Ezpata-dantza
  Jorrai-dantza
  Soka-dantza
  Zortzikoak
Brokel-dantza
Boastitzea
Agurra
Makila txikiena
Brokel-makilena
Makila handiena
Belauntxingoa
Uztai txikiena
Uztai handiena
Zinta-dantza
Doinu zaharrak
Ormatxulo
Txakolin
Punta motz
Ehun eta bikoa

José María Gandáseguik idatzitako testu batek 1732an Donostian ospatutako gremioen jaiak deskribatzen ditu. Arotzen gremioak ezpata-dantza egin zuela dio; jostunen gremioak berriz, trokeo-dantza egin omen zuen. Sei mudantza eta paseo zituen jostunek egindako dantzak, eta kriskitinak, makilak eta brokeltxoak erabili zituzten. Hanka arintasun ikusgarria erakutsi omen zuten jostun dantzariek, bai muriskak gurutzatzerakoan, baita birak egiterakoan ere. Hamasei dantzarik eta kapitainak osatzen zuten dantza taldea, denak berdin jantzita.

Juan Inazio Iztuetak 1824an argitaratutako Gipuzkoako dantza gogoangarrien condaira edo historia liburuan brokel-dantzari buruzko hainbat datu eskaintzen ditu. Dantza bakoitza noiz egin behar den zehazterakoan, Zaldibiako dantza-maisuak dio brokel-dantza herri bakoitzeko jai patronalean egin behar dela: Urte guzietan, bear dituzte plaza agirikoan jo: (...) errietako Done godartariaren egunetan, brokel dantzariena. Baina dantza sorta hau prestatzeak lan eta gastu handiak dituela jakinarazten du Iztuetak, eta beraz, herrietan brokel-dantza lau edo bost urtetik behin prestatzen zela kontatzen du. Juan Antonio Urbeltzen ustez ordea, lau edo bost urte horiek lirateke hamar-hamaika urteko gazte taldetxo bat hartu eta dantzarako prestatzeko beharko litzatekeen denbora. Beraz, Urbeltzen iritzian, Iztuetak brokel-dantza behar bezala prestatzeko behar den denboraz ari denean, dagoeneko dantzarako hezita dauden gazteei buruz ariko zen:
"Dantza mota au bear bezala ikasirik plaza agirikora irteteko, gutxienean igaro bear dituzte dantzariak 20 egun maisu on batekin, eta danboliñarekin beste 8, baldin au errian bertakoa ez bada"
Juan Antonio Urbeltzek adierazi duenez, brokel-dantzaren transmisioa ospakizun jakin eta erritualizatuetatik aparte gertatu da azken bi mendeetan. Garai batean gremio elkarteek egiten zituzten dantzak omen ziren hauek. Horren adibide litzateke 1732an jostunen gremioak Donostian dantzatu zuen brokel-dantza.

XIX. menderako brokel-dantza Gipuzkoan dantza-maisuen ondare izatera pasa zen, eta herrietako jai nagusietan eskaintzen zen. Dantza-maisuak gazte talde batekin dantza sorta prestatu, eta herriz-herri eskaintzen zituzten emanaldiak. Beraz, gutxienez XIX. mendetik aurrera, brokel-dantzak inongo erritual eta zeremonialekiko loturarik gabe egin du aurrera. Azkenik, XX. mendeko dantza taldeen errepertorioan gorde da XXI. mendera iritsi arte. Horrekin batera, zenbait herri eta ospakizunetan brokel-dantzaren ezaugarri askorekin bat datozen dantza sortak dantzatzen dira. Lizartzako inauterietan dantzatzen den zikloa dugu horren adibide garbi bat, eta Berastegiko San Joan dantzak edota Antzuolako trokeo-dantza sorta ere bai.

