
Urtean bitan izaten da Zarautzen soka-dantza bere osotasunean ikusteko aukera. Herriko dantza taldeak, Iratzarri eta Mollarri, arduratzen dira soka-dantza plazaratzeaz. San Joan bezperan, ekainaren 23an, Iratzarri dantza taldeak Musika Plazan ateratzen du aurreskua, horretarako propio jartzen den lizarraren aurrean.

Iñurritza auzoko gazteek, Mollarri dantza taldeko kideak gehienak, auzoko festak aprobetxatzen dituzte soka-dantza egiteko. Auzoko festa hauek herrikoak ere badira, herriak San Pelaio baitu zaindari. Ekainaren 26an izaten da aurreskua, San Pelaio egunez, eguerdiko meza nagusiaren ostean.