
XX. mendean brokel-dantzaren barruan aurkeztu izan da zenbaitetan jorrai-dantza, baina Juan Inazio Iztuetak dantza sorta horretatik aparte aurkeztu zuen, eta tradizioan ere brokel-dantzatik aparteko ibilbidea izan du.

Buruzagiarekin batera, zortzi, hamabi edo hamasei dantzarik egin dezakete jorrai-dantza, eta laukote bakoitzeko bosgarren bat behar da zahagia bizkarrean eramateko. Dantzaren egiturak brokel-dantzan tresnekin egiten diren beste zenbaiten antz handia du. Buruzagiak lantza modukoa darama eskuan eta dantzariek aitzur bana. Buruzagiak zortzikoa dantzatuko du lehenik eta behin, talde osoak dantzatuko du zortzikoa ondoren, eta lurrean aitzurrean jarduteko itxurak egin ondoren, tresnak elkar joz eta zahagia kolpatuz egingo dute jokoa azkenik.

Iztuetak jorrai-dantza jai egutegiaren bi unetan aipatzen du. Alde batetik herrietako jaiak bukatzean dantzatzen dela dio. Bestalde, txistulariak urtean zehar jo behar dituen doinuak aipatzerakoan, inauterietan, ostegun gizenez
jorrai dantzariena jo behar dela dio. Juan Antonio Urbeltz eta Angel Murua ikertzaileak bat datoz jorrai-dantza inauterietako dantzatzat aurkeztean.