Iztuetak kontatzen duenez, bere gaztaroan brokel-dantzaren aldairak bederatzi ziren, baina liburua idatzi zuenerako sorta horretan beste aldaira edo mudantza batzuk gehitu zirela onartzen du. Hala ere, berak ondoko dantzen zerrenda ematen du:

Broquel dantzaren aldairac edo mudanzac

  1. Boastitcea edo paseoa.
  2. Agurra edo erreverencia
  3. Maquilla chiquiaquicoa
  4. Zortcico lau alde-etacoa
  5. Broquel maquillena
  6. Zortcico 40 murisca edo cabriolacoa
  7. Maquilla andiaquicoa
  8. Villancicoa
  9. Zinta dantza

Baina esan bezala, aitortzen du zerrenda horri dagoeneko beste dantza batzuk gehitu zaizkiola, eta dantza berri horien iturritzat apaiztegietan ikasitako kontradantzak aipatzen ditu besteak beste. Gainera, Iztuetaren ustez, dantza berri horiek "egokitasun andian" sartu dira brokel-dantzan, eta beraz, "maitatu behar ditugu gureak balirake bezala". Iztuetak ez du dantza berri horiek zeintzuk diren esaten, baina aurrerantzean brokel-dantzaren inguruko aipamenetan arruntak bihurtuko dira beste bi dantza: uztai handiekin egindakoa eta uztai txikiekin egindakoa. Bi dantza horiek Iztuetak zuzenean ez ditu aipatzen, baina bere ondorengoen eskutik brokel-dantzaren zikloan txertaturik iritsi zaizkigu. Iztuetak ez du zerrenda itxita aurkezten. Honako hau dio:
"Nere gazte denboran bedaratzi aldaira edo mudantza obek egin oi ziran dantza mota onetan. Baña orain, nola Gipuzkoako zaldun gazte, argi, askok, ikasi dituzten azitetxe edo seminarioetan, kontra dantza ta beste aldaira gisa anitz, obek sartu dituzte brokel dantzan guziz egokitasun andian, eta txit txukinkiro. Beragatik maitatu bear ditugu gureak balirake bezala, zeñean dantza mota oni bere onetsiak bezala darraiozkan, eta bidez edertzen, galantzen, eta uberitzen duten."

Zaldibiako dantza-maisuak aipatzen dituen "kontra dantza" horietako bat uztai handiekin egiten den dantza izan liteke. Ikertzaileek Gipuzkoan uztai edo arkuekin egindako dantzen datuak aurkitu dituzte, horietako batzuk Iztuetaren liburua baino lehenagokoak. Adibidez, Angel Muruak Seguran 1806an "contradanza" dantzatzeko erabilitako hamabi uztai berriri buruzko albistea jaso du, eta Juan Antonio Urbeltzek 1819an, Sajoniako Amalia erreginari Irunen eskainitako harreran, dotoretutako uztaiekin eskaini zitzaion dantzaren aipamena bildu du.

Iztuetak dantzari taldeak prestatzen jarraitu zuen adinean aurrera eginda ere. Izan ere, 70 urtetik gora zituen 1840ean, Bergarako Besarkadaren urteurrena ospatzeko antolatu ziren ekitaldietan. Iztuetak prestatutako dantza taldearen arrakastaren ondorioz, 1841, 1842, 1843 eta 1844an ere emanaldia errepikatu zutela jaso du Jose Garmendiak. 73 urte zituela erretiratu zen bere jaiotetxera Juan Inazio Iztueta, eta orduan, Iztuetaren etxe ondoan jaio eta bizi zen 19 urteko gazte batek, Jose Antonio Olanok, hartu zuen brokel-dantza irakasteko dantza-maisu ardura. Ordurako Iztuetak prestatzen zituen dantza taldeetan Olanok buruzagi lanak betetzen zituela dio Jose Garmendiak.

