|
|
|
 |
 |
Brokel-dantzan buruzagiak buruzagi-makila darabil eskuan. Gainontzeko dantzariek esku hutsik jarduten dute.
Buruzagiak eskuan daraman makila berezia buruzagi-makila da.
"Nota. Al dar principio á cada
una de estas partes puesto á la cabeza de la comparsa con un bastón
semejante al del Tambor mayor bailará 1.º el director de la comparsa D.
José Antonio Olano."
Horrela
dio 1858an Bilbon eskainitako brokel-dantzarien emanaldirako prestatu
zen eskuko programan. Beraz, danborradan danbor nagusiak erabili ohi
duen makilaren antzekoa da brokel-dantzako buruzagiak erabiltzen duen
buruzagi-makila. Kolore zuriz eta gorriz apaindutako makila da, oinean
egurrezko bola bat duena, eta puntan koloretako zintak zintzilikatuta
dituena. Gaur egun erabiltzen direnak 45 zm inguru dituzte, baina
handiagoak ere erabili izan dira. Beasainen, Loinazeko
ezpata-dantzarien buruzagiak antzeko makila erabiltzen du, eta bertan Bolea deitzen diote. Brokel-dantzan gertatu bezala, azken urteotan Beasainen ere buruzagi-makila txikiagoa erabiltzen da.
Aginte-makilaren
funtzioa betetzen du buruzagi-makilak. Buruzagia nor den
identifikatzeko balio du, eta zenbait unetan dantzarien jarduna
zuzentzeko erabiltzen da. Adibidez, buruzagiak bere bakarkako saioa
bukatu eta taldearena hasiko dela ohartaraziz, txistulariek deia
jotzerakoan buruzagi-makila altxatu egin ohi du.
|
|
 |
 |
|
|
|
 |