
Dantzariak bi lerrotan antolatuta daude, buruzagia aurrean dutela eta zahagiak daramatzatenak, albo batean, taldetik aparte. Doinua hastean, buruzagiak zortzikoa dantzatuko du, dakizkien urratsekin konbinazioak eginez eta bere trebetasuna erakutsiz. Zortzikoaren azken zatian
txingo luzeko paseoa izeneko urratsa egingo du buruzagiak. Ondoren dei nagusia dantzatuko dute dantzariek eta zortzikoa egiten hasiko dira. Zortziko osoa
txingo luzeko paseoa eginez osatuko dute.

Zortziko bukaerako deiarekin batera zahagidunak jorrai-dantzarien artera sartuko dira. Dantzariak aitzurrean ariko balira bezala egingo dute, aitzurra lurrean erabiliz eta aurrera eta atzera urratsak emanez doinuaren erritmora. Une honetan ondoko hitzak kantatu izan dira zenbait tokitan: "Ai zahagia, zahagia, zahagia! Ai, zahagia puztuta!". Beste batzuetan "puztuta" baino "hustuta" esan ohi da, Iztuetak aipatutako jai bukaerako zentzuarekin bat eginez.

Aitzurrean egiteko zatiarekin bukatutakoan, aitzurren kritenak elkarrekin kolpatuko dituzte dantzariek eta zahagiari kolpe handiak emango dizkiote. Berriz ere aitzurrean jarduteko itxura egin eta kolpeen jokoa errepikatuko dute. Azken kolpearekin batera, zahagidunak lurrera eroriko dira.

Iztuetak jorrai-dantza bi aldetara begira, aurrera eta atzera, egiten zela aipatu zuen, hain zuzen ere brokel-dantzako zinta-dantzan tradizioz ezagutu izan den moduan. Gure proposamenean ikusleak aurrealdean irudikatu ditugunez, aurrera begira soilik aurkeztu dugu.

Aitzurren burdinezko zatiaren -berezko aitzurraren- ondotik helduta kirtenak elkarrekin joko dituzte dantzariek. Laukoteka antolatuta daudela kontuan hartuta, ondoko lerroko dantzariarekin hasiko da jokoa eta lau kolpe emango dituzte, eskuinetik ezkerrera hasita eta kontrakora jarraituz. Ondoren beste hiru kolpe joko dituzte lerro bereko dantzariarekin. Laugarren kolpea ematea tokatzen denean, laukotearen erdian makurtuta dagoen zahagiari joko diote denek aitzurraren kirtenarekin. Joko hau bitan egingo da berriz ere aitzurrean egin aurretik.