Donostiako inauterietako dantza konpartsa tradizionala da inude eta artzaiena. Kandelaria egunaren (otsailak 2) ondoko lehen larunbatean kaldereroak ateratzen dira eta igandean, inude eta artzaiak. Kresala elkarteak koordinatuta, 50 bikote inguruk parte hartzen dute. Donostiako alde zaharreko kaleetan ibili ohi dira igande goizean eta dantza saio nagusia Konstituzio Plazan egiten dute.
San Joan egunaren bezperan, ekainaren 23an, arratsaldean, Donostiako Konstituzio plazan egiten da gizon-dantza edo soka-dantza hau. Goizaldi dantza taldeak dantzatzen du eta Candido Pujanak erakutsitako tradizioaren arabera dantzatzen da. Plazaren erdian arbola bat jartzen da eta sua ematen zaio. San Joan dantza egiten da lehenik eta behin, eta ondoren, 12-14 bikotek egiten dute gizon-dantza, aurreskuak eta atzeskuak gidatuta. Horrez gain, irailean ospatzen diren Euskal Jaietan ere egiten da soka-dantza Donostiako Konstituzio Plazan.
Donostiako Añorga auzoan, uztailaren 16an, Karmengo amabirjinaren jaian egiten da aurreskua. Meza nagusiaren ondoren adineko dantzariek osatzen dute soka eta bi dantzari gaztek egiten dituzte aurresku eta atzesku lanak. 1926an Jose Lorenzo Pujana Añorgan dantzariak prestatzen hasi zen eta Pujanarekin ikasitako moduan dantzatzen da aurreskua.
Donostia eta Usurbilgo Zubieta auzoan, uztailaren 25ean, Santiago egunean egin ohi da soka-dantza. 11.00etako meza nagusiaren ondoren, Errebote plazan egin ohi da soka-dantza.