|
|
|
 |
 |
Uztai
txikiena eta uztai handiena ez dira ageri Gipuzkoako dantzei buruz Juan
Inazio Iztuetak 1824an idatzitako liburuan. Baina bere garaiko beste
talde batzuek arku-dantzak egiten zituztela jakin ahal izan dute
ikertzaileek, eta Iztuetaren ikasle izan zen Jose Antonio Olanok
prestatzen zituen dantzari taldeetan brokel-dantzaren sortan
normaltasunez ageri dira. Gainera, tradizioz iritsi zaigun uztai
txikienak makila handienaren eta brokel-makilenaren egitura bera
erakusten du.
Tresnekin
egiten diren beste dantzen antzeko egitura du uztai txikien dantza
honek: buruzagiaren bakarkako saioa, taldeak dantzatuko duen zortzikoa,
eta tresnak elkar joz egingo den jokoa. Brokel-makilenaren eta makila
handienaren jokoetan bezala, uztai txikienaren jokoan lehenengo talde
osoak egingo du jokoa, ondoren erdiko laukoteak eta azkenik talde osoak
berriz ere.
Uztai
txikienaren zortzikoari buruz bi aldaera ezagutzen dira. Zenbaitetan
lau aldeetako zortzikoa, hau da, brokel-makilenean eta makila
handienean egiten den bera, dantzatu izan da. Beste aldaeran dantzariak
lerro berean egingo dituzte toki-aldaketa guztiak: zortzikoko sentziloa
dantzatuz aurrera eta atzera ibiliko dira dantzariak lerrotik atera
gabe. Zortziko hau irakatsi zuen Jose Lorenzo Pujanak bai Añorgan eta
bai Legazpian ere, eta zortziko horrekin dantzatu da proposamen honetan.
|
|
 |
 |
|
|
|
 |