Ezpata-dantza
  Jorrai-dantza
  Soka-dantza
  Zortzikoak
Brokel-dantza
Boastitzea
Agurra
Makila txikiena
Brokel-makilena
Makila handiena
Belauntxingoa
Uztai txikiena
Uztai handiena
Zinta-dantza
Doinu zaharrak
Ormatxulo
Txakolin
Punta motz
Ehun eta bikoa

Brokel-dantza egiteko hainbat jantzi aldaera erabili izan dituzte dantza taldeek azken mendean. Brokel-dantza osatzen zuten dantzen zerrendei buruzko datuek batasuna erakutsi duten bitartean, erabilitako arropen inguruan datu gutxiago izateaz gain, daudenek eredu desberdinak aurkeztu dituzte.

XVIII. mendean dantzarako erabili izan ziren jantziei buruzko ikuspegi bat eskain dezake 1732an Donostian ospatutako gremioen jaiak deskribatzeko José María Gandáseguik idatzitako testuak. Arotzen gremioak ezpata-dantza egin zuela dio, eta apaindutako kapelak jantzi zituztela. Trokeo-dantza egin zuen jostunen gremioko 16 dantzariak eta kapitaina berdin jantzita zeudela dio. Eskuineko sorbaldatik ezkerreko galtzarbera zetazko bandak zituzten jantzita. Praka motzak, belaunetaraino, eta "gona motza", balentziar erara. Lau sarjentu zeuden beraiekin, dantzarien taldearen lau muturretan, eta horiek berdin jantzita zeuden, ante finez egindako "coleto" izeneko txaleko modukoak, kolore biziko zetazko bandak, eta kapelak lumekin apainduta zituztela. Praken gainean gona motz bat eramatea ez da harrigarria gertatu behar. Jantzi mota hori oso ohikoa da Europako folkloreko hainbat eskualdetan, eta Gipuzkoan bertan Oñatiko Korpus dantzetan erabiltzen da oraindik praken gainean gona motz bat.


Manuel Larramendik XVIII. mendeko ezpata-dantzarien arropak honela deskribatu zituen: "bien vestidos, con buena calza, medias y zapatos, y lo demás en camisola muy blanca y gorros blancos en la cabeza". Beraz, praka motzak, galtzerdiak, zapatak, alkandora zuria eta kapela zuria.

Juan Inazio Iztuetak ere bere garaiko ezpata-dantzariek janzten zituzten arropen deskribapena egin zuen bere liburuan (1824) eta honela dio:

Gipuzkoako ezpata dantzari ondrosoen soñekoak, ain egokiak eta txukunak oi ziraden, non, berakin apaindurik dantzara irtetean, irudin oi zuten airean zebilzala egaztien gisa. Guziak apaindu oi ziraden berdinkiro janzi garbi erritarkideakin, modu onetan:
    • Alkandora kuntza ederreko, beso ugariak
    • Galtzerdi arizko zuriak lokarri nabarrakin, aztal ederrak agirian zituztela
    • Zapata txuri, ariñak.
    • Zaraula beltz, belaunetarañoko motzak.
    • Gerriko gorriak.
    • Eta mokones edo pañuelo zuri, ertz gorriak, buruetan txit egoki antolaturik.

Beraz, alkandora zuria, galtzerdi zuriak eta horiei eusteko lokarri edo liga nabarrak, zapata zuri eta arinak, praka beltzak motzak (belaunetarainokoak), gerriko gorria, eta buruan ertz gorria duten zapi zuriak. Hala ere, jantzi horiek ezpata-dantzarien arropak deskribatzerakoan ematen ditu Iztuetak, eta ez du argitzen brokel-dantzariek ere arropa horiek erabiliko ote zituzten. Hori bai, denak berdin jantzi behar direla azpimarratzen lan handiak hartzen ditu: "Janzi berdin berdiñak bear dituzte 12 dantzariak, eta oen gain gañekoa buruzariak". Ardura handia zuen Iztuetak denak berdin janzte horrekin:

"Plazara irten bear dutenetik 8 egunez lenago, erakarri bear ditu buruzariak bere aurrera 12 dantzarien soñekoak, eta berdin berdin ifini guziak, beren aurkezean, batak baño besteak apainduria gehiago plazara eraman ez dezan. Baita ere, soñeko oek gorde bear ditu buruzariak bere giltzaren azpian, dantzatu bear duten goizeraño, eta orduan guziak janzierazo etxe batean, eta bera begira aurkitzen dala. Buruzariak au egin gabez, gertatu izan dira txit aserre gogor portitzak, eta oker andi gaiztoak, dantzarien artean."

Iztuetaren ardura zen dantzariek beren burua nabarmentzeko arropa ahalik eta dotoreenak eta apainduenak jartzeko joera izaten zutela, eta beraz, desberdintasunak saihesteko hartu zituen azaldutako neurriak. Maria Elena Arizmendik dio XVIII. mende arte kapela zuriak erabili zirela dantzarako. Buruko zapiari buruz, Arizmendiren esanetan, zapia kapelaren azpian erabili ohi zen, baina Iztuetari kapela garesti irudituko zitzaiola eta, ilea lotuta izateko buruko zapiarekin uniformatu zituen dantzariak. Txapela karlistadekin batera nabarmen hedatu zen, baina lehendik ere erabiliko zela dio Arizmendik, eta karlistaden bultzadaren ondoren, Iztuetak berak 1845ean hil aurretik, dantzariak txapelarekin ikusi izango zituela.

Iñaki Irigoienen bidez ezagutzera eman den 1858ko agiri batean, Jose Antonio Olano dantza-maisu eta brokel-dantzako buruzagiaren, eta brokel-dantzarien jantziak zeintzuk ziren jakiteko modua dago:

"Nota. Al dar principio á cada una de estas partes puesto á la cabeza de la comparsa con un bastón semejante al del Tambor mayor bailará 1.º el director de la comparsa D. José Antonio Olano. Este vestirá boina encarnada, dos fajas encarnadas cruzadas por el cuerpo, pantalon corto negro de seda, medias de color y zapatos negros de charol; y los niños, boinas blancas, chaquetillas encarnadas, calzon corto blanco, medias de seda y abarquitas adornadas con cintas encarnadas."
Beraz, honako janzkera zeraman Jose Antonio Olanok: txapel gorria, bi gerriko gorri bularrean gurutzatuta, zetazko praka motz beltza, koloreko (zein kolore ez badakigu ere) galtzerdiak, eta txarolezko zapata beltzak. Dantzariek berriz, honako arropak zeramatzaten: txapel zuriak, txaketa txiki gorriak, galtza motz zuriak, zetazko galtzerdiak, zinta gorriekin apaindutako abarketak.

         Proposatutako jantzia
XX. mendean jardun duten dantza taldeek hainbat aukera baliatu dituzte. Proposamen honetan jantzi hauek erabili ditugu:
  • Buruzko zapi zuria ertz gorriarekin
  • Alkandora zuria
  • Txaleko gorria
  • Gerriko gorria
  • Praka zuri motzak belaun azpiraino
  • Galtzerdi zuriak
  • Galtzerdiak lotzeko liga gorriak
  • Abarketa zuriak zinta gorriekin