soka osoa ere. Bigarren zubia egiteko aurreskularia atzeskuak eta berarekin dagoen neskaren arteko zapiaren azpitik pasako da, talde osoa bere atzetik pasaaraziz. Zortzikoa  Sokan bertan oinez doazela aurreskuak eta atzeskuak zortziko baten zatiak dantzatuko dituzte. Bakoitzak bere neskari begira eta zapia begien parera altxa eta askatu gabe dantzatuko du zortzikoa. Aurreskua hasiko da zortzikoa dantzatzen, ondoren atzeskuak jarraituko dio, eta azken zatia aurreskuak dantzatuko du berriz. Bukatzeko deia dantzatuko dute biek elkarri begira. Orripekoa  Sokak borobila itxiko du, zapiak bildu eta orripekoa dantzatzeko prestatuko dira dantzariak. Neskak borobilaren barrualdean eta mutilak kanpoaldean jarriko dira, bikoteka aurrez-aurre. Orripekoa dantzatuko dute. Arin-arina  Neskek eta mutilak tokiak elkarrekin aldatuko eta mutilak jarriko dira borobilaren barrualdean eta neskak, kanpoaldean. Arin-arina dantzatuko dute. Kalejira  Berriz ere zapiak atera eta soka osatu ondoren kalejira egingo dute udaletxera erretiratu arte. |