
Juan Inazio Iztuetak 1824an idatzitako
Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuan eman zuen jorrai-dantzaren berri. Honela deskribatu zuen bertan:
Jorrai dantza egiten da, errietako pozaldia edo festak bukatu ondoan, zagi puztuakin eta joraiakin, modu onetan:
Irteten dira dantza onetara zortzi, amabi, edo hamasei lagun, beren buruzari edo kapitanarekin. Buruzari onek bear du eskuan eraman pordoi luze bat, puntan burdin zorrotz batekin, eta beste guziak jorrai bana. Lau dantzarirentzako bear du bosgarren batek eraman zagi puztu bat bizkarrean, eta ibili bear dute zagidun oek dantzarien atzetik.
Dantzatu bear duten toki guzietan, lendabizi buruzariak dantzatu bear du zortzikoa, besteak gelditurik begira daudela; eta ark dantzatzean, oek guziak batean.
Zortziko au bukatzean, jotzen du danboliñak atxurrerako soñua, eta orduan asitzen dirade dantzariak atxurrean, soñuaren puntuak, jorraien kolpeakin batean, zuzenkiro daramazkitela.
Dantzariak atxurrean asi bezain laster, sartutzen zaiote zagi puztudun bat lau dantzariri erdian, eta oek jorraien kirtenakin, zatitzen dute zagi aizez betetakoa soñuaren azkeneko puntuan, guziak batean.
Zagia zatitzean, asitzen dira dantzariak atxurrean beste alderontz begira. Baña an ere sartutzen zaiozkate zagidunak atxurle dantzariari erdira; baita oek ere berriro zanpatu zagi aizatuak.
Jorrai dantza onekin ematen dute aditzera, bukatu diradela joistalluak, baita ustu ere zagiak; eta ekin bear zaiozkala nor bere lanari, aroikeriari utzirik. Senaera ain egoki onekin oarketutzen dirade euskaldunak, joistalluai uzirik, lanera joan bear dutena.

Jose Antonio Olanok, Iztuetaren ondoko dantza maisuak, gidatzen zuen dantza taldeak 1858an Bilbon eskaini zuen emanaldiaren berri jaso zuen Iñaki Irigoienek. Agiri horretan dantza talde horrek eskainitako egitaraua zehazten da, baina ez da brokel-dantzarik ageri. Gipuzkoako dantzen irakaskuntzan Olanoren testigua hartu zuen Jose Lorenzo Pujanak dantza talde bat prestatzeari ekin zion Añorgan 1927an, eta talde horren lehen argazkietako batean jorrai-dantzarako prest ageri dira dantzariak.