
Ezpata-dantzariak lau lerrotan antolatuta daude. Dantzari bakoitzak bere ezpata esku-lekutik hartuko du eskuineko eskuarekin, eta ezpataren punta aurrean duen dantzariari eskainiko dio. Horrela, dantzari bakoitzak ezkerreko eskuarekin atzeko dantzariak eskaintzen dion ezpataren punta hartuko du. Horretarako eskua kanpoaldera irekiko du. Lau lerroen aurrean buruzagia dago, eta honek, lerro bakoitzaren aurrean dauden dantzariek eskainiko dizkioten lau ezpaten puntak hartuko ditu, bi esku bakoitzarekin. Azkendariak, bina ezpata txiki dituztela, taldearen azken lerroan egokituko dira, bakoitza ilara baten atzean.

Taldearen hasierako antolaketa honetatik abiatuta dantzatuko da ezpata-dantza. Ezpata-dantzak bi zati nabarmen ditu: zubiak eta ezpata txikien dantza. Horrez gain, ohorezko zubia egiteko beste mugimendu mota bat egiten da.

Azkendariak taldearen aurrealdera iristean bertan geratuko dira. Buruzagiak beste zubi bat egingo du eta taldea berriz ere aurrealdera etorriko da, baina oraingoan azkendariak aurrean izango dituzte zain.

Azkendariek ezpata txikiekin egiten duten dantzak hiru zati ditu. Lehenengoan txingo luzeko paseoa egingo dute. Bigarrenean zortzikoa dantzatuko dute. Eta hirugarrenean ezpata txikien jokoa egingo dute.

Buruzagiak helduta dituen lau ezpatetatik hiru askatuko ditu, eta eskuineko lerroko ezpata bakarrik helduta duela, korrika hasiko da atabalaren erritmora. Eskuineko lerro osoak jarraituko dio, eta lerroko azken dantzariari bigarren lerroko lehen dantzaria lotuko zaio ezpata ezkerreko eskura luzatuz eta bere lerroa ere korrika jarri araziko du. Hirugarren lerro osoa bigarrenera lotuko da modu berean eta laugarrena, hirugarrenera.

Buruzagiak zirkulu handi bat egingo du korrika eta zubiaren sarrera egin beharreko tokira iristean, bertan geldituko da atzetik datorren dantzariari begira. Ezpata-dantzariak, zubia egin behar den tokira iritsi ahala, ezpatak buruz gain altxatuta dituztela kanpo aldera jiratuko dira berriz ere pareko dantzariaren aurrez-aurre geldituz. Sigi-sagan joan behar dira jartzen dantzariak eta ezpatak goian dituztela osatuko da ohorezko zubia.

Zubia askatzeko, buruzagiak korrika saioa egingo du berriz, eta zubia egiteko prestatu diren orden berean baina kontrako alderantz joango dira biratzen dantzariak eta korrikari ekiten. Hasierako tokira itzultzean, ezpata soka askatu eta lau lerrotan antolatuko da berriz taldea.