Iztuetaren ikasle izandako eta dantza-maisu lanetan aritutako Jose Antonio Olanok prestatzen zituen brokel-dantzari taldeetan uztaiekin egindako dantzak zikloan txertatuta ageri dira. Iñaki Irigoienek bildutako agiri batek erakusten du 1858an Olanok gidatutako dantza taldeak Bilbon eskaini zuen egitaraua. Bertan honako zerrenda agertzen da:

  1. Sinfonía por la música de aficionados.
  2. Paseo por la via de reconocimiento del director á la comparsa.
  3. Baile de Contrapas con el objeto de saludar al público.
  4. El Zorcico con varias evoluciones de paloteos, teniendo al efecto 2 palos pequeños cada individuo que componen la comparsa.
  5. Baile de Broqueles ó sea de platillos y palillos.
  6. Baile de Ballestas haciendo varias evoluciones de antiguas batallas.
  7. El ya aplaudido Zorcico de Cantones, formando tres de estos mirando al público.
  8. Diferentes evoluciones de batallas con palos mayores.
  9. Baile de Villancicos con cabriolas sin vuelta y con ella.
  10. La Cinta-Danza ó baile de cintas, tejiéndola y soltándola al compas al derredor de un árbol.
  11. El Contrapas formando arcos y la contradanza con diferentes evoluciones.

1824an Iztuetak bederatzi dantza sartzen zituen brokel-dantzan eta 1858an, bere ikasle Jose Antonio Olanok zuzendutako taldeak hamar dantzaz osatutako zerrenda eskaintzen du. Aipatzekoa da laugarren dantzan, zortzikoa eta makila txikien jokoa, biak batera aurkezten dituela. Iztuetak aipatzen zuen "zortziko 40 muriska" ez du zehazten Olanoren taldearen egitarauak, eta pentsa liteke horixe izan litekeela makila txikien jokoaren aurretik dantzatu zuten zortzikoa. Izan ere, azken hamarkadetan tresnekin egindako dantza bakoitza zortziko baten ondoren egin izan da, eta hain zuzen ere, makila txikiekin egindako dantzarekin egin ohi den zortzikoan, muriskarekin bukatutako sentziloak dantzatu izan dira. Zortziko 40 muriska izan liteke, beraz.

Olanok prestatutako brokel-dantzarien taldea Bilbon izan zen urte bereko beste dokumentu bat ere bildu dute ikertzaileek. Joxemiel Bidador-ek Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian aurkitutako liburuxka bat da: Descripción de las diversiones públicas de Guipúzcoa y en particular de sus bailes. Orriak J.J.A. akronimoarekin sinatuta datoz, eta Joxemiel Bidador-en ustez, José Antonio Azpiazu izango zen J.J.A. hori; hain zuzen ere, Juan Inazio Iztuetaren suhia. Ezpata-dantza izenarekin aurkeztutako dantza sortan brokel-dantzaren deskribapena egiten zuen autoreak, eta ondoko dantza zerrenda bildu zuen brokel-dantzaren multzora:

  1. Reverencia
  2. El paseo
  3. Palitos
  4. Los arcos
  5. Broqueles o escudos
  6. Palos grandes o barrotes
  7. Arcos grandes
  8. Las cintas
  9. Villancico
  1. Erreberentzia
  2. Boastitzea
  3. Makila txikiena
  4. Uztai txikiena
  5. Brokel-makilena
  6. Makila handiena
  7. Uztai handiena
  8. Zinta-dantza
  9. Belauntxingoa
Beraz, Iztuetak bere liburuan uztai dantzen aipamen zuzenik egin ez bazuen ere, bere ondorengoek brokel-dantzaren barruan eskaintzen zituzten uztai-dantzak.

Olanoren testigua Jose Lorenzo Pujanak jaso zuen, eta Ordiziako dantza-maisuak Gipuzkoako hamaika herritan jardun zuen brokel-dantzaren irakaspenak eskaintzen. Ordizian bertan irakasteaz gain, gutxienez Zaldibian, Seguran, Legazpian, Elgoibarren eta Añorgan jardun zuen irakasten Jose Lorenzo Pujanak. 1927an, Donostiako Udalak, Euskal Herri Dantzen Udala Eskolaren Zuzendari eta Maisu izendatu zuen Jose Lorenzo Pujana.

1858an brokel-dantza osatzen zuen zerrenda horretatik gaurdaino iritsi den brokel-dantzara ez dago aldaketa handirik. Lau aldeetako zortzikoa eta makila handiena bat eginda ageri zaizkigu gaur, makila txikiena eta bere zortzikoa ere bai, eta brokel-makilenak eta uztai-dantza ere zortzikoa barne iritsi zaizkigu.