|
|
|
 |
 |
Txistua
eta danbolina dira brokel-dantzari doinua jartzeko erabili izan diren
musika-tresnak. Txistua eta danbolina, Europako hainbat eskualdetan jo
izan den flauta eta danbor (pipe and tabor) bikotearen euskal aldaera
da. XVII-XVIII. mendeetan, besteak beste mugimendu ilustratuaren
ondorioz, bilakaera berezia izan du txistuak Euskal Herrian. Musika
forma jasoekin homologatzeko ahalegina egin zen, tresnaren tamaina
aldatuz garaiko kamerako orkestren eskalara hurbiltzeko.
 |
 |
Erreforma ilustratu horren ondorio da txistuaren familia instrumentala osatzeko
emandako urratsa: lau lagunek osatutako txistulari banda. Laukote
horretan txistua eta danbolina jotzen dute bi lagunek, silbotea izeneko
txistu luzeagoa jotzen du hirugarrenak eta danborra edo atabala
laugarrenak. Hala ere, txistua eta danbolinari hedapen handia eman dion
formula sinpleak, txistua eta danbolina jotzen dituen musikari
bakarrenak, indarrean jarraitzen du. Maiz, atabalari batekin bikotea
osatuz aritu izan dira azken mota honetako txistulariak. Aipatutako bi
ereduak, txistulariak eta atabalariak osatutako bikotea eta laukoteak
osatutako banda, baliagarri dira brokel-dantzari musika jartzeko.
Brokel-dantza
sorta osatzen duten dantzetako bakoitzak jatorri eta egokiera
desberdina izan dezakeen moduan, horien doinuak ere halakoak dira.
Adibidez, jokoen aurretik egin ohi diren zortzikoen aukeraketa
danbolinteroaren esku egon zitekeela pentsatzen da, eta beraz,
tradizioan hainbat erabiliko ziren. 1924an eta Donostiako txistu eta
dantza akademiaren eskaerari erantzunez, Isidro Ansorena txistulariak
papereratu zituenek egin dute bide luzeena XX. mendean, baina Jose
Inazio Ansorenak txistulari bakoitzak bere gustukoak eta beren
teknikari ongien egokitzen direnak aukeratzeko gomendioa ematen du.
Brokel-dantzarako doinu egoki batzuen partiturak eta horien inguruko hausnarketak Txistulari-Dantzariak aldizkari berezian aurki daitezke, Jose Inazio Ansorenak eta Javier Hernandez Arsuagak apailaturik:
"Brokel-dantza en Iztueta", Dantzariak, extraord. -julio 1991 / TXISTULARI - 146, EDB / EHTE., julio 1991, Bilbo, 1991.
|
|
 |
 |
|
|
|
